Manifestu bat adostu dute, Espainiako Gobernuari eskatzeko AHTa baztertu eta molda dezala egungo azpiegitura. Garraio Ministerioko kideekin bilera egin nahi dute.
Edurne Elizondo
“Herritarren beharrak kontuan hartuko dituen tren bat behar dugu”. Urdiaingo alkate David Orozenak dira hitzak. Udal horrek eta Nafarroako eta Arabako bertze 34 toki entitatek bat egin dute tren sozial eta publiko baten alde, eta manifestu bat adostu dute, Espainiako Gobernuari eskatzeko AHTa baztertu eta egungo azpiegitura molda dezala.
Martxoaren 10ean egin zuten bilera Arabako eta Nafarroako toki entitateetako ordezkariek, Donemiliagan (Araba), eta apirilaren 7an, berriz, hedabideen aurrean agertu ziren, Altsasun, martxan jarri duten ekinaldiaren berri emateko. Bat egin duten kontzejuak eta udalak beren osoko bilkuretara eramaten ari dira adostutako testua, mozio gisa, erakundeok onar ditzaten. Asmoa da Espainiako Gobernua estutzea, abiadura handiko trenaren aldeko hautua bazter utz dezan. Bat egin duten toki entitateetako kideek uste dute badela aukera Araba eta Nafarroa zeharkatzen dituen egungo azpiegitura egokitzeko eta moldatzeko, eta aukera hori babestea dela “zentzuzkoena”.
David Orozek oroitu du Espainiako Kongresuak azpiegitura hori hobetzeko 200.000 euroko diru sail bat onartu zuela abenduan. Konpromiso hori tren tradizionalaren aldeko apustua egiteko “abiapuntua” izan daitekeela erantsi du. Bertzalde, nabarmendu du “gero eta gehiago” direla AHTaren aurka entzuten diren ahotsak. “Europak ere zalantzan jarri du eredu hori”, erran du Orozek.
Izan ere, Europa Barneko Garraio Sareak txosten batean proposatu du Gasteizen eta Iruñearen artean abiadura handiko trenaren linea egin ordez oraingo ohiko trenak erabiltzea aurrerantzean ere. Nafarroako AHT Gelditu plataformak AHTaren aukako “zartakotzat” jo izan du txosten hori, hain zuzen ere.
Bilera ministerioarekin
Bat egin duten Arabako eta Nafarroako toki entitateek uste dute une “egokia” dela oraingoa “gogoeta” egiteko. “AHTa ez dago egina; garaiz gaude proiektu hori gelditzeko”, erantsi du Urdiaingo alkateak.
Elkar hartu duten 35 toki entitateek Altsasun egin zuten apirilaren 7ko agerraldia, eta, hain justu, herri horretako udala da tren sozialaren eta publikoaren aldeko mozioa onartu dutenetako bat. Ez da bakarra izan, eta maiatzean ere segituko dute auzia udaletako osoko bilkuretara eramaten.
Haien helburua da, toki entitateen atxikimenduak jaso eta gero, Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioko arduradunei bilera bat eskatzea. “Espainiako Kongresuak onartutako 200.000 euroko diru sail hori inbertitzeko neurriak har ditzatela eskatu nahi diegu, ahalik eta azkarren martxan jar ditzaten egungo azpiegitura moldatzeko lanak”, kontatu du.
Moldatuz gero, hain zuzen ere, ohiko trenbideak herritarren beharrak kontuan hartuko dituela garbi du David Oroz Urdiaingo alkateak. “AHTa eginez gero, aurretik pasatzen ikusiko genuke. Herriak lotuko dituen tren bat behar dugu, salgaientzat eta bidaiarientzat, eta hori da egungo azpiegitura moldatzeak ematen ahal diguna”, erantsi du Orozek.