Berari buruzko artxiborik handiena daukate Rosa Mari eta Jose Antonio Errandoneak. Postalak, prentsa zatiak, irudi zaharrak…; denetarik dute beren etxean. Dagoeneko kanpo lana uzteko erabakia hartua dute, baina etxekoa antolatzen segitzen dute anai-arrebek.
Ainhoa Larretxea Agirre
Berako erdigunean dago Rosa Mari eta Jose Antonio Totono Errandonea anai-arreben etxea. Bertatik ikusi dute herria hazten, eta bertan jaso dute herriari buruzko artxiborik handiena ere. Berari buruz prentsan ateratako argazkiak, herriko ekitaldietako irudiak, Berako garai bateko postalak, argazki historikoak… Beren etxera sartzea Berari buruzko museo batean sartzea bezala da. Solasean ere nabari zaie herriari dioten maitasuna. Pasioz mintzo dira Berari eta beratarrei buruz, eta argazki bat ikustea nahikoa dute Berari buruzko kontuak kontatzen hasteko.
Aita zenari zor diote argazkiak gordetzeko ohitura. Foruen Plazan denda bat zeukan aitak, eta bertan saltzen zituen argazkilarien argazkiak. Saltzen ez zituenak botatzeak, ordea, pena ematen zion, eta horiek gordetzen hasi zen. Totono Errandoneak argazkiak aurkitu zituen behin, eta horiek antolatzen hasi zen, baita prentsan Berari buruzko albisteak mozten ere.
1977tik aurrera ari da langintza horretan, eta 1980ko urteetan batu zitzaion Rosa arreba. “Totonok herrian antolatzen ziren gauzen prentsa zatiak gordetzen zituen, eta pentsatu nuen nik ere bertara joan eta argazkia ateratzea, horrela informazio osatuagoa izateko”, dio Rosak. Geroztik, Berako ekitaldi guztien argazkiak atera izan ditu: kirol txapelketak, Olentzeroren etorrera, solasaldiak… Ekitaldi guti dira Beran Rosa Errandonearen presentziarik gabeak.
Oraingo argazkiak ateratzea bai, baina, antzinako argazkiak errekuperatzea dute biek pasio. Berako baserri guztietako argazkiak egitea bururatu zitzaion Rosa Errandoneari, eta, geroztik, heriko baserri guztietan izan da, eta, baserriari argazkiak egiteaz gain, etxeetan zituzten argazki horiek guztiak jasotzen, eta kopiatzen aritu dira. Horri esker, gaur egun zenbatu ezina da beren etxean duten argazki historikoen kopurua, eta jasotako argazki horiek denak bi liburutan eta hainbat erakusketatan erakutsi dituzte.
Bera. herri bat unez-une liburuan herriko bizimoduari buruzko irudiak jaso zituzten, eta Bera baserriz-baserri liburuan, aldiz, Berako baserri guztietako irudiak, eta baita bertan bizi zirenenak ere. Lan hori egiteko herritarrek emandako laguntza ezinbertzekoa izan dela diote biek: “Herritarrek argazkirik eman ez baligute, hau dena ez litzateke posible izango. Ni Berako baserri guztietan egon naiz, eta hori niretzako ohorea da, konfiantza duten seinalea da”, nabarmendu du Rosa Errandoneak.
Herritarrek emandako babesa eskertzeko bidean dira, ordea; izan ere, artxibo irekia da beraiena, eta esku zabalik hartzen dute argazki bila doan edonor. “Duela gutxi, Berako neska bati bere aitatxi agertzen zen argazkiak eman genizkion, eta harentzako sekulako poztasuna izan zen, bere argazki hagitz guti zeuzkalako”, kontatu du Rosak. Makina bat dira herriko argazkien bila beren etxera joan diren herritarrak, eta beti pozik hartzen dituzte: “Guretzako sekulako poztasuna da”, dio Totono Errandoneak. Urte anitzez Beran udazkenean egiten den Lurraren Egunean erakusketa paratu izan dute herriko argazki eta objektuekin, eta bertan jasotako erantzunarekin ere pozik dira, herritar anitz joan izan direlako ikustera, eta beraien argazkiak eskaintzera.
2021. urtea bukatzearekin bat, kanpo lanetako erretiroa hartu dute biek; etxean, ordea, lanean jarraitzen dute: “Beti badago egiteko zerbait, argazkiak artxibatu behar dira, izenak apuntatu, jendearekin egon argazkian ageri direnak identifikatzeko…”. Eta horretan dihardute egun. Daukaten artxibo guztia bigarrenez ordenatzen ari dira, irudi errepikatuak ezabatzen eta argazki guztiak behar bezala identifikatzen eta artxibatzen.
Horretarako metodologia jakin bat dute, Rosak kontatu duenez: “Argazki bakoitzaren ondoan dokumentu bat egiten dugu, eta bertan jartzen dugu nork utzi digun irudia, noizkoa den, nor ageri diren, non dauden…”. Identifikazio lan hori egiteko, herritarren laguntza izaten dute, argazkirik zaharrenetan dagoen jendea ez dutelako ezagutzen. “Duela egun batzuk 90 urteko gizon bat etorri zen, eta orain herriko bertze andre bat etorriko da Berako emakumeak izeneko karpetan ditugun argazkietan jendea identifikatzera”. Bertzelako metodoak ere pentsatu izan dituzte argazkietan ageri den jende hori guztia izendatzeko: “Pentsatu izan dugu herriko aretoan argazkiak paratu eta adineko jendea gonbidatzea”, azaldu du Rosak. Argi dute, ordea, ezinezkoa izanen dela denak identifikatzea, 1900. urteko argazkiak ere badituztelako, eta zaila delako irudi horietan ageri direnen berri izatea gaur egun.
Irudiak baino gehiago
Argazkiena, baina, ez da egiten duten lan bakarra. 1987an hasi zen Totono Errandonea prentsan Berari buruzko albisteak mozten, eta horretan jarraitzen du oraindik ere. Azken urteetan, Diario de Noticias, Diario Vasco eta Ttipi-ttapa kazetetako albisteak moztu eta antolatzen ditu, baina aspaldiko hainbat agerkaritakoak ere bildu ditu: La Voz de España, Egin, Pensamiento Navarro… Hori gutxi balitz bezala, Berako besten bueltan ateratzen den Berako Oihua herri aldizkarian ere 42 urtez publikatu du Berako hainbat gairen inguruko artikuluren bat; azkenekoa. elizari buruzkoa.
Iazko urtea bukatzearekin bat bukatu zen bien jardun publikoa, eta Berako Udalak omenaldi xume bat egin zien abenduaren 31n herriaren alde egindako lan eskerga eskaintzeko: alkatea eta bi zinegotzi bertaratu ziren haien etxera, plaka bat eta lore sorta batekin. Sorpresaz hartu zuten biek omena. “Tinbrea jo zuten, eta ia etxeko amantalarekin atera nintzen kalera”, oroitu du, irriz, Rosa Errandoneak. “Pentsa zer espero gabea izan zen, ez ginen erreakzionatzeko kapaz ere izan, eta ez genituen sartzera ere gonbidatu”, dio Totono Errandoneak.
Udalarena, ordea, ez da herriak egin dien lehen omenaldia; Rosa Errandoneak 2007an bota zuen bestak pizteko suziria, eta Lurraren Eguna antolatzen duen Gure Txokoa Elkarteak ere omendu zituen urte hartan. Esker onez jaso dituzte horrelako omenak, baina argi diote ez direla herriaren alde lan egiten duten bakarrak. “Beran badago herriaren alde lan egin duen jende gehiago, eta ez da gu bezain omendua eta aitortua izan”.
Orain, erretiroa hartuta, baina ez daude geldi. Argazkiak artxibatzeaz gain, badute burutan bertze proiektu bat: Totono Errandoneak 42 urtez Berako Oihua aldizkarian publikatutako lan horiek guztiak liburuxka batean biltzea. “Baina oraindik ez. Erretiratu berri gara eta jendeari erakutsi behar diogu erretiroa hartu dugula. Aitzinerago egin nahi dugu”, azaldu du.
Bitartean, argazki artxiboko irudi horiek guztiak txukuntzen jarraitzeko asmoa dute. “Guk erraten dugu erretiratu garela, baina edozeinek argazki zaharren bat badu eta eman nahi badigu, guk pozez zoratzen jasoko dugu”.