Olatz Azpirotz Larzabal
Hiru eratara uler daiteke kronologia adiera. Lehenik eta behin, historiako gertakari ezberdinen datak zehaztea helburu duen jakintza gisa. Bigarrenik, denboraren araberako gertaeren hurrenkera bezala; eta, azkenik, aldi ezberdinak kontatzeko era moduan. Kronologiak antolaketari eta ulermenari mesede egiten dio; guztiok ezagunak ditugu historia hobeto ulertzea ahalbidetzen dituzten iraupen eta izen ezberdineko garaiak, adibidez.
Halere, horren laguntzaz, ibilbide lineal horretako gertaera gehienen artean distantzia bat markatzen dugu. Kontzienteki ala inkontzienteki. Informazioa jaso eta azkar ahazten dugu, edo, behintzat, eduki beharko lukeen garrantzia aitortzeari uzten diogu.
Ahanztura hau jada ezin dugu gorpuztu. Hutsa da. Nahi gabe behartutako desagerpen horren ondorioz ez dakigu, guztiz, 2021. urte hau nola bete. Gure egunerokotik kanpo dagoena antolatzeko beharra dugu, barruko sentipen guztiak ezin antola ditzakegulako. Kanpokoen eta gure bizitzetako gertakarien artean menpekotasun harreman bat sortu dugu; bizitako egoera edo sentimen bat guregan noiz loratu zen gogoratu eta kokatzeko, kanpoko errealitateko gertakari garrantzizkoenak memorizatzeko beharra dugu, hain zuzen ere.
Halere, beste behin gertatu zaigu, nahiz hasieran ezberdina izango zelakoaren ustean geunden, ez diegu hilabeteei kasurik egin. Bai, ordea, koronabirusak eragindako neurri aldaketei. Neurriek jan digute beste urte bat, eta, era horretan, urtebeteak burutik, bizkarretik, ipurmasailetatik eta orkatiletatik irrist egin digu. Eta berdin izan zaigu, data hauek eurekin dakarten balorazio bat egiteko beharra iritsi den arte.
Gure inguruan jazo diren eta jazotzen diren gertakarien hurrenkera bat osatzea ez da zaila izaten. Konplexua dena da, ordea, bakoitzaren errealitate propioari kasu egitea, eta sentipenak antolatzea, hain zuzen. Kontziente izateko, zaintzeko eta ikusteko.
Egin ez dena desegiteko aukerarik ez dago, eta, hala ere, urtea amaitzeko bi aste falta diren honetan, bost minutu gehiagoren eskean gabiltza. Etsipenaren eta amorruaren ondorioz, hamabi hilabetetan eta lau urtaroetan egin ez duguna egiteko gai garela sinetsarazten ohi diogu gure izanari.
Bost minutu gehiagorekin, urteko gertaera gehienak ezagutzeko, eta ostera, horien eta sentitutakoaren arteko lotura bat egiteko gai izango ginatekeela uste dugu. Are gehiago, hori egin eta gero, sobera geldituko liratekeen bi minutuetan gure barruko anabasa ordenatzeko kapazak izango ginatekeela uste izaten dugu.
Hobe dugu horrelako usteak ez sinetsi, eta 2022. urtean horretarako tarte bat hartu, oroitzapenen anabasa saihesteko, eta oroitzapen solte izateari uzteko.
Antolaketa horretan, ordea, eta aurrekoari men eginez, gertakarien berri eduki behar da, eta gertakariaren kontaketa hori edukitzea gure eskutan dago; eta horretan, beharrezkoa izan da beste urte batez Hitza. Gure errealitate komuna ezagutzen eta eratzen jarraitzeko, eta, era berean, gure anabasa propioak ordenatzeko, eta karga arintzeko, hain justu.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku