Maximo Sainz Plaza identifikatu dute, Ezkabako gotorlekutik ihes egindako presoen artean gazteena. Olaben fusilatu zuten, adinez nagusi bilakatu eta biharamunean.
Edurne Elizondo
Ume bat bertzerik ez zen”. Horixe erran du Fermin Ezkieta idazle eta ikerlariak, Maximo Sainz Plazari buruz. Gazteena zen 1938ko maiatzaren 22an Ezkabako gotorlekutik ihes egin zuten presoen artean. Handik lau egunera fusilatu zuten, Olaben: 18 urte bete, eta biharamunean. Nafarroako Memoriaren Institutuak ezagutarazi du haren aztarnak identifikatu dituztela, senideek emandako DNA laginei esker.
Sainz Plaza 16 urte zituen atxilotu zutenean. Desoion sortu zen, baina Gasteizera mugitu zen familia, eta han ari zen ikazkin, harrapatu zutenean. “Errepublikazaleengana ihes egiten saiatu zen, bertze zenbait kiderekin, baina denak hartu zituzten”. Epaitu eta gero, Ezkabara bidali zituzten.
Gotorlekuko bizi baldintzak “hagitz gogorrak” ziren, Ezkietak nabarmendu duenez. Goseak, hotzak eta eritasunek jota bizi ziren presoak. Egoera horrek bultzatuta, 795 presok Ezkabatik ihes egin zuten, 1938ko maiatzaren 22an. Ihesaldiak, baina, ez zuen arrakastarik izan: “Ihes egin zuten 795 preso horietatik 206 inguruko mendietan hil zituzten; bertze hamalau Iruñeko Ziudadelan fusilatu zituzten, ihesaldia antolatzea egotzita. 586 harrapatu eta berriz eraman zituzten gotorlekura, eta haietako 45 ziegetan hil ziren, 1938tik eta 1943ra”, zehaztu du ikerlariak. Preso bakar batek lortu zuen Pirinioez bertzaldera ailegatzea: Jovino Fernandezek.
Olabeko estalpe batean
Maximo Sainz Plaza mendian harrapatu zuten, Olaitz eta Enderitz artean. “Inguru horretan atxilotzen zituztenak Olabeko bentara eramaten zituzten. Espetxe txiki bat zegoen han, eta han ixten zituzten, gotorlekura bueltan eramanen zituzten kamioien zain”, kontatu du Fermin Ezkietak.
Sainz Plaza ez zuten gotorlekura eraman; ez zuten Olabeko bentako espetxe txiki hartan sartu. “1938ko maiatzaren 25ean harrapatu zuten. Bertze hamabost presorekin batera, herrian zegoen estalpe batera eraman zuten. Estalpe hartan bete zituen 18 urte; biharamunean, handik atera eta hilerritik gorako eremu batera eraman zituzten, eta han fusilatu zituzten”.
2015etik, Ezkabatik ihes egindako 54 presoren arrastoak aurkitu dituzte, hamalau hobitan egindako indusketetan. “Lautik hiruk, beraz, desagertuta segitzen dute”, aipatu du Ezkietak,
Sainz Plazaren aztarnak 2016an atera zituzten 1938tik gazte horren hilobi izandako Olabeko hobitik. Esteban Arriolak eman zuen hobi horren berri. “93 urte zituen; hobiaren bila joan ginenean, han zela ziur ote zen galdetu nion, eta baietz erran zidan, ikusi baitzuen nola hiltzen zituzten. Gorpuak atera eta gero, hobia zegoen tokira itzuli zen behin, eta handik gutxira hil zen, 94 urterekin”, azaldu du Ezkietak.
Identifikazio prozesua
Gorpuak hobitik atera eta gero, identifikatzeko prozesua hasten da. Nasertic enpresa publikoak egiten du lan hori. Olabeko hobiko indusketa lanak amaituta, Ezkietak ikertzeari ekin zion, eta aurkitutako gorpuetako bat Sainz Plazarena izan zitekeela ondorioztatu zuen. “Gasteizen dituen senide batzuei deitu nien; haiengana joan nintzen, eta DNA probak egitea proposatu nien. Deus gutxi zekiten Sainz Plazari gertatu zitzaionari buruz. DNA laginak eman, eta identifikatu ahal izan dute”.
Hildakoak beren familiei itzultzeko prozesua hasten du identifikazioak. Garrantzitsutzat jo du Ezkietak urrats hori, eta berretsi du ihes egindako preso anitz noiz aurkituko dituzten zain direla oraindik. Haien berri emateko idatzi zuen Ezkietak Los fugados del Fuerte de Ezkaba (Pamiela, 2013); laugarren edizioa argitaratuko du maiatzean. Madrilen, La gran evasión española aurkeztu zuen Alejandro Torrus kazetariak, joan den astean. Torrusek nabarmendu du Ezkietak, Iñaki Alforjak edo Amaia Kowaschek Ezkabari buruz egindako lana.