Adinekoak Krisiaren Kontra plataformak protesta egin duen iragan astean. Arrakala digitalaren eta finantza bazterkeriaren aurka egin zuten oihu, suminez. Diez Diazena zen ahots horietako bat.
Uxue Rey Gorraiz
Herritar gehienen begietara, aspaldi iraungi zen aurrezkiak koltxoi azpian gordetzeko garaia. Dagoeneko, biztanle gehienek naturaltasunez jotzen dute bankuetara sosekin zerikusia duten kudeaketa oro egitera; digitalki, askotan. Hain justu, gestio horiek teknologia berriei estuki loturik egoteak adinekoei ekartzen dizkien oztopoak salatu zituen orain dela astebete Iruñean eginiko mobilizazio batek. Adinekoak Krisiaren Kontra plataformak deitu zuen protestara, arrakala digitala eta finantza bazterkeria salatzea helburu. Plataformako kidea da Isabel Diez Diaz (Iruñea, 1951).
Zer neurritan jasaten dituzue arrakala digitalaren ondorioak?
Jende asko atzean gelditzen ari da, kanpoan. Adinekoak dira batik bat, eta, horien artean, emakumeak bereziki. Izan ere, andre askok ez dute etxetik kanpo lan egin, jaso duten heziketa ez da berbera, ez dute modurik izan teknologiekin harreman esturik izateko. Horiek guztiek franko sufritzen dituzte digitalizazioaren trabak. Gainera, har dezagun kontuan gauza jakin batzuetarako azaltzen zaigun hizkera korapilatsua izaten dela. Ez da izaten ulertzen erraza, batere.
Jendea ohartzen da horretaz?
Adineko asko ere ez dira izaten guztiz kontziente. Hau da, konturatzen dira dituzten arazoez, jakina, baina nahiago izaten dute ingurukoei laguntza eskatuz moldatu. Egoera hori ez da bidezkoa, ez baitzara independente. Laguntza eskatzen diezu seme-alabei, suhiei, errainei, eta egiten duzu aurrera, baina hori ezin da izan soluzioa. Horregatik da inportantea gure indarrak batzea, elkarrekin saiatzea aldaketak eragiten, exijitzen, proposamenak prestatzen. Taldean jardun behar dugu, bakarka ez baitugu deus lortuko.
Inoiz egin da adinekoei teknologia berriak erabiltzen irakasteko ikastarorik. Zer iritzi duzu?
Laguntza dira, balio dezakete oinarrizko lezio batzuk ikasteko, baina ez dira nahikoa. Batzuk kapaz dira ikasteko. Baina besteak? Ezin dugu lasai asko aurrera egin besteak atzean utzita.
Pandemiagatik ezarritako mugek eragin dizue kalterik?
Uste dut izurriteak desmobilizatu egin gaituela. Geldirik egotera behartu gaitu, eta, orain, normaltasun berri deitzen duten honetan, mugitzen hasi garenean, parez pare ikusi ditugu problemak. Bat-batean, mila oztopo ditugu.
Zer neurritan larriagotu dira?
Bankuak abiada izugarrian digitalizatu dira, arreta jadanik ez da humanoa, bulego mordoa itxi dute, ez gaituzte behar bezala tratatzen, eta luze itxaron behar izaten dugu edozein gestio egiteko. Ez da modua.
Banku etxeetara joatean, giroa deserosoa zaizue? Nolakoa da?
Noizbehinka, egoera deserosoak egoten dira, bai. Batzuetan, bankuko langileari egozten diogu errua, nik neuk ere egin izan dut hori, baina, egiazki, badakigu erantzukiduna ez dela haiena. Arauak bete baizik ez dituzte egiten, goikoek agindutako mandatuak egiten dituzte.
Nolakoa behar luke arretak?
Pertsonala, beste deus baino gehiago. Zenbaki huts izanen bagina bezala tratatzen gaituzte: joan kutxara, egin itzazu operazioak ahal bezala, eta, noski, hori bai: ordaindu komisioak. Den-dena ordaindu behar da.
Problema neurri berekoa da Nafarroako eremu guztietan?
Gauza guztiekin gertatzen den bezala, herri txikietako egoera larriagoa da. Horregatik, zera diogu: non dago 2030 agenda famatu hori? Ez al zen hor jasotzen oreka egon behar zela hiriaren eta landa eremuaren artean?
Berriki, Espainiako Gobernuak eta patronalek zenbait neurri adostu dituzte bankuetan adinekoei ematen dieten arreta hobetzeko. Derrigorrez bete behar ez badira ere, bankuei eskatu diete goiz osoan irekitzeko.
Tira, egia da gobernuak direla mugitzen hasi behar luketen lehenbizikoak, eta ez da gaizki egina. Baina iruditzen zait problema estaltzeko keinua dela, ez besterik. Gehiago behar dugu. Honekin sua baretu nahi izan dute.
Digitalizazioa azkarra da, baina.
Badakigu mundu digitala humanoari gailenduko zaiola, eta hori, jakina denez, ez da mugatzen banku etxeetara. Berdin gertatuko da gizarte zerbitzu guztietan eta Nafarroako administrazioari loturiko gainerako kontu ugaritan ere. Prozesua ez da orain abiatu. 15-20 urte dira digitalizazioa hasi zela; hori badakigu.
Azken hilabeteotan maiz izan da telefono edo Internet bidezko iruzur kasuen berri. Sumatzen duzu horienganako aparteko beldurrik adinekoengan?
Jakin badakigu zaurgarriagoak garela horrelakoen aurrean. Maiz, mezu bat mehatxu izan daitekeela ohartu ez, eta pentsatu gabe irekitzen dugu edozein esteka, edo ematen dugu eman behar ez den daturik. Arriskutsua da.
Sentipena duzue sistemak bizkar ematen diela adinekoei?
Orain dela hogei urte, erretiroa hartu ondoko pertsona bat kasik landare baten gisan ikusia zen. Emakumeen kasuan, zaintzaile rolarekin segitzen zuten; haiek zaindu behar zituzten seme-alabak, ilobak eta senarra. Orain, gauzak ez dira guztiz berdin.
Nola zarete ikusiak orain, bada?
Hain zuzen ere digitalizazioak lagundu du, nolabait, adineko batzuk kanpo ez gelditzen. Halere, ez dakit jendea ez ote den ohartzen sistema guri esker ere mantentzen dela, erretiratuei esker. Ekonomian, zaintzan, memorian; gu gabe ezin lukete.