Bidatz Villanueva Etxague
Berriki argitaratu dute Hegoaldeko goi-nafarrera. Mañeruibarko hiztegia, eskualde horretan duela hainbat mende hitz egiten zen euskararen ezaugarriak biltzen dituena. Aitor Arana eta Koldo Colomo ikertzaileen lanaren fruitua da; horrekin frogatu dute, aurreko lanak ere erreferentzia gisa hartuta, hizkuntzaren aldaera hori Nafarroako eremu horretan nagusi zela, Artazun, Ziraukin, Mañerun eta Girgillaon.
Zona horretan, duela hainbat mende, euskara “bizi-bizi” zegoela baieztatu dute autoreek, beste eremu askotan bezala, gerora, eguneroko erabileran, hizkuntzaren arrastorik gelditu ez den arren. XVIII. mendearen erdialdera arte, gutxi gorabehera, froga daiteke bertan euskara erabili zela, baina ikerketa lan hori posible egin duen izkribu garrantzitsuena Rafael Carasatorrek Interneten jarritako Mañeruibarko doktrina kristaua da, Doctrinaren explicioa Uscaraz, elizari zerbait zor ahal bazaio, euskaraz utzi dituen dokumentuak baitira.
Eskualde horretakoak, duela gutxi arte, 1986ko Foru Legeak ezarritako zonifikazioan eremu ez euskalduneko herriak izan dira. Artazuk eta Ziraukik mistorako jauzia egin zuten 2017an, beste 41 udalekin batera, eta litekeena da besteek ere hala egitea. Herri txikiak dira, dentsitate demografikoa ez da handia, baina gehienek egiten dute D ereduaren hautua. Euskara ikastea, tokiko hizkuntza eta horri loturiko kultur ondarea ezagutzeaz gain, etorkizuneko aukerak zabaltzea ere bada, Nafarroako Gobernua tematua egon arren lanpostuetarako euskararen beharrezkotasuna edo merituak kentzen.
Hiztegiaren hitzaurrean bildu dute hiru mende eskasean euskara desagertu zela ibarrean. Izan ere, Iruñeko apezpikuak XVI. mendearen amaieran eginiko agiri batean Mañeruibar herri euskaldunen zerrendan sartu zuen, baina XIX. mendean jada, Louis Lucien Bonaparteren euskalkien mapan, lurralde horretako euskara galdurik zela ageri da. Nafar asko hazi gara sinetsiz euskara aspaldi galdu zela, gutxi batzuena zela, iturri dokumentalek kontrakoa erakusten duten bitartean.
Hizkuntza uste baino hedatuagoa zegoela frogatzen dute aurkitzen diren agiriek. Horrek euskara aldarrikatzeko eskubidean eta hitz egiteko legitimitatean ez luke arrazoi nagusia izan behar, XXI. mendeko hiztun garen heinean euskaraz bizitzeko aukera aitortua izan beharko genukeelako. Hau da, doktrina aurkitu izan ez balitz, eskubide hori bera izan beharko lukete Mañeruibarko biztanleek euskara hautatzeko. Dena den, lan horrek erakusten digu euskara azpiratua izan dela, eta prozesu historikoek horren galeran izan duten eragina.
Iruditegian zonifikazioa barneraturik dugu, horrekin hautsi nahi arren, eragin zuzena baitu herritarren eskubide linguistikoetan eta euskara zabaltzeko aukeretan. Lingua navarrorum bildumako hiztegi honek ez du egun batetik bestera euskara berpiztuko, baina arnasa ematen dio, mendeetan ukatu zaion estatusa, eta berriz ere, euskara bizi-bizi izanen da akaso, hemendik urte batzuetara.