Errigoraren bultzadaz sortutako Agerraldia egitasmoak egutegi zabala prestatu du hasi berri den urterako. Proiektu horren bitartez, Nafarroako erdialdean eta hegoaldean euskararen ezagutza zabaldu, erabilera handitu eta aldeko jarrera indartu nahi dute. Eremu askotan eragiten dute.
Ane Eslava
Ager vasconum. Erromatarrek izen hori jarri zioten baskoien lurraldeko eremu lauari: Vianatik Zangozara eta Cortestik Garesera hartzen duen eskualdeari. Inguruko biztanleen ezaugarri nagusia haien mintzoa zen: euskara. Mendeekin, bertako bizilagunen hizkuntza ohiturak aldatuz joan dira, eta, egun, euskarak toki txikia du han; baina ez da desagertu. Ager-eko landetan euskara berriz loratzeko asmoz, Errigorak Agerraldia ekinbidea sortu zuen 2019an: Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko euskaldunak batzen dituen sarea. Agenda oparoa osatu dute 2022rako.
Hasi berri den urtea Agerraldiaren hirugarrena izango da, baina haren jatorria lehenagokoa da. Ibai Sueskun proiektuko kideak azaldu duenez, Errigoran 2016aren inguruan hasi ziren gogoeta egiten, sumatzen baitzuten Nafarroako erdialdean eta hegoaldean “hankamotz” gelditzen ari zela Errigoraren ardatzetako bat: euskararen aldeko bultzada. “Ikusten genuen euskara ikasten zutenek, behin eskolatik edo euskaltegitik aterata, ez zutela euskaraz bizitzeko aukera errealik”. Hausnarketa horretatik abiatuta, Nafarroako eremu horretan berariaz euskararen gaia jorratzeko proiektu bat garatzen hasi ziren.
“Izana zehaztuta, izena falta zitzaigun”, segitu du Sueskunek. “Sarearen eragin eremua Nafarroako inguru ez euskalduna izendatutakoa da; baina, banaketa administratibo hori aldatu daitekeenez, desegokia ikusten genuen izena horrekin lotzea”. Bada, ikuspegi historikotik jo, eta hitzekin jokatu zuten: “Ager vasconum-aren garaia, plazara ateratzeko aldia… Dena bildu zuen Agerraldia hitzak”.
Errigorari lotuta egon arren, Agerraldiak bere kabuz jarduten du, hiru helburu nagusirekin: euskararen ezagutza bultzatzea, erabilera sustatzea eta euskararekiko jarrera baikorrak piztea. Asmo horiek tokian tokiko ezaugarrietara egokitzen dituzte, “protagonistak eremuko euskaltzaleak izan daitezen”. Gainera, hasieratik izan zuten argi teoriatik praktikara jauzi egin behar zutela, eta herri bakoitzeko errealitatea aintzat hartu: “Tresnak eta laguntza ematera joan ginen, baina haiei erabakitzen utziz”. Han, beso zabalik hartu zituzten. “Hori da Agerraldiaren izaera”, laburbildu du Sueskunek.
Asmo horiek gauzatzeko, urtero agenda bat osatzen dute. Jarduera guztien oinarrian euskara dago, baina gai asko jorratzen dituzte: sozioekonomia, feminismoa, kirola, kultura, heziketa… Eta bi jarduera mota egiten dituzte: “iragankorrak”, egun jakinetan bakarrik egiten dituztenak; eta “iraunkorrak”, luzera begirakoak. Batzuetan, Agerraldia antolatzailea da; beste batzuetan babeslea, eta bestetan, sustatzailea.
Ekoizleak euskalduntzen
Luzera begirako egitasmo nagusiak hiru dira: ludotekak, euskara planak eta Union Tutera kluba.
Ludoteken helburua da haurrek, ikastetxetik ateratzean, euskaraz hitz egiteko guneak izatea, eta proposamenak “ilusio handia” piztu du eremuko biztanleengan.
Hasieran 11 herritan antolatu zituzten ludotekak, eta aurten beste zazpi batuko dira zerrendara: Andosilla, Antzin, Irunberri, Sartaguda, Oteitza, Abartzuza eta Viana. Haurrei ezartzen dieten baldintza bakarra euskaraz mintzatzea da, eta, abiapuntu horrekin, talde bakoitzaren izaerara egokitutako jarduerak egiten dituzte. “Espazio horiek bete-betean egiten dute bat Agerraldiaren helburuekin”, esan du Sueskunek. Gurasoen erantzunarekin eskertuta azaldu da: “Haien determinazioa da pozgarriena”.
Luzera begirako beste ardatz inportante bat euskara planak dira. Enpresetan hizkuntza normalizatzeko jarraibideak dira: helburua da eremuko ekoizleek euskara txertatzea errotulazioan, bezeroenganako arretan eta administrazioan. Prozesuari ekin zion lehena Arronizko Iturri Kontserbak izan zen, 2020an, eta iaz beste hiru hasi ziren lanean: Mendiko, Aristu eta Lezaun upategiak. Errigoran parte hartzen duten 25 ekoizleek agindu dute 2023rako plana martxan izango dutela.
Imanol Ibero Oibarko Mendiko upategiko arduradunak azaldu duenez, haien kasuan ez dute zailtasun handirik izan, beren enpresa txikia delako eta urrats asko eginak zituztelako, baina ziurtatu du halako egoerak ez direla ohikoak. Iberoren irudiko, “erronka potoloa” ezarri dute: “Euskararen normalizazioa ez da hitz xumea, eta are gutxiago eremu ez euskaldunetan; badakigu enpresa askotan ez dela euskaldunik, eta zaila izango dela pauso handiak ematea”.
Hala ere, ekoizleen jarrera eta egiten ari diren urratsen balioa goraipatu du: “Adibidez, Iturri Kontserbak-en errotulazio dena euskaratu dute, bezeroei arreta egingo dien pertsona euskara ikasten ari da… Kartel bat daukate zera dioena: Laster euskaraz atendituko zaitugu. Hori dena euskara zapaldua den eremu batean, enpresa pribatu batek hautu hori egin duelako”. Iberorentzat, “lan ildo egokia” da Errigoraren balioetan sakontzeko, “modu eraikitzailean”.
Gainera, kirolaren arloan, Union Tutera kluba sortu dute, Agerraldiaren laguntzarekin. Futbolaren bidez euskararen normalizazioa eta balio eraldatzaileak sustatzeko asmoa dute, eta, oraingoz, bi talde osatu dituzte. Ez dute diskriminaziorik onartzen, ez zelaian, ez harmailetan.
Kluba sortzeko ideia Tuterako lagun talde batek izan zuen, 2019an, eta ordutik zabalduz joan da. Haien artean zen Beñat Jusue, eta prozesua gogora ekarri du: “Pandemiarekin atzeratu egin zen, baina, behin gogorrena pasatuta, ideiak indarra hartu zuen: hasi ginen bilera zabalak egiten, eta erabaki genuen Agerraldiari laguntza eskatzea”. Agerraldiako kideek “beso zabalik” hartu zituzten. Tuterako bizilagunen erantzuna ere, oro har, ona izaten ari dela ziurtatu du: gehiago direla aldeko ahotsak kontrakoak baino.
Biltzar bidez antolatzen dira: hogei lagun inguru elkartu ohi dira; lantaldeetan bereizten dira, ardurak banatzeko, eta talde txiki batek guztia kohesionatzen du. Jusuek aitortu duenez, “zirudien baino lan handiagoa” izaten ari da; baina “gogoz” eta “anbizioz” beteak daude.
Union Tuterako kidearen arabera, eginkizunik zailena izaten ari da balio eraldatzaileak kirolean txertatzeko asmoa gauzatzea: “Badakigu nola egin, baina erronka handia da”. Orain, aurrera begirako zereginak erabakitzen ari dira. “Gutako batzuek proposatzen dute beste kirol batzuetara zabaltzea; beste batzuek, baduguna finkatzea; besteek, eskoletara joatea…”, azaldu du. Datozen hilabeteetan eztabaida horiek argitzeko asmoa dute, hurrengo pausoak zehazteko.
Horiek dira Agerraldiaren luzera begirako proiektu nagusiak, baina gehiago izan dira: esaterako, Tuteran eta Tafallan bertso eskolak antolatu dituzte, eta Sartagudako kaleen izenen plakak euskaratu dituzte. Aurten, beste lau herritan jarriko dituzte kaleen izenak euskaraz, eta eremuko euskalgintzaren inguruko ikerketa bat egingo dute, besteak beste.
Ekinbide puntualen balioa
Jarduera iragankorren artean, iaz, Euskararen Egunak egin zituzten Erriberrin, Andosillan, Berbintzanan, Larragan eta Miranda Argan. Erriberrikoan, Ibil Bedi taldeak kontzertua eman zuen, Anarirekin batera, eta, aurrerago, Ibil Bedik Agerraldiari eskainitako kantu bat sortu zuen. Aurten ere hainbat herritan egingo dituzte Euskararen Egunak.
Musikari lotutako jarduerarik handiena, baina, Tuteran egin zuten: urrian, zezen plazan, Rotten XIII, Brigade Loco eta Unidad Alavesa taldeen kontzertuek 3.000 lagun inguru bildu zituzten. Aurtengo ekitaldi jendetsuenen artean, berriz, Ene Kantak-en emanaldiak izango dira: Tuteran, Tafallan eta Vianan egingo dituzte.
Feminismoaren arloan, Emaginekin batera, Gorputzgrafiak erakusketan oinarrituriko solasaldi bat egin zuten Irunberrin, eta aurten antzekoak egingo dituzte Deierrin eta Tuteran.
Sueskunen ustez, denbora luzez irauten duten egitasmoek eragin sakonagoa duten arren, egun bakarrekoek “garrantzi handia” dute: “Jendea aktibatzeko eta saretzeko balio dute”.
Orain arte egindako bideari erreparatuta, Agerraldiako kideak uste du “formulan asmatu” dutela: euskaltzaleei “aterki bat” eman dietela eta haiek pozik hartu dutela. Aurten topaketa batzuk egingo dituzte, udazkenean edo neguan, sareko kide guztiak biltzeko eta elkar ezagutzeko. Topaketak balantzea egiteko baliatuko dituzte, baina, bitartean, bidean aurrera egiten segitu nahi dute: “Sarekideak aktibatzen jarraitzeko, euskara erdigunean kokatzeko eta euskaratik herria eraikitzen saiatzeko”.