Vicenta Iruritak bota du aurten Iruñeko Txantreako festetako txupinazoa. 106 urte bete berri ditu, eta omenaldi bat egin diote auzokoek. Berezkoak ditu energia eta umorea.
Uxue Rey Gorraiz
Joan den apirilaren 19an, ordura arte munduko pertsonarik zaharrena zena hil zen, Japonian. Kane Tanaka: 119 urte eta 18 egun. Egun berean, 106. urtebetetzea izan zuen Vicenta Iruritak, Iruñeko Txantrea auzoan. Nafarraren ospakizuna, gainera, ez zen nolanahikoa izan. Erraldoiak azaldu zitzaizkion zoriontzera, gaiteroen doinuek lagundurik. “Nik ez nekien deus, e? Sekulako sorpresa izan zen!”, aitortu du Iruritak. Ordurako, bistakoa zen jai giroa auzoan. Ez zoriz: atzo arratsean hasi ziren festak, txupinazoaren eztandaz. Orduan ere, Iruritari loturik izan ziren txantrearren begiak: hark bota zuen suziria, eta jota bat kantatu gero.
“Merezi al dut nik halakorik? Ez dakit bada”, aipatu izan du behin eta berriz Iruritak auzoko festen bezperako egunetan, alaba Begoña Armendarizek oroitu duenez. Jai batzordeak hartu zuen erabakia, eta familiari jakinarazi zioten orain dela hainbat aste. Horri buruz hitz egitean, Iruritak sarri egiten du ez ulertuarena aho keinu batez, duda adieraziz bezala. Tarteka, zalantzak omen ditu bera ote den egokiena horretarako, “adinak ez baitu barkatzen”. Ziztuan eransten du umorea, hala ere: “Nahi zenukete nire adinean horrela egon, e?”.
Autobus bete bizinahi
Denboraren joanak ez du itzali Iruritaren bizitasuna, ezta bizimina apaldu ere. Muru-Asterainen jaio, eta Zizurren bizi izan zen ondotik, Iruñeko Arrosadia auzoan gero, eta, azkenik, 50 urte zituelarik, Txantrean hartu zuen leku.
Alabak zehaztapena egin du azken geltokia aipatutakoan: “Hemen izan da zoriontsuen; Oroz autobus konpainian lanean emandako urteetan, batez ere”.
Izan ere, Iruritak kariño handiz oroitzen du garai hura. 1980ko hamarkadan hasi zen han lanean, eta hogei bat urtez aritu zen. Astero antolatzen zituzten bidaiak, auzotik abiatuta. “Jende mordoa gelditzen zen tokirik gabe, eta erretxindu egiten ziren. Zera esaten nien nik: aski zutela garaiz apuntatzea! Gainera, ez pentsa: denek aurrean eseri nahi izaten zuten!”. Hori azaldu, eta irribarrez begiratu dio alabak amari. Ez du ematen istorioa aditzen duen lehenbiziko aldia denik, baina ezin du ezkutatu miresmena.
Geldirik egon ezin den horietakoa da Irurita. Eginak ez ezik, ezinak ere izan ditu bidean, ezinbestean. Mendea betetakoan ailegatu zen krisia, aulki gurpilduna erabiltzen hasitakoan: zazpi urte eman zituen etxetik ia atera gabe. Ez zuen nahi jendeak ikustea.
Zorionez, irauli zen egoera: festetan izan zen, maiatzaren lehenbiziko batean. Auzokideak bila joan zitzaizkion etxera, eta besoetan harturik atera ziren kalera bueltan. Armendarizek gogoratu du: “Kostatu zitzaion jaistea, baina gero ez zen modurik igotzeko. Azkena izan zen erretiratzen!”.
Eta karrikara itzuli zen Irurita. Gaur egun, ez da bakarrik ateratzen, baina ondoan izan ohi du senideen eskua, laguntzeko. Haien babesaz, etxezuloaren eta kalearen arteko distantzia ez da hain luzea, edo, behintzat, malda ez da hain malkartsu: “36 eskailera”; buruz daki zenbat dituen tartean.
“Honek proposatzen dit ateratzea [alaba seinalatu du], eta nik baietz esaten diot, beti, euririk ez bada behintzat. Berarekin ateratzen naiz, edo bera nirekin, ez dakit. Aspergarria da etxean gelditzea, telebistari begira. Horrek tontotuta uzten nau”, kontatu du. Egiazki, haren eskuei begiratu besterik ez dago ikusteko gutxitan uzten duela bazter eguerdiko paseoa. Beltzaran ditu behatzak, aurtengo lehen eguzki izpiak jadanik dastatuak dituen seinale.
Kantatu nahi du bizitza
Udaberrian, pozik da Irurita. Aukera gehiago du bizilagunekin topo egiteko. Gainera, izurritea erdi-joana dela sentitu du orain, eta horrek arindua ekarri dio, alabaren hitzetan: “Neurriengatik auzokideak urrunetik agurtu beharra oso gogorra zitzaion amari, hori maite baitu gehien; jendearekin biltzea, txiste berdeak kontatzea eta jotak kantatzea”.
Jotetan; doinu horietan murgildurik da libreen. Kazetariarekin pasatutako ordubete eskasean, sei abesti kantatu ditu. Hura agurtzeko ahoskatu du azkena: Adios con el corazón, que con el alma no puedo (Agur, bihotzez, ezin baitut arimaz).