Festak askatasunez gozatzeko bide luzea

Festak askatasunez gozatzeko bide luzea »

Nahi ez duzun lizunkeria bat edo arrotz baten piropoak entzun behar izatea eraso bat da, mozkorti batek ipurdia ukitzea eraso bat da, norbaiti ezetz esateagatik irainak jasotzea eraso bat da… Horiek guztiak ohikoak dira jaietan, baina askok normaltzat jotzen dituzte. Emakume asko orain hasi dira halako jarreren inguruan ahotsa goratzen, bortxaketez edo jipoiez gaindi ere, intentsitate baxuko indarkeria oso errotuta baitago gure jendartean”. Ekintzaile feminista da Zurine Altable (Iruñea, 1980). Urteak daramatza sexu parekidetasunaren alde eta indarkeria matxistaren kontra lanean, eta, iaz, sexu erasoen kontrako lantaldea osatu zuen beste bi emakumerekin batera, Gora Iruñea plataformaren barruan. “Auzoetako jaiak nahiz sanferminak askatasunez gozatzeko eskubidea” bermatzea da taldearen xedea.

Hasiera batean, hiru kidek osatzen zuten lantaldea. Sei dira orain. Kide berrienetako bat da Kai Galarza (Gasteiz, 1987). Haren irudiko, orain arteko esperientzia “oso aberasgarria” izan da parte hartzaile guztientzat: “Askotariko pertsonak biltzen gara, eta hori positiboa da, ideia eta iritzi ezberdinak parteka daitezkeelako”. Lan kargarik handiena sanferminen aurreko asteetan izaten duten arren, urte osoko prozesua da haiena: “Irailean hasten gara batzartzen, eta sanferminen ostean amaitzen dugu sasoi bakoitzeko lana. Astean behin egiten ditugu bilerak, plangintzak adosteko, balorazioak egiteko, ideiak planteatzeko…”, azaldu du Galarzak.

Hiru ardatz nagusi ditu lantaldearen jardunak: “Iruñeko Udalarekiko harremanak, auzoetako jai batzordeekin batera egiten dugun elkarlana, eta azkenik, sanferminetarako propio antolatutako egitasmoak”. Sexu erasoen berri emateko telefono zenbakia, kontzientziazio kanpainak eta autodefentsa feminista ikastaroak dira, besteak beste, Gora Iruñearen jardunak eta hausnartze etengabeak eman dituen fruituak.

Lantaldearen sorreraren lekuko eta protagonista izandakoa da Aitziber Arriaga (Iruñea, 1984). Haren esanetan, sexu erasoen kontrako egitasmoaz gainera, parekidetasunaren aldeko ikuspuntua nagusi da Gora Iruñea osatzen duten talde eta eragile guztien artean ere: “Gure taldearen lan esparru espezifikoa sexu erasoena da, baina Gora Iruñearen barruan, beste alor batzuk ere jorratzen ditugu, jai parekideak bermatze aldera. Hainbat irizpide dira aintzat hartzen ditugunak: besteak beste, erabaki guneetan andrazkoak izatea, edota oholtzaren gainean ere emakume artisten edo emakumez osaturiko taldeen presentzia bermatzea”.

Udalarekiko harremana

Sanferminetan kanpaina eraginkorrak diseinatu ahal izateko, ezinbestekoa izan da Iruñeko Udalarekin elkarlana sustatzea. Maiatzeko hauteskundeen osteko egoera eta aldaketa politikoa “lagungarriak” izanen direla uste dute Gora Iruñea taldeko kideek, baina administrazioaren jarrera aldaketa aurretik gertatu zela nabarmentzen dute. “Iaz hasi ginen udalarekiko harremanak normaltzen eta elkarlanerako bideak zabaltzen”, dio Altablek. Sanferminak Berdintasunean udal taldeko kide da Gora Iruñea ere, beste hainbat elkarte, sozietate eta eragilerekin batera. “Guretzat, garrantzitsua izan zen bide hori urratzen hastea, ordura arte, administrazioaren eta herri mugimenduen arteko espazio komunik ez zegoelako. Zorionez, iazko esperientzia ona izan zen, eta aurten jarraipena eman diogu harremanari”.

Oro har, udalaren jarreran “txip aldaketa” sumatu dute ekintzaile feministek. “Lehen, sanferminetan sexu erasoak gertatzen zirenik ere ez zuten onartzen; orain, berriz, salatu egiten dituzte. Iaz, adibidez, salaketa aurkeztu zuten, sexu eraso baten irudi batekin iragartzen zen enpresa baten kontra. Lan handia dago oraindik egiteko, baina urrats bat da”, gaineratu du Galarzak.

Hala ere, UPNren oinarrizko politiketan ez da sakoneko aldaketarik gertatu, Gora Iruñea taldeko kideen ustez: “Aurrerapausoak egon direla onartuta ere, UPNren politikaren ildo nagusiak ez dira aldatu. Ez dugu ahaztu behar, orain arte, Iruñeko Udala alderdi eskuindar eta kontserbadoreen eskuetan egon dela, eta hori agerikoa da. Horregatik, oso albiste pozgarria da guretzat, Iruñean aldaketa politikoa hezurmamitu izana”.

Oro har, administrazioak, pixkanaka-pixkanaka bada ere, iritzia aldatu izana borroka feministaren ondorioetako bat dela uste du Altablek. “Mugimendu feministak hamarkada oso bat darama sexu erasoak salatzen, eta lan horren fruituak dira orain ikusten ditugunak. Lehen gutxi batzuek bakarrik egiten genituen aldarrikapen horiek; orain, gizarte osoak onartu ditu. Sozializatu egin da arazoa”.

Galarzaren arabera, indarkeria sexista “egiturazko indarkeria” da. “Gizartean errotua dagoen biolentzia mota bat da, eta herrietako jaiek, gainera, testuinguru ezin aproposagoa eskaintzen dute, halako erasoak ikusezin bihurtzeko. Horregatik, lanketa ideologiko sakona eta iraunkorra behar da, jendartearen ikusmoldea errotik aldatzeko”.

Itunak eragileekin

Emakumeen askatasuna bermatzeko bidean, Gora Iruñearen lantaldeak eginiko ekarpena nabarmentzen dute ekintzaileek. Arriagaren ustez, “izugarria” da bi urteren buruan egindakoa: “Lehendik egindako lan eskerga errentabilizatu dugula uste dut. Aspaldi, ahaleginak eta bi egiten genituen hainbat alorretan, baina bakoitzak bere aldetik, eta ikusgarritasun gutxi zuen esfortzu horrek. Dena lotzeko haria falta zitzaigun. Orain, kanpaina bera egiten dugu auzoetako jai guztietan, erasoen kontrako prebentzioa eta erantzuna barnebiltzen dituen ikuspegi orokorradaukagu, eta eragileekin batera sinatutako itunei esker, gure borroka askoz eraginkorragoa da”.

Autodefentsa ikastaroak eta kanpainak antolatu ditu Gora Iruñeak azken urtebetean, eta apika-apika, gizartearen ikuspegia aldatzen ari dela uste dute hiru ekintzaileek. “Hala ere, asko dugu oraindik egiteko”, gehitu du Altablek. “Erasoak, nahiz eta intentsitate baxukoak izan, salatu egin behar dira. Eta jaietan olagarro lerdetsu bat hurbiltzen bazaigu, ez dugu zertan alde egin. Espazioa gurea ere badela frogatu behar dugu, eta guztion artean, jarrera horiek agerian utzi, erasotzaileak izan daitezen alde egiten dutenak”.

Alfonso Etxeberria (GBai): “Bakoitza bere tokian jarri dute bozek” »

“Garai aztoratuan” lortu zuen alkatetza Alfonso Etxeberriak (Iruñea, 1965), 2013an, orduko alkate Josetxo Andiak (UPN) dimisioa eman zuenean, ustelkeria zantzuek bultzatuta. Orain, orduko aldaketa berretsi dute hauteskundeek. Eta duela bi urte martxan jarritako aldaketari jarraipena eman nahi dio Geroa Baiko alkateak.

Nola gogoratzen duzu 2013ko inbestidura?

Oso garai aztoratua izan zen, UPNko alkateen ustelkeria eta kudeaketa negargarriak erabat zipriztindu zutelako udala. Horren aurrean, gainerako talde politikoak elkartu ginen, utzikeria egoera horri buelta emateko, uste genuelako udala bidezkoa ez zen irudia ematen ari zela. Alde batetik, ilusionagarria izan zen, baina baita ardura handikoa ere, errealitate horri konponbidea eman behar geniolako.

Hauteskundeek orain arte behin-behinekoa zen aldaketa berretsi dute. Hala uste duzu?

Bai, argi eta garbi. Esan beharra dago orain dela bi urte gehiengo aurrerakoi eta ezkertiarra zegoela udalean, eta, oraingoan, gehiengo horrek gainezka egin du, babes handia lortu dutelako talde aurrerakoi eta ezkertiarrek, eta zehazki gureak, hain zuzen ere, azken bi urteetan lema eraman duenak. Ikaragarria izan da Geroa Baik jaso duen babesa: duela lau urte baino 800 boto gehiago jaso ditugu, eta, beraz, herriak azken bi urteetan egindako politikak babestu ditu. Herritarrei udaleko ateak ireki dizkiegu, eta udala kudeatzeko orduan, norabide aldaketa argia eman dugu, eta herriak ongi ulertu du. Alde horretatik, hauteskundeek bakoitza bere tokian jarri dute. Ez diegu huts egingo babesa eman digutenei.

Luzaroan, ustelkeriarekin lotu izan da Eguesibar. Zaila da itzal horren zamatik askatzea?

2003an Ignacio Galipienzo alkatearekin lehen ustelkeria kasua agertu zenetik, argi ikusi da UPNren gobernuek zein politika daramaten Eguesibarren. Galipienzok alkatetza utzi zuenean, gauzak ongi zihoazela zirudien, baina gerora ikusi zen ezetz, agintariak politika negargarrietara eta irregulartasunetara itzuli zirela. Azken urteetan, hedabideen lehen lerrora itzuli da Eguesibar, diru publikoaren inbertsio irregularrak egin direlako, agintarien gertuko enpresa pribatuei mesede eginez. Espainiako Estatuan Marbellaz hitz egin izan den bezala, Nafarroan Eguesibar izan da ustelkeria kasuek markatutako udalerria. Ustelkeriaren mapan, beti izan da puntu beltz bat Eguesibarren gainean.

Aipatzen duzun azken kasu horretan, absolbitu egin dute Josetxo Andia alkate ohia. Geroa Baik helegitea jarri dio erabaki horri. Zer espero duzue?

Justizian sinesten dugu, baina epaitegiak dioenaz harago, badakigu Josetxo Andiak lehentasunezko partaidetzak erosi zituela diru publikoarekin, non eta bere bankuan [eszedentzian zegoen], eta inori baimenik eskatu gabe. Justiziak dioena dioela, galdutako dirua izan da hori. Arduragabekeria handia izan da. Beste eztabaida bat da hori delitua den edo ez.

Gertatu dena gertatuta, nola azaltzen da UPN, oraindik ere, lehen indarra izatea?

Bada esaten duenik: “Galduta ere, ni Betis beti”. Honetan ere antzera gertatzen da: jende batek ez du botoa aldatzen, nahiz eta jakin alderdi horretako agintariak herriaren interesen aurkako kudeaketa negargarria egin duela. Jende horrek agintzea nahiago dute, baskoak etortzeko beldur direlako. Guk behin eta berriro esan dugu guk ez dugula inondik etorri beharrik, ez garelako inora joan, eta mendeak daramatzagulako hemen. Bestalde, Eguesibarren Gorraizko berezitasuna dugu. Maila erdi-altuko urbanizazioa da Gorraitz, eta bertan bizi direnak, oro har, UPN eta PP bozkatzen duten kontserbadoreak dira. Hori bai, oraingoan gu [Geroa Bai] izan gara bigarren indarra.

Gorraitzek argi adierazten du Eguesibarko aniztasuna. Nola kudeatzen da halako udalerri plural bat?

Zaila da. Sarrigurenen, udalerriko populazio gunerik handienean, ongi islatzen da botoen aniztasuna. Kontzejuek presidentea dute, eta haiek esaten digute zer behar duten. Bi urte hauetan haien babesa izan dugu. Argi dago hainbeste populazio gune dituen udalerri bat kudeatzea ez dela hirigune bakarra duena kudeatzea bezain erraza, baina uste dut ongi ari garela herri guztietara iristen. Eta hobeto iristeko, talde eta elkarteen laguntza nahiko genuke, haien beharrak ezagutzeko.

Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara eta Ezkerrak eman dizute alkatetza. Udal gobernuan ere denek parte hartuko dute ?

Akordioaren lerro nagusiak kenduta —gardentasuna, parte hartzea, era guztietako eskubideen defentsa, enplegua…—, gobernuaren osaketari dagokionez ez dugu ezer erabaki. Guk nahiko genuke denok parte hartzea, bai akordioaren bitartez edo gobernuaren parte izanda. Eta azken egoera hori lortuko ez balitz, gu prest gaude gutxiengoan gobernatzeko, baina gobernagarritasuna bermatuko duen akordio zabal baten barnean.

Ikaragarria da azken hamar urteetan Eguesibarrek izan duen hazkundea. Etxebizitzen eraikuntza neurrigabea izan da?

Eguesibarrek, Iruñearen mugakide izanda, askotan ezagutu ditu hiriaren garapen prozesuak bere lurretan. Urbanizazioen arazo nagusia zerbitzuak dira. Sarrigurengo eskolako kasua ikustea besterik ez dago: epeka egiten ari da, eta bailarako beharrak ase gabe. Beraz, bai, uste dugu gure udalerriko hazkundea neurrigabea izan dela, baina, batez ere, ez direlako hasieratik zerbitzuak bermatu. Etxebizitzak eskaini behar dira, noski, baina baita zerbitzuak ere. Ezin dugu bata eman bestea eman gabe.

Plaza bete ilusio erabakia bermatzeko

Plaza bete ilusio erabakia bermatzeko »

Egia aitortuko dizut: beldurrak jota nago”, esan du Jon Zirizak (Barañain, 1986), grabagailuaren argi gorria piztu den unean. Gure Esku Dago dinamikak Nafarroan duen koordinatzailea da Ziriza, eta igandeko ekitaldi handia hurbildu ahala, betebeharrak ari zaizkio pilatzen. Tartetxo bat hartu du Nafarroako Hitza-rekin solastatzeko. Bitartean, beste lau boluntario dabiltza Sarasate pasealekuko egoitzan gora eta behera, kamisetak multzoka sailkatzen, telefono deiak egiten eta azken xehetasunak lotzen.

“Data hurbildu ahala, urduritasuna areagotzen da”, azaldu du barañaindarrak, sorbaldak astinduz. Ez da gutxiagorako. Iruñeko zezen plaza betetzea eta, horrez gainera, egun osoko kultur egitarau mardula osatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Iazko giza katea antolatzea baino askoz zailagoa dela uste du Zirizak: “Iazkoa ikusgarria izan zen, eta aurreikuspen guztiak gainditu genituen, baina egina dago jada. Horren kopia egiteak ez du zentzurik. Urrats kualitatiboa behar genuen, eta horixe da igande honetako ekitaldia. Iruñean, zezen plaza aukeratu genuen, eta badakigu alimaleko erronka dela hori, jendeak uste duenaren kontrara, Sadar futbol zelaiak baino ikusle gehiago har ditzakeelako. 20.000 inguru. Munduko zezen plazarik handienetakoa da”.

Baina, urduritasuna ez ezik, ilusioa ere nabari da antolatzailearen begiradan. “Iaz ere, giza katea egin baino egun batzuk lehenago, antzeko azkura genuen sabelaldean, eta begira zeinen ongi atera zen hori”, esan du Zirizak, irribarrez.

Barañaindarrak argi du antolakuntzan eta boluntarioen lanean sakontzea dela iazko arrakasta errepikatzeko modurik eraginkorrena. Gure Esku Dago dinamikak 65 batzorde ditu Nafarroako herri eta auzoetan, eta horiek guztiak koordinatzeaz arduratzen da herrialdeko talde eragile nagusia: “Herri edo auzo bakoitzean antolatutako egitasmoen jarraipena egitea; batzordeei laguntza, informazioa edota baliabideak eskaintzea; koordinazio lana egitea… Horiek guztiak dira talde eragilearen betebeharrak. Hilean behin, herrialdeko batzarra egiten dugu, eta hor jorratzen ditugu kontu horiek guztiak”.

Aezkoa, Araitz-Betelu, Izarbeibar, Tafalla, Cascante, Tutera, Leitza, Zangoza, Ultzama, Iruñerria… Nafarroa Garai osoa ehuntzeko moduko sarea sortu dute Gure Esku Dago-ko boluntarioek, baina egitura hori kudeatzea konplexua dela uste du Zirizak: “Ez da lan samurra, Nafarroa eremu zabala delako eta populazioa oso sakabanatuta dagoelako. Hala eta guztiz ere, oso pozik gaude egindako lanarekin; Erriberan, adibidez, bederatzi batzorde sortu dira, eta parte hartzea handitzen ari da etengabe. Hasieran, ohitura falta sumatu genuen Erriberako zenbait herritan, batzordeak antolatzeko garaian batez ere, baina hango boluntarioen ilusioa hain da handia, oztopo guztiak gainditzeko gai dira”.

Ilusio horren frogarik argiena da azken hilabeteetan batzordeek antolatutako ekitaldi sorta: Ehuntze egunak, hitzaldiak, aurkezpenak… “Jostunak dokumentalak arrakasta handia izan du, eta jendeari asko gustatu zaio; bestalde, Ehuntze Egunak ere oso ongi atera dira… Oro har, jende andana joan da ekitaldi horietara, eta giro ederra sortu da. Dena den, dinamika honekin ez ditugu ikusle soilak bilatzen, parte hartzaileak baizik; proiektuan sinesten duen jendea”.

Izaera integratzailea

Orain arte izandako arrakastaren arrazoi nagusia Gure Esku Dago-ren “izaera integratzailea” dela uste du Zirizak. “Gure helburuekin bat egitea oso erraza da, finean, mezua oinarri-oinarrizkoa delako. Ez gara politikaz ari, ezta demokraziaz ere —eskatzen duguna erabat demokratikoa izan arren—. Eskubide bati buruz ari gara, eta eskubide horren bermatzea herritar guztion kontua da, ez alderdi edo ideologia konkretu batena”.

Horregatik, balizko erreferendum batean ezezko botoa emanen luketen herritarrak ere bairatu nahi dituzte. “Independentziari baietz esanen lioketen pertsonez gain, ezezkoaren aldekoak ere inplikatu nahi ditugu. Izan ere, kontsulta bat egiteko garaian, zer-nolako zilegitasuna ematen dizu %30eko parte hartzeak? Muga hori gainditu nahi dugu, eta hori lortzen dugun heinean lortuko dugu zilegitasuna”.

Alde horretatik, Kataluniako eredua “oso garrantzitsua” dela gaineratu du koordinatzaileak, baina prozesu bakoitzaren ezaugarri propioak ahaztu gabe.

Azkenik, erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean gobernuak eta gizarte zibilak elkarrekin lan egin beharko dutela dio Zirizak. “Administrazioa beharrezkoa izanen da independentziaren gaineko kontsulta antolatzeko. Gure lana da herritarren bultzada erabiltzea, administrazioak urratsak egitera behartzeko”.

Lehertu da UPNren burbuila »

Eguesibarko demografiaren bilakaeraren grafikoan bada bat-batean arreta erakartzen duen datu bat: hamarkadetako goranzko joera pausatuan, une batez, ziztu bizian egiten du gorantz populazioaren barrak. 2001etik 2014rako tartean da hori: XXI. mende hasieran 3.413 biztanle zeuzkan udalerriak; iaz, 19.014.

Neurri gabeko hazkundeak, batik bat, Sarrigurengo urbanizazioaren sorrera eta garapenarekin du lotura, baina baita Gorraitz gunearen hazkundearekin ere. Hirigintza proiektu horiek, sarri, ustelkeriaren itzalek lagunduta etorri dira. Hainbesteraino, non denbora luzean Eguesibarrekin lotu den ustelkeria Nafarroan. Praktika horiek Josetxo Andia UPNko alkatearen dimisioa ekarri zuten 2013an, auzipetua izan —gerora absolbitua izan zen —eta alderdiak diziplina prozedura abiatu zionean. Garai horretan, Geroa Baiko Alfonso Etxeberriak hartu zuen kargua, bere koalizioaren eta PSN, Ezkerra eta Bilduren botoekin. Eta, joan den larunbatetik, alkate da berriro Etxeberria, udalbatzak hala erabaki ostean.

Hala, berretsi egin da orain dela bi urteko aldaketa, orain arte behin-behinekoa zena. Eta badu garrantzia: batetik, Eguesibar Nafarroako laugarren udalerria delako populazioari dagokionez, eta, bestetik, UPNren gotorleku izan delako azken hamarkadetan. Alderdi horren azken urteetako gainbehera, hain justu, populazioaren hazkundearen kontrako norabidean gertatu da, ia urte bertsuetan. 2007ko hauteskundeetan, kasurako, bederatzi zinegotzi eta botoen %51,33 eskuratu zituen UPNk. Joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan, %27 baino ez. Bozak irabazi zituzten erregionalistek, baina zortzi botoren aldea baino ez zioten atera bigarren indarrari, Geroa Bairi.

EAJk eta Zabaltzen-en bildutako independenteek osatutako koalizioak, hain zuzen ere, 2.550 boto eta bost zinegotzi eskuratu zituen joan den hauteskundeetan. Geroa Baik, hala, 2011n Nafarroa Baik eskuratutako emaitzak —1.716 boto eta bost zinegotzi— hobetu ditu, eta emaitza horiek parez pare ireki dizkiote alkatetzarako ateak Etxeberriari. Larunbateko bozketan, haren alde egin zuten Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara (Ahal Duguren inguruko hautagaitza) eta Ezkerrako zinegotziek; hala, gehiengo osorako hamar boto batu —17 eserleku ditu udalak—, eta eskuetan eutsi dio aginte makilari.

2011n bezala, EH Bildu izan zen hirugarren indarra joan den hauteskundeetan ere: 150 boto gehiago eskuratu zituen, eta, hala, orain arteko bi zinegotziak mantendu. Haren atzetik, Eguesibar Gara hautagaitza sartu da udalean, 1.106 boto eta bi zinegotzirekin. Zerrenda horren emaitzek batez ere PSNri egin diote kalte, boto kopuruari eutsi badiote ere zinegotzi bat galdu dutelako sozialistek. PPk ere bidean galdu du orain arte zuen zinegotzi bakarra, eta, beraz, ez du ordezkaritzarik izango udal berrian. Ezkerrak, azkenik, eserleku bat galdu eta hautetsi bakarra izango du Eguesibarko Udalean.

Ustelkeriaren itzala

Hamar kontzejuk eta sei populazio gunek osatzen dute Eguesibarko udalerria. Horietako batzuk, Sarriguren eta Gorraitz, adibidez, ezagunak dira azken urteetan izandako hazkundearengatik eta jasotako populazioagatik. Horien inguruan sortutako hirigintza proiektuek 90eko hamarkadako eta XXI. mende hasierako eraikuntza burbuilaren adierazgarri nagusi bilakatu zuten Eguesibar. Eta horrekin batera ustelkeria kasuak ere agertu ziren.

2003koa izan zen sonatuena: Ignacio Galipienzo UPNko alkateak hezkuntza erabilerarako gordetako lursail bat eraikuntza enpresa bati saldu izana eta trukean komisioak kobratu izana ebatzi zuen justiziak. Galipienzok dimisioa eman zuen, eta Josetxo Andiak hartu zuen haren lekua. Hamar urte geroago, bide beretik alde egin zuen Andiak, epaileak auzipetu ostean, ustez diru publikoko 100.000 euro banku baten lehentasunezko parte hartzeetan inbertitu zituelako. Absolbitu egin zuten Andia, eta Geroa Baik jarritako helegitea ebazteko prozeduran dago orain justizia.

Ziurrenik, lotura zuzena izan dute ustelkeria kasuek UPNren gainbeheran. Jaitsiera horrek Geroa Bairi egin dio mesede, baina lehen indarra izan da, beste behin ere, alderdi erregionalista. Aldea dezente txikitu da, ordea, eta aldaketaren aldeko indarren akordioak direla medio, bukatu da UPNren hegemonia. Burbuilak, azkenean, eztanda egin du.

Falange y Tradicion taldeko hiru kide epaituko dituzte, mehatxuengatik »

IRUÑEA. Astelehenetik aurrera, Falange y Tradicion taldeko hiru kide —Javier Lopez Monreal, Jose Ignacio Irusta eta Borja Illera— epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, talde horrek 2009an egindako mehatxu eta ekintzengatik. Besteak beste, Koldo Pla eta memoria historikoaren inguruan lanean ziharduten hainbat pertsona mehatxatu zituen taldeak, eta gaiarekin lotutako plakak eta oroitarriak suntsitu.

Eleberrietan azaltzen ez den Nafarroa beltza

Eleberrietan azaltzen ez den Nafarroa beltza »

Botere politikoa eta ekonomikoa kontrolatzen duten familia burges zaharrak, arrakalak agerian dituen erregimen ustela, konspirazioak, gehiegikeria... Nobela beltz baten osagai guztiak batzen ditu Nafarroako historia garaikideak; errealitate hori, ordea, ez da fikzioan ageri, berripaperetan baizik. - Jarraitu irakurtzen...

Kate berriak, aro berrirako

Kate berriak, aro berrirako »

Hamaikak, Xaloak eta Nafar telebistak emisioak hasi dituzte berriki Iruñerrian, eta goitik behera aldatu dute Nafarroako ikus-entzunezko esparrua. Euskarak presentzia nabarmena du hiru kateetan. - Jarraitu irakurtzen...

Alfonso Karlosena hautatu dute NUPeko errektore

Alfonso Karlosena hautatu dute NUPeko errektore »

Julio Lafuente egon da kargu horretan azken zortzi urteotan. Gaurko bozetan, Alfonso Karlosena fisikaria eta Jorge Nieto ekonomialaria izan dira lehian. - Jarraitu irakurtzen...

Lehen bozak, NUPen »

Errektore berria aukeratuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur, foru eta udal bozen aurretik. Alfonso Karlosena eta Jorge Nieto dira kargurako hautagaiak. - Jarraitu irakurtzen...

Alfonso Karlosena (NUPeko errektoregaia): “Osasun sistema publikoak medikuntza fakultatea behar du”

Alfonso Karlosena (NUPeko errektoregaia): “Osasun sistema publikoak medikuntza fakultatea behar du” »

Edurne Elizondo / BERRIA

Julio Lafuenterekin Ikerketarako errektoreorde izan da Alfonso Karlosena Fisika doktorea (San Martin Unx, Nafarroa, 1962). Kudeaketaren esparruan lan hobea