Zutik dira langileak

Zutik dira langileak

Sindikatu nagusiak karrikara aterako dira Maiatzaren Lehenean; Iruñean eginen dituzte protesta nagusiak, prekaritatea salatzeko eta langileen eskubideak aldarrikatzeko. Azken hilabeteotan, hain zuzen, hainbat gatazka izan dira, eta langileen protestak, lanuzteak eta grebak eragin dituzte herrialde osoan.

Edurne Elizondo

Gatazka behar da”. LABeko Erriberako arduradun Rosalia Bonak eta ELAko Sakana eta Leitzako arduradun Gorka Viergek argi dute patronalak langileen eskubideak urratzen dituenean eskubide horiek aldarrikatu eta babestu behar direla. “Gatazka behar” dela, alegia. Igandean, Maiatzaren Lehenean, langileek aukera izanen dute gatazka hori karrikan islatzeko. Nafarroako sindikatu nagusiek mobilizazioak antolatu dituzte Iruñean eta herrialdeko zenbait herritan, borrokaren bidea berresteko.

ELAren manifestazioa Iruñeko Gurutzeko plazatik abiatuko da, 11:30ean; LAB sindikatuarena, berriz, 12:00etan hasiko da, hiriburuko Gazteluko plazan. Tuteran, Lizarran, Tafallan, Azkoienen, Altsasun, Donezteben eta Leitzan ere eginen dituzte mobilizazioak LABeko kideek. UGTk hamaiketakoa eginen du 10:30ean Iruñeko Zaragoza etorbideko bere egoitzan, eta handik aterako da, 12:00etan, sindikatu horrek eta UGTk elkarrekin antolatutako manifestazioa.

Langile guztien egoera, noski, ez da berdina, eta batzuentzat bertzeentzat baino zailagoa da zutik jartzea. Halere, baldintzarik kaskarrenak pairatu izan dituztenen artean ere, gero eta gehiago dira antolatzeko erabakia hartu dutenak. Azkoiengo Huerta de Peralta enpresako langileak aitzindari izan ziren. Huerta de Peraltako langile migratzaileek enpresako lehendabiziko hauteskunde sindikalak egin zituzten 2017ko irailean; LABen izenean aurkeztu zirenak nagusitu ziren. Joan den astean, berriz, Martzillako Florette Horticola lantegian eman zuten botoa aurreneko aldiz, langile batzordea hautatzeko. LABek sei ordezkari lortu ditu, eta CCOO sindikatuak, hiru.

“Migratzaileek eusten diote Nafarroako nekazaritzaren sektoreari”, nabarmendu du Bonak. Erantsi du antolatzeko urratsa egin dutela. “Langile borrokan bete-betean sartu dira. Enpresa handiak nagusitzen ari dira nekazaritzaren esparruan, eta langileak ez dira prest bertze garai batekoak diruditen baldintzak onartzeko”.

Bertze sektore batzuetan ere hasi dira langile migratzaileak zutik jartzen. Martzillako Elis garbitegian, adibidez, herrialdetik at jaiotakoak dira langile gehienak, eta bi orduko lanuzteak egin dituzte azken bi asteotan, lan hitzarmena negoziatzeko; maiatzaren 3rako grebara deitu dute, enpresak urratsik egiten ez badu. Apirilaren 22an egin zituzten lehen lanuzteak, eta langile guztiek egin zuten bat protestarekin.

Ez dira mobilizazioaren alde egin duten bakarrak. Nafarroako zahar etxeetako langileek seigarren greba eguna egin zuten asteazkenean, herrialdeko sektoreko “lan hitzarmen duin bat” eskatzeko; Acciona Medioambientekoek lanuzteak egin zituzten egun berean, eta gaur eta maiatzaren 3an, 5ean eta 6an berriro eginen dituzte. Maiatzaren 2tik aurrera, berriz, Nafarroako haur eskoletako langileak deitu dituzte grebara. Herrialdean dauden lan gatazketako batzuk bertzerik ez dira horiek. Borrokaren bidea defendatu dute sindikatu nagusiek, eta apustu hori berresteko, karrikan izanen dira etzi, Maiatzaren Lehenean. Erdigunean jarri dute azken hilabeteotako bideak eman duena.

TORRASPAPEL

22 eguneko greba Leitzan

“Borrokak eman du emaitza”. Horixe nabarmendu du ELAko Sakanako eta Leitzako arduradun Gorka Viergek, Leitzako Torraspapel paper fabrikako gatazkari buruz. Langileek grebara deitzea erabaki zuten urtarrilean, eta 22 egunez egin dute, lan hitzarmena sinatzeko negoziazioan eragiteko asmoz.

“Lortu dugu kategorien sistema berrikustea, eta mailarik apalena, behintzat, bertan behera uztea, batetik; eta soldatak igotzea, bestetik”, azaldu du Viergek. Torraspapelen 420 langile inguru daude. “Herriaren babesa izan dute. Eredu izan daitezke beste langile askorentzat”.

AGROZUMOS

Multinazionala Lekunberrin

Egoitza nagusia Belgikan duen multinazional baten parte da Lekunberriko Agrozumos edari enpresa. 120 langile inguru ditu; lau eguneko greba egin zuten otsail bukaeran, “lan hitzarmen on bat” lortzeko asmoz. Neurri handi batean, lortu zutela uste du LABeko Gorka Viergek.

“Soldatak KPIaren arabera berrikustea lortu dugu. Enpresak diru asko irabazten zuen pandemiaren aurretik, bai eta orain ere; langileek ere jaso behar dute opilaren euren zatia”, erantsi du.

ESKU HARTZE SOZIALA

Patronalaren salaketa

Esku hartze sozialaren arloko langileen borroka ez da oraingoa; duela sei urte hasi ziren lanean, sektore horretako lehen lan hitzarmena lortzeko asmoz. Iaz lortu zuten, azkenean, baina lan baldintzetan aurrera egindako urratsak “arriskuan” dira orain, Espainiako Estatuko patronalak (Gurutze Gorria, Caritas, Gosearen Kontrako Ekintza, Ijitoen Idazkaritza eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea) akordioa salatu eta gero. Maiatzaren 17an eginen dute epaiketa, Iruñean.

LABeko arduradun Oihan Ataunek nabarmendu du “larria” dela patronalaren salaketak eragindako egoera. “Dozenaka mobilizazio eta borrokaren ondorioz lortu zen lan baldintzak hobetzea, eta hori guztia hutsean gera daiteke”.

Sektoreak bi ezaugarri nagusi dituela azaldu du Ataunek: batetik, administrazioak eskaini beharreko zerbitzuen ardura duela, baina zerbitzu horien kudeaketa enpresa pribatuen esku dela; bertzetik, langile gehienak emakumeak direla. Nafarroan, denera, 2.000 inguru dira esku hartze sozialaren sektorean ari diren langileak. Adingabeekin, etxerik ez dutenekin edo indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin aritzen dira, bertzeak bertze. “Gizarteko sektorerik zaurgarrienekin, alegia”, erran du Ataunek.

LABeko arduradunak garbi erran du esku hartze sozialaren arloko zerbitzuak publiko bilakatzea dela sindikatu horren apustua, baina, bitartean, lan hitzarmen duin bat defendatuko dutela. Maiatzaren 7an, manifestazioa eginen dute, Iruñean; maiatzaren 16an, berriz, epaiketaren bezperan, elkarretaratze zaratatsua eginen dute hiriburuan, Gurutze Gorriaren egoitzaren aurrean. 17an ere protesta eginen dute: 09:00etan, elkarretaratzea eginen dute Caritas erakundearen Iruñeko egoitzaren aurrean; eta 10:30ean, berriz, Nafarroako Auzitegiaren aurrean elkartuko dira protesta egiteko.

GENERAL MILLS

Lan hitzarmena betetzeko

San Adriango elikaduraren arloko General Mills enpresan ere grebaren alde egin dute langileek, enpresak sinatutako lan hitzarmena bete dezan. ELA, LAB eta USO sindikatuek deitu zuten protestara, martxoaren 15erako, 16rako eta 17rako. CCOOk ez zuen babestu mobilizazio hori.

“Arazoa da enpresak ez dituela ordaindu 2021eko atzerapenak”, salatu du LABeko arduradun Rosalia Bonak. Hitzarmenaren arabera, KPI + %0,5eko soldata igoera dagokie langileei 2021erako, baina enpresak ez du egin nahi. “Ez dute betetzen sinatutakoa”.

Lan hitzarmena iazko maiatzean sinatu zuten, eta urrian argitaratu. Langileek grebaren alde egin eta gero, enpresak zenbait bilera egin ditu sindikatuekin. Azkena asteazkenean egin zuten. “Enpresak ez du onartu atzerapenak ordaintzea”, azaldu du Bonak. Akordioa lortzen ez bada mobilizazioen alde eginen duela berretsi du LABek.

ISNN

Emaitza gazi-gozoa

Beriaingo ISNN enpresako langileek ere protesten bidea hartu dute 2022. urte honen hasieran. 24 egunez egin dute greba, zehazki, lan hitzarmena negoziatzeko. Volkswagen enpresarentzat egiten du lan ISNN fabrikak: Polo autoak garraiatzeko babesak egiten dituzte.

Mobilizazioen bide horrek izan du emaitza: langileek eta enpresak akordioa sinatu dute. UGT, CCOO eta LAB sindikatuek babestu dute hitzarmena; ELAk, aldiz, ez. ELAk bi ordezkari ditu langile batzordean, eta gainerako hiru sindikatuek, berriz, bana.

ELAko arduradun Pablo Sanchezek nabarmendu du akordioak badituela alde onak; batik bat, soldatari dagozkionak, hain zuzen ere. “KPIaren araberako igoera lortu da 2022rako eta 2023rako”, erran du Sanchezek.

Beriaingo ISNN enpresako hitzarmenak, baina, ez ditu langileen eskaera guztiak jaso, eta hori aipatu du ELAko arduradunak akordioa ez babesteko arrazoi gisa: “Eskatu genuen behin-behineko langileak behin betiko bilakatzea, eta lanaldi partzialak, berriz, lanaldi oso. Hori ez dugu lortu, eta egoera horretan diren langileak kanpo gelditu dira”. Langile horiek greba babestu zutela azpimarratu du Sanchezek, eta haien kontratuak ez daudela bermatuta.

Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku