Iazko Martxoaren 8an Iruñean egindako protesta baten harira, hamabost hilabeteko kartzela galdegin dute mugimendu feministako Larunbe Biurrunentzat. Poliziaren bortizkeria salatu zuen hark; muzin egin diote.
Uxue Rey Gorraiz
Elkarrizketan hitzik egin aurretik ere suma dakioke atsekabea Ainhoa Larunbe Biurruni (Iruñea, 1974). Mina nabari zaio aurpegieran, baita ahotsean ere; tarteka, hasperenek egiten diote ihes. Iazko Martxoaren 8an mugimendu feministak Nafarroako Parlamentuaren parean eginiko protesta bati loturik, fiskaltzak hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita, foruzain bat ostikadaz jo zuelakoan. Larunbe Biurrunek hasieratik ukatu du hori egin izana. Gainera, salaketa jarri zuen hark ere, Foruzaingoak “neurriz kanpo” jokatu zuela argudiatuta. Salaketa horrek bi aldiz jaso du epaileen ezezkoa. Halere, inputatua ez da guztiz etsi oraindik. “Horma baten kontra egitea bezala da. Beraz, jarriko dut kaskoa, eta eginen dut aurrera berriz”.
Agintaritzaren aurkako atentatua egotzi dizute. Orain urtebete sinetsiko zenuen halakorik?
Zaila da oraindik ere. Leporatzen didatena oso larria da, eta horregatik ezarri nahi didaten zigorra ere bai. Azken batean, egozten didatena ez da, zer dakit nik, desobedientzia ekintza batean parte hartu izana. Autoritateen kontrako atentatua da. Behintzat, zorionez, irudiek argi eta garbi erakusten dute ez zela halakorik izan.
Iazko Martxoaren 8ko gertakariei lotua da akusazioa. Zer oroitzen duzu egun hartatik?
Pandemia zela eta ez zela, oso egun atipikoa izan zen. Goizerako ez zegoen deus antolaturik; ez kontzentraziorik, ezta manifestaziorik ere. Ni 13:00etan sartzen naiz lanera. Lanerako arropa garbia hartu, poltsa batean sartu, eta Alde Zaharrera joan nintzen, Sarasate pasealeku ingurura. Zarata aditu nuen, ikusi nuen mugimendu feminista protesta bat egiten ari zela, eta hara joan nintzen, haiekin bat egiteko. Ondoren, dena oso laster gertatu zen.
Nola okertu zen kontua?
12:05ean ailegatu nintzen bertara, argazki bat egin nahi izan nien protesta egiteko parlamentuko atarian kateatuak ziren emakumeei, eta hantxe gelditu nintzen tarte batez, errepidean. Bat-batean, poliziak agertu ziren, eta bultzaka hasi ziren. Egia esan, nik ez nuen aditu bertatik alde egiteko inolako agindurik. Zuzenean hasi zitzaizkigun bultzaka. Hiru astindu inguru jaso nituen, eta eskuak altxatu nituen, esanez bezala: “Nahikoa da!”. Orduantxe, polizietako batek estropezu egin zuen pankartarekin, berak bakarrik, eta erori egin zen. Gerritik heldu ninduen, eta bere gainera bota. Ezkerreko oinetik eutsi ninduen eta, ohartzerako, lau armairu nituen alde batetik eta bestetik eusten; batek, zerbikaletatik.
Fiskaltzak dio ostikada bat eman zeniola polizia bati.
Gezurra da hori. Argi baieztatu daiteke bideoak ikusita. Harrigarria da. Gainera, ustez ostikada jaso zuen polizia ez da aurkeztu akusazio gisa. Fiskaltzak egin du dena. Sinestezina da.
Salaketa jarri zenuen, Poliziaren jokabidearen proportzionaltasunik eza salatzeko. Zer bide egin du salaketak?
Jasandakoa salatu nuen, baina epaileek atzera bota dute eskea. Abenduan, ezetza eman zidaten auzitegian; ziotenez, Poliziak “egoki” jokatu zuen.
Ezezko hori jaso arren, ahalegina egin zenuten atzera ere.
Ezin ginen konformatu. Amaia Santesteban da nire abokatua, mugimendu feministakoa hura ere, eta bion artean erabaki genuen helegitea aurkeztu beharra zegoela. Gora jo genuen, Lurralde Auzitegira, esperantzaz. Dena genuen: bideoak, argazkiak, nire lesioei buruzko mediku agiria… Horri ere ezetz esan diote, pasa den urtarrilean.
Zer lesio izan duzu?
Atxiloketan, astinaldi horretan, min egin zidaten eskuineko besondoan. Horretaz gainera, eskuburdinak jartzean ere sekulako mina eragin zidaten. Hilabete bat eman nuen lan egin ezinik, baimenarekin. Besteak beste, gihar distentsioa izan nuen toraxean, eta kontraktura ugari ere bai. Medikutara joaten jarraitzen dut.
Epaileen ezezkoak jasota, orain zer?
Nire salaketa bertan behera dago, ezin da besterik egin. Orain besteari egin behar diot aurre: niri egotzi didatenari, epaiketari.
Nola prestatuko zara?
Egia esateko, lasaitasun handiz eginen diot aurre egoerari. Ez dago deus, ez dute inongo frogarik, ez dago deus ikusterik, ez baitzen deus gertatu. Borrokatuko naiz, baina egun hori noiz iritsiko den, epaiketarena, ezin jakin. Justizia berez da motela, beti; eta orain, pandemia tarteko, nork daki. Maratoi bat izanen da, baina hemendik aurrerakoa, oraingoz behintzat, ez dago gure esku.
Hilabete hauetan guztietan, nola jokatu dute instituzioek?
Lotsagabeki portatu dira. Gauzak hain argi egonda, hainbeste froga erakutsi eta gero, beste zerbait espero nuen. Ezin dut sinetsi deus esan ez izana, eta zera datorkit burura: non daude instituzioak?; zertarako? Patri Perales eta Bakartxo Ruiz [EH Bildu] izan dira salbuespenik bakarretakoak; biekin izan naiz harremanetan. Geroa Baiko Javi Akarreta ere etorri da nigana, nire testigantzak irakurri ondoren. Beste inor ez, ordea. Lotsagarria da. Eskuineko alderdiengandik ez genuen besterik espero; ezkerrekoengandik, bai. Oso haserre gaude.
Gorputzeko lesioak aipatu dituzu. Mentalki, zer moduz zaude?
Amorrua sentitzen dut, ezintasuna. Nire salaketari ateak danbatekoz itxi dizkiotela ikusteak min handia egin dit. Harro nago borrokatu naizelako eta gertatutakoa salatu dudalako, baina justizia ez da benetakoa, ikusten dugunez. Nire kasuan, behintzat, justiziarik ez dago. Gogorra izaten ari da. 47 urterekin horrelako zerbait jasotzea kolpe gogorra izan da, mugarri handia. Halere, gauza bat datorkit burura: eskerrak ni izan naizen eta ez gaztetxo bat; jende gaztea are babesgabeagoa da horrelakoen aurrean, akaso.
Ordura arte, zer lotura zenuen mugimendu feministarekin?
Beti saiatzen naiz horrelako ekintzetan parte hartzen. Antsoainen bizi izan naiz urteetan. Han gogoz aritzen nintzen mugimendu feministan. 2019an, kideekin batera, lortu genuen mugimendu feminista izatea jaietako txupinazoa botako zuena. Pentsa zer salto egin dudan: txupinera izaten hasi, eta Martxoaren 8ko ekintza batean atxilotu bihurtu.
Hilabete eskas falta da aurtengo Martxoaren 8rako. Aterako zara karrikara?
Noski, aterako gara, inoiz baino arrazoi gehiagorekin. Argi eta garbi ikusten dugu bide luzea dagoela egiteko, asko falta dela hain beharrezkoa den berdintasuna lortzeko. Iaz gertatu zenak, besteak beste, mugimendu feminista isiltzea izan zuen helburu. Beldurra eragitea, dudarik ez, baina ez da gertatuko. Indarrez beterik gaude.