Ikasten ari dela dio Anne Lukin abeslariak, musikari bizitzaren ertzak ezagutzeko prozesuan. Une gozoan da, edonola ere: ‘Ay, Pequeña’ kantu kaleratu berri du, eta iragarri du Ribera Sound jaialdian izanen dela udan.
Uxue Rey Gorraiz
Ahots leun batek ez du zertan guztia eztitu; gozotasunez ere bada mezu zorrotzak zabaltzerik, baita kantatzerik ere. Horren adibide da Anne Lukin abeslaria (Iruñea, 2001). Ahobilorik gabe mintzo zaio kazetariari, ausart, kritiko zenbait gaitan. Telefonoaren hariaz egin dute haren hitzek Bartzelonatik Iruñera arteko bidea.
Bi urte dira musikaren munduan hasi zinela. Espero gisakoa da?
Gezurretan ariko nintzateke esango banu nik musikaria izan nahi nuela. Sekula ez nuen pentsatu honetan ibiltzeko aukerarik izango nukeenik. Entzule huts nintzenean, musikarien bizitzak oso idealizatuak nituen, eta orain ari naiz benetan nolakoa den ikasten. Uste baino gogorragoa da. Askotan, sentitzen dut 40 urte izatera ari naizela jolasten. Sorpresa asko hartu ditut. Adibidez, denbora portzentajetan banatuta, orduen %30-%40 ematen ditut musikari eskainita. Egunaren zati txiki bat da. Kostatu zitzaidan hori ulertzea, eta galdera bat piztu zitzaidan: zer egiten du artistak gainerako ordu guztiekin?
Aurkitu duzu erantzuna?
Bila jarraitzen dut. Sektorean hasi aurretik, bizitza guztiz planifikatua nuen, kontrolpean. Orain, egoera guztiz kontrakoa da. Ez daukazu ordutegi zehatzik. Hilabete batzuk lanez gainezka izaten dituzu; beste batzuk, aldiz, nahiko hutsik. Bizitza polita da, baina ziurgabetasun handikoa ere bai.
18 urte zenituen OT lehiaketatik atera zinenean. Nola kudeatu zenuen ospe erauntsia?
Egia esan, ez dakit nola ez nintzen erotu. Konfinamendua ere orduantxe iritsi zen, aldi berean. Bonba atomiko bat izan zen. Eskerrak nire inguru hurbilak asko lagundu didan; lagunak, familiak, ekipoak…; asko lagundu didate oinak lurrean mantentzen eta prozesua ahalik hobekien kudeatzen. Gainera, psikologoarenera joaten hasi naiz orain dela gutxi, eta abestiak egiteak ere izugarri laguntzen dit. Botikatzat ditut.
Ay, Pequeña izeneko kantua kaleratu duzu berriki. Nor da txiki deitzen duzun hori?
Abestian ay, pequeña asko daude, eta gehienak niri esandako gauzak dira. Kontua da hainbeste aldiz esan dizkidatela horrelakoak, ezen azkenean neure buruari ere esan baitizkiot. Neure buruari egiten diot erreferentzia kantuan, baina inoiz horrela sentitu den beste edozeini ere bai.
Hainbat esaldi zorrotz daude abestiko hitzetan, ohartarazpen modukoak. Are gehiago, esaldi batean hau diozu: Zure talentua gurea da. Aurpegiratze maltzurra da. Zuri egindakoa?
Bai, ez dut ezer asmatu, bizi izan dut horrelakorik. Adibidez, diskoa atera nuenean, industriako hainbat pertsonak nire managerrari deitu zioten, zoriontzeko, diskoa ona zela esanez. Baina galdetzen zioten ea nola lortu zuten nik horrelakorik egitea, ea nola zen posible. Nik meriturik ez banu bezala, lana beste norbaitek egina balitz bezala, eta ez nik.
Emakume eta gazte izateak badu zerikusirik horretan?
Noski. Gazte izateak, emakume izateak, eta, kasu honetan, baita Operación Triunfo saiotik ateratakoa izateak ere. Halere, beste deus baino gehiago, gizarteak lidergoarekin lotzen duen rola dago arazoaren atzean. Ematen du soilik gizona bazara, alfa, oihu egin eta kasik izua eragiten duten horietakoa bazara izan zaitezkeela liderra, gauzak argi dituen norbait. Aldiz, neska gaztea bazara, goxoagoa, badirudi ezin duzula horrelako disko bat atera. Jendeak uste izaten du neska gazte bat ez dela erabakiak hartzeko gai.
Infantilizazioa ere bada, beraz.
Jakina baietz. Askotan gertatzen da, adina adierazteko zenbakia zuzenean lotzen dugu bizimodu jakin batekin, izaera jakin batekin, zenbaki horrek dena definituko balu bezala. Ez naiz inoiz egon ados horrekin. Urteekin baino gehiago, norberari bizitzea egokitu zaizkion esperientziekin eta horiei aurre egiteko izandako moduarekin dago lotua heldutasuna. Egia esan, musikaren munduan hasi nintzenean gertatutakoak asko harritu ninduen, adina zegoelako guziaren gainetik: 18a. Ez dut ukatzen ikasten ari naizela, mundu hau berri-berria dela niretzat, baina horrek ez du esan nahi ez dakidala zer nahi dudan, are gutxiago norbaitek eskutik heltzea behar dudanik, haur bat banintz bezala.
Ribera Sound jaialdian ariko zara uztailean. Aurten, emakumez osatua da kartela. Zer iritzi duzu erabaki horren gainean?
Oso pozik nago, sekulako ilusioa egiten dit, eta zorioneko sentitzen naiz. Hala ere, nahiago nuke horrelakoak notizia ez balira, emakumez osatutako kartel bat egotea ez balitz salbuespenezko zerbait, ezta goraipatu beharreko zerbait ere. Baina berriz diot: oso eskertua nago, ekimen ederra da, bisuala, eta sektorean gauzak aldatu beharra dagoela erakusteko keinu bat ere bai, jakina.
Gauzak aldatze aldera, zer beste bide legoke, zure ustez?
Bide asko daude, horrelakoek ere balio dute, baina ez dira aski. Arazoa ez da hori eginez desagerraraziko. Gauzak barnetik aldatu behar dira, industriak dituen estamentuak deseginez. Erabakiak hartzen dituzten gehienak gizonak dira. Handik hasi beharko genuke aldaketak eragiten.
Sektoreko emakumeen artean bada batasun sentimendurik?
Nik horrela sentitzen dut. Ahizpatasun handia dago lankide emakumeen artean, oso lagundua sentitzen naiz. Hain zuzen ere horregatik, amorru handia ematen dit ikusteak hedabide batzuek eta musikaren industriak berak kontrakoa elikatu nahi dutela. Lehia sustatu nahi dute, eta errealitatea ez da hori. Nik ahizpatzat ditut.
Artista bezala, sentitzen duzu presiorik etenik gabe sortzeko?
Nik, zorionez, ez dut inolako presiorik sentitzen kantuak konposatzeko, baina oso argi sentitzen dut industriaren presa. Musika, eta artea, oro har, dinamika arriskutsu batean ari dira sartzen. Oso azkar kontsumitzen dugu dena, atzean dagoen lanari garrantzirik eman gabe. Artista batek urtebete eman dezake disko bat sortzeko lanean. Gero, lan hori zaharkitua gelditzen da kaleratu eta bi hilabetera, eta jendeak segituan eskatzen du kantu gehiago sortzeko. Horrek asko kezkatzen nau. Hain da azeleratua abiada, ezen beldurgarria ere iruditzen baitzait.
Zure kantuak adituta, agerikoa da barrenera begira idazten duzula. Biluzteak ez zaitu izutzen?
Kanpotik begiratuta, beldurgarria irudi lezake, baina nire modua hori da. Ez dut bertigorik sentitu sentimenduak azaleratzeko orduan. Ezinen nuke bestela egin.
Euskaraz kantu gehiago sortzeko asmorik bai?
Euskara nire izaeraren parte handi bat da. Lehen diskoan, banekien behintzat kantu bat euskaraz izango zela. Eztabaidaezina zen. Nahiko nuke horrela izatea beti: disko bakoitzean bat, gutxienez.
Argazkia: Cesar Maestre.