Asier Garcia Uribarri
Hilaren 13an, larunbatarekin, hamazortzi lagun bildu ziren Lizarrako kultur etxean. Gehienak elkarren ezagunak, baina sekula ez ziren guztiak mahai beraren inguruan bildu. Euskararen kontseiluaren lehen bilera zen. Bi urte dira Lizarran euskararen udal ordenantza dutela, baina legealdi berrira arte ezin izan dute landu. Ordenantza garatzeko eta euskararen alorrean udalari aholkuak emateko, arautegiak berak aurreikusten du herritarrez osatutako euskararen kontseilua osatu behar dela. Horrek, gainera, euskara hutsez jardungo du.
Susana Bidarte AEK-ko kideak lehen bilera hartan parte hartu zuen, eta oso positibotzat jo du kontseilua euskara hutsez aritzea. “Udalarekin lotura hori duen eta euskaraz jarduten duen talde bakarra da kontseilua. Niretzat, garrantzitsua da horrela izatea, arnasgune bat da. Lizarran, gainera, posible dela uste dut, baina inoiz bermatzen ez dugun zerbait da, eta, azkenean, euskaldunok amore eman ohi dugu”.
Hainbat alorretan lan egiten duten pertsonak elkartu ziren kontseiluan. Bestek beste, hezkuntzan, merkataritza elkartean, eta euskara eta aisialdi taldeetan. Inolako elkarte edo talderen izenean joan ez zen jendea ere agertu zen. “Konturatu ginen batzuen eta besteen alorrak elkarrekin lotuta daudela. Nahiz eta denok elkar ezagutu, ez dakigu bakoitza non aritzen den. Aurretik ez dugulako denok elkartzeko toki bat izan”, azaldu du Bidartek.
Jatorri askotako jendea batu izana oso aberasgarritzat jo du Kiko Escobar Lizarrako Udaleko euskara teknikariak. “Bakoitzak azaldu zuen zer espero zuen kontseiluaz, eta zer eginkizun izan beharko lituzkeen. Denbora nahikotxo eman genuen iritziak elkarrekin trukatzen”. Escobarrek azaldu du udala parte-hartze politikak sustatzen ari bada ere euskara kontseiluaren moduko egiturarik ez duela sortu. “Parte hartze batzordea martxan dago, eta herriko jaien harira ere hasi dira elkarteekin biltzen. Baina gisa honetako kontseilurik ez dago”.
Hala ere, kontseiluan gauza asko zehazteko daudela jakinarazi du Escobarrek. “Ez dugu adostu, besteak beste, zer maiztasunekin bilduko garen eta nortzuk egingo duten harremana udalarekin. Hori guztia erabakitzeke dago oraindik”. Hurrengo bilera martxoaren 4an egingo dute, eta Bidartek uste du jende berria ere ager daitekeela. “Jendeak galdetu dit ea zer den aurreko egunean egin genuen bilera hura. Jakina da, argazki batzuk agertzen direnean, jendeari jakin-mina pizten zaio”.
Lehentasunak
Behin lanean jarrita, lehentasunak mahai gainean jarri behar dira, eta norberak haren ideiak izaten ditu. Escobarren aburuz, ordenantza garatzeak izan beharko luke lehentasuna. Euskararen arautegiak bi urte baititu, baina ia ezin izan dutelako garatu.
Bidartek, berriz, hiru puntu jo ditu garrantzitsuentzat: herritarrak udalean euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatzea, hizkuntza paisaia elebiduna ezartzea eta merkatari euskaldunen errolda egitea. Errolda egite hori bereziki nabarmendu du Bidartek. “Lizarran, jende asko bizi da merkataritzatik, eta egia da errealitatea ez dela guk pentsatzen dugun bezain beltza. Nahiko grisa da, eta zurira jotzen ari da”.
Parte hartze handiarekin erantzun diote herritarrek udalaren deiari. Ikusteko dago zer bide egingo duen kontseiluak. Baina euskarak hitza hartu du Lizarran.