Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Sarek dio emakumezko 27 euskal preso daudela; hiru dira nafarrak. Euskal Herrian 11 daude.
Edurne Elizondo
“Emakume presoen eskubideak bete ditzatela, besterik ez dugu eskatzen. Oinarrizkoa da”. Horixe nabarmendu du Sare plataformako kide Jone Galarzak, Iruñean, Martxoaren 8aren bezperan Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean. Emakume presoak etxerako bidean lelopean egin dute protesta.
“Oraindik bada aldarrikatzeko beharra”. Maribel Astizek bertze zenbait emakumerekin bat egin du parlamentuaren aurrean, elkarretaratzea hasi baino hamar minutu lehenago, eta hitz horiekin azaldu du zergatik joan den Sarek antolatutako protestara. Pankartaren zain, denek erdigunean jarri nahi izan dute emakume presoen egoera. “Espetxea gizonentzat egina dago, eta horrek ekartzen du emakumeen baldintzak are okerragoak izatea”, salatu dute.
Emakume preso guztiek pairatzen dituzte baldintza horiek, eta euskal presoek, gainera, “salbuespenezko espetxe politika bati aurre” egin behar diote. Sarek erran duenez, emakumezko 27 euskal preso daude —EPPK-koei buruz ari da—, eta haietako 11 bertzerik ez daude Euskal Herriko espetxeetan; hamasei daude Euskal Herritik at, eta haietako lau, “bakartuta, kiderik gabe”. Euskal Herritik at diren hamasei horien artean, hamabi daude Espainiako Estatuko kartzeletan eta lau Frantziako Estatukoetan.
Modulurik ez andreentzat
Azken hilabeteotan, Espainiako eta Frantziako estatuetako kartzeletan ziren zenbait euskal preso Euskal Herriratu eta gerturatu dituzte. Emakumeei dagokienez, urrats hori egitea “zailagoa” dela salatu du Sarek, haientzako modulurik ez delako espetxe anitzetan. “Emakumeontzat, zigor erantsia da emakumeentzat prestatua ez dagoen sistema baten barruan bete behar izatea zigorra”, erran du Galarzak.
Amaia Izko abokatuak bat egin du gogoeta horrekin. Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako protestan parte hartu du, “oro har, emakume preso guztien eskubideak” aldarrikatzeko. “Beharrezkoa da emakumeek espetxean bizi duten egoera azaleratzea, eta lan egitea, errealitate horri buelta emateko”, adierazi du. Emakumezko euskal presoei dagokienez, pairatzen duten “salbuespen egoera” salatu du abokatuak. “Salbuespen egoera hori ikusgai bilakatu behar dugu, eta erdigunean jarri emakumeek sufritzen dituzten baldintzak”.
Hiru nafar
Espetxean diren emakumezko euskal presoetatik, hiru dira nafarrak, Sarek ezagutarazi duenez. Haietako bat da Maria Lizarraga, orain Zaballako (Araba) kartzelan dagoen burlatarra. Izadi Lizarragaren ama da euskal preso hori. Haurra amarekin izan da orain arte, baina urtarrilaren 23an 3 urte bete zituen, eta espetxetik atera behar izan zuen.
Izaskun Lesaka, berriz, Parisen daukate. “Garbi dut ez dutela hurbilduko”, erran du Lesakaren ama Enrik. Sarek egindako protestan izan da. Pandemiak are zailago egin ditu bisitak, azaldu duenez: murriztu egin dituztelako, batetik, eta bisitaren ondotik presoak bederatzi egunez bakartua egon behar duelako, bertzetik.
Emakumezko euskal presoak Euskal Herritik 245 kilometrora daude, batez beste. Distantzia hori hutsean uztea du Sarek helburu: Martxoaren 8ko aldarriekin bat eginez, emakume presoak etxerako bidean nahi ditu.