Zazpi errepresaliaturen arrastoak topatu dituzte Iberon

Zazpi errepresaliaturen arrastoak topatu dituzte Iberon »

Iberon (Nafarroa) ari dira indusketa lanetan, 1936ko kolpe militarraren ostean hil eta lurperatu zituzten herritarren aztarnak topatzeko. Gutxienez horietako zazpiren arrastoak topatu ditu

Bizirik atera dira

Bizirik atera dira »

Lorea, Edurne, Izar eta Nora; asmatutako lau izen, benetako bertze horrenbertze emakumeren istorioak kontatzeko. Indarkeriazko istorioak dira. Indarkeria matxistak erdi bi egin baitzituen laurak. Hautsi egin zituen, haien bizitzaren une batean. Iraindu, mehatxatu eta kolpatu egin zituzten, ia hil arte. Agerikoak dira orbainak haien azalean; eta ikusten ez badira ere, mingarriagoak dira gogoan iltzatuta gelditu zaizkienak. Beldurra hurbil sentitzen du Edurnek, oraindik ere; bakardadearen eta babesgabetasunaren beldur da, berriz, Nora. “Sistemak ez du funtzionatzen”, salatu du Loreak. Eta gizartearen ardura agerian utzi du Izarrek: “Epaitu nautela sentitu dut”. Elkarri ematen diote babesa, hautsitakoa konpontzeko prozesuan. Barrukoa kanpora atera dute orriotan, mezu hori zabaltzeko: aurrera egin daitekeela. Haiek egin dute. Bizirik atera dira. “Ez isildu, eta salatu”, erran nahi izan diete indarkeria pairatzen ari diren emakumeei.

Indarkeria matxista sufritu eta bizirik atera direlako, hain zuzen ere, argi utzi dute ez dituztela nahi hitz hutsak. Ez dela hori emakumeek behar dutena. Ekintzak nahi dituzte. Emakumeak lagundu eta babestuko dituzten neurriak. Agintari konprometituak, argazkia bilatzen duten horien tokian. Enpatia. “Gizartearen isiltasunak ere kolpatzen gaituelako”, nabarmendu du Norak.

“Hain da garrantzitsua babesa!”, berretsi du Izarrek. Gogoan du, ordea, berarenganako hoztasuna; epaitegietan eta ospitalean jasandako tratu hotza. 49 urte ditu, eta 15 urtez egon zen ezkonduta; tratu txar psikologikoak sufritu zituen. “Orduan ez nintzen konturatzen, baina ezkondu bezain pronto hasi zen nire kontrako indarkeria; hasieran zolia zen, baina areagotuz joan zen denborak aurrera egin ahala”. Senarrak ez zuela deustarako balio errepikatzen zion, behin eta berriz. Ez zuela deus egiten ongi. Ez zela deus lortzeko gai. Eta Izarrek sinetsi egin zuen. Sinetsi egin zuen ez zela inor. Eta depresioak gogor jo zuen, ondorioz. “Ezin nuen lo egin; ezin nuen deus jan; hamabost kilo argaldu nintzen”. Medikuek emandako pilulak baino ez zituen hartzen, egunez eta gauez. “Banekien ezin nuela horrela jarraitu; gizon hura utzi behar nuela; baina kosta egin zitzaidan erabakia hartzea”.

Egin zuen, azkenean. “Nire bizitza hagitz tristea zela konturatu nintzen; egin behar nuela zerbait”. Arazoak ez ziren dibortzioarekin amaitu, ordea; indarkeriak jarraitu zuen. “Banandu eta gero, nire kontra egin zuen. Hasi zen niri jazartzen; karrikara atera, eta atzetik nuen beti; telefonoz deitu, eta iraintzen ninduen; mehatxu egiten zidan; alaba kenduko zidatela erraten zidan, erotuta nengoela”. Beldurrak hartu zuen Izar.

Senar ohia salatu zuen, baina auziak ez zuen aurrera egin. “Indarkeria psikologikoa jasan duzula erakustea hagitz zaila da, oraindik ere”. Lezio hori ikasi zuen Izarrek, eta etorkizuna beltz agertu zen haren aurrean. “Ez nuen aurkitzen nire egunerokoa aldatuko zuen konponbiderik. Hagitz gaizki nengoen. Pilula potoa osorik hartu eta ia…”. Izarrek ezin izan du esaldia amaitu. Ia hil egin zen. Ospitalera garaiz eraman zuten, ordea. Eta onik atera zen. Gogoan du, hala ere, erietxean inork ez zuela bere egoera indarkeria matxistarekin lotu. Medikuek ez zutela inolako txostenik idatzi, hori aipatu eta salatzeko. “Psikologia saileko gaixoa nintzen ni orduan; nire historia medikoa bazuten. Baina ez zuten deus egin. Eta nik hil egin nahi nuen. Bertzerik ez. Hil egin nahi nuen”.

Psikologo batek eman zion une hartan behar zuen laguntza. “Familiari ia ez nion deus erran gertatzen ari zenaz. Ahizpari bai, eta hark anitz lagundu zidan. Hainbat lagun nire kontra jarri zituen senar ohiak, ordea. Bertzeentzat pertsona ona eta atsegina zen, beti laguntzeko prest zena”. Izarrek ongi ezagutzen zuen, ordea, eta psikologo haren eskutik, azkenean, paper batean jasota gelditu zen Izar indarkeria matxistaren biktima zela. Hasi zen hobera egiten, eta bertze emakumeen eta hainbat elkarteren babesarekin, aurre egin zion senar ohiari. “Konturatu zenean ez nintzela isiltzen eta borrokatzeko gai nintzela, bakean utzi ninduen”.

Nerabezaro lapurtua

Jasandako indarkeriak hamaika ondorio eragin zizkion Izarri. Psikologoek artatu beharrekoekin batera, baita bertze hainbat motatakoak ere. Ekonomikoak, adibidez. “Zenbait lan galdu egin nituen depresioak jota egon nintzenean; alaba galtzeko beldurrak ere behartu ninduen etxean gelditu eta hainbat lanposturi ezetz erratera”.

Edurneri ere, ikasteko eta nahi zuen lanpostua bilatzeko aukera ebatsi zion indarkeria matxistak. 50 urte ditu, eta 13 zituenean amaren etxetik atera zuen gizon batek. Nerabezaroa lapurtu zion. Amets guztiak. Bere seme-alaben aita dena espetxean da egun, bertze emakume bat hiltzeagatik. Kartzelatik baldintzapean aske atera zenean hil zuen. Alaba adingabea bortxatzeagatik zegoen barruan. Lau urte barru beteko du zigorra, eta une horren beldur bizi da Edurne.

Sorterriko gizartearen matxismoa goiz ezagutu zuen Edurnek. “13 urte nituenean, nire atzetik hasi zen 20 urteko mutil bat; haren aitak nirea ezagutzen zuen, eta egun batean haren etxera gonbidatu ninduten urtebetetze besta batera. Joan nintzen, baina, besta amaituta, gizonak ez ninduen nire etxera eraman nahi izan, bueltan. Biharamunean ailegatu nintzenean, amak bota egin ninduen. Gizon haren etxean gelditu behar izan nuen”.

Haur bat bertzerik ez zela nabarmendu du, behin eta berriz. Gizonaren etxean, kolpeak lehen unetik bilakatu ziren eguneroko kontu. “Tortura zen hura”. 15 urterekin izan zuen lehen seme-alaba. Bost ditu, denera. Laugarrenaren haurdunaldian, sabela zapaldu egin zion bikotekideak Edurneri. Handik hiru egunera jaio zen haurra, behar baino lehen. “Ia hil egin zen”.

Kolpeak, irainak, mehatxuak. Bai eta seme-alaben aurkako tratu txarrak ere. Etxea infernu bihurtu zion gizonaren indarkeriak familia guztiari. Bosgarren haurra jaio baino lehen, senide baten etxera ihes egitea erabaki zuen Edurnek. “Itzuli behar izan nuen, ordea, haurrak hilko zituen beldur nintzelako”. Orduan ere Edurnek argi zuen hiltzeko gai zela gizon hura. Saiatu zen, behin baino gehiagotan. “Lepotik ia hil arte heldu ninduen behin; nabalarekin ere behin baino gehiagotan egin zidan mehatxu”.

Bosgarren haurra jaio eta gero, bigarrenez alde egin zuen Edurnek. Orduan bai, betiko. Epaile baten agindua lortu zuen seme-alabak gizonaren etxetik ateratzeko. “Amaren etxean utzi nituen, Iruñera etortzeko”. Handik zazpi urtera lortu zuen familia berriz ere elkartzea. Saminez eta doluz betetako familia zen, hala ere. Indarkeriak bere aurpegirik krudelena erakutsi zion Edurneri bikotekideak alaba bortxatu zuenean. “Ikaragarria izan zen”. Edurnek ezin dio negarrari eutsi. Alabak aurrera egin duela nabarmendu du, dena den. “Nik ere bai. Baina ez gara denak berdinak”. Indarkeriak bere hiru semeetako birengan izan duen eragin latza aipatu du: “Tratu txarrak jaso eta gero, erasotzaile bilakatu da haietako bat; bizkarrean ditu aitak egindako deskarga elektrikoen arrastoak. Bertze bat espetxean izan da, drogekin lotutako arazoen ondorioz. Han zegoela jakin nuen nire amaren etxean izan zenean nire anaiek semeaz abusatu zutela. Hark aitortu zidan. Bihotza apurtu zitzaidan une hartan”.

Loreak adi entzun ditu Edurneren hitzak. Lagunak bizi izandakoak zerbait mugitu dio barruan. “Zure esperientziarekin alderatuta, nirea…”. Ez du esaldia amaitu. Pentsatzen gelditu da. Edurnek bukatu du, haren ordez. “Bakoitzak bizi du berea. Denak dira latzak. Eta inork ez ditu merezi”.

“Ez nintzen jabetzen”

Loreak 43 urte ditu, eta hiru seme-alabaren ama da. Tratu txar psikologikoak eta fisikoak jasan ditu. “Feminista eta independentea izan naiz beti; sekula ez nuen pentsatu gizon baten menpe egonen nintzela noizbait”. Izarren hitzak bere egin ditu: “Tratu txar psikologiko horiek sotilak ziren hasieran; ez nintzen konturatzen. Lehen kolpeak jaso nituenean ere, ez nintzen jasaten ari nintzen indarkeriaz benetan jabetzen”. Dibortziatzea erabaki zuen arte. “Seme-alabak jotzen hasi zen senarra. Zerbait egin behar nuen”.

Sententzia jaso bezain pronto, etxeko sarraila aldatu zuen. Egun batean, ordea, sarrailak ere ez zuen senar ohia geldiarazi. “Seme-alabak hartzera etorri zen; aurpegiratu nion pentsioa ez zidala ordaindu, eta ez niola sartzen utziko. Une horretan, sorbaldetatik heldu ninduen, eta atearen kontra bota ninduen, indarrez. Hainbat kolpe eman zizkidan. Seme-alaben aurrean”. Semeak eman behar izan zien larrialdi zerbitzuei abisua. “Ni ez nintzen gai. Etxeko atea zabalik zela oihu egin nuen, baina inor ez zen laguntzera etorri”.

Senarraren aurkako salaketa jarri zuen egun horretan, lehendabiziko aldiz. “Eta senarrak nire kontrakoa ere bai, seme-alabak eramaten ez uzteagatik. Eraso egin niola ere salatu zuen”. Loreak ezin zuen sinetsi. Are gutxiago, fiskalak senar ohiaren aurka eginen ez zuela erran eta gero. Epaiketaren eguna du Loreak gogoan. “Epailearen aurrera joan nintzen pentsatuz senar ohia epaituko zutela; baina epaiketa bion aurkakoa zen, familia barruko indarkeriagatik!”. Sistemak huts egin zuela salatu du. “Aretoan nire ondoan izan nuen senar ohia. Nerbioek jota nintzen, negarrari ezin eutsi”. Sententziak biak jo zituen errudun. “Helegitea aurkeztu dut, noski”.

Administrazioak ez duela babestu sentitzen du Loreak. Familiaren laguntza beti izan du, ordea. Eta eskertu du. Beldurra ez dela desagertu onartu, eta aitortu du bere salaketa eragin zuen erasoa jasan arte ez zuela uste senar ohia hori egiteko gai izanen zenik.

Edurnek bezala, ordea, Norak beti izan zuen argi senarra bera hiltzeko gai izanen zela. Eta saiatu zen. Aurpegian utzi zizkion 2008. urtean gertaturiko eraso haren arrastoak. Arropen azpian ere bai. Baina ispiluari so egiten dion bakoitzean ikusten dituen orbainek egiten diote min gehien Norari. “69 puntu eman zizkidaten aurpegian. Ispilu batean nire burua ikusten dudan bakoitzean, ordukoak etortzen zaizkit burura. Ezin diot eraso horri ihes egin”. Gizarte Segurantzak, gainera, uko egin dio behar dituen ebakuntzak ordaintzeari. “Erakunde publikoek erabat babesgabe utzi naute”.

Nora hiltzen saiatu eta gero, bere buruaz bertze egin zuen haren senar ohiak. 16 urterekin hasi zuten harremana, eta lehendabizikoz haurdun gelditu zenean hasi zen emakumea indarkeria matxista sufritzen. Seme-alabengatik eutsi zion egoerari. “Bakarrik nintzen; ez nekien zer egin; ez nintzen senarra uzteko gai”.

Urrats hori egiteko indarra lortu zuen, azkenean. Baina beldur zela nabarmendu du Norak. “Argi nuen alde eginen nuen egun berean ni hiltzen saiatuko zela”. Egoeraren berri eman zion seme zaharrenari. Baina ez zion sinetsi. Aitak amari emandako labankaden berri izan zuenean, lur jota gelditu zen. “Badakit errudun sentitzen dela, baina ez du zertan”, erran du Norak.

Hil nahi zuen gizonari aurre egin zion emakumeak. Eta horregatik salbatu zen. Loreak errandako hitzak ekarri ditu gogora, eta berak ere oihu egin zuela nabarmendu du: “Banekien bizilagunak etxean zirela. Atea ireki nuen, eta oihu egin nuen, senar ohiak iletik heldu eta barrura sartu baino lehen. Baina inor ez zen laguntzera etorri”. Ondoko eraikineko bizilagun batek erantzun zion Noraren laguntza deiari. “Etorri zenean haren aurpegia zuri zegoen; odolez betea nintzen”. Hogei minutuz egon behar izan zuen karrikan, anbulantziaren zain.

“Indartsua naizela ematen du, baina nik uste dut jaso ditudan kolpeek egin nautela indartsu”. Malkoek irrist egin diote Norari. “Anitzetan pentsatzen dut nola ote den posible niri halakorik gertatu izana; edozeini gertatzen ahal zaio; hori da kontua”.

Edurnek lehortu ditu Noraren malkoak. Jaso du Izarren eta Lorearen besarkada bana ere. Eskutik heldu diote elkarri. Elkarrekin indartsuago direla sentitzen dutelako. Bizirik atera, eta aurrera egin dutelako.

Lokatz arteko urratsak

Lokatz arteko urratsak »

Oasi txiki bat ikusten hasi da Nafarroako euskalgintza azkenaldiko basamortu beltzean. Helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko entitate juridikoak izango dira onuradunak kasu honetan, Euskarabideak 131.867 euroko diru saila jarriko baitu 2015eko urritik abendura egingo diren ikastaroetarako. Pozik hartu dute berria Kontseiluak, AEK-k eta IKAk, baina datorren urteko aurrekontuen zirriborroak hareaz bete du berriz ere oasia. “Euskararen egoera benetan hobetuko duen diru sailik ez dugu ikusten. Gainera, Euskararen Legea aldatu ezean, emango diren pauso gehienak lokatz arteko urratsak izango dira”. Halaxe baieztatu du Xabi Gartzia Nafarroako AEK-ko arduradunak.

2012ko urritik hutsaren hurrena izan da euskaltegiek eta gau eskolek jasotako diru laguntza, aurrekontuetan 245.000 euroko diru saila onartu arren. Hori dela eta, ikasleek matrikuletan bere gain hartu behar izan dute gobernuak egin ez duen ahalegina. Ikasleek 2 euro ordaintzen badute orduko, gobernuak ematen zuenarekin pertsona eta orduko 0,5 euro lortzen zen; ikasleek ordaintzen dutenaren laurdena. “Horrek ez dauka izenik”. Irakasleen soldata eta lan baldintzak ere kaskartzen joan dira.

Gobernu berriarekin amets berriak sortu ziren berehala. Akordio programatikoan bertan estrategikotzat hartzen da helduak euskalduntzen eta alfabetatzen dituen sektorea, eta jasota dago presazko kontua dela diru sail bat zehaztea. Azkenean, iritsi da lehenengo berria. Ia 132.000 euro izango dituzte urteko azken hiruhilekorako. “Berri ona da; behingoagatik norbait gutaz gogoratu da, baina ezin gara hemen gelditu. Urtarriletik aurrera Euskarabidearekin bildu eta plangintza bat osatzea da gure lehentasuna”, ohartarazi du Gartziak.

Iritzi berekoa da Sagrario Aleman, IKAko arduraduna. “Euskararekiko zorra hor dago, baina ez da zor ekonomikoa bakarrik. Uste dugu administrazioari ahalegin berezia egitea tokatzen zaiola, ez baitu ezertarako balio sektore estrategikoa garela esateak, gero ez bada ezer egiten. Hitzarmen iraunkorrak lortu nahiko genituzke”. Foru gobernuak hasi berri duen bideari argi-ilunak ikusten dizkio Nafarroako euskalgintzak, ordea. Hiru zutabe aipatu ditu Iñaki Lasa Kontseiluko kideak: corpus juridikoa, baliabideak eta plangintza.

Euskararen Legea dago lehendabiziko zakuan: “Jakin badakigu lege hori berez badela baztertzailea, eta hori aldatu gabe dekretu bidezko erreformak beti izango dira hanka motzak, Euskararen Legeak oinarria eskaintzen baitio gainerako arkitektura juridikoari”. Hortik aurrekontuetara jauzi egin du Lasak. “Lehendabiziko zutabea etsigarria bada, bigarrena are etsigarriagoa da. Aldaketaren gobernu honek beste hizkuntza politika bat egin nahi duela dio, baina aurrekontuen egitura eta diru sailak errepikatzen dira. Zenbakiak ere ez dira beste munduko ezer. UPNk sina zitzakeen aurrekontu hauek”.

Are gehiago, krisi garai bete-betean, UPNk 394.000 euro jarri zituen arlo horretarako. “2016an aldaketaren gobernuak 300.000 euro esleitzen ditu, duela bost urte baino 100.000 gutxiago. Hori onartezina eta iraingarria da”, salatu du Lasak. Halaber, ohartarazi du lehen aurrekontu osoaren %0,07 izaten zela euskalgintzarako, eta gobernu berriak %0,1 egingo duela. Hizkuntzaren normalizaziorako zifra egokia %2an kokatzen du Kontseiluak. “Euskalgintzak pairatu behar duen prekaritatea ezin izango da gainditu aurrekontu hauekin”.

Alemanek eta Gartziak ere beldurrez begiratzen diote aurrekontuaren zirriborroari. IKAko arduradunak uste du hasteko diru sail hori onar daitekeela, baina hurrengo urteetan igotzen joatea ezinbestekoa dela. “Nafar guztiek euskara dohainik ikasteko eskubidea dute, baina hori erdiestetik urrunegi gaude. Gainera, ezin dira nafar batzuk baztertu bizi diren tokiagatik, eta hori lortzen du oraingo Euskararen Legeak”. Gartziak segitu du: “Aldaketa dakartela diote, baina aurrekontuak ikusi ditugunean ohartu gara aurreko gobernuaren antzekoak direla. Aldaketa aurrekontuetan ere nabaritu behar da, eta oraindik ez dugu hori ikusi”.

Diru gabe, plangintzarik ez

Kontseiluko kideak hirugarren zutabearekin lotu ditu diru sailak. Lasak gogorarazi duenez, Nafarroan ez da sekula politika planifikaturik egin administrazioa —Osasunbidea, Foruzaingoa eta abar— euskalduntzeko, eta 2016ko aurrekontuetan ere ez da “zentimorik ere aurreikusten” sail horietarako. “Akordio programatikoan dago zirkuituak eraikiko dituztela, baina ez dago diru sailik aurreikusita zirkuitu horientzat. Argi esan behar dugu hau ez dela aldaketa euskararentzat. Diru horiekin ezin da plangintzarik abiatu; ikusiko dugu zer gertatzen den euskaltegiekin”.

Lasaren aburuz, berriz, “txalogarria” da gobernuak lehenbailehen zerbait emateko egin duen ahalegina, baina abendutik aurrerakoa ilun ikusten du. “Ez dakit ez ote dugun geure burua berriz kalean ikusten. UPNk Euskararen Legea ez aldatzeagatik eta aurrekontu eskasak aurkezteagatik protestatzera ateratzen ginen. Oraingo administrazioak bide beretik jarraituz gero, ez gara etxean ezer egin gabe geratuko”.

Gartziak jakinarazi du Euskarabidearekin harremana lortzeak itxaropena sortu diela, azken urteetan modu erabat paraleloan lan egin baitute. Alemanek ere argiren bat ikusten du tunelean, baina uste du zuhurtziaz jokatu behar dela. “Badirudi beraiek ere badakitela diru hori gutxi dela, baina espero dugu norabide egokian aurrera egitea, epe luzerako plangintza bat eginez. Gobernu aldaketagatik bakarrik ez da gure herria euskaldunduko, eta guk ere lanean jarraitu behar dugu, euskara irakasten, erabiltzen eta ikasten. Gure egitekoak berdin segitzen du”.

Ikusezina dena ikusgarri bihurtuz

Ikusezina dena ikusgarri bihurtuz »

Autismoa buruko gaixotasun bat da, eta hori duten umeek ez dute ezer sentitzen. Beti bakartuta daude gainera”. Okerrak. Uste faltsuak. Gisa horretako erantzunak eman dituzte Nafarroako zenbait ikaslek autismoaz zer zekiten galdetuta. Sindrome ikusezina da, fisikoki ez da nabaritzen, eta horrek mota askotako arazoak sor ditzake. “Helduentzat ulertzeko zaila bada, are zailagoa gaztetxoentzat”, jakinarazi du Paula Rodriguez Nafarroako Autismo Elkarteko zuzendariak. Horri erantzuteko lehen urratsa egin dute, Nafarroako bi ikastetxetan sentsibilizazio saioak egin baitituzte ikasleekin.

Normalean, sindromea duen pertsonak berak erabakiko du nor gertura daitekeen laguntzera, nor gustatzen zaion eta nor ez. Baina badaude bere hurbiltasuna erdiesteko moduak: “Eskuetatik goxo heldu, eta haurraren begien parera jaitsi behar dugu, irribarre eginez. Konplizitatea lortu, eta hor gaudela erakutsi behar diegu. Gero, eskua luzatu eta berari gustatzen zaionera jolastu beharko dugu hasieran, bertzela ez baitzaio interesatuko”. Pazientzia izatea da gakoa. “Gogorra izan daiteke, baina nahi bada, ahalko da azkenean; ez da hain zaila”, gaineratu du Rodriguezek.

Errutinaren garrantzia

AEBetan egindako ikerketa baten arabera, 68 jaioberritik batek autismoa du: “Hori izugarria da”, ohartarazi du elkarteko zuzendariak. “Mota asko daude, eta bakoitzaren egoerara egokitzen jakin behar dugu”. Ezaugarri batzuetan bat egiten dute, ordea: ez dute begietara begiratzen, ez dituzte txantxak eta bigarren zentzuak ulertzen, eta oso zurrunak dira eguneroko errutinarekin. Zerbait aldatzekotan, aurre hartzen saiatu behar da: “Egunero amonaren etxera joaten bagara, aurretik azaldu beharko diogu gaur zergatik ez garen joanen, berak barneratu dezan”. Hori guztia ikusarazten saiatu dira Alesbesko El Castellar ikastetxean eta Iruñeko Iñaki Otxoa de Oltza institutuan.

Dinamika batekin hasi ohi dute saioa maila altuenetan. Boluntario bat gelatik kanpora atera, eta bitartean Rodriguezek gainerakoekin hitz egiten du. Zuzendariak hitz zehatz batzuk erraterakoan, ikasle guztiek oihuka, txaloka edo mugitzen hasi behar dute. Jakina, kanpoan zegoenak ez du zergatia ulertzen. “Neska bat asko larritu zen, eta gelditzeko eskatu zigun, ia oihuka. Hori da, hain zuzen, autismoa dutenei gertatzen zaiena. Ez dituzte egoera batzuk ulertzen, eta horregatik zapuzten dira, edo arraro jokatzen dute. Baina beti egonen da arrazoiren bat”.

Horren ondoren, Hugo, un amigo con Asperger bideoa ikusten dute. Protagonistak sindrome neurologiko bat dauka, eta errutina bat mantentzen du ikasgelan. Hugo, baina, ez dago bakarrik; lagun bat dauka ondoan, behar duen bakoitzean laguntzeko prest. “Hori ikusarazi nahi izan diegu ikasleei, garrantzitsua baita autismoa duen bati laguntzea”. Bideoaren amaieran, Hugok sentiarazi diena azaldu behar dute ikasleek, eta, pixkanaka, autismoaren ezaugarriak atera behar dituzte denen artean. Ohartzerako, saioaren hasieran zeuden aurreiritziak desagertzen dira.

Irakasleen jarrera ere funtsezkoa da. “Jolastokian inklusioa lantzeko proiektu bat abiarazi dugu. Joan den astean, esaterako, formazio saio bat egin genuen irakasle batzuekin, eta oso ongi atera zen”. Rodriguezen arabera, inklusioa egunerokoan nabaritu behar da, baina urritasuna ere bai. “Ikusezina dena ikusteko moduak bilatu behar dira”.

Azkenik, zuzendariak piktogramak ekarri ditu gogora, autismoa duten pertsonentzat ezinbesteko pilare baitira. Denetarako erabiltzen dituzte: jolasteko, komunikatzeko, zenbatzeko… Gizarte osoa irudien bidez irudikatu beharko litzatekeela uste du Rodriguezek. “Beti exijitzen diegu gure ohituretara eta beharretara egokitzeko, baina gu gara egokitu behar dugunak”.

Abel Azkona: «Arteak kritikoa, soziala eta politikoa izan behar du; zirikatu behar du»

Abel Azkona: «Arteak kritikoa, soziala eta politikoa izan behar du; zirikatu behar du» »

Ion Orzaiz / BERRIA

Euria ari du Serapio Esparza plazan. Dozena bat pertsona daude erorien monumentuaren aitzinean, zain, aretoa noiz irekiko. Aitzinean,

Mila egun baino gehiago

Mila egun baino gehiago »

Sumatzen da haien aurpegietan etsipen apur bat. Nekea ere bai. Aurrera jarraitzeko asmoa, hala ere, sendoa da haiengan. Horixe nabarmendu dute. “Ez dugu amore emanen”. Duela hiru urte hasi zen lan gatazkaren erdian dira urritasunen bat dutenentzako zentroetako langileak Nafarroan. 800, denera. Haietako gehienak, %91, emakumeak dira.

2012ko azaroan osatu zuten sindikatuek lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia, eta oraindik ez dute urrats bat ere egitea lortu. “Mila egun baino gehiago egin ditugu jada borrokan”, erran du Andres Cenicerok, Lizarrako Oncineda zentroko langile eta CCOO sindikatuko ordezkariak. Iazko ekainetik, greba mugagabean dira.

“Lan baldintza duinak nahi ditugu”. Halaxe laburbildu du egoera Anabel Diazek, sindikatu bereko kide eta Iruñeko Valle del Roncal zentroko langileak. Azken bost urteotan soldata izoztua izan dute urritasunen bat dutenak artatzen dituzten zentroetako beharginek; hitzarmenean jasotako hainbat neurri bertan behera utzi ditu enpresak, gainera. “Antzinatasunagatik sari bat jaso behar genuen 2013an, adibidez, baina ez pagatzea erabaki zuten”. Auzitara jo zuten langileek, ondorioz, eta enpresak ordaindu behar izan zuen. Datorren urtarrilean gauza bera egin beharko duten beldur dira. Izan ere, antzinatasunagatik jaso beharreko hurrengo saria ere ez duela ordainduko iragarri du enpresak.

Nafarroan dauden zentro gehienak publikoak dira, baina kudeaketa esku pribatuetan da. Adacen Fundazioa da Mutiloako burmuinean kalte hartutakoentzako zentroko arduraduna. Itundua du zerbitzua gobernuarekin. Aspace Fundazioak bi zentro kudeatzen ditu. Eta gainerakoak, berriz, SarQuavitae enpresaren esku dira. “Ia sektore guztia kontrolatzen du enpresa horrek; %80 baino gehiago”, erran du Diazek.

Langileak, erdian

Kudeaketa pribatua da, baina SarQuavitaek jasotzen duen dirua publikoa da. “Nafarroako aurreko gobernuak, ordea, ez zuen diru hori gastatzeko moduari buruz inolako kontrolik egin”, salatu du ELAko Josetxo Mandadok. Sindikatu horretako arlo soziosanitarioaren arduraduna da Nafarroan. ELA eta CCOO sindikatuekin batera, UGT eta LAB ere badaude negoziaziorako mahaian.

Enpresaren jardueraren gaineko kontrolik eza da, Mandadoren hitzetan, langileak erdian harrapatu dituen gatazkaren gako nagusia. Horixe sentitzen dute langileek, hain zuzen. Erdian direla. “Enpresaren eta administrazioaren artean gaude; hitzak bertzerik ez dugu jaso, ordea, gero betetzen ez diren aginduak”, erran du Infanta Elena zentroko langile Rosa Leonek. Lankide du han Blanca Hermoso de Mendoza. Biek argi utzi dute gatazkak izan duela eragina haien egunerokoan. “Iaztik gaude greban, eta ez dakigu hau noiz amaituko den. Tentsioa sortzen da lantokian; langileen arteko giroan sumatzen da egoeraren eragina”, azaldu du Hermoso de Mendozak.

Ez da harritzekoa. Mila egun baino gehiago iraun du lan gatazkak jada, eta, iazko ekainetik, greban dira langileak. Haien eskaerak kontuan hartu arte ez dutela etsiko argi utzi dute sindikatuek. Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak “neurriz kanpokoak” direla salatu dute. “Ia %100ekoak; hainbat zentrotan protesta hasi aurretik zegoen langile kopuruak gora egin du grebarekin”, erran du Mandadok.

“Gure esku dagoen guztia egiten dugu zentroetako erabiltzaileek lan gatazkaren ondorioak suma ez ditzaten”. Horixe nabarmendu du Anabel Diazek. “Lan baldintzek guregan dute eragina; baina dena ematen dugu zentroetan diren pertsonen alde”. Mandadok onartu du zenbaitetan grebak sortu duela familien artean kexaren bat. “Ulergarria da haserretzea; ulertzen dugu, eta haiek ere gure egoera ulertzea espero dugu. Badakigu hala dela. Familia anitzek eman digute babesa”, erantsi du ELA sindikatuko kideak.

Grebak ukitzen dituen zentroetan 670 pertsona inguru artatzen dituzte. “Era askotako urritasunak dituzten pertsonak dira. Gehienek menpekotasun handia dute”, azaldu du Andres Cenicerok. Horregatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuari ahalegin berezia eskatu dio egoerari konponbidea eman ahal izateko, ahalik eta azkarren.

Oraingoz, hala ere, ez dute Nafarroako Gobernuko agintarien eskutik espero zuten babesa jaso. “Oposizioan zirenean gurekin bat egin zuten; arrazoia gure alde zela erran zuten, behin eta berriz; orain, ordea, agintea haien esku dagoenean, ez dute deus egiten”. Horixe salatu du Anabel Diazek, eta agerian utzi du, oraindik ere, ez dutela lortu gizarte gaietarako lehendakariorde Miguel Laparrarekin bilera egitea. “Hainbat aldiz eskatu, baina ez dugu lortu”, azaldu du Mandadok. Erantsi du gobernua babesten duten taldeek akordio programatikoan jaso zutela langileon gatazkari konponbidea emateko konpromisoa.

“Etsita gaude jaso dugun erantzunarekin”, aitortu du Diazek. Bilerak egin dituzte Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buru Ines Francesekin, baina bilera horiek ez direla konpromiso eta urrats zehatzetan gauzatu gaineratu du. “Hitzak baino gehiago, ekintzak behar ditugu guk”.

Ekintzak, babesa eta kontrola. Horixe eskatu du CCOO sindikatuko kideak. Bat egin du ELAko Josetxo Mandadok. “Ezin dugu onartu enpresak orain arte izan duen botereari eustea. Egun, nahi duenean erabaki dezake kontratuko neurriren bat ez betetzea. Eta gobernuak ez dio konturik eskatu, orain arte”.

Egoera hori aldatu nahi dute sindikatuek, eta negoziazioa martxan jarri hori lortzelo. “Gobernuak har dezala diru publikoaren ardura, eta kontrola dezala nola gastatzen den. Egun, langileoi kentzen digun zatitik lortzen du enpresak bere etekina. Guri lana bertzerik ez zaigu gelditzen. Lan karga ikaragarria”. Hori nabarmendu du Diazek. Nekatuta dago. Atseden hartu nahi du. Mila egun baino gehiagoko gatazkari amaiera eman. Lanean “duintasunez” jarraitzeko.

Errepresioak badu izenik

Errepresioak badu izenik »

Liburu hau kolpe moral, politiko eta etiko handia da Nafarroako gizartearentzat”. Horixe nabarmendu du Fernando Mendiola NUPeko irakasle eta historialariak, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores lanari buruz. Fernando Mikelarena Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta historialariak idatzi du (Bera, 1962), Pamiela etxearekin. 557 orritan, izen-abizena jarri die 1936ko errepresioaren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei. Hamaika artxibotan eta iturritan arakatu du, bost urtez, eta herritarren esku jarri du emaitza. Ezagutu beharrekoa delako, haren hitzetan.

Bat egin du iritzi horrekin NUPeko irakasle eta Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian katedradun Gregorio Monrealek. Zer gertatu zen jakiteko beharra nabarmendu du. Eta erantsi du horretarako balio duela Sin piedad liburuak. “Jauzi kualitatiboa egin du Mikelarenak lan honekin. Ez die bakarrik basoko zuhatzei erreparatu; zuhaitz bakoitzak basoan duen tokiari ere bai. Liburu hau irakurtzen duzunean, erantzuleen berri jasotzen duzunean, eta biktimen babesgabetasunaz eta haienganako krudeltasunaz jabetzen zarenean, zure sentimenduak azaleratzeko beharra sentitzen duzu; garbiketa politikoa jasan zutenenganako elkartasuna azaltzekoa”.

1936ko altxamendu militarraren ondotik, errukirik izan ez zutenei egin die so Mikelarenak bere azken liburuan. Lan mardula da. Gogorra. Bai eta beharrezkoa ere. Gerra fronterik gabe, 3.000 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten Nafarroan, eta bertze milaka eraman zituzten preso, gainera. Mikelarenak errepresioaren intentsitatea aztertu du, hain zuzen ere, eta zehaztasunez ikertutako bertze hainbat herrialdetako datuekin alderatu ditu Nafarroakoak. Emaitzak lehena bilakatzen du herrialde hori: “Bertze 37 probintziatan gertatu zenarekin alderatuta, eta errepresioa ezkerreko biztanle kopuruaren arabera neurtuta, hemen inon baino latzagoa izan zen”, nabarmendu du egileak; gogoratu du altxamendua gertatu eta egun gutxira Nafarroa frankisten kontrolpean zela jada.

“Nafarroa, bertze behin, laborategi bilakatu zuten”. Horixe salatu du historialariak, eta, horregatik, hain zuzen ere, auzia modu integral batean aztertzeko beharra jarri du mahai gainean. “Kontuan hartzen ohi ez diren arduradunei so egiteko garaia da. Biktimak biktima dira biktimarioak badirelako”. Eta biktimario horiek diren aldera begiratu du Mikelarenak bere liburuan.

“Laguntzaile anonimoak”

Erantzuleak, laguntzaileak eta gauzatzaileak. Azpititulu hori hautatu du Mikelarenak bere liburuarentzat, hainbat ardura mota bereizten ahal direlako, haren hitzetan, 1936ko garbiketa politikoan: “Lehen mailan dira agintari militarrak”, nabarmendu du historialariak. Erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu ditu bigarrenean; eta hirugarren maila batean, berriz, “bertzeak hiltzeko prest” zirenak. “Heriotza eskuadroiak osatu zituzten; Iruñeko Aguila, edo Tuterako Escuadra Negra, adibidez”. Baina bada arduradun gehiago, Mikelarenak liburuan jaso duenez: “Laguntzaile anonimo haiek guztiak”. Altxamenduaren ondotik, bizilagunaren aurka egiteko prest agertu ziren haiek.

“Zer gertatu zitzaion jende horri? Zer gertatu zen jende hori modu horretan brutalizatzeko?”, galdetu dio Mikelarenak bere buruari; liburuan erantzuna ematen ahalegindu da historialaria. “Nik uste dut erantzule nagusien estrategia izan zela ardura banatzea; erregimenarentzat errazagoa izan zen eskuak odolez zikindu zituzten haien babesa jasotzea, eta, horrela, taldea batzea”. Gehiago erran du Mikelarenak: “Saiatu ziren ahalik eta jende gehien biltzen, arlo guztietan errugabe joko zituztela ziurtatzeko; arlo juridikoan, memoriaren arloan, bai eta historiarenean ere”. Bereziki egin dio so Mikelarenak “pertsona arrunten” kasuari. “Pertsona horiek saiatu ziren, neurri handi batean, haien burua zuritzen, errepikatuz, adibidez, erlijioaren izenean egiten zituztela egiten zituztenak. Erantzule nagusiek jakin zuten gisa horretako laguntzaileak haien ondora biltzen, eta, modu horretan, haien isiltasuna bermatzen”.

Herritarren brutalizazio prozesu hori Erriberan hasi zen mamitzen, Mikelarenak agerian utzi duenez. “Boluntario errekete eta falangista anitzek parte hartu zuten herritarrak atxilotzeko miaketetan”.

Buruzagi karlisten eta falangisten erantzukizuna jarri du Mikelarenak agerian, eta “Nafarroako eliteko ordezkariek ere” errepresio prozesuan parte hartu zutela nabarmendu du. “Ez da zuzena garbiketa politikoaren ardura guztia karlisten eta falangisten buruzagien esku jartzea; karlisten eta falangisten artean ordezkaritza bazuten eliteko kideak ere baziren gertatzen ari zenaren erantzule. Botereari eutsi nahi zioten”.

Han eta hemen bilatu ditu Mikelarenak liburua osatzeko datuak. Hamaika artxibotako agiriak aztertu ditu, tartean hainbat espetxetakoak. Errepresioan parte hartu zutenek idatzita utzitako lekukotasunak ere baliatu ditu historialariak. “Barasoaingo bizilagun baten fitxan, adibidez, 43 urte zituen eta bost seme-alabaren aita zen gizon horrek onartu zuen behin Iruñera joan zela hainbat pertsona fusilatzera”.

Jose Maria Jimeno Juriok 1970eko hamarkadan herriz herri jaso eta grabatutako lekukotasunak erabili ditu Mikelarenak, halaber. “Historialariak gaitasun aparta erakutsi du, gainera, han eta hemen jasotako datu hutsekin informazio zati sendoak osatzeko”, nabarmendu du Gregorio Monrealek. Iturri horiek eman diote liburua osatzeko aukera Mikelarenari. Historiografian hutsuneak badirela salatu du, hala ere. Nahita isilarazitako testuak eta agiriak. Kontakizunetik at utzi nahi izan dituzten erantzukizunak. Arrastoa utzi dute, ordea, eta Fernando Mikelarenak tira egin dio, sendo, hariari. Memoriari ezarritako giltzarrapoa, behingoz, irekitzeko.

Ura negozio bilakatzeko bidea

Ura negozio bilakatzeko bidea »

Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren errentagarritasunik eza agerian utzi zuen Rosario Brinquisek 2012. urtean; saria jaso du orain hark egindako txostenak. Ubidea ura pribatizatzeko tresna delasalatu du, eta Kontuen Ganberak auziaz egindako azterketari erantzun dio, gainera. - Jarraitu irakurtzen...

Lantokia, arrisku eremu

Lantokia, arrisku eremu »

Gidari bati sudurra hautsi diote. Eraso larria da hori”. Horixe nabarmendu du Jesus Cerdanek, Teletaxi konpainiako presidenteak. Iruñeko taxilari gehienak hartzen ditu etxe horrek —313tik 309 —, eta hiru eraso jasan dituzte azken hilabeteotan. Cerdanek berak salatu zuen eraso horietako bat. “Hiru pertsona sartu ziren autoan; atzetik bertze hiru heldu ziren, eta autora hurbildu zirenean, ostikoa eman zion haietako batek. Kontuak eskatu nizkion, eta atorra apurtu zidan, erantzun gisa. Epaiketaren zain gara”.

Cerdanek argi utzi du halako erasoak ez direla eguneroko kontua Iruñean, baina tarteka gertatzen direla erantsi du, eta kezka sortzen dutela. “Ez da samurra. Jendea edanda sartzen da autoan, eta edozein aitzakia baliatzen dute liskarra sortzeko”. Sudurra apurtu zioten taxilariaren kasua aipatu du Teletaxiko arduradunak, larriena izan delako. “Mozkor zegoen bidaiaria; autoan ezin zela jan erran zion gidariak, eta horregatik egin zion eraso”. 250 euro ere lapurtu omen zizkion. “Lapurretak gutxitan gertatzen dira, hala ere; ni duela hiru urte naiz konpainiako presidente, eta denbora horretan bakar bat ere ez dugu izan”. Gehiagotan gertatzen da bidaiariak autotik ordaindu gabe alde egin nahi izatea. “Halako egoeretan taxilariak seguru sentitu behar duela bertzerik ez dugu aldarrikatzen”.

Segurtasun hori bermatzeko baliabideak eskatu dizkiote taxilariek Iruñerriko Mankomunitateari. Gaur egun, autoan duten botoi baten bidez, zuzenean jar daitezke harremanetan Teletaxi etxeko egoitza nagusiarekin. Konpainian alarma piztu egiten dute gidariek botoi horren bidez, eta, ondorioz, Teletaxiko egoitza nagusitik larrialdi zerbitzuei ematen diete abisua. “Dei hori zuzenean egiteko aukera eskatzen dugu. Hau da, autoko botoia sakatuz, abisua zuzenean larrialdi zerbitzuetan jasotzea”, azaldu du Cerdanek. Autoetan kamerak jartzea ere egoki jo dute.

Neurri horiek martxan jartzea “diru kontua” da, batez ere, Cerdanek aitortu duenez, eta horregatik eskatu dute mankomunitatearen laguntza, “taxilariek egin beharreko gastuari aurre egin ahal izateko” diru laguntzak bidera ditzan. Mankomunitateko arduradunekin bilera egiteko zain dira taxilariak.

Irakasleen proposamenak

Mankomunitateari eskatu diote taxilariek esku hartzeko. Irakasleek, berriz, Nafarroako Gobernuari helaraziko dizkiote ikastetxeetan gertatzen diren erasoei aurre egiteko proposamenak. Irakasleen lan esparruan ere kezka sortzen du haien kontrako indarkeriaren auziak. Iaz, sindikatu guztiek bat egin zuten, eta halako egoeren aurrean jarduteko protokoloa adostu zuten. Nafarroako aurreko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasi helarazi zioten agiria. “Baina ez zion kasurik egin”, azaldu du Steilas sindikatuko lan osasuneko arduradun Kepa Yecorak.

Nafarroako Gobernuko egungo hezkuntza agintariekin jorratu nahi dute gaia sindikatuek. Mahai gainean jarri nahi dute, berriz ere, erasoen auzia. Gobernuak berak protokolo bat baduela azaldu du Yecorak, baina argi utzi du agiria onartzea ez dela nahikoa: “Baliabideak behar dira, eta protokoloa martxan jartzeko jarrera ere bai; erantzun irmoa behar da”.

Gobernuko datuei so, irakasleen kontrako eraso zuzenak urriak dira, Yecorak azaldu duenez. “Kasu bakanak”. Steilas sindikatuko kideak nabarmendu du, hala ere, eraso zuzen horiez gain “bestelako jazarpenak ere” hartu behar direla kontuan. “Gelan gaizki esaka aritzea; etengabe kexatzea; jarrera ezkorra erakustea; horiek ere erasoak dira”. Mehatxuak, irainak, difamazioak eta gisako bertzelako jarrerak ere aipatzen ditu sindikatuek adostutako agiriak.

Yecorak azaldu du eskolako testuingurua aldatu dela, eta horrek eragin dio ikastetxe barruko ikasleen eta irakasleen arteko harremanari; bai eta gurasoen eta irakasleen artekoari ere. “Ikasleek orain lehen ez zituzten baliabideak dituzte; gurasoen irakasleenganako jarrera ere aldatu egin da; ezin ditugu bazter utzi, halaber, irakasleen lan baldintzak; geletako ratioek gora egin dute, adibidez”. Egoera horrek guztiak eskola barruko giroan eragiten duela argi utzi du sindikatuko arduradunak.

Yecorak “funtsezkotzat” jo du ikastetxeak erasoen aurrean izan beharreko jarrera. “Eskolak argi utzi behar du zerbait gertatuz gero protokoloa martxan jarriko duela; erasoen aurrean zero tolerantzia izan behar dugu”. Ez da hori gertatzen ohi, ordea. “Zenbaitetan, ikastetxeak berak nahiago du protokoloa martxan jartzeko urratsik ez egitea, zentroak ospe txarra har ez dezan”, azaldu du Yecorak.

Sindikatuek adostutako protokoloak bilatzen du irakasleari babesa ematea, eta bere lana duintasunez egin ahal izateko baldintzak bermatzea. Horixe bera dute helburu osasunaren arloko profesionalek. Haien lana behar bezala egin ahal izatea. Ez dute beti lortzen, SATSE erizainen sindikatuko Nafarroako idazkari nagusi Joaquin Fernandezen hitzetan. “Eraso fisikoak eta hitzezkoak gertatzen dira”. Erizainen %80k jasan dute halako erasoren bat, SATSE sindikatuak iaz ezagutarazi zuenez. Datu horiek ez dute estatistika ofizialetan islarik, ordea. “Langile anitzek ez dituztelako salatzen. Oraindik ere, hitzezko erasoak lanaren zati direla uste dute”. Uste horri aurre egin behar zaiola nabarmendu du Fernandezek, eta, ildo horretan, formakuntza eta heziketa funtsezko lan tresnatzat jo ditu.

Nafarroan bi protokolo daude osasunaren arloko profesionalek jasandako erasoei aurre egiteko. “Gobernuak du bat, eta Osasunbideak berak bertzea. Egin dugu aurrera”, erran du Fernandezek. Gehiago egin daitekeela erantsi du, hala ere. “Oraindik ere, langile anitzek ez dakite eraso bat jasanez gero haren berri emateko partea bete dezaketela”. Horrek aukera ematen die aholkularitza psikologikoa eta juridikoa jasotzeko.

Erasoak, batez ere, larrialdi zerbitzuetan gertatzen direla azaldu du erizainen sindikatuko kideak. Ildo horretan, zerbitzuak gainezka egiteak ez duela laguntzen azaldu du. “Larrialdietara joan eta pasabidean zain egon behar duen gaixoa urduri jartzen da”. Argi utzi du testuingurua aztertu eta eragina izan dezaketen elementu guztiak kontuan hartu behar direla. “Errespetuzko lan giroa behar dugu”.

Emakumeek ere badute zakila

Emakumeek ere badute zakila »

Jone Grandek 9 urte ditu, eta esaldi bakar baten bidez azaldu du transexualitatea zer den: “Zakila duen ahizpa bat dut”. Mikele Grande genital maskulinoekin jaio zen, duela hamabost urte. Zakila duen emakumea da, eta halaxe aldarrikatu du, haurra zenetik. Familiaren babesa jaso du; lagunena eta eskolako kideena ere bai. Zorionekotzat jo du bere burua, jakin badakielako adingabe transexual anitzen prozesua anitzez ere mingarriagoa dela; oraindik ere, bazterketari aurre egin behar diotela. Erakunde publikoak ere oztopo bilakatzen dira, transexualitatea patologia bilakatzen dutenean. Karrikara atera ziren iruindarrak, larunbatean, patologizazio horren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzera.

Lugatibe Iruñeko Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak antolatu zuen larunbateko protesta. Jardunaldiak egin dituzte azken asteotan, gainera, transexualitateari buruz. Chrysallis adingabe transexualak dituzten familien elkarteko kideak aritu ziren, bertzeak bertze. Horko kide da Mikele Granderen familia. “Zoragarria izan da gure bide bera egin duten bertze hainbat pertsonarekin bat egitea”, azaldu du Mikeleren aita Luis Grandek.

Bide horren azken urratsetan ezagutu zuten Luis Grandek eta Mikeleren ama Mertxe Olorizek elkartea. Alaba transexuala zutela konturatu zirenean “bakarrik” sentitu zirela nabarmendu dute. “Ez genekien zer egin, edo nora jo”, gogoratu du aitak. Elkartean “lan ona” egin dutela baieztatu ahal izan dute, hala ere. Babesa eman diote alabari; eta lagundu egin dute emakume dela azaleratzeko egin dituen urrats guztietan.

Bide hori aspaldi hasi zuen 15 urteko gazteak, haren amak azaldu duenez: “Ustez neskenak diren jostailuak eskatzen zizkigun, haur bat bertzerik ez zenean; panpinekin aritzen zen, eta ileorde luzeak jartzen zituen; sekulako negarrak botatzen zituen ilea mozten genionean. 3-4 urterekin printzesen soinekoak janztea maite zuen”. “Emakumeen inguruko estereotipo guztiak baliatzen zituen, nolabait, bera ere emakume dela erakusteko; bere burua aldarrikatzeko”, erantsi du Mikele Granderen aitak.

Errege magoei eskatu zien soineko bat du buruan gazteak, zehazki; Uharteko erraldoien konpartsako erreginarena, alegia. Izeba batek egin zion, eta erabat txiki gelditu zitzaion arte jantzi zuen. “Dena esajeratzen nuen, nolabait erranda. Orain kontent nago; eta lasaiago”. Kontent eta lasai dago aldarrikatzeko behar hori baretu egin zaiolako. Emakumea da, eta emakumetzat dute.

Etxean beti sentitu du bere sexu identitateaz hitz egiteko askatasuna. Konfiantza eman diote gurasoek. Horixe nabarmendu du. “10-11 urte bete zituen arte, homosexuala izanen zela pentsatzen genuen. Gure ezjakintasunarengatik. Ez baita gauza bera, inondik inora, sexu identitatea eta sexu joera”, erran du amak.

Alabak 10 urte inguru zituenean argi ikusi zuten horixe, semetzat zutena alaba zela. “Argi utzi zigun kontua ez zela neska izan nahi zuela, neska bazela baizik”, gogoratu du amak. “Nik lasaitua hartu nuen, orduan semetzat nuenari gertatzen zitzaionari izena jarri niolako, azkenean”. Olorizek erran du aitarentzat zailagoa izan zela egoerari aurre egitea. Eta aitak aitortu du halaxe izan zela: “Transexualitatea gauza txarrekin lotzen nuen; orduan ez genuen elkartearen babesa. Pertsona transexualak baztertzen dituztela ikusten nuen, eta adingabeen kasuan egoera are okerragoa izanen zela pentsatzen nuen”.

Alabak bezala, prozesu bat egin dute gurasoek ere, eta hasierako kezkei eta beldurrei buelta ematen asmatu du Luis Grandek. Alabaren askatasuna bertze edozer gauzaren gainetik defendatzen du. “Alaba zoriontsu izatea bertzerik ez dut nahi, edozein gurasok bezala”, laburbildu du.

Eskolatik institutura

“Nik inoiz ez dut sentitu hitz egiteko beldurra; ez dut sentitu bakarrik nintzela, edo isildu beharra nuela”. Familiaren babesa izan duela nabarmendu du Mikele Grandek. Gurasoena, bai eta gainerako senideena ere. Argi utzi du eskolan ere nor den azaltzeko askatasuna sentitu duela.

“Irakasleekin eta eskolako zuzendariarekin hitz egitera joan, eta jarrera ezin hobea erakutsi ziguten”, azaldu dute Granderen gurasoek. Uharteko ikastetxean aritu zen Lehen Hezkuntza amaitu arte; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari da orain, Atarrabiako institutuan. “Ez dut inolako arazorik izan. Eskolakide berrien babesa ere jaso dut”. Mikele Grandek gogoratu du institutuan hasi zenean inor sartu aurretik joaten zela nesken aldagelara. “Azkar aldatzen nuen arropa, ahalik eta azkarren ateratzeko; pentsatzen nuen bertze neskek ez zutela nahiko ni han egotea. Baina alderantziz gertatu zen. Han egon behar nuela erran zidaten”.

Horixe berretsi du amak, lagunen babesa hagitz garrantzitsua izan dela. “Haurrak zirenetik ezagutzen dute elkar lagun taldean direnek, eta urrats guztiak batera egin dituzte. Naturaltasun osoz bizi izan dute prozesua”.

Xehetasunek izan dezaketen garrantzia nabarmendu du amak. Eta bat egin du harekin alabak. “Osasun etxera joaten naizenean, adibidez, niretzat zoragarria da bozgorailuetatik deitzen nautenean Mikele erraten didatela entzutea”.

Bere nortasun agirian izena aldatu zioten; sexua, ordea, ez. “18 urte izan arte ezin da aldaketa hori egin; sexua aldatzeko momentuan, gainera, gutxienez bi urtez tratamendua jaso duela erakutsi behar du aldaketa egin nahi duen pertsonak”, azaldu du aitak. “Lehen, ebakuntza egin arte ez zuten sexua aldatzen nortasun agirian; aurrera egin dugu, baina ez da nahikoa”, salatu du. Halako neurriek transexualitatearen patologizazioa nabarmentzen dutela argi utzi du Luis Grandek. Eta horren kontra lan egiteko beharra nabarmendu du.

Hori dela eta, ontzat jo du ildo horretan Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpena. Parlamentuak despatologizazioaren alde egin du, hain zuzen ere, eta konpromisoa hartu du beharrezko lege aldaketak egiteko, transexualitatearen despatologizazio hori egia bilakatzeko. Nafarroa transfobiarik gabeko herrialdetzat jo du parlamentuak, gainera. Adierazpen horren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak. UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira. “Alderdi batek zergatik ez du halako adierazpen baten alde egiten?”, galdetu du Mikele Grandek.

Halako adierazpenek konpromisoak hartzera bultzatzen dituzte erakundeak, Luis Granderen hitzetan. “Eta konpromiso bat hartzen badute, bete dezatela exijitzen ahal diegu”. Aitak onartu du Mikeleren kasuan pertsona anitzek eman diotela babesa gazteari, haien borondatez. “Hori ongi dago, eta eskertzen dugu, baina ez dugu ahaztu behar pertsona transexualek eskubideak badituztela, eta horiek bete egin behar dira. Izena aldatzeko aukera ezin da epaile baten borondatearen menpe egon, adibidez”.

Hormonak

“Pentsatzen dut egunen batean genitalen ebakuntza eginen dudala. Baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan. Hagitz ongi nago, eta kontent”. Mikele Grandek argi du ez duela ebakuntzarik egin behar emakume izateko, baina ez du aukera hori baztertu. Ez da orain hartu beharreko erabakia, haren ustez. “Norberak hartu beharreko erabaki bat da”, erantsi du haren aitak. “Ebakuntza egin edo ez, horrek ez du markatuko Mikele nor den. Zakila duten emakumeak badira, eta bulba duten gizonak ere bai”.

Mikele Grandek hormona tratamendua hasi zuen duela bi urte. “Horretan ere zortea izan genuen, adingabe transexual guztiei ez baitiete onartzen”, azaldu du haren aitak. Lehen etapan, blokeatzaileak hartu zituen. Horien helburua da garatu nahi ez diren ezaugarriak blokeatzea, hain zuzen ere. “Tratamendu hori nerabezaroaren hasieran hartzea garrantzitsua da”, azaldu du aitak. “Bigarren etapan, hormona tratamendu gurutzatua egiten da, garatu nahi diren ezaugarriak bultzatzeko, hain zuzen ere”.

Prozesu horretan aurrera jarraitzen du Mikele Grandek. Ez da bakarrik. Ikasi du, hala ere, bertze gazte transexual anitzek berak baino anitzez ere oztopo gehiago aurkitzen dutela bidean. Gurasoek ere argi dute hori. “Gurasoen babesa ere falta zaie adingabe anitzi; bere buruaz bertze egiten duenik ere bada. Hori hagitz gogorra da. Babesa eman behar diegu, eta lagundu”, erran du Mertxe Olorizek.

Adingabeen transexualitatea “ikusezina” dela erantsi du Luis Grandek. Eta horri aurre egin behar zaiola. “Naturaltasunez onartu beharko genuke”. Errealitatea aniztuna dela gaineratu du Olorizek, eta argi du aniztasun hori hagitz aberatsa dela. “Alaba transexuala izateak hobeak egin gaitu; aniztasuna onartzeko prestuago gara, esparru guztietan”. Mikele Grandek ere argi du: “Harro nago neure buruaz”.