[URTEKARIA, 2021]. Bete-betean eragin dio erdieroaleen krisiak Volkswagen etxeari, urtea hasi zenetik. Enpresak uste du 2022. urtearen hasiera «gogorra» izanen dela. Iruñeko lantegia Polo berria ekoizten hasi zen ekainean.
Joxerra Senar – Edurne Elizondo
Nafarroako enpresa esanguratsuenarentzat, Volkswagenentzat, argi-ilunez betetako urtea izan da 2021a. Alde negatiboari begira, erdieroaleen krisiak bete-betean eragin dio urte hasieratik. Martxoaren 26an, 27an eta 28an produkzioa eten egin behar izan zuen, hornidura arazoen ondorioz, eskularru kutxaren azpiko IMB3 zentralita falta zelako. Arazoak gaurdaino iraun du. Izan ere, udazkenean, erdieroaleen krisia konpondu ordez areagotu egin zen, eta, hala, urrian, azaroan eta abenduan, beste hamabost egunez itxita egon da gaurdaino. Horren guztiaren ondorioz, 23.000 auto gutxiago egingo ditu aurten: azken aurreikuspenen arabera, 237.500 auto ekoitziko ditu. Zuzendaritzak espero du arazoa 2022an konpontzea, baina taldeak ohartarazi du lehen hilabeteak “gogorrak” izango direla.
Ekainaren amaieran etorri zen beste danbatekoa. Urte luzez Iruñeko Landabengo lemazain izandako Emilio Saenz kargutik kendu, eta Markus Haupt 2018tik taldeko produkzio buru izandakoa jarri zuten. Haren etorrera eszeptizismoz hartu bazen ere, goi kargudun alemaniarrak iragarri zuen helburua zela Landaben auto elektrikoaren “eraldaketaren parte” izatea. Oraingoz, ez da guztiz baieztatu, baina ematen du lauzpabost urte barru auto elektrikoa ekoizteko aukera handiak dituela Iruñeko fabrikak.
Europan eraikiko dituen hiru bateria fabriketako bat Iberiar penintsulan egotea nahi du, Iberdrola eta Espainiako Gobernuarekin osatutako partzuergo baten bidez. Oraingoz, ez dute adierazi egitasmo horren kokagunea. Proiektu horrek Europako laguntzak jasoko ditu, ziurrenik, eta, hori baieztatzeko zain, VW taldeko administrazio kontseiluak iragan abenduaren 9an adierazi zuen asmoa duela Landabenen noranahiko itxurako auto elektrikoak egiteko.
Albiste on gehiago utzi ditu urteak. Ekainean, Polo modelo berria ekoizten hasi ziren han, eta, irailean, Poloez eta T-Cross noranahikoez gain, beste modelo bat ekoizten hasi ziren: Taigo.
Lan gatazkak
Aurten grebak eta protestak ere izan dira, zenbait arlotan. Apirilean, adibidez, garbitzaileak karrikara atera ziren lan hitzarmen “duin” bat eskatzeko. Grebara deitu zuten, baina bertan behera utzi zuten deialdia azkenean, CCOO eta UGT sindikatuek patronalarekin akordioa egin eta gero. Erabaki horrek LAB, ELA eta Solidari sindikatuen haserrea eragin zuen, bai eta garbitzaileena ere. Manifestazioa egin zuten apirilaren 13an Iruñean.
Autoak konpontzeko tailerretako langileek ere eraman dute beren protesta hiriburura. Negoziatzen segitzen dute, beren eskaerak jasoko dituen lan hitzarmen baten alde. Okerragoa da Cirmautoko langileen egoera, enpresak ateak ixtea erabaki, eta langileak kaleratzea erabaki baitu.
Iruñetik kanpo, uztailean Lesakako Zalain Transformados enpresako langileek egin zuten protesta. Zortzi eguneko grebara deitu zuten, baina zazpigarrenean lanera itzuli ziren, lan hitzarmena berritzeko aurreakordio bat sinatu eta gero. LAB (bi ordezkari), CCOO (hiru ordezkari) eta UGT (hiru ordezkari) sindikatuek sinatu zuten; ELAk (bost ordezkari) ez zuen ontzat eman.
Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku