Leslie Feinberg idazle estatubatuarraren ‘Borrokalari transgeneroak’saiakera euskaratu du Fermintxo Zabaltzak, Katakrakekin. Itzultzaileak onartu du liburuak mundu bat ireki ziola; «liluraturik» du oraindik.
Uxue Rey Gorraiz
Fermintxo Zabaltza itzultzaileak (Iruñea, 1974) 2018an egin zuen lehen aldiz Leslie Feinbergen eta euskararen arteko zubi lana; Mari-mutil handi baten bluesa eleberria (Katakrak, 2018) itzuli zuen. Lau urteren ondotik, idazle estatubatuarraren saiakera ezaguna ekarri du euskarara: Borrokalari transgeneroak. Historia eginez, Joana Arc-ekotik Dennis Rodman-enganaino. Asier Rikarte dantzariak lagunduta, asteazkenean aurkeztu zuen liburua Iruñean, Karrikiri elkartean.
Jendeak uste baino gehiago dira borrokalari transgeneroak?
Dudarik gabe. Nik neuk ere sorpresa hartu nuen hainbeste direla ikusita. Batetik, liburuarekin ikusi nuen zenbat pertsona transgenero izan diren munduan, hainbat kulturatan. Baina ez da hori bakarrik. Egia da gizarte honetan trans izateak kasik-kasik berez egiten zaituela borrokalari, baina, gainera, liburuari esker ikusi nuen transak askotan izan direla beste borroka batzuei oso loturik.
Hain zuzen, Leslie Feinbergen begirada ez da mugatzen transgeneroen borrokara. Askotariko ertzak ditu begiz joak: arraza, nazionalitatea, klasea…
Bai, uste dut batez ere hori zela Leslieren intereseko. Hura ere zenbait borrokak gurutzatzen zuten. Transa zen, baina ez hori bakarrik; borrokalaria zen, bereziki. Beti saiatu zen justiziaren alde onean egoten. Adibidez, sindikalista izanik, harentzat oso inportantea izan zen deskubritzea transak ere izan direla borroka sozialen parte hartzaile, baita buru ere, lider.
Feinbergek nabarmentzen du liburua ez dela transei buruzko historia osoa, ezta zehatza ere. Nola dago egituratua lana?
Bere moduan egituratu du liburua Feinbergek. Batzuetan, pertsona jakin batzuk aintzat hartuta josten du historia; adibidez, Joana Arc-ekoaren bidez. Gero, ordea, Ameriketako kulturen errealitateari erreparatuta ere egiten du, adibidez. Idazleak ongi daki zer muga dituen, eta badaki kontakizuna ere mugatua dela.
Zer muga zuen idazleak, bada?
Justu-justu bukatu zuen institutua. Liburu hau ez da hogei bat urte ikerketa lanean buru-belarri ibili den unibertsitario batena. Nahiz eta Fainbergek azaltzen duen liburu hau bizi osoko lanaren laburpena dela, badaki ezinezkoa dela guztia hartzea.
Aitortzen du beste mugarik ere: onartzen du ikertzaile zuria dela, eta horrek baduela eragina.
Muga horiez ere jabetzen da, bai. Badaki, eta hala adierazten du, mendeko pertsona dela batzuetan, eta pribilegioduna beste batzuetan. Pobrea da, langilea, lesbiana, eta transa; horiengatik guztiengatik, menderatua da. Ordea, zuria da, Mendebaldekoa, eta, beraz, bistan da mugak dituela beste kultura batzuk interpretatzeko.
Historia idatziak ez ezik, trans askoren argazkiak ere daude liburuan jasota.
Zorionez, bai. Egia esan, borroka hori galdutzat neukan, ez bainuen uste argazkiak sartzea lortuko genuenik. Zaila da material hori lortzea, baita eskubideak lortzea ere. Zortea izan dut: Katakrakekoak tematu egin dira, eta asko eskertzen diet. Argazkirik gabe, asko galduko litzateke. Izan ere, irudiak ez dira soilik osagarri. Testigantzetan, indar handia dute.
Testigantza horiek zer neurritan laguntzen dute kontakizuna abstrakziotik urruntzen?
Tira, iruditzen zait Lesliek oso modu errazean idazten duela. Horregatik, nik horrela ekarri nahiko nuke euskarara. Aitortzen dut batzuetan nahiko zaila izan dela, adibidez, liburu feministak edo LGTB gaien ingurukoak. Beti ez dira izaten ulertzen errazak. Hauetan, baina, Leslieren bietan, oharkabean transmititzen dira berez oso kontzeptu inportanteak direnak. Haren idazteko moduagatik, hizkera ez da hesi bat.
Bigarrenez itzuli duzu Feinberg: 2018an, Mari-mutil handi baten bluesa euskaratu zenuen. Idazlea hobeki ezagututa, sentitu duzu abantailarik itzulpena egiteko orduan?
Bigarren honen itzulpena arinagoa izan zait lehenbizikoarena baino. Eleberria da bata, saiakera bestea. Hau , saiakera izanik, aseptikoagoa izan liteke. Hizkera lauagoa du honetan; hori iruditu zait.
2014an zendu zen. Zer harreman izan zenuen harekin?
Borrokalari transgeneroak liburuak liluratu egin ninduen. Lehenbiziko aldian oso modu inuzentean irakurri nuen, eta, bukatutakoan, posta elektroniko bat idatzi nion idazleari, orain umekeria bat iruditu arren. Esan nion asko gustatu zitzaidala, eta kontatu nion euskarara itzuli nahi nuela. Bada, erantzun zion mezuari.
Zer zioen erantzunean?
Esan zidan harentzat ohorea izanen zela. Esan zidan, gainera, idatziko zuela hitzaurre bat euskarazko ediziorako, propio. Bestalde, beste zerbait ere idatzi zidan: “Jakizu euskaldunen autodeterminazioaren alde nagoela”. Oro har, erantzuna jaso izana oso pozgarria izan zen niretzat. Zoritxarrez, nahikoa kostatu zitzaidan itzulpena egitea, eta liburua argitaratu aurretik hil zen Leslie.
Jatorrizkoa 1996an argitaratu zuen Feinbergek. Hitzaurrean, aitortzen du beldur dela ez ote zen zaharkiturik geldituko.
Lesliek susmo hori du, baina terminologiari buruz ari da, batez ere. Halere, argi esaten du: “Ni ez naiz etorri kolektiboa definitzera, defenditzera baizik”. Egia esan, oso jarrera heldua iruditzen zait.
Bete da haren susmo hori?
Sumatzen dira gauza batzuk. Garaian, transgenero hitza erabiltzen zen gehien, eta hasiak ziren trans erabiltzen. Gaur egun, behintzat Mendebaldean, trans ari da nagusitzen. “Aterki terminoa” da: transexualak, ez bitarrak eta beste hainbeste sartzen dira barrenean. “Andretik gizonerako transa” bezalako kontzeptuak ere zaharkituak gelditu dira. Modatik joanak dira.
Dena dela, auziak, kontatzen denak, ez du galdu gaurkotasunik.
Inola ere ez. Liburuak argitara ateratzen du errealitatea, eta lortzen du babes sareak indartu eta jendea armairutik ateratzera animatzea.
Atzera begiratzea, orainaren mesedetan. Hori da ariketa?
Askotan, pertsona transa bazara, sentsazioa duzu bakarra zarela munduan, edo zure belaunaldia dela lehenbizikoa. Horrelako liburuek erakusten dute ezetz, lehendik ere bazirela asko, ez dela hutsetik hasitako zerbait, eta mundua luze eta zabala dela.
Babes sareak aipatu dituzu. Urtetik urtera, ari dira sendotzen?
Baietz uste dut. Esate baterako, itzulpena egiten ari nintzela, Kattalin Minerren Moio liburua etorri zitzaidan burura askotan. Haren lagun trans baten historia kontatzen du. Lagun horrek bere buruaz beste egin zuen duela urte batzuk. Gaiari buruz pentsatzen ari nintzela, bururatu zait Kattalinen lagun hori hamar urte geroago jaio izan balitz beharbada gauzak ez zirela berdin gertatuko. Beharbada, babes sare indartsuagoa izanen zuen inguruan.