“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru”

“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru” »

Asier Garcia Uribarri

“Ijitoek gizarteko arlo guztietan parte hartzea”. Hori da Nafarroako ijito elkarteek lortu nahi dutena. Horretarako, bi norabidetan ari dira lanean. Batetik, zerbitzu publikoetatik kanpo dauden pertsonak lagunduz, eta, bestetik, gizartearen aurreiritziak eraitsiz. Ricardo Hernandez (Tutera, 1975) Gaz Kalo Nafarroako ijito elkarteen koordinatzailea da. Haren ustez, gizarteak talde gutxituak erabiltzen ditu bere arazoak ezkutatzeko.

Apirilaren 27an parlamentuan egon zineten Nafarroako Ijitoen Egunean. Zer balorazio egiten duzu?

2005etik ari gara Nafarroako Parlamentuan antzeko ekitaldia egiten. Baina, niretzat, aurtengoa ekitaldi berezienetakoa izan da. Bukatu zenean, jende guztia hunkitua zegoen. Ez da erraza hori lortzea Nafarroako Parlamentuan. Gonbidatu mordoa genituen, hala nola familia ijitoak, ijito elkarteetako kideak eta alderdi guztietako ordezkariak. Zaila da, horrelako aniztasunarekin, denak hunkitzea. Esan dezakegu Ijito Herriak pertsona horiek guztiak batu zituela.

Uste duzu horrelako ekitaldiek gizartean eragina dutela?

Apirilean, parlamentuak eta Iruñeko eta Berriozarko udalek Ijito Herriaren eskubideen aldeko mozioak onartu zituzten. Horiek garrantzitsuak dira, ijitoak instituzio publikoetan ikusarazten dituztelako. Ordezkari politikoek jabetu behar dute Ijito Herriaren egoeraz. Nola egin daiteke hori? Adierazpenak eginez. Egia da adierazpen batek ez dituela konponduko Ijito Herriak dituen behar guztiak, baina dauden arazoak mahai gainean jarriko ditu. Ijitoek agenda politikoan egon behar dute, ezin baitugu ahaztu gure biztanleriak arbuioa eta bazterketa pairatzen dituela, neurri handi batean gainera.

Nafarroako gizarteak alde horretatik hobera egin duela uste duzu, edo berdin jarraitzen du?

Aurreiritziak existitzen dira, eta gizarteak betikotzen ditu. Asko kostatzen zaigu horri buelta ematea, guztioi. Baina talde gutxitua zarenean, horrek oraindik traba gehiago jartzen dizkizu gizarteko eskubideen jabe izateko. Adi! Eskubideez ari naizenean, betebeharrez ere ari naiz, batera baitoaz. Nik ez nuke esango Nafarroako gizartea arrazista denik, baina egia da Ijito Herria dela zentzu guztietan arbuio eta diskriminazio mailarik handienak pairatzen dituena. Akaso, hemen ez da eraso zuzenik ematen. Nafarroan arrazakeria ikusezinagoa da. Ijitoen estereotipoekin bat datorren pertsona batek zailtasun handiagoak ditu lana aurkitzeko edo etxe bat alokatzeko. Bestalde, egia da gero eta pluralagoa den gizarte batean bizi garela, eta pixkanaka ijito kultura merezi duen tokian kokatzen ari dela.

Zer lan ildo garatzen ari zarete ijito elkarteetan?

Arlo askotan lan egiten dugu. Baina bereziki lau nabarmenduko nituzke: hezkuntza, osasuna, lana eta etxebizitza. Ardatz horiei jarraitzen diete Ijito Herria gizarteratzeko Espainiako 2012-2020 estrategiak eta Europako zuzentarauek. Pertsona guztientzat oinarrizko beharrak dira. Horiek lantzean kontuan izan behar dira Ijito Herriaren kultura eta harekiko diskriminaziorik eza. Era berean, arreta berezia eskaintzen diegu emakume eta gazteei.

Nola lantzen dituzue lau ildo horiek?

Elkarteok nahi duguna da ijitoek parte hartzea gizarte osora bideratuta dauden politiketan. Batzuetan ijitoak ez baitira politika horietara iristen hainbat arrazoirengatik, besteak beste, informazio eta bitarteko faltagatik. Guk ez ditugu nahi ijitoentzako osasun etxeak eta eskolak. Nahi duguna da gizarte osoarentzat diren zerbitzu horietatik kanpo geratu diren ijitoei bertan parte hartzen laguntzea. Esan daiteke zubi lana egiten dugula. Hala ere, kontuan izan behar dugu Nafarroako ijito askok normal-normal parte hartzen dutela zerbitzu horietan, eta gizartean euren ekarpena egiten dutela lan eginez eta zergak ordainduz.

Esan duzu arreta berezia eskaintzen diozuela emakumeen errealitateari. Zer lan egiten duzue horren harira?

Emakume ijitoak gehien parte hartzen dutenak dira. Gizonoi askoz gehiago kostatzen zaigu. Adibidez, badago emakume talde bat euren ikasketak berreskuratu dituztenak. Emakume batzuk goiz ezkondu ziren, eta euren ikasketak utzi zituzten. Baina, orain, berriz ikasi nahi dute. Eta zer egoera dute emakume ijitoek gizonekiko? Bada, gizartean duten bera. Desabantaila asko dituzte, eta askotan aukera gutxiago dituzte. Beraz, saiatzen gara desabantaila horiek orekatzen. Baina ñabardura garrantzitsu batekin. Ez dugu nahi Ijito Herria herri matxista gisa markatzea. Ijito Herria gizartea bere osotasunean izan daitekeen bezain matxista izango da. Baina talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru. Bidegabea da gizarteak guri leporatzea berak konpondu ez dituen arazoak.

Egiari bide berriak irekiz

Egiari bide berriak irekiz »

Asier Garcia Uribarri

Udalbatza honen asmoa da Iruñeko instrukzio epaitegietan kereila kriminala jartzea, horiek iker ditzaten diktadura frankistak Iruñeko bizilagunen aurka egin zituen gizateriaren aurkako delituak”. Horrela hasten da 2015eko azaroaren 27an Iruñeko udalbatzak onartutako adierazpena. Salaketa hori osatzeko, NUPeko ikertzaile talde bati agindu diote zehazteko 1936ko gerran eta frankismoan iruindarrek jasan zuten errepresioa eta giza eskubideen urraketa. Horretarako, astelehenean ireki zuten informazio gune bat Iruñeko Mercaderes kalean, eskubide horien urraketak pairatutakoen edota urraketa horien lekuko izan ziren pertsonen testigantzak jasotzeko.

Bulegoak urrira arte jasoko ditu herritarren testigantzak. Bertan NUPeko ikertzaile talde bat egongo da lanean. “Jendea etortzen denean, proiektua azaldu eta txosten moduko bat irekitzen diegu. Jendea etorri daiteke euren buruaz hitz egitera, edo senide baten inguruan”, azaldu du Nekane Perez NUPeko ikerlari eta Memoria Historikoaren bulegoko kideak. Lehen txosten hori bete ostean, herritarrei bigarren zita bat emango diete elkarrizketa egiteko. Elkarrizketa horiek bideoz grabatuko dituzte.

Lehenengo goizean zortzi lagun hurbildu ziren testigantza eskaintzeko prest. Perez ez da ausartu zenbat jende etorriko den iragartzera, baina espero du bulegoaren lana ezaguna egiten den heinean jendea animatuko dela.

Elkarrizketetatik eta egiten diren ikerketetatik ateratako informazioarekin, peritu txostenaz gain, Iruñeko Udalak 1936ko kolpearen harira hildako iruindarren zerrenda berritua osatu eta omenaldia egin nahi du.

Udalaren ekinbideak Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteak egindako deiari erantzuten dio. “Elkarte horrek instituzio publikoak animatu ditu 1936ko gerrako eta frankismoko eskubide urraketen aurkako salaketak jartzera. Nolabait Argentinako kereila indartzeko”, adierazi du Olaia Aldaz Iruñeko Udaleko alkatetzako kabinete buruak. Iruñeko Udala izan da lehen erakunde publikoa horrelako ekinbidea martxan jarri duena. Hala ere, badira beste udal batzuk bide bera jarraitu dutenak, besteak beste, Zaragoza (Espainia), Tarragona (Herrialde Katalanak) eta Gasteiz.

“Ekainean Carlos Slepoy Giza Eskubideen Aldeko elkarteko abokatua Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin bildu zen, eta orduan proposatu zion kereila jartzea”. Azaroan onartutako adierazpen instituzionalarekin martxan jarri zuten egitasmoa, eta bulegoarekin hasi dituzte peritu txostena osatzeko lanak. Hori bukatzean, udaleko abokatuek kereila jarriko dute Iruñeko epaitegietan.

Justizia egiteko bideak

Espainiako Giza Eskubideen Aldeko elkarteak Argentinako kereilaren aldeko koordinakundean parte hartzen du. “Orain ireki duguna eta Argentinako kereilarena bide osagarriak dira”, adierazi du Jacinto Lara Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteko kideak.

Larak uste du, Argentinako kereila bere bidea egiten ari bada ere, frankismoaren krimenak gertatu ziren tokian epaitu behar direla. Horregatik martxan jarri dute prozesu berri hau. Zentzu horretan, Espainian egin zen lehenengo ekinbide handia Baltasar Garzon epaileak 2006an martxan jarritako prozesua izan zen. “Auzitegi Gorenak Garzon absolbitu, baina biktimak kondenatu zituen. Euren defentsarako eskubidea ukatu baitzien”.

Bide hori 2012an bukatu zen, baina Larak uste du egun badaudela baldintzak antzeko prozesu bat martxan jartzeko. “Argentinako kereilak eragin dituen atxilotze eta estradizio aginduek eta epaileek biktimei hartutako deklarazioek mahai gainean jarri dute frankismoaren biktimek pairatzen duten justizia eza”. Zentzu horretan, Larak ez du uste 1977ko Amnistia Legea frankismoko krimenak ez epaitzeko inolako aitzakia denik.

Udalek hasitako prozesuak bide berriak ireki ditu gisa honetako ikerketetan. “Lehenengo aldiz, instituzio publiko batek erabaki du 1936ko gerran eta frankismo garaian egin zituzten giza eskubideen aurkako delituak ikertzea. Biktimen ahozko testigantzak hartuta, eta dena ondo landuta. Gero, udalak epaitegian aurkez ditzan”, azaldu du Emilio Majuelo Historia Garaikidean doktore eta eskubide urraketen inguruko peritu txostena egingo duen taldeko kidea. Majuelok gogoratu du Euskal Herrian historialarien lana ez dela inoiz zeregin horietarako erabili. “Testigantzak jasotzea oso interesagarria izango da kereilarako, baina baita ikerketarako ere”.

Aurretik antzeko ikerketa garrantzitsuak egin dira Nafarroan. Aipatu beharrekoa da orain 30 urte egin zen Navarra 1936: de la esperanza al terror (Nafarroa 1936: itxaropenetik terrorera) lana. Hori da, Majueloren ustez, Nafarroan memoria historikoaren inguruan egin den lanik garrantzitsuena. Historialari talde batek eta 200 kolaboratzailek baino gehiagok herriz herri batu zituzten 1936ko kolpeak eragindako errepresioaren datuak.

Majuelok goraipatu du 1980ko hamarkadan lan hura egiteko agertu zuten grina. “Guztia erabat boluntarioa izan zen. Bi langilek auto bat lortu zuten eta bi urtetan erabat erre zuten, herriz herri egin zituzten kilometro guztiengatik. Gainera, ez zegoen unibertsitaterik, jendea bere kabuz ibili zen, ez zegoen galdetegi finkorik”. Majuelok aitortu du, lan hori gabe, ezinezkoa litzatekeela lau hilabetetan inolako peritu txostenik egitea. “Orain badugu aukera, lan horretan sakontzeko”.

Ikerketan Iruñeko kasuak aztertuko dituzte. Iruñeko Udalaren ekinbidea baita. Majueloren ustez, bertakoak dira zehaztasun gehien behar duten datuak. “Garai hartan denak ziren herri txikiak, eta denek dakite nor hil zuten. Zaila da hildako berriak agertzea”. Aldiz, arazo gehiago daude hirietako zerrendak egiteko, jende asko aldi baterako geratzen delako eta askok ez dutelako elkar ezagutzen. “Badugu Iruñeko hildakoen zerrenda bat, duela 40 urte egin zena. Baina orain oso aukera ona dugu zerrenda hori garbitu, orraztu eta egon daitezkeen datu okerrak zuzentzeko”.

Iruñeko Udalaren asmoa, elkarrizketez harago, garaiko artxiboak ikertzea ere bada. Horien artean, Gobernu Zibila, Guardia Zibila, Iruñeko Probintzia espetxe eta Espainiako Poliziarenak. Udalbatzaren adierazpenak hori esaten badu ere, bide horretatik Majuelok ez du gauza handirik espero. “Urteak dira Gobernu Zibilaren artxibategiak Nafarroako Artxibora eraman zituztela. Baina ezaguna da guztia ez zela heldu. Martin Villaren garaian, Gobernu Zibileko dokumentu asko erre egin zituzten. Nik hori badakit, erre zituenak kontatu zidalako. Esan zioten: ‘Hartu hau eta erre'”. Guardia Zibilaren eta Poliziaren artxiboetan berriz, Majuelok dio ez dagoela garai hartako agiririk. “Ez dira existitzen”. Espetxekoan ordea, badago aukera informazioa lortzeko. Baina soilik pertsona zehatzen informazioa eskatuz gero. “Ezin da bertan sartu eta ikerketa orokor bat egin”. Hala ere, Majuelok gogoratu du historialariak prozesuko baliabide bat baino ez direla.

Existitzen ez diren langileak

Existitzen ez diren langileak »

Edurne Elizondo

Ez gara existitzen. Gizarteak ez dio ematen duen balioa guk egiten dugun lanari”. Errealitate hori aldatzea helburu hartu du Caridad Jerezek. Etxeko langilea da, Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko presidentea, hain justu. Aitortu du Maiatzaren Lehena ez dela egun berezia beretzat. Ez duela uste igandean karrikara aterako diren sindikatuek ordezkatzen dutenik. “Langile izaera ere ukatu egiten digu egungo sistemak”, salatu du.

2011. urtean onartu zuen Espainiako Gobernuak egun indarrean dagoen etxeko langileen inguruko legea. Araudi horrek ez du haien egoera aldatzen lagundu, Jerezen ustez. Alderantziz. “Orduko 3 eta 5 euro bitarteko soldata ezartzen du; ez dugu lan hitzarmen kolektiborik; ez dugu langabezia jasotzeko eskubiderik; eta langileen estatutuan ere ez gara agertzen”. 1985eko araudia ordezkatu zuen 2011koak, baina, oraindik ere, urrats anitz badela egiteko argi du Jerezek. Esaldi bakar batean laburbildu ditu etxeko langileen aldarrikapenak: “Bertze edozein langileren pareko izan nahi dugu”.

Bide horretan urratsak egiteko sortu zuen Jerezek elkartea, 2012. urtean. Onartu du, hala ere, kosta egiten zaiela etxeko langileak elkartera batzea. “Anitzek ez dute erran nahi etxeko langile direla ere; lotsatu egiten dira, gizarteak berak ez duelako gure lana onartzen. Hori da arazo nagusia”, salatu du Ada Cabanillasek, elkarteko presidenteordeak.

Jerezekin bat egiteko zalantzarik ez zuen izan Cabanillasek. “Guk ez badugu gure eskubideen alde egiten, nork eginen du? Gu ez gara ari gure alde bakarrik, gu denen alde ari gara”, erran du. Perun jaioa da, baina duela 30 urte ailegatu zen Iruñera. Sorterrian baino denbora gehiago egin du hemen. Etxeko langileen kolektiboaren barruan migratzaileen egoera are okerragoa dela argi du, hala ere. Horixe nabarmendu zuen joan den otsailean, Nafarroako Parlamentuan. “Gehiegikeriak gertatzen dira, eta paperik ez dutenak babesgabe dira”, salatu zuen, Jerezekin batera parlamentarien aurrean egindako agerraldian. Hil honen 7an, berriz, Iruñeko Udalak jorratu zuen etxeko langileen auzia. Haien eskubideak onartzeko eskatu zuen udalak egun hartako osoko bileran. Gehiegikeriak salatu, eta etxeko langileen Gizarte Segurantzako erregimena erregimen orokorrarekin parekatzeko ere galdegin zuen, bertzeak bertze.

“Parlamentuan agertu eta gero, hainbat langilek deitu dute, elkartearekin bat egiteko prest”, erran du Jerezek. Nafarroan 14.000 etxeko langile inguru badirela azaldu du elkarteko buruak, “baina haietako 9.000 inguru baino ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda”. Gehienak emakumeak dira.

“Etxekoa emakumeen lantzat jo izan da. Lan ikusezina izan da, ondorioz, eta onarpenik gabekoa. Gizarte klasista eta matxista baten isla da egoera hori”. Horixe nabarmendu zuen Iruñeko Udaleko Berdintasun zinegotzi Laura Berrok, hilaren 7ko osoko bileran. Palafolls herriko (Bartzelona) PPko zinegotzi Oscar Bermanek Bartzelonako alkate Ada Colauri errandakoak gogoratu zituen. Gizarte “serio eta osasuntsu” batean Ada Colau “zoruak garbitzen” ariko litzatekeela bota zuen PPko kideak, “eta ez Bartzelonako alkate”.

Gizarte matxista batean emakumeak ustez etxean egin beharreko lan horren jarraipen gisa ulertu izan da etxeko langileen jarduera, hain zuzen ere. “Etxeko lanak dira, eta emakumeak egiten ohi ditu. Etxeko andrearen gauzak dira. Etxeko tresnatzat hartzen da etxeko langilea”. Irene Sotosenak dira hitzak. Argi eta garbi mintzatu da. Egoera ikusten duen bezala azaldu du. Ez da hagitz baikor etorkizunari buruz. Zaharrak zaintzen lan egin izan du, batez ere, baina orain lanik gabe da. “Lanik eta langabezia saririk gabe”.

7 egun, 24 ordu, 840 euro

Argentinan jaioa da Sotos, baina, Cabanillasek bezala, aspalditik du Nafarroa bere etxe. Lan bila ari da orain. “Caritas erakundearen bitartez, bat eskaini didate. Pertsona zahar bat zaindu beharko nuke, eta haren etxean gelditu. Asteko zazpi egunetan. Eguneko 24 orduak. 840 euroko soldata eskaini didate”, salatu du Sotosek. Gisako lanak izan dituela onartu du. “Bizitza osorako espetxe zigor baten gisakoak dira. Etxeko zaharra zaintzeko kontratatu, baina denetarik egin behar duzu, bai eta txakurra zaindu ere, txakurrik bizi bada etxean”.

Sotosen hitzak entzunda haserretu egin da Jerez. “Ezin dugu onartu Caritasen gisako erakundeek halako zubi lana egitea familien eta etxeko langileen artean, eta gure eskubideak kontuan ez hartzea. Horregatik erabaki nuen nik elkartea martxan jartzea, etxeko langileek nora jo izan dezaten, haien eskubideen alde eginen duen elkarte baten babesa izan dezaten”.

Babes horren bila bat egin zuen Cabanillasek Jerezekin. Eta, batez ere, babes hori bertzeei eskaintzeko. Perutik Nafarroara etorri zenean, bi urtez aritu zen familia baten etxean lanean. “Zazpi pertsona bizi ziren han; ni ere bai. Esperientzia ez zen hagitz ona izan. Bakarrik nintzen Nafarroan, eta ia ez nintzen etxetik ateratzen ere. Jateko anitz ez zidaten ematen, eta gose izaten nintzen”, gogoratu du.

Bertze familia batekin denbora luzez aritu da Cabanillas lanean, eta egoera bertzelakoa izan dela onartu du. Maria Gomezek ere esperientzia on gehiago izan ditu, txarrak baino. Galiziatik etorri zen Iruñera, duela 30 urte. Dekorazioaren esparruan aritu zen lanean sorterrian, baina hemen ez zuen halakorik aurkitu etorri zenean. Etxeko langile bilakatu, eta horretan aritu da, orain arte. “Haur bat zaindu nuen urte luzez, eta azken hamarrak gizon bat zaintzen eman ditut. Etxeko gauza guztiak egiten nituen, botikak ematen nizkion eta janaria ere prestatzen nion. Dietetika eta nutrizio ikasketak hasi nituen. Etxeko langileok halakoak egin behar izaten ditugu”.

“Gizona neska-lagunarekin bizitzera joan da orain, eta lanik gabe gelditu naiz”. Erretiroa hartzeko aukera aztertzen ari da Gomez. Egoera ez dela erraza aitortu du. “Soldata urria dugu, eta kotizazio baxua. Pentsioak ere halakoak izaten dira”. Gomez, halere, ez da kexu, eta egoera txarragoan direnak ezagutzen dituela nabarmendu du. Horregatik erabaki zuen berak elkartearekin bat egitea, hain zuzen. Kolektiboaren lan baldintzak hobetzen laguntzeko. “Lagun bat urte luzez aritu da ikasleentzako egoitza batean lanean; ustez, Gizarte Segurantzan izena emanda. Istripu bat izan zuen, eta kanporatu zutenean konturatu zen ez zela egia”.

Gomezek argi erran du: “Lan baten kategoria lan hori egiten duen pertsonak markatzen du. Oraindik ere, 60ko hamarkadako pentsamoldeak badituzte etxeko langileak hartzen dituzten anitzek, eta hori da bazter utzi behar duguna”.

Iritzi horrekin ados da Jerez. Sotosen eta Gomezen kasuen harira, etxeko langileen jarduerak eten anitz izaten ohi dituela nabarmendu du. “Hori ere arazo bat da langile anitzentzat. Hainbat hilabeterako lanak izaten ditugu, anitzetan”.

Ez da hori haren egoera. Azken 24 urteotan ibili da etxe berean lanean. Astelehenetik ostiralera aritzen da, egunean hiru orduz. “2011ko legea atera zenean egin zidaten kontratua, geroztik nago Gizarte Segurantzan. Nagusia beldurtu zen. Zortzi euro kobratzen dut orduko, geroztik”. Soldataren zati bat, ehun euro inguru, etxetik lanerako bidaian gastatzen du. “Kontent naiz, halere, bai baitakit bertze anitzek baino egoera hobea dudala; soldatak, halere, ez digu autonomia ekonomikoa izateko aukerarik ematen”. Etxeko langileen egoera nagusien borondatearen araberakoa izaten dela erantsi du. “Hori gertatzen da legeak ez dizkigulako langile gisa ditugun eskubideak bermatzen”, salatu du.

Profesionalizazioa

Profesionalizazioaren auzia jarri zuen mahai gainean Iruñeko Udalak, hilaren 7an etxeko langileen egoerari buruz egindako eztabaidan. Erakunde horrek Nafarroako Gobernuari eskatu zion neurriak har ditzala etxeko langileen sektorearen profesionalizazioa errazteko eta bultzatzeko. “Profesionalizazioa? Noski, guk ere nahiko genuke ikastaro bat egin eta titulua jaso. Baina non ematen dute? Inon ez. Nire titulua dira lanean egin ditudan 24 urteak”, erran du Jerezek. Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteak auzi horri heldu nahi diola argi utzi du presidenteak, hala ere, “langileon baldintzak hobetze aldera”.

Langileen baldintzak hobetzeko asmoz, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak osoko bilerara eramanen du auzia. Joan den astekoan eztabaidatzekoa zen Ahal Dugu-k aurkeztutako mozioa, baina atzeratu egin zuten, azkenean. Hurrengo astean landuko dute gaia, seguruenik. Mozioaren helburua da, zehazki, Espainiako Gobernuari eskatzea Lanaren Mundu Erakundearen 189. hitzarmena berresteko. Iruñeko Udalak ere eskaera bera egin zuen hilaren hasierako osoko bileran.

189. hitzarmen horrek lantzat jotzen du etxeko langileen jarduera, eta, ondorioz, etxeko langileek baldintza duinak izateko duten eskubidea nabarmentzen du. 2011. urtean onartu zuten, baina Espainiak ez du berretsi, oraindik ere.

“Lan anitz dugu egiteko”, aitortu du Jerezek. Bera prest da, baina “denen artean” errazagoa izanen dela argi du. Horregatik eskatu die etxeko langileei elkartearekin bat egin dezatela. “Elkarri laguntzeko, elkarri babesa emateko, denen alde aritzeko”. Cabanillas, Sotos eta Gomez ondoan ditu. Bakoitza bere errealitatetik, bakoitza bere bizi eta lan baldintzekin. “Langileak gara, eskubideak ditugu; ez dezagun ahaztu, gizarteak ez dezala ahaztu”. Gomezenak dira hitzak; bertzeek bere egin dituzte.

Aldatzeko ereduak

Aldatzeko ereduak »

Edurne Elizondo

Abiadura handiko trenari ezetz errateko antolatu dute AHT Gelditu Elkarlanak eta bertze hainbat eragilek Txirrinka bizikleta martxa. Maiatzaren 20tik 22ra eginen dute, eta Hego Euskal Herria zeharkatuko du, lau zutabetan banatuta. Bizikletara igo baino lehen ere, lanean aritu dira Nafarroako zutabeko kideak: 1975etik gaur egunera arte herrialdean ingurumenari eragin dioten azpiegituren eta proiektuen mapa osatu dute, bai eta egitasmo horien aurka aritu diren eta ari diren taldeena ere.

Ia ehun orriko txostena egin, eta hiru ondorio nagusi jarri dituzte mahai gainean: batetik, berrogei urteotan anitz izan direla ingurumenari mehatxu egin dioten proiektuak, bai eta haien aurka sortu diren taldeak ere; txostenaren egileek 65 gatazka jaso dituzte haien zerrendan. Bertzetik, borroka moldeak, aktoreak eta arrazoiak askotarikoak izan direla: azpiegiturak, garraioa, energia, arlo militarra, hirigintza, harrobiak eta bertze jorratu dituzte txostena osatzeko, esparru horiek guztiak ukitu dituztelako sortutako gatazkek. Azkenik, borroka horiek bultzatu dituztenek garaipen anitz lortu dituztela: 65 gatazka horietako 28tan proiektuak bertan behera utzi dituzte; hemeretzitan aurrera egin dute; eta gainerakoetan, berriz, borrokak indarrean jarraitzen du.

AHTaren gisako azpiegiturak ahalbidetzen dituen gizarte eredua aldatzeko beharra nabarmendu nahi du Txirrinkak, eta Nafarroako “erresistentzien” inguruko txostenaren bidez, aldaketa hori gauzatzeko ereduak jarri ditu agerian herrialdeko taldeak. Erresistentzia horiek izan zituzten mintzagai joan den astean, hain zuzen, Txirrinkaren antolatzaileek egindako mahai inguruan. Energia nuklearraren aurkako borroken ikuspuntutik, ekologismoak Nafarroan beti izan duen izaera soziala eta zabala nabarmendu zuen Andoni Romeok, adibidez. Bat egin zuen Sustrai Erakuntza fundazioak behin baino gehiagotan zabaldu duen mezuarekin, eta borroken arteko lotura agerian utzi zuen. Aspaldiko eta egungo borrokek estatuaren erantzunarekin duten lotura jarri zuen mahai gainean, bertzalde, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kide Peio Lusarretak. Talde horrek egindako ekintza zuzeneko jarduerek gaur egungo mozal legearekin duten harremana aipatu zuen, ildo horretan. “Desobedientzia zibilaren aurka egiteko onartu dute”.

Gladys del Estal

Nuklearren aurka Nafarroan egindako lana ekarri zuten gogora joan den asteko mahai inguruan. Txirrinkaren antolatzaileek ere borroka ildo hori hautatu dute haien txostena zabaltzeko. Izan ere, 1970eko hamarkadan, orduko Iberduerok zentrala egin nahi izan zuen Arguedasen, Erriberan. 1979. urteko ekainaren 3an, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako nuklearren aurkako protestetan, Guardia Zibilak Gladys del Estal gazte ekintzailea hil zuen tiroz, Tuteran.

Erriberan sortu dira bertze hamaika proiektu eta protesta; indarrean jarraitzen du Castejongo zentral termikoen aurkakoak, bai eta Bardeako tiro eremuaren kontrakoak ere. Haustura hidraulikoarekin lotutako egitasmoek ere eragin dute haien aurkako taldeak sortzea azken urteotan Erriberan. Eskualde hori ukitzen du, halaber, abiadura handiko trenak, eta Itoizko urtegiarekin lotutako Nafarroako ubidearen proiektuak ere bete-betean eragiten dio Nafarroaren hegoaldeari.

Azken berrogei urteotako gatazken artean oihartzun gehien lortu dutenetako bat izan da Itoizko urtegiarena, zalantzarik gabe. Proiektu horren eskutik aldatu zuen Nafarroako Parlamentuak bere naturguneen legea, lehendabiziko aldiz. Aldaketa horrek erakutsi zuen paperean jasotako babesak deus gutxirako balio zuela, aurretik legez babestuta zegoen espazioa babesik gabe utzi baitzuen. Bigarrenez Larrako eski estazioen proiektuarekin egin zuen hori parlamentuak. Berriz ere, aurretik legez babestuta zegoena babesik gabe gelditu zen, inguruko balio naturalak eta ekologikoak aldatu ez ziren arren. Itoizkoa bezala, Larrako borroka ere oposizioak galdu zuen. 2003an, manifestua plazaratu zuten Larraren alde oposizioko alderdiek eta hamaika eragilek. Karrikan egin zuten protesta herritarrek. Baina ez zuten proiektua gelditzea lortu. Eski estazioak eginda daude.

Erribera ukitu dute ingurumenari kalte egin dioten proiektu anitzek; Pirinioak ere bai. Oraindik ez da erabat bazter gelditu, adibidez, Zilbetin egin nahi duten magnesita harrobia, eta Aurizberrin ere bada silizea ustiatzeko proiektu bat mahai gainean. Baztanen, berriz, Aroztegiko hirigintza proiektuaren aurka ari dira.

Itoitzen galdutako borrokak min handia egin die herri anitzi, baina zer ospatu ere izan dute: Iruñea eta Biarno artean autobidea egiteko proiektua aurkeztu zuten 1998an. Pirinioetako bi aldeetako herritarrek bat egin zuten Leia Taldean, haren aurka lan egiteko, eta ahaleginaren ondorioz lortu zuten esperotako emaitza: egitasmoa bazter utzi zuten, inguruko herriak kontra altxatu eta gero.

Autobideen artean, hala ere, Leitzarango proiektuak lortu du oihartzunik handiena, berrogei urteotako gatazken artean. Hura izan zen gogorrenetako bat. Haren berri jaso du Txirrinkak txostenean, eta gogora ekarri du 1987an sortu zela Autobiaren Aurkako Koordinakundea, eta 1989an hasi zituztela errepidea egiteko lanak. Bi urteko epean, obra horien aurkako 160 sabotaje ekintza egin zituzten. ETAk ere esku hartu zuen azpiegitura horren aurkako borrokan, eta hamaika atentatu egin zituen. Autobiako obrekin lotura izateagatik lau pertsona hil zituen. 1990ean Autobiaren Aurkako Koordinakundeak Lurraldea Alternatiba aurkeztu zuen, eta izen bera hartu zuen koordinakundeak. Negoziazio prozesua hasi, eta egun martxan den bidea inauguratu zuten, 1995ean.

Galdu eta irabazitako borrokek hamaika lezio utzi dute. Horixe nabarmendu du Txirrinkak bere txostenean. Ondorio nagusietako bat da batzeak duen garrantzia. Txirrinka bera hainbat eragileren bat egitearen ondorio da. Sustrai Erakuntza fundazioak gisako rola betetzen duela adierazi dute txostenean, laguntza juridikoa eskaintzeaz gain, koordinazio lana ere egiten duelako hainbat talderen artean. Ingurumenari eragiten dioten proiektuek lotura dutela agerian utzi izan du fundazioak, anitzetan; haien aurkako borrokek ere izan dezakete.

ETB Nafarroan: auzi teknikoaz harago

ETB Nafarroan: auzi teknikoaz harago »

Asier Garcia Uribarri

Beharrezkoa da Nafarroako emisioa berehala etetea”. Horrela dio Espainiako Industria Ministerioak ETBri helarazitako aginduak. Nafarroako Gobernuak apirilaren 21ean izan zuen horren berri, eta berehala hasi zen lanean neurri hori behin-behinean gelditu ahal izateko. Era berean, ministerioari eskatu dio txostenean “kaltetu gisa” parte hartzeko aukera. Hala ere, egun, auzia ETB eta Industria Ministerioaren artekoa da. Auzia konpondu arte, ministerioak izango du azken hitza.

Iazko hauteskundeak baino bi hilabete lehenago UPNren gobernuak salatu zuen ETBren seinalea Iruñerrira heltzen ari zela. Hori posible zen Kanpezuko (Araba) hedagailua Nafarroa alderantz jarri zutelako. UPNk ez zuen salaketaren berri eman.

Ekainean Industria Ministerioak eskutitza igorri zion Nafarroako Gobernuari. Ministerioak galdetu zuen ea Nafarroak gai horretan ba ote zuen Eusko Jaurlaritzarekin nolabaiteko itunik. “Legeak dio bi erkidegoren arteko itunak egonez gero posible dela erkidego bateko telebista beste batean ikustea”, adierazi du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. UPNk ezetz erantzun zuen, hitzarmena hautsia zela.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanerako protokolo bat sinatu zuten 2009an. Orduan, Patxi Lopez zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea. Protokoloak hainbat puntu zituen, besteak beste, ETBren emisioa. Hori aurrera eramateko, bi gobernuek konpromisoa hartu zuten Industria Ministerioarekin hitz egiteko, horrek “emisiorako beharrezkoa den multiplexa planifikatu eta esleitzeko”. Era berean, emisioak baldintza zehatzak zituen. Adibidez, “ETBren emanaldi guztiek Nafarroako errealitate politikoa, soziala, erakundeak, sinboloak eta nortasuna errespetatu” behar zituzten. UPNren gobernuak 2013ko martxoan jakinarazi zuen ETB Nafarroan ikusteko negoziazioak hautsi zituela, eguraldiaren mapa aitzakiatzat hartuta. Baina Ollok dio gobernuak ez duela inolako dokumenturik hori adierazten duenik.

Hala ere, ekainean jardunean zegoen Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzarekin hitzarmenik ez zegoela adierazi, eta horrela heldu da Espainiako Gobernuaren agindua. Nafarroako Gobernuak adierazi zuen ez zutela salaketa horren berri, eta hura berehala kenduko zutela. Hala ere, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak esan zuen salaketa egon edo ez gobernuak “legez kanpoko jardueren aurka” egin behar duela. “Salaketa kentzeak ez du eragingo zigor txostena etetea”.

Arazo tekniko eta politikoa

Urriaz geroztik ari da ETB Iruñerrian lurreko telebista digitalean emititzen, Erreniega eta Ezkabako hedagailuen bidez. Akordio programatikoan jasota dago Iruñeko Gobernuak “erraztu” egingo duela ETB Nafarroan ikustea.

Aurreko legealdian, Nafarroako Parlamentuak bi aldiz egin zuen eskari hori, eta astelehenean nahi hori berretsi zuen. Gobernua irailetik ari da lanean arazo horri legezko irtenbidea emateko, eta, hori lortu bitartean, erabaki zuen ETBren emisioari oztoporik ez jartzea. Ulertzen baitute, ETBk Nafarroan emititzeko lizentziarik ez badu ere, horrek ez duela legearen aurka egiten. “Emisioak alegalak dira. Ez daude legeztatuta, baina ez dute legearen aurka egiten”, adierazi du Ollok. Haren aburuz, garrantzitsuagoak dira herritarren “informazio eta hizkuntza eskubideak”.

Azken hilabeteetan hamaika bilera egin ditu Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin, ETBrekin eta Industria Ministerioarekin. Baina Ollok adierazi du gai konplexua dela “alderdi tekniko eta politikoan”. Lehenengo aukera litzateke 2009ko protokoloak proposatzen zuena. Hau da, Industria Ministerioak Nafarroan bigarren multiplexa jartzeko baimena ematea. Baina ministerioak ezetz esan zuen. “Erantzun orokorra izan zen; ez dio inongo erkidegori bigarren multiplexa eman”.

Lehen bide hori itxita, bigarren aukera da Nafarroak berezkoa duen multiplexaren bitartez emititzea. Egun, multiplex horrekin ikus daitezke Nafar Telebista, Navarra Television eta Vaughan TV. “Ministerioari beste bi kate sartzeko eskatu diogu. Baina borondatea behar da”.

Hirugarren aukera ere aztertzen ari da gobernua: ETB tokiko multiplexen bitartez emititzea. “Aukera hori teknikoki landu behar dugu, eta politikoki bideragarria izateko protokoloa aldatu beharko genuke”. ETB Nafarroan modu normalizatuan ikusteko lanean ari da gobernua. Baina, atzo bezala gaur ere, borondate politikoa da gakoa. Auzia konpondu arte, Espainiako Gobernuak erabakiko du nafarrek ETB ikus dezaketen edo ez.

Jantzi berri bat San Ferminentzat

Jantzi berri bat San Ferminentzat »

Edurne Elizondo

San Fermini ere ailegatu zaio berritzeko ordua; UPNren agindupean jantzi zituen arropak, behingoz, haizatzekoa. Hori uste dute Pamplona Orain kultur elkarteko kideek, eta asmo horrekin antolatu dituzte sanferminei buruz hausnarketa bultzatzeko jardunaldiak. Gaur eta bihar eginen dituzte, Iruñeko Katakrak liburu dendan eta Kondestable jauregian. Bertze besta eredu bati buruzko gogoeta jarri nahi dute mahai gainean, herritarren artean eztabaida pizteko sexismoaren, jaiak ingurumenean duen eraginaren, bestaren eta kontsumoaren arteko lotura estuaren, ekonomiaren eta animalien erabileraren inguruan, bertzeak bertze.

Iruñeko udal gobernu berriak 2015eko ekainean hartu zuen hiriaren ardura bere gain. Ordurako, ia itxita zegoen uztailaren 6an hasi ziren sanferminetako egitaraua. Aurtengoak izanen dira, beraz, Joseba Asiron alkatea buru duen taldeak osoki prestatutako lehendabiziko bestak. Aldaketak izan dira jada. “Sanferminetako mahaian parte hartu ahal izan dugu. UPNk gizarte eragileak bazter utzi zituen; aurten, gure proposamenak egin ahal izan ditugu, eta hori garrantzitsua izan da. Ekarpen hori egiteko aukera izateak jada irabazten ari garela esan nahi du”, nabarmendu du Gora Iruñea plataformako kide Gorka Izkok.

Gora Iruñeak, hain zuzen, proposamena egin du sanferminetan hiriko hiru gunetan egoteko; udalaren oniritziaren zain dago, baina jasoko dutela espero dute plataformako kideek. Santa Ana, San Jose eta Baratxurien plazan izanen dira, baimena jasoz gero. Hori, hala ere, ez da nahikoa sanferminei buruzko gogoeta bultzatu nahi duten guztientzat. Izkok berak aitortu du: “Gora Iruñeak ez ditu hirian dauden sentsibilitate guztiak ordezkatzen”. Erantsi du, dena den, haien asmoa dela “ahalik eta jende gehien erakartzea” haien proiektura. “Gora Iruñea sortu zen besta herrikoiak, parte hartzaileak, euskaldunak eta parekideak izateko asmoz; gogoeta prozesua egin dugu guk ere, eta bertze hainbat balio erantsi ditugu: antikapitalistak, ekologikoak, askotarikoak eta kulturalak. Bide horretan lan egin nahi duena ongi etorria izan dadila”.

Udalak martxan jarritako sanferminen mahaiak lau atal ditu, eta bakoitza jorratzeko osatu dute mahai propio bat: karrika, entzierroa, egitaraua eta generoa. Pamplona Orain taldeko Arturo Cisnerosentzat mahaiak martxan jartzea ez da nahikoa, eta, are gehiago, uste du ez dutela bermatzen bestek behar duten gogoeta egiteko aukera: “Bilera bat egitea jendeak bere iritzia emateko ez da benetako prozesu parte hartzaile bat. Prozesu hori egin ahal izateko markorik ez du zehaztu udalak; udaleko herritarren parte hartzerako sailak berak ez du sanferminetako mahaia prozesu parte hartzailetzat jo nahi izan”.

Cisnerosek onartu du aurrera egin duela udalak, eta ahalegina eskertu du, baina gehiago behar dela berretsi du. Udal gobernua osatzeko akordioan jasotako konpromisoa betetzeko epeak atzeratu izana ere kezkagarritzat jo du. Udalak, hain zuzen, sanferminei buruzko liburu txuria osatzeko ardura bere egin zuen akordio horretan, besta ereduari buruzko gogoeta egiteko. “2017ra atzeratu dute”, erran du Cisnerosek.

Ez hori bakarrik. Udalak hainbat gairi buruzko eztabaida egiteko aukerari atea itxi diola nabarmendu du Pamplona Orain elkarteko kideak. Zezenen erabileraren inguruan mahai ingurua eginen du talde horrek bihar, prestatu dituen jardunaldien barruan. “Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du entzierroak ezin direla ukitu”. Are gehiago, alkateak “irrigarritzat” jo izan du zezenketak debekatzeko aukera, “tradizioaren” izenean.

Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik ere “tradizioa” jarri du mahai gainean, zezenen erabilerari buruz galdetuta. Udalak eztabaida bultzatzeko hainbat gai zehaztu dituela iragarri du, eta irailean hasiko direla lan horrekin. Gaien zerrenda horretan, ordea, animalien erabilerari buruzko aipamenik ez dago. “Hitz egiteko aukerari ez diot atea ixten, baina guk ez ditugu pausoak emanen aurretik hiriak ez baditu ematen”.

Urteak dira Iruñean animalien erabileraren aurka protestak egiten dituztela, eta gora egin dute urtetik urtera. Iaz, Anima Naturalis taldeak, Equo eta Pacma alderdiek eta Iruñeko Ekintza Antiespezistak antolatu zituzten, bertzeak bertze. Gaur hasiko diren jardunaldietara ere eraman du gaia Pamplona Orain taldeak, eta Gora Iruñea plataformak, berriz, bere oinarrizko balioen artean kokatu du “bizirik dagoen inolako animaliarik ez erabiltzea”.

Pamplona Orain taldeko kideek zezenketen inguruko eztabaida piztu nahi dute batez ere; ez, hainbertze, entzierroei buruz. Gora Iruñeak onartu du entzierroak kentzea zezenketak bazter uztea baino zailagoa izanen dela, baina plataformak helburutzat jo du animaliak erabiltzen dituzten ikuskizun guztiak kentzea. “Egia da auzi hau ez dugula behar bezala zabaldu, oraindik ere, baina argi dugu ezin dugula bizirik diren animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunik onartu. Eztabaida egiteko prozesu bat adosteko beharra dago”, berretsi du Izkok.

Hiriko hoteletako enpresarien ordezkariek ere onartu dute, bestak prestatzeko mahaietan, kalte egiten diela sanferminak zezenekin lotzeak, eta hainbat herritan nahiago dutela Iruñeko bestak ezagutzeko bidaiak ez antolatu. “Bai, mahai gainean jarri dute auzi hori. Hipotesi bat da. Ez dugu daturik”, erran du Maider Belokik.

Alde Zaharra, jaiaren gune

Sanferminak zezenekin lotzen ohi dira, batez ere, baina Iruñeko besten inguruko gogoetak anitzez ere esparru gehiago ukitu behar dituela uste dute gaur hasiko diren jardunaldien antolatzaileek. Haietako bat da Nerea Fillat eragile soziala. Zalantzarik gabe erran du: “Azken hamasei urteotan jai eredu bat inposatu digute, eta bada garaia eredu horri buelta emateko. Eztabaida sakona behar dugu”.

Hiritarren zati batek ez dituela sanferminak bere sentitzen nabarmendu du Fillatek, eta horri buruzko gogoeta beharrezkotzat jo du. Besta, egun, alkoholarekin lotzen da, batez ere, eta ordutegirik gabeko jaia ekartzen du horrek. “Alde Zaharra bilakatzen da sanferminen erdigune; zaborra eta zarata sufritu behar dute bertako herritarrek”. Galdetu du zilegi ote den batzuek besta egitea eta bertzeek, berriz, ondorioak pairatzea. “Egia da festek hiria baldintzatu behar dutela, eta dena aldatu, baina modu zentzudunago batean”.

Oraingo sanferminak ez direla denentzat gaineratu du. “Dirua duten gazteentzat dira, eta klase ertain edo altuko helduentzat; egia da festak hamaika aurpegi dituela, eta bakoitza saiatzen dela bere esparrua bilatzen; baina nik sentitzen dut nireak diren esparru horiek gero eta txikiagoak direla”.

Sexismoaren auzia ere jarri du mahai gainean. “Feministen lanari esker azaleratu da gai hori; lehen, isilpean gelditzen zen”. Emakumeek bestaren esparru nagusietan tokirik ez dutela salatu du. Erasoena ere landu beharreko gaia dela nabarmendu du. Are gehiago, “urte osoan” egin beharreko lana dela argi du Fillatek.

Zeri buruz gogoeta egin bada. Hasteko, besta herrikoiak zer diren zehaztu beharko litzatekeela uste du Nerea Fillatek. Argitu beharko litzateke, halaber, erakundeek gogoeta egiteko benetako borondatea ote duten. Belokik baietz erran du, eztabaidarako prest direla. Aurten egin diren aldaketak, ordea, “gutxienekoak” direla uste du Fillatek, eta urrunago jo beharko lukeela udalak: “Ez da benetako parte hartzea bultzatu. Udalak ez lioke beldurrik izan behar eztabaidari, eta susmoa dut badiola; eredu berberari eusten badiogu, tristea eta pobrea izanen da bidea”.

Diru publiko gutxiago jasoko dute zezenketek aurtengo bestetan »

E. Elizondo

Mahai gainean da eztabaida; Iruñean, bai eta Iruñetik kanpo ere. Nafarroako hamaika herritan erabiltzen dituzte animaliak bestetan, eta horietako hainbatetan sortu da horri buruzko gogoeta. Uharten eta Barañainen, adibidez, herri galdeketa eginen dute bigantxak izan edo ez erabakitzeko. Kostu ekonomikoa dago mahai gainean, batetik, eta animalien erabilera bera, bertzetik. Tafallan, berriz, murriztu egin dute zezenketak diruz laguntzeko saila: 37.000 euro ingurukoa izan zen iaz, eta aurten, berriz, 30.000 euro ingurukoa. EH Bilduk du alkatetza herri horretan.

Tuteran harago jo dute, eta kendu egin dute zezenketentzako diru laguntza aurtengo bestetarako. Horrek ez du erran nahi, hala ere, zezenketak eginen ez dituztenik: diru publikorik gabe ere, bi antolatuko dituzte Macua etxeak eta Tuterako bertako enpresari batek. Plaza udalarena da, eta erabiltzeko baldintzak jasotzen dituen agiriak ez dio zezenketak egiteko aukerari atea itxi. “Ez dugu uste debekatzea denik aukerarik egokiena”, erran du Tuterako alkate Eneko Larrartek (Ezkerra).

Udalak, gainera, 47.000 euroko diru saila onartu du zezenak eta bigantxak erabiltzen dituzten bertzelako ikuskizunak antolatzeko. Iaz, 78.000 euro ingurukoa izan zen saila. “Heriotzarik gabeko ikuskizunentzako diru saila onartu dugu; azken urteotan behera egin du zezenketen ikusleen kopuruak, eta herritarren artean ere animalienganako tratu txarrei buruzko ardura gehiago bada; hori kontuan hartuta erabaki dugu zezenketak diruz ez laguntzea”, azaldu du Larrartek.

Alkatearen hitzetan, animalien aurkako “tratu txarren gradua” da kontua. Horregatik, zezenketen gisa heriotza eragiten duten ikuskizunak diruz ez laguntzea erabaki dute. 47.000 euroko diru laguntza banatzeko baldintzak jasotzen dituen agirian, ondorioz, entzierroen gisako bertzelako ikuskizunak lehenetsi dituzte. Larrartek onartu du, hala ere, ez dakiela halakoetan erabiltzen dituzten animaliengan ikuskizun horiek zer-nolako eragina duten. “Ez dut daturik”.

AVATMA tauromakia eta animalien aurkako tratu txarrak ezeztatzearen aldeko albaitarien elkarteak egin ditu hainbat txosten tekniko entzierroek eta gisakoek animaliengan duten eraginari buruz, hain zuzen ere, eta ondorio nagusia da halakoek “sufrimendu handia” eragiten dietela animalioi.

Barañainen, galdeketa prest

Barañainen eta Uharten ez dute zezenketarik egiten, baina bigantxak izaten ohi dituzte bestetan. Bi herriotako udalek herritarrei galdetuko diete aurten bide beretik jarraitu nahi ote duten edo ez. Barañainen datorren astean eginen dute galdeketa, hilaren 27tik 30era, hain zuzen ere. 16 urte baino gehiago dituztenek eta erroldan direnek parte hartu ahal izanen dute, eta emaitzak udala lotuko duela argi erran dute herriko agintariek. Iaz, 15.000 eurokoa izan zen herrian bigantxak izateko sailaren kopurua.

Uharten, joan den martxoan onartu zuten bigantxen erabilerari buruz galdeketa egiteko mozioa. Aho batez egin zuten talde guztiek haren alde. PPko kideak kexu agertu ziren, hala ere, osoko bilerara eraman aurretik auzia ez zutelako batzordean jorratu. Maiatzean eginen dute galdeketa.

75 urte, eta osasun betean

75 urte, eta osasun betean »

Asier Garcia Uribarri

Gizonez osatutako zortzikoak egin zuen Oberena dantza taldearen lehen emanaldia, Elon (Nafarroa), 1941eko abuztuaren 15ean. Aurten, 75 urte geroago, egun berean itzuliko dira Elora Oberenako dantzariak. Hiru mende laurden bete ditu taldeak, eta erabat aldatu da. Ehun dantzari baino gehiago dira egun, gizon eta emakumeak. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osorako, zer ospatu badutelako. Ez bakarrik urteurrena: Nafarroako Gobernuak iragarri berri du Karlos III.aren domina emango diela datorren maiatzean, euskal kulturaren alde urteetan egindako lanagatik.

“Uste dut ez dugula ezer berezirik egin beste taldeekin alderatuta”, adierazi du Irune Tubia Oberena dantza taldeko kideak. Haren aburuz, Euskal Herrian badago bertako kulturarekiko kontzientziazio berezia, eta horrek eragiten du, haren ustez, jendeak dauden dantza taldeetara jotzea, besteak beste.

Baina edozein taldek eutsi ahal izateko belaunaldi berriak behar ditu, derrigorrean. Oberenan lelo hori serio hartu zuten 1980ko hamarkadatik aurrera, eta emaitza agerikoa da. Dantzari txikien talde txukuna dute: egun, 60 kide inguru dira. Hori da Oberenaren harrobi nagusia. “Badakigu txikitan sartzen diren batzuek adinarekin utzi egingo dutela, baina beste batzuek aurrera jarraitzen dute. Txikiekin badugu aseguru antzeko bat aurrera jarraitzeko”. Gainera, nabarmentzekoa da nagusien taldeko berrogei dantzariek 15 eta 31 urte arteko adina dutela.

Hala ere, taldeetan pertsonak daude, eta beti ez dira errazak harremanak. Alde horretatik, Tubiak dio une gogorrenak pasatu zituztela 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Dantza taldea kudeatzerakoan ikuspegi ezberdinek edota pertsonen arteko ezinikusiek eragin zuten hainbatek taldea uztea. “Batzuek talde berriak sortu zituzten, eta beste batzuek sortu berri ziren taldeak aprobetxatu zituzten haietara jotzeko”.

Oberena sortzeko arrazoietako bat euskal dantza tradizionalak berreskuratzeko gogoa izan zen. Urteotan, publikoari eskaini dizkioten dantzak aldatuz joan dira. Egun, dantza tradizionalek eta hainbat koreografiak osatzen dute Oberenaren errepertorioa, hala nola Nafarroako hainbat herritako makil dantzak, Nafarroa Behereko inauteriak eta Baztango irri dantzak.

Urtemuga ospatzeko ekitaldi garrantzitsuena otsailaren 20an egin zuten, Iruñeko Baluarten, Iturri zaharretik, indar berriz ikuskizuna taularatuta. Bertan, taldearentzat garrantzitsuak izan diren dantzak aurkeztu zituzten, besteak beste, Erronkariko Ttunttuna, Otsagabiko dantzak eta sokadantza. Hala ere, modu berezian planteatu zuten ikuskizuna. “Ez genuen gure historia kontatu nahi beti egiten den moduan, lehengoaren kopia eginez. Guk izan nahi dugun taldearen irudia eskaini nahi genuen. Adibidez, generoaren aldetik aldaketa ugari egin genituen. Garai batean, Eusko Irudiak koreografia asko dantzatzen zuen Oberenak. Guk egin genuen koreografia hori hartu, eta neska eta mutilen artean landu, berdintasunean”. Era berean, Baluarteko ikuskizuneko sokadantza emakumeek soilik osatu zuten. “Urtetan emakumeak dantzetan baztertu dituzte, eta keinu horrekin merezi duten tokian jarri nahi genituen”.

Ikuskizunak Iturri zaharretik, indar berriz izena zuen, Joxean Artzeren poeman oinarriturik. Ideia horri jarraituz, gazteen taldearekin bukaera eman zioten saioari. “Horrelako ikuskizunetan dantzari txiki eta gazteak bigarren mailan egon ohi dira. Badakigu taldeak aurrera jarraitzeko bermea direla; beraz, beraien dantzekin bukatu genuen”.

Harremanak lantzen

Azken urteotan euskal dantzen inguruko gogoetak piztu dira, han eta hemen. Bereziki generoak markatutako rolak dira ezbaian jarri direnak. Oberenan udazkenean saio bat egin zuten, talde barruan horrek nola eragiten zuen jakiteko. “Oso positiboa izan zen, gure arteko harremanei dagokienez. Konturatu ginen beharra genuela gure taldea erabat aldatzeko. Orain arte egiten genuen neskek alde batetik, mutilek bestetik eta dantza batzuk elkarrekin. Filosofia hori alboratu nahi dugu. Nagusien taldeak 40 dantzari ditu, eta guztiek dantzatu dezakegu edozer. Hori bai, horretarako dantza guztiak ikasi behar ditugu”.

Gaiari heldu aurretik, erresistentziak aurkituko zituztela uste zuen Tubiak. Baina ez da horrela izan. “Gure arteko harremanetan sakondu nahi genuen. Nola jokatzen dugun ikusi, eta zergatik. Ondorioak modu naturalean atera ziren”. Taldeko jende nagusienak ere ondo hartu du erabakia. Tubiaren arabera, beste giro bat sortu da taldean. “Jendea alaiago dator entseguetara. Guztiek dantza guztiak ikasi behar ditugu orain. Eta gauza berriak ikasteak beti motibatzen du”. 75 urte beteko baditu ere, gazte eta osasuntsu dago Oberena dantza taldea.

“Aroztegiaren atzean zenbaiten interes partikularrak daude”

“Aroztegiaren atzean zenbaiten interes partikularrak daude” »

Asier Garcia Uribarri
“Horren estrategikoa baldin bada proiektua, guk ere badugu zer erran”. Argi hitz egin du Maitane Maritorenak (Aniz, Baztan, 1982), Aroztegia… eta gero zer? plataformako kideak. Nafarroako Gobernua gaiarekin izaten ari den jarrer…

Berdintasunerako bidean

Berdintasunerako bidean »

Edurne Elizondo

Gobernantzari buruzko arloa nabarmendu du Geroa Baiko Itziar Gomezek, “dena aldatzeko oinarria” delako. “Asmo handikotzat” jo du EH Bilduko Patri Peralesek, berriz, eta berdintasunera bidean urratsak egiteko “neurri zehatzak” jasotzen dituela erantsi du. Ezkerra alderdiko Edurne Eginok “transbertsaltasunaren alde” egin den apustua jarri du mahai gainean, eta PSNko Patricia Fanlok, azkenik, “diseinua eta planifikazioa” nabarmendu ditu. Taldeok, Aranzadirekin batera, aldeko boza eman zioten Iruñeko III. Berdintasun Planari, joan den asteko osoko bilkuran. UPN, berriz, abstenitu egin zen; alderdi erregionalistak egindako lanaren “oinordekotzat” jo zuen plana Ana Lezkano UPNko zinegotziak, baina ez zion baiezkoa eman, Aranzadiko Berdintasun zinegotzi Laura Berroren esku egonen delako “testua interpretatzeko” ardura.

Kontent da Berro osoko bilerak planari emandako babesarekin. Onartu eta gero lasaitua hartu duela aitortu du, baina badaki lanik gogorrena orain hasiko dela: berdintasun planean onartutakoak gauzatzen hastekoa, alegia. Azken urteotan berdintasunaren alde urratsak egin direla uste du Iruñeko Udaleko zinegotziak, baina garrantzitsutzat jo du ez ahaztea egungo esparrua zein den: “Heteropatriarkatuaren eta androzentrismoaren esparrua”. Mugimendu feminista jo du orain arte berdintasunaren alde egindako urrats horien bultzatzaile nagusi: “Mugimendu feministak etengabeko lana egin du berdintasunaren auzia agenda politikoan jartzeko”, erantsi du Laura Berrok.

Iruñeko Udalak onartu berri duen III. Berdintasun Planak lau arlo nagusi ditu: gobernantza eta berdintasunarekiko konpromiso politikoa da lehena; emakumeen ahalduntzea bigarrena; hirugarrenak helburu du onartzea zaintza eta erantzukidetza funtsezkoak direla biziari eusteko. “Kontua da pertsona jartzea erdian”, erran du Berrok. Emakumeen aurkako indarkeriei buruzkoa da azken arloa. Hiri segurua lortu nahi du udalak. Oraindik ez da, datuen arabera. Urtarrilean, emakumeen aurkako indarkeriengatik 43 salaketa jarri zituzten; otsailean, 37.

Lau alor horiek eta bakoitzaren barruan jasotako neurriak zehaztu dituen prozesua iaz hasi zen, oinarri hartuta 2014an gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruz egindako diagnostikoa, eta aurreko planaren balorazioa. Iruñeko Udalarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Eraberria eta Likadi aholkularitza etxeetako profesionalek hartu dute parte plana osatzeko prozesu horretan, bai eta hainbat emakume taldek, sindikatuk eta eragilek ere.

Autonomia ekonomikoa

2014an berdintasunari buruz egindako diagnostikoak mahai gainean jarri ditu, bertzeak bertze, lan esparruari buruzko hainbat datu adierazgarri: Nafarroan behin-behineko kontratuak %31 direla emakumeen artean, adibidez, eta %6,6, berriz, gizonezkoen artean; ikerketak azaldu du, halaber, emakumeek hartu dituztela familiako kideren bat zaintzeko eskatutako baimenen %84,1, eta seme-alabak zaintzeko baimenen kasuan, %95,6 direla emakumezkoek hartutakoak; gizonezkoen eta emakumeen soldaten arteko aldea ia %30ekoa dela ere jaso du diagnostikoak.

Emakumeen enpleguaren prekaritatea autonomia ekonomikoa lortzeko dituzten zailtasunekin lotu du Laura Berrok. Eta hori jo du, hain zuzen ere, berdintasun planak jorratu beharreko esparru nagusitzat. “Ez da kasualitatea feminizatutako lan esparruak hain prekarioak izatea; gizarteak ez die baliorik ematen. Auzi horri heltzea funtsezkoa da, autonomia ekonomikoa oinarria delako”. Autonomia ekonomikorik ez izateak ekartzen du diagnostikoak agerian utzitako bertze errealitate bat: emakumeek etxebizitza bat lortzeko zailtasun gehiago dituztela azaltzen duena, alegia. “Dena dago lotuta”, erran du zinegotziak.

Emakumeen ahalduntzeari buruzko arloan jorratu du III. Berdintasun Planak autonomia ekonomikoaren auzia, eta hiru helburu zehaztu ditu: enpleguan emakumeen egoera zein den azaltzea; pobrezia eta bazterketa sufritzeko arriskuan diren emakumeen ahalduntze prozesuak ahalbidetzea, udal gizarte zerbitzuetatik; eta aldaketa bultzatzea enpresaren eta unibertsitatearen arloan, emakumeek erantzukizuneko postuetara eta zuzendaritza postuetara iristeko dituzten zailtasunak bazter uzteko asmoz.

Berdintasun plana onartu zuten joan den asteko osoko bilera berean etxeko langileen egoera aztertu zuen Iruñeko Udalak, eta arlo hori jo du Laura Berrok emakume anitzek lan esparruan duten prekaritatearen adibide: “Zortzi orduko lanaldia dutenek 400-500 euroko soldata izaten dute, gehienez”, salatu du Berdintasun zinegotziak. Halako egoerak identifikatzea, azaleratzea eta lantzea da udalaren asmoa. “Nafarroako Gobernuarekin lan egin beharko dugu”.

Emakume Salerosketen Kontrako Ekintza izeneko elkartea da berdintasun plana osatzeko prozesuan parte hartu dutenetako bat. Taldeko kide Vanesa Egiluzek ere ahalduntzearen esparruak duen garrantzia nabarmendu du. Ontzat jo du plana egiteko prozesuaren emaitza, baina “errealitatera egokitu” beharko dela uste du. Ahalduntzearen aldeko apustua “hagitz garrantzitsua” dela berretsi du, halere. “Funtsezkoa da esparru hori lantzea, ahalduntzearen bidez erakundeetara ailegatzen ahal garelako, eta enplegua, ekonomia eta bertze hobetu”.

Ahalduntzeari buruzko arloaren gako nagusia transbertsaltasuna dela erantsi du Vanesa Egiluzek. Udaleko berdintasun teknikari Pilar Mayok berak erran zuen, plana onartu baino lehen, orain sortu dela aukera udalean transbertsaltasunaz eta udalaren barruko alor guztietan genero ikuspegia ezartzearen beharraz hitz egiteko eta lan egiteko. Aukera hori baliatu du planak.

Steilas sindikatuko Maria Palaciosek bat egin du iritzi horrekin. “Plana asmo handikoa da, eta hagitz interesgarria; haren ekarpen nagusia da, nire ustez, transbertsaltasunaren ideia, modu transbertsal batean lan egiteko asmoa”, nabarmendu du.

Egiluzek agertutako kezka bera aipatu du Palaciosek, halere: plana errealitatera egokitzeko behar horretan, bidean gal daitekeena, alegia. “Papera ez baita deus, adibidez, aurrekonturik gabe. Udaleko departamentu guztiek landu beharko dituzte planak jasotako politikak, bertzalde, eta ez da lan erraza izanen. Badakigu erresistentziak izanen direla”.

Barruko erresistentziak aipatu ditu sindikatuko kideak, bereziki. Eta haien aurka egiteko planak jasotako formakuntzaren garrantzia nabarmendu du. Palaciosek bezala, etxe barruan egin beharreko lan hori “erronka handia” izanen dela uste du Laura Berro zinegotziak berak. Gobernantzaren arloan jasotakoa da esparru horretan egin beharreko lana. “Estuki lotuta dago borondate politikoarekin, baina baita udaleko talde teknikoa trebatzeko gaitasunarekin ere”. Planak “aldaketa sakona” ekarri beharko lukeela erantsi du zinegotziak: “Betaurreko moreak jartzea, esparru guztietan, lan eta politika guztiei generoaren ikuspegitik heltzeko”.

Aldaketa hori ez dela berehala gertatuko argi du Berrok. Planak, hain zuzen, sei urteko epea du, 2022a bitarte. Hasteko, bertze berdintasun teknikari bat kontratatuko du udalak aurten, eta bertze bat datorren urtean. Berdintasun arloak 554.000 euroko aurrekontua du 2016rako. Planak ez du diru sail zehatz bat lotuta. “Asmoa da sail guztiek bideratzea aurrekontuaren zati bat berdintasunerako”.

Palaciosek eta Egiluzek ere argi dute planak denbora beharko duela. Argi utzi dute, halere, adi egonen direla, udala zainduko dutela. Are gehiago erran du Egiluzek: “Planak jasotako neurriak gauzatzeko prozesuan emakume taldeek izan behar dute protagonista; udalak tresnak jarri beharko lituzke taldeon esku, ekarpenak egiten jarraitu ahal izateko”. Urratsak egiteko benetako berdintasunerako bidean.