Iritzia: Lur hondarrak

Iritzia: Lur hondarrak

Olatz Azpirotz Larzabal

Hegoaldeko hareak zekarren abisua hartzetik urrun, abuztuko egun beroak, eguzki kremaren usaina eta ur gaziaren zaporea ekarri zigun burura Saharako lurrak. Udako aisialdiaren gisara bat-batean eta azkar batean iritsitakoak izan ziren haizeak ekarritako harea zipriztinak. Déjà vu. Abuztuko oroitzapenak aurreratzeko intentzioarekin zapaldu genuen gure karriketan metatutako harea. Déjà vu. Herri okupatuen existentzia. Kontraesanetik ere izan zuen horrek; guk harea hori zapaldu dugun gisara zapaltzen dute Saharako herria.

Denok asteotan gutxienez hiruzpalau alditan Ukraina hitza artikulatu eta ahotik kanporatu dugu. Are gehiago, askok Ukrainarekiko gertutasun geografikoa plazaratu dute, herrialde horrekin banatzen gaituzten kilometro kopurua zehaztu eta gizarteak bertako gatazka berea egin nahi izan du. 3.000 kilometro inguru. Ugariak izan dira distantzia horrekin asaldatu, urduritu eta harrituta agertu direnak, bai eta, ezinegon hori areagotzeko intentzioarekin, 3.000 kilometro horiek Kanariar Uharteekin alderatu dituztenak ere. Egia da bi leku horiek, kilometroei dagokienez, elkarrekiko duten tartea oso handia ez dela. Ezinegona azkartu da.

Halere, kontzienteki elkarri geografikoki beste gatazka batzuk hurbilago ditugula oroitarazteak ez liguke kalterik egingo. Guztiz kontrakoa. Euskaldunok aspaldi ahanztura behartu baten fasean murgilduak gara, 2.000 kilometro ingurura dagoen gatazka ahaztu nahi izan dugu. Saharako herria gure mapa geografikotik aldendu eta izkinako errezelaren atzealdean ezkutatu nahi izan genuen, sare sozialetan eta berrietan gatazka horrek eragindako biktimen informazioa eta argazkiak sentikortasunaren aitzakiapean isildu ditugu; elikagai eta medikamentu bilketak normalizatu eta horiei muzin egin diegu, iheslariei eman beharreko zaintza diskurtsoz eta oztopoz pozoitu dugu; eta gure kontzientzia lasaitzeko helburuarekin hainbatetan haien egoerak aterabiderik ez daukala entzun ahal izan dugu. Gizarte gisa kontzienteki Saharako egoerari aplikatutako zentsura baimendu dugu, zentsurarako tresna eta funtzionamendu horiek ongi ezagutu arren. Ez diegu aurre egin, ez ditugu eten.

Hegoaldeko hareak zekarren abisua hartzetik urrun geratu gara. Are gehiago, urruntasun berbera aurki daiteke iraganean euskaldun gisa bete genituen elkartasun keinu, ekintza eta ardurekiko. Gu ez gara soilik biztanle, gu euskaldunak ere bagara; gu ere herri zapaldua garen heinean gure ardura bikoiztu egiten dela oroitarazteko momentua heldu da. Garaia da ardura hori gure egin eta betetzeko, ahaidetzeko.

Hegoaldeko haizeak ekarri zuen harea, iparra urruti baitago bai gurean, eta baita haienean ere, baina gure eginkizuna ere bada estatuek okupatutako herriei presentzia erakutsi eta elkartasuna adieraztea. Iparraldera iristeko bide luze, zail eta malkartsua bakarrik baino hobeto egiten delako talde gisa.