Zortzi mendetako Nafarroari so

Zortzi mendetako Nafarroari so »

Kattalin Barber

Martxan da Nafar Estatuaren Historia izenburuko 11. ikastaroa; abendura arte, VIII. mendean Nafarroako Erresumaren egituraketa zein zen azaldu, eta konkistara arteko mugarri historikoak jorratuko ditu. 2012an hasi zen Euskokultur Fundazioa, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, Nafarroako estatuaren historiari buruzko ikastaroa antolatzen. Euskaraz, asteazkenero ariko dira historiari buruz Arrotxapean dagoen Euskokultur mintegian, 19:00etatik 20:30era. Asteartero, berriz, gaztelerazko saioak izanen dira. Erdarazko ikastaroetan Aitor Pescador izanen da irakasle, eta euskarazkoetan, berriz, Bixente Serrano.

Serrano historialariak azaldu du “maila apalean eta era ulergarrian” antolatutako ikastaroa dela: “Ez da historian aditua izan behar hona etortzeko. Izan ere, ikastaroa ez da Nafarroako historian aditu direnentzat, baizik eta interesa duen edonorentzat”. Nafar Estatuaren Historia, VIII.-XVI. mendeak da izenburua, eta abenduaren 14ra bitartean eginen dute.

Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte, Nafarroako historia ardatz hartuko du Euskokultur Fundazioak eta UEUk antolaturiko ikastaroak. Hamabi saiotan antolatu dute, eta Nafarroako Erresumaren sorrera, bilakaera eta konkistaren zioak ezagutzeko modu bat izan nahi du. Mende horietako gertaerak azaltzeko eta sakontzeko aukera eman nahi die parte hartzaileei.

Antolatzaileek espero dute azkeneko saioak piztuko duela eztabaida gehien. Nafarroako konkista eztabaidan izena du, hain zuzen ere. “Historiaren garapen kronologikoa 11 saiokoa da, baina beste bat egin dugu konkistaren gaia eztabaidatzeko. Zeintzuk izan ziren ikusmoldeak, eta konkista baten ustezko onurak eztabaidatuko ditugu”, azaldu du Serranok.

Nafarroako Erreinuaren konkistaren 500. urteurrena izan zen 2012an, eta urte horretan erabaki zuten ikastaroa egitea. Hiru antolatu zituzten, zehazki: “Esan dezakegu modan jarri zela konkistaren gaia. Sozialki nolabaiteko boom-a izan zen, jendeari sortu zitzaion jakin-mina, eta bide horretan antolatu genuen hau”, jakinarazi du Xabier Lozano ikastaroaren arduradunak. Lau urte geroago, interesa dago, eta gustura prestatzen dute ikastaroa Arrotxapeko egoitzan.

Datuak eman ditu Lozanok: urte hauetan guztietan 350 pertsonak parte hartu dute ikastaroan. “Horrez gain, saio osagarriak eta doako hitzaldiak antolatu izan ditugu, eta 150 pertsona inguruk parte hartu dute horietan”, erantsi du. Asteazkenean zortzi lagunek hasi zuten ikastaroa euskaraz, eta gaztelaniaz, berriz, 11 pertsonak. Izena ematen duten gehienak Nafarroakoak direla esan du Lozanok, baina urteren batean Gipuzkoatik etorritakoak ere izan dituztela gaineratu du: “Askok, gainera, materiala eskatzen digute. Bibliografia zabala daukagu, bai eta ikus-entzunezkoak ere”.

Gazte gutxi

Heldu den abenduaren 14ra arte iraunen du ikastaroak. Eguberrietatik bueltan, hala ere, Euskal Herria XVI-XX. mendeetan ikastaroa hasiko dute, aurrekoari segida emanez. Azkeneko lau mendeak ditu ardatz horrek: “Interes gutxiago du. Askok pentsatzen dute mende horietan Nafarroa desagertuta zegoela, ez zela ezer gertatu. Baina kontu eta fenomeno oso interesgarriak daude. Adibidez, nola moldatu zuten diskurtsoa Nafarroan erresuma gisa mantentzeko”, argitu du Serranok. Haren ustez, Nafarroako gizarteak gero eta ezagutza handiagoa du historiari buruz. “Dena den, nabarristak ez direnen artean gertatzen ari da hori. Ideologiengatik oso baldintzatuta jarraitzen du gaiak”.

Ikastaroa ahoz aho zabaldu dela dio Lozanok, eta izena eman dutenek “izugarri kontent” daudela ziurtatu dute. “Gustatuko litzaigukeen baino gazte gutxiago etortzen dira; 30 urte baino gehiagokoak etortzen dira, eta horietako asko, erretiratuak”.

Saioz saio, abendura bitarte honako gai hauek jorratuko dituzte: Urte ilunak (778-900), Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000), Baskoniako bertze lurraldeak 1000. urtera arte, Antso III.a Nagusia eta haren oinordekoak (1004-1076), Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinura (1076-1194), 1194-1212: Nafar Estatuaren krisia, Txikiagoturiko Nafarroa (1200-1400), Berreskuratzeke leudekeen lurraldeak (1200-1400), XV. mendeko konbultsioak, Nafarroako Estatua eta Europa (1494-1512), Urte erabakigarriak (1512-1530) eta Nafarroako konkista eztabaidan.

Zentsurak ere baditu garroak

Zentsurak ere baditu garroak »

Edurne Elizondo

Zeinen katolikoak zareten hemen, oraindik ere!”. Lucio Urtubia militante anarkista ezagunarenak dira hitzak. H28 hilabetekari saretirikoa argitalpeneko kideen agerraldiarekin bat egin zuen, joan den astean, Katakrak liburu dendaren aurrean. Han erakutsi dituzte Nafarroako VII. Komiki Azokarako hautatutako hamalau marrazkiak, azokan parte ez hartzea erabaki baitute, antolatzaileek lanetako bi zentsuratu eta gero. Larunbatean hasi, eta urriaren 2a bitarte eginen dute azoka, Iruñean.

Torturari buruzkoa da bazter utzitako obretako bat; bertzea, berriz, Opus Deiren eta pedofiliaren ingurukoa. “Eztabaidaren beharra dugu, umorearen bidez, besteak beste”, azaldu zuen Opusen inguruko marrazkiaren egile Asisko Urmenetak, Katakraken egindako agerraldian. Zakil batzuek osatutako olagarroa margotu zuen H28 aldizkarirako; zentsura salatzeko, berriz, itsasotik indarrez ateratako benetako olagarro baten gorpu hila erabili zuen marrazkilariak. Buru gainean jarri zuen, hitz egiten zuen bitartean.

Iruñeko Udalak hiriko EH Bilduk egindako txio baten bidez azaldu du auziari buruzko bere jarrera; batetik, argi utzi du azoka antolatzea Tiza elkartearen ardura dela, eta elkarte horrek erabakitzen dituela irizpideak eta edukiak; bertzetik, nabarmendu du oreka bilatu behar dela adierazpen askatasunaren eta artistek beren burua neurtzeko duten ahalmenaren artean.

“Zentsura ideologikoa da hau; frankismoan bezala, Elizari eta Guardia Zibilari buruzko marrazkiak zentsuratu dituzte”. Patxi Uharte marrazkilariarenak dira hitzak. Argi eta garbi mintzatu da. Onartu du auziak “aspertu” egiten duela, eta kritikoak eta lotsagabeak diren lanen alde egin du. “Halakoak dira fanzineak, eta guk fanzine bat egiten dugu. Ezin dugu fanzine baten edukia txuritu, are gutxiago zentsura erabilita”.

“Frankismoan ukiezinak ziren gaiak ukiezinak dira orain ere; ez bakarrik komikigintzan, artean, oro har, baizik”, erantsi du Uhartek, eta gogora ekarri ditu, besteak beste, Abel Azkonaren eta Jose Ramon Urtasunen aurkako auziak. Epaitegietara eraman dituzte bi artistok, azken hilabeteotan, beren obrengatik. Azkonaren Amen izenburuko artelanak herrialdeko sektore katolikoenen haserrea piztu zuen, eta mezak eta elkarretaratzeak antolatu zituzten, karrikan eta erakusketa aretoan, obra salatzeko. Artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak eraman zuten artista auzitara. Urtasunek, berriz, 1936ko gerra izan du ardatz Nafarroako Parlamentuan eta bertze hainbat tokitan zintzilikatu duen erakusketan. Jaime Ignacio del Burgoren salaketa jaso zuten lanek. Bi senide iraindu izana leporatu zion Del Burgok artistari.

“Hemengo kontua”

Elizak Nafarroan duen eragina aipatu du Patxi Uhartek. H28 aldizkariaren aurkako zentsurak herrialdeko egoerarekin duela lotura, alegia. “Hemengo kontua da”. Abel Azkonaren aurkako kanpaina hasi zenean, Elizaren indar hori jorratu zuen Victor Moreno idazleak. “Elizak eragina du politikariek bidea ematen diotelako artzapezpikutzari politikaren, ekonomiaren, lan esparruaren auzietan edo era guztietako performanceetan esku hartzeko”, erran zuen.

Artearen ustezko mugei buruz aritu izan da Haizea Barcenilla arte kritikaria ere: “Arteak baditu mugak, badirelako artea diren eta ez diren gauzak. Baina uste dut muga horiek aldakorrak direla, eta hala behar dutela. Artearen jokoetako bat da horiekin jolastea”. Erantsi du “probokazio hutsak” ere ez duela balio.

Bizkaitik egin dio so egoerari Blanca Oria kazetariak; artean aditua ere bada, eta Elizaren eta artearen arteko tirabirak “aspaldiko kontua” direla nabarmendu du. Bat egin du Uharterekin, eta Nafarroan bertze toki anitzetan baino “serioago” hartzen da gaia, haren hitzetan. “Txantxa bat ere ezin da egin! Lasaitasuna behar dugu; bakoitzak eman dezala nahi duen iritzia obra bati edo bertze bati buruz, eta kito”.

Ernesto Murillo Simonides marrazkilariari gertatutakoa ekarri du Oriak gogora, Elizaren inguruko tirabirak aspaldikoak direla azaltzeko. Murillo Nafarroako VII. Komiki Azokako gonbidatuetako bat da, hain zuzen ere; bere azken lanak erakutsiko ditu egunotan, Iruñean. 1980ko hamarkadaren amaieran, zentsurari aurre egin behar izan zion, Elizak haren lana salatu eta gero.

“Dibertigarria izan zen”, erran du, orain, marrazkilariak, orduan gertatutakoak gogora ekarri eta gero. Murillok Pamiela etxeak argitaratutako komiki liburuen bilduma batean parte hartu zuen. “Makoki aldizkariak musikari buruz egindako zenbaki berezi batean argitaratutako lanak eman nituen Pamielaren liburu horretan, bertzeak bertze; pieza txikiak ziren, zinta bat eta orrialde erdiko marrazki bat, jota zaharrak eta Siniestro Total taldearen abesti bat ardatz hartuta osatuak”. Apaizak eta Vatikanoa aipatu zituen Murillok bere obretan, bertzeak bertze.

Pamielaren liburua liburutegien sare publikora ailegatu zen. “Ez dut gogoan zein herritan izan zen, baina hango apaizak irakurri, eta Diario de Navarra egunkarira gutuna bidali zuen, haserre bizian. Gero, PPko kideek Nafarroako Parlamentura jo zuten, eta liburua liburutegi guztietatik kentzeko eskatu zuten”.

Sozialistak ziren agintean, eta parlamentura azalpenak ematera deitu zituzten eguna ailegatu baino lehen liburu guztiak atera zituzten liburutegietatik. “Fiskalak ere jaso zuen nire kontrako salaketa bat, baina ez zuen aurrera egin”, gogoratu du.

Artistak argi du botereak, edozein motatako botere dela, gezurrak izaten dituela ardatz. “Gertatzen dena ezkutatzen dute, eta ez dute maite jendeak horren berri izatea”. Azkonaren aurkako protesten harira, eta, Elizak izan dezakeen eraginari buruz, halako auziek erakunde horri “mesede” egiten diotela erran du: “Halakoak baliatzen ditu ateratzeko, bere jarrerak sendotzeko”. Artistek ere gauza bera egiten dutela erantsi du Murillok, halere. “Nahiko zentzugabea da dena”.

“Eztabaida izan da gure artean; gehiengoak erabaki du” »

E. Elizondo

Nafarroako VII. Komiki Azokaren antolatzaileek idatzi bat argitaratu zuten, joan den astean, H28 hilabetekari saretirikoa aldizkariko arduradunek beren bi obren aurkako zentsura salatu eta gero. H28-ko kideek aurkeztu eta bazter utzitako bi lanek erakusketako “lerro grafikoa eta edukia hausten” zutela nabarmendu zuten zabaldutako agirian Tiza elkarteko kideek. Argudio horri eutsi dio Patxi Anton azokaren antolatzaileak. Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntza jaso du ekinbideak, eta babesleen artean dira Diario de Navarra, El Corte Ingles eta Nafarroako Kutxa Fundazioa.

Zergatik erabaki zenuten bi marrazki horiek ez erakustea?

Pentsatu genuen hainbat sektoretako jendea mintzen ahal zutela. Iruditzen zaigu adierazpen askatasunaren eta irainaren arteko zalantzazko esparruan kokatzen direla lanak. Hala ere, hilabetekariko egileekin hitz egin dugu, eta mahai inguru bat egiteko aukera proposatu diegu. Ongi hartu dute ideia. Iruñeko Udaleko Kultura Saileko kideekin ere hitz egin dugu. Kontua da denon artean eztabaida egitea adierazpen askatasunari buruz, mugak izan behar ote dituen edo ez jorratzeko, bertzeak bertze.

Kasu honetan, muga zuek jarri duzue, eta muga horren arabera utzi dituzue bi obra erakusketatik kanpo.

Egileek zentsura salatu dute. Guk orain arte errandakoari eutsi nahi diogu. Azoka izaera zabala duen ekinbide bat da, eta iruditzen zaigu lan horiek min egiten ahal zutela, bazela irainduta sentitzen ahal zen jendea. Iruñeko Udalak berak erran du oreka bilatu behar dela adierazpen askatasunaren eta artistek beren burua neurtzeko duten ahalmenaren artean.

Bazter utzitako lanek erakusketaren lerro grafikoa hausten zutela erran duzue, eta nabarmendu duzue ez dela satirari buruzko erakusketa bat. H28, ordea, aldizkari satirikoa da. Hori jakinen zenuten lanak eskatu aurretik, ezta?

Hilabetekari horri buruzko erakusketa egiteko ideia Tiza elkarteko batzordeko kide batek jarri zuen mahai gainean. Erakusketaren helburua da Nafarroako fanzineen edo nafarrek egindako lanen berri zabaltzea. Ez da satira politikoari buruzko erakusketa bat. Lan horiek ez dute gainerakoekin bat egiten.

Zenbaitek uste dute fanzineek edo zuenaren gisako azokek lotsagabe izan behar dutela, hori dela halako euskarrien berezko izaera. Zer deritzozu?

Aurten, zazpigarren aldiz eginen dugu azoka, eta urteotan jende anitz etorri da Iruñera. Mongolia aldizkariko kideak izan ditugu; El Jueves aldizkarikoak ere bai. Manel Fontdevilla izan dugu azokan, monarkiari buruzko azala egin eta zentsura jasan zuen artista. Aurten, halaber, EHUren Tirabirak erakusketa izanen dugu; gure iragan gatazkatsuari buruzko zintekin osatutako erakusketa da. Era guztietako iritziei egin diegu tokia.

Babesleak galtzeko beldurra dago aurten bi lan baztertzeko erabakiaren atzean?

Ez dugu inolako presiorik jaso babesleen aldetik. Auzi honek eztabaida sortu du gure artean, eta gehiengoak erabaki du.

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu” »

Edurne Elizondo

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Irudiak erabiltzen ditu borrokarako tresna grisa. Munduko hainbat herritako hiltegi eta haztegietan sartu da; animaliak esplotatzen dituzten hamaika jardueraren lekuko izan da, eta bere begien aurrean gertatu denaren lekukotasun zuzena eman du, bere lanaren bidez. Ezkutuan aritzen da, ezkutuan dena agerian uzteko. Euskal Herrian ere bai. 2014an martxan jarri zenetik, hamaika ikerketa, hainbat erakusketa eta Madrilgo Wings of Heart babeslekuari buruzko Refugiados (Errefuxiatuak) izenburuko liburua egin ditu.

2014an, Iruñean jarri zenuen martxan Tras Los Muros proiektua. Hirira itzuli zara. Zer dago Iruñeko besten bertze aldean?

Bertze animaliak hamaika modutan esplotatzen ditugu; jarduera horiek haserre mota ezberdina eragiten dute gizakion artean, baina, funtsean, ekintza mota berberak dira. Espezismoa gauzatzeko modu ezberdinak dira; bertze animaliak gizaki ez direlako baztertzen dituen aurreiritzia da espezismoa. Alde horretatik, Iruñeko zezen plazan sanferminetan ikusi dudana forman baino ez da ezberdina. Ez nago hemen Iruñean gertatzen dena larriagoa delako, baizik eta beharrezkotzat jotzen dudalako hemen gertatzen denak sortzen duen haserre hori bertze esplotazio jardueretara bideratzea.

Lehendabizikoz etorri zinenean UPN zegoen agintean, eta orain, berriz, EH Bildu; animalientzat, baina, ez da deus aldatu.

Ez dut uste EH Bilduk, oro har, animalien esplotazioaren aurkako jarrera sendoa duenik, ezta tauromakiaren kontra ere, zehazki.

Iazko hauteskundeen ondotik aldaketa gertatu zen hainbat udaletan. Sare sozialetan eskatu zenien hiltegietako ateak zabaltzeko. Ez dute egin. Harresi horiek dira gainditzen zailenak?

Eskaera horren bidez azaldu nahi izan nuen erakundeetako politikaren bidez ere aukera badela ekinbide interesgarriak martxan jartzeko borrokaren esparruan. Hiltegietan gertatzen dena nahita gelditzen da ezkutuan. AEBetan, adibidez, egin izan dituzte haztegietako eta hiltegietako harresien atzean gertatzen dena agerian utzi duten ikerketak, eta, ondorioz, Ag-Gag eta AETAren gisako legeak jarri dituzte indarrean, halako tokietan ez grabatzeko eta haiei buruzko informaziorik ez zabaltzeko, zehazki. Lege horien helburua da ekintzaileen jarduera terrorismotzat hartzea.

Industriak badaki bere azpiegituretan lortutako irudi batek eragin handia izan dezakeela gizartean; hagitz zaila da hiltegi batera sartzea kamera agerian duzula. Horregatik, irudi gehienak kamera ezkutuen bidez lortzen dira, edo amarruak erabilita. Animalien eskubideen aldeko mugimenduak bide luzea egin duen tokietan, hain zuzen ere, industriak bere langileak trebatzen ditu ekintzaile infiltratuak antzemateko.

Espainiako Estatuko udal hiltegi anitzetako ateak zabaltzeko eskumena dute udal horiek. Gizarte hobe baten alde erakundeetatik lan egitea erabaki dutenek kontuan izan behar dituzte animalien eskubideak; eta kontuan izan behar dute, halaber, animalia horienganako tratuaren inguruan gero eta kezka handiagoa badela. Kazetariei eta animalien aldekoei hiltegietara sartzen uzteak errazago bilakatuko luke borrokatu behar dugun bidegabekeria hori ulertzea eta ikusaraztea. Borroka orok behar duen eztabaida soziala eragiten lagunduko luke hiltegietara sartzeak.

Baina industriak ez du hori nahi.

Hiltegietako ateak zabalduko bagenitu, haragiaren industriak duen boterea agerian geldituko litzateke. Botere hori erabiltzen du bere azpiegituretan gertatzen dena ezkutatzeko. Martxoan, hain justu, haragiaren industriak osatutako agiri estrategiko bat filtratu zuten; haren helburua zen Osasunaren Mundu Erakundeak haragi prozesatuak osasunarentzat zer arrisku dakartzan azaltzen zuen txostenak eraginen lituzkeen kalte ekonomikoak arintzea. Txosten horrek agerian utzi zituen haragiaren industriak propagandarako erabiltzen dituen taktikak; agerian utzi zuen, halaber, haren boterea handia dela, eta eskrupulurik ez duela. Negozio horrek 20.000 milioi euroren irabaziak sortzen ditu urtean, Espainiako Estatuan, eta, noski, ez da besoak antxumatuta geldituko, kontuan hartuta gure irudiek eta ikerketek galera ekonomiko handiak eragiten ahal dizkiotela.

Bi urte lanean. Zein da zure analisia egindakoaz?

Egindako hutsak bazter utzi gabe ere, balorazioa ona da. Bertze kideen laguntza funtsezkoa izan da, eta, horri esker, lan sareak osatzeko aukera izan dut. Hasieran ez nuen hori egiteko asmorik, baina sare horiek lagundu didate uste baino esplotazio gune gehiagotara sartzeko. Irekitzen zailak ziren ate eta harresiak gainditzen lagundu didate. Lan eta babes sare horiek analisia eta kritika ekarri diote proiektuari, gainera.

Zuk gainditu dituzun harresi horien bertze aldean dagoen indarkeriaz ohartzen da gizartea?

Munduko hamaika txokotan ekintzaile infiltratuek egiten dituzten ikerketek duten eraginak erakusten du ezetz, gizartea ez dela gertatzen denaz ohartzen. Bertzalde, argi dago engainatzen gaituztela, eta badela egoera ez aldatzeko interesa; hau da, industria ahalegintzen da bere jarduerari buruzkoak ezkutuan gordetzen; propaganda zabaltzen du, haztegietan animaliak zoriontsu bizi direla sinetsarazteko.

Haztegietan eta hiltegietan sartu zara. Eragin dizu han gertatzen denaren lekuko izateak?

Lan honekin hasi aurretik ere banuen harremana zapaldutako animalien irudiekin. Egin nituen animaliak esplotatzen dituzten zentroen inguruko ikerketak. Gizartea kontzientziatzeko lana egiteko, halaber, bertze hainbat ekintzailek egindako irudiak ere erabili izan ditut. Esplotazio horren lekuko izateak badu eragina, bai. Inguratzen zaituen munduarekin duzun harremana betiko aldatzen da. Baina gertatzen denaren lekuko izatea ere bada modu bat gogoratzeko abandonatzea ez dela aukera bat.

Argazkilaritzat eta ekintzailetzat duzu zeure burua; erran izan duzu zure helburua dela gizartea astintzea. Nola erabakitzen duzu zer erakutsi? Nola antolatzen duzu zure lana?

Gogoeta politiko baten ondorio da Tras Los Muros proiektua. Kamera eta proiektua bera puzzle estrategiko baten bi pieza dira; puzzle horren asmoa da astintzea, kontzientziatzea, eta, ondorioz, eraldatzea. Ez dut ulertzen proiektu hau egitasmo bakar baten gisa; niretzat, bertze hainbat kiderekin partekatzen dudan borroka sare baten zati bat da. Proiektuaren lehen etapa honetan nire aurreneko helburua da esplotazio eremu ezberdinen inguruko irudi artxibo bat osatzea. Horren bidez, zubiak eraiki nahi ditut animalia gehien zapaltzen dituzten eremuetarantz. Nire asmoa da, halaber, hainbat aktibismo modu zehatzen berri jasotzea eta zabaltzea, lan horren bidez gogoeta kolektiboari nire ekarpena egiteko. Toki zehatzetara sartzen laguntzeko prest dagoen jendearen deiak eta mezuak jasotzen ohi ditut. Ondorioz, nire agenda denbora luzez lantzeko erreportajeekin osatzen badut ere, malgutasunez jokatzen dut, proiektuari sendotasuna ematen ahal dioten gertaeren berri ematera joan ahal izateko.

Kazetariok egin beharreko lana egiten ari zarela uste duzu?

Duela sei urte, ikerketa baten berri eman eta gero, kazetari batek horixe erran zien hainbat kideri, kazetariek hainbat arrazoirengatik egiten ez zuten edo egin nahi ez zuten lana egiten ari ginela ekintzaileok. Geroztik, gora egin du animalien eskubideen aldeko interesak, eta gero eta gehiago dira animalien egoeraren berri eman nahi duten kazetariak. Hunkitu eta liluratu egiten nau gosearen, kartzelaren edo gerraren miseria gurera ekartzen duten fotokazetarien lanak; mundua eraldatzera bultzatzen gaituzte. Beharrezkoa da fotokazetari horien talentua bertze animalien alde ere baliatzea.

Animalien esplotazioari uko egiten dion jarrera politikoa da beganismoa. Anitzek dietatzat dute, ordea. Zein neurritan da ekintzaileen ardura, eta zein neurritan da mugimendua edukiz husteko saio bat?

Beganismoak animalien esplotazioari uko egiten diola kontuan hartuta, ezin dugu dietatzat edo modatzat hartu. Erantzukizun politiko bat da; hartu beharreko ardura, zapalkuntza bere forma guztietan desagertu behar dela onartzen badugu. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtean 50.000 milioi animalia baino gehiago hiltzen dituzte, arrainak kontuan hartu gabe. Animalien eskubideen mugimenduak errealitate horri egin behar dio aurre; urratsak egiten ez diren sentsazioak pragmatismoaren tranpara eramaten gaitu, eta, hortik, deriba ideologikora eta haren ondorioetara.

1991n, AEBetako Abeltzainen Elkarteko kideen aurrean, mugimenduak zatitzeko eta bereganatzeko bere estrategiaren berri eman zuen Ron Duchinek. AEBetako Defentsa idazkariaren aholkulari berezia zen, eta MDB agentziako presidente. Duchinen hitzetan, erradikaltzat jotako ekintzaileak bakartzea da lehen urratsa; motibazio politikoa dutenak eta sistema aldatu nahi dutenak jotzen ditu Duchinek erradikaltzat. Bigarrenik, idealistekin egin behar da lan, errealista bilakatzeko; hau da, sistemaren barruan lan egiteko prest diren pragmatiko bilakatzeko. Denborak aurrera egin ahala, erradikalek sinesgarritasuna galtzen dute, eta errealistek, ikusgarritasuna, boterea edo jarraitzaileak bilatzen dituztenekin batera, industriari bere helburua betetzen laguntzen diote: akordio taktikoak egitea, garaipen partzialak eskainiz. Industriak badu interesa mugimendua edukiz husteko, bere indar eraldatzailea hutsean uzteko. Agerikoa denari so egiten badiogu, kontuan hartu behar dugu, gure asmo onak alde batera utzita, industriak izan dezakeela eragina mugimenduaren erabaki estrategikoetan.

Zer harreman du animalien aldeko mugimenduak bertze gizarte mugimenduekin?

Mugimenduen artean bat egiteko gero eta borondate handiagoa sumatzen dut, baina, oraindik ere, alde biko erresistentzia badela uste dut. Militantziaren bertze hainbat esparrutan postmodernitatearen ondorio zuzentzat jotzen da gure mugimendua, eta ez mugimendu politiko eta eraldatzailetzat. Aldi berean, gure mugimenduan borroka iraultzaileak modu negatibo batean ikusten dituzte hainbat sektorek. Hori guztia formakuntzarik ezaren ondorio da. Gure mugimenduak zapaldutako norbanako ororen askapena du helburu, eta, ondorioz, ezin dugu bazter utzi askapenerako borroken garapen historiko eta politikoa, ezta borroka horiekin batzen gaituen guztia ere. Bertze mugimenduek, halaber, ezin dute jarraitu bertze animaliek pairatzen duten zapalkuntzari bizkarra ematen. Bertze animalien adimena, haien gorputzen tamaina, hitz egiteko ezintasuna edo haien itxura ez dira hiltzeko, haztegietan ixteko, basoetan tiro egiteko, laborategietan torturatzeko edo itsasoan itotzeko arrazoi. Bertze mota bateko zapalkuntza pairatzen dutenek bezala, bertze animaliak ere haien borondatearen aurka zapaltzen dituzte, irizpide moral arbitrarioak baliatuz. Gure mugimenduak hutsak egin ditu, formakuntzarik ezagatik eta ikuspuntu iraultzailerik ezagatik, eta, askotan, jarrera despolitizatuak erakutsi ditu, baina hori ez da arrazoi nahikoa gizaki ez diren animaliak justiziaren eta berdintasunaren aldeko aldarrietatik kanpo uzteko. Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu.

Horren haritik, Martxoaren 8ko eta Maiatzaren Leheneko manifestazioetan parte hartu dute antiespezistek.

Borroka esparruetara eraman behar dugu antiespezismoa, bertze borroketara hurbildu. Bada lotura, eta lotura horretan dago, hain zuzen, inon baino aldaketarako aukera gehiago.

Parisen, duela gutxi, hiltegien aurkako manifestazioa egin zuten. Euskal Herrian halakorik gerta daitekeela uste duzu?

Bazterketa, zapalkuntza eta errepresioa pairatu dituen herri borrokalaria da Euskal Herria. Hori kontuan hartuta, lehenago edo geroago, ziur naiz hemen ere gertatuko dela.

Bandera ‘non grata’ udaletan

Bandera ‘non grata’ udaletan »

Edurne Elizondo

Ikurrinak plazan gelditu behar izan zuen, ofizialki, asteazkenean, Iruñeko besten hasiera iragarri zuen txupinazoan. Bandera handi bat eta bertze hamaika txiki erakutsi zituzten han bat egindako herritarrek; herriko etxeko balkoian ere bai. Ez, ordea, mastan. Bost jarri zituzten, baina bat hutsik gelditu zen: Iruñeko, Espainiako, Nafarroako eta Europako banderak zintzilikatu zituzten mastetatik. Ikurrinik, ez, ordea, epaileek itxi egin diotelako erakundeetako atea banderari, eta non grata izendatu dutelako udaletan, 2003. urtetik indarrean dagoen ikurren legea oinarri hartuta. Udalak, halere, bosgarren masta jartzea erabaki zuen, “ikurren legeak aintzat hartzen ez dituen herritarrei eta sentimenduei aitortza egiteko”.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hainbat sententzia plazaratu zituen joan den astean, eta “lege iruzurtzat” jo zuen iazko udan herrialdeko hainbat herritako bestetan —Iruñea, Tafalla, Lizarra, Lakuntza, Berriozar, Etxarri Aranatz eta Leitza— ikurrina udaletxean jarri izana. Epaileen hitzetan, “propio” gonbidatu zituzten EAEko agintariak udaletxe horietara, bandera jarri ahal izateko.

“Sententzia onartzen dugu, baina ez dugu harekin bat egiten”, erran zuten Iruñeko Udaleko arduradunek, ebazpena ezagutu eta gero. Antzeko iritzia agertu zuen Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek ere: “Erabateko errespetua diet epaileen erabakiei, baina horrek ez du erran nahi, berez, haien ebazpenekin bat egiten dudanik”, erran zuen lehendakariak, joan den astean. Bertzelakoa izan zen UPNko presidente Javier Esparzak sententziari buruz egindako analisia, haren berri jaso eta gero: “Barkosen ardura da legea betearaztea; arauak dioena beteko dela espero dugu, baina herriko bestetan ikurrina jartzen badute, gobernuko presidenteari ardura bere gain har dezala eskatuko diogu. Gustatu edo ez, legea bete behar dute”.

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek, orain arte, ez diote ikurren legea aldatzeko eztabaidari heldu. Indarrean jarraitzen du, ondorioz, 2003an UPNren gobernuak bultzatuta onartutako testuak. Joan den ekaineko Espainiako hauteskundeen harira, legea aldatzeko eztabaida irailera arte atzeratzea erabaki zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, azken horrek eskaera hori egin eta gero. Ahal Dugu-ko Laura Perezek ere nahiago zuen eztabaida hauteskundeen ondotik egitea, legearen erreformari buruzko “interes alderdikoiak” bazter uzteko. Uda baino lehen heldu nahi izan zion EH Bilduk gaiari, hilabeteotako herrietako bestetan Iruñeko txupinazoaren gisako egoerak saihesteko, hain zuzen ere. Ez dute egin, ordea. Eta Iruñean, ikurrinaren masta hutsik zela hasi ziren bestak.

Uxue Barkosek onartu zuen, joan den martxoan, ikurren legea aldatzea ez zela “larrialdiko auzia” egungo gobernuarentzat. Akordio programatikoan jasota dago egungo testua bertan behera uzteko konpromisoa. Hori nola eta noiz eginen duten, ordea, zehazteke dago, oraindik ere.

Eztabaida atzeratzeko hartutako erabaki horrekin ez du bat egin Patxi Zabaleta abokatu eta Aralarreko ohorezko presidenteak, inondik inora. “Taldeen arteko adostasunik ez bazegoen lege berri bat egiteko, gutxienez bazuten 2003. urtekoa bertan behera uztea”, nabarmendu du. Hori egiteko denbora izan dute.

Zabaletak argi eta garbi erran du: “Ikurren legea da nafarrei iruzur egiten diena, ikurrinak gizartearen zati handi bat ordezkatzen duelako, eta herritar horiei beren ikurra edukitzeko eskubidea kendu dietelako. Lege barregarria da. Ikurrinaren aurkako sententziak atzerapauso handia dira, eta argudio faltsua dute oinarri”. Abokatuaren ustez, herritarrentzat hobe da legerik ez izatea, lege bidegabe bat izatea baino. Zilegi jo du, gainera, “herritarrei iruzur” egiten dieten legeei “iruzur egitea”.

1981etik, iaz jarri zuten ikurrina, lehen aldiz, Iruñeko herriko etxeko balkoian, sanferminetako txupinazoaren harira. Duela 35 urte, hain justu, 1981eko abenduan, UPNk bultzatuta, ikurrina hiriburuko udaletxetik kentzeko agindua onartu zuen hiriko udalak. “Ikurrina zegoenean inolako arazorik ez zen; politikari baztertzaileek baino ez dituzte arazoak ikurrinarekin. Ikurrina balkoian egon denean plazan ez da istilurik izan; debekuek ekartzen dituzte istiluak”, gogoratu du Zabaletak, Iruñeko Udaleko Herri Batasunako zinegotzi izandakoak.

“1981ean, UPNrena izan zen bandera baztertzeko ekimena. UCD eta sozialistak presio mediatikoarengatik ez ziren ausartu debekuaren aurka egitera; Diario de Navarra egunkariaren presio mediatikoarengatik ez zuten debekuaren kontra egin sozialistek. 27 botoetatik hamar izan ziren ikurrinaren aldekoak:HBren zazpi, EAJren bi eta Manuel Perez Balda sozialistarena. Bota egin zuten, ondorioz, eta zinegotzi izateari utzi behar izan zion; erabaki horren kontra egin zuen, eta arrazoia eman zioten, baina ordurako legealdia amaituta zegoen”, erantsi du Zabaletak, ordukoei buruz.

2003. urtera arte, 1986ko ikurren legea izan zen indarrean Nafarroan. “Zirrikituak bilatu eta aurkitu egin zizkioten lege horri herrietako udaletan ikurrina jartzeko”. Han eta hemen baliatu zituzten hamaika herritako alkateek zirrikitu horiek, beren herrietan bandera erakutsi ahal izateko. Legeak zituen aterabide horiek itxi egin nahi izan zituen, hain zuzen ere, UPNk. Horixe nabarmendu du Zabaletak. Horixe izan zela, hain justu, 2003ko legea egiteko asmo bakarra. “Miguel Sanz presidenteak Alberto Catalan kontseilariaren esku utzi zuen zeregin horren ardura”. Zirrikitu guztiei atea erabat itxiko zien legea prestatzeko ardura, hain zuzen ere.

“Borondaterik ez”

Zabaletak bezala, Victor Moreno idazle eta irakasleak ere ez du ulertzen 2003ko legeak indarrean jarraitzea, oraindik ere. “Duela urtebete dugu gobernu berri bat; ulertezina da borondaterik egon ez izana UPNren politikak aldatzeko ikurren auzian. Alderantziz izan balitz, UPNk osin batean hondoratu izanen zukeen jada lege hori”.

Gehiago erran du Morenok, ohikoa duen ironia baliatuz, ikurren legeari buruzko eztabaida irailera arte atzeratu izanaz: “Zalantzarik gabe, orain eztabaida horri heldu baino garrantzitsuagoa da San Ferminen omenezko prozesioak antolatzea, frakak eta xisterak garbitzera eramatea, palioaren ibilbideak adostea, eta elizan sartuko diren edo ez erabakitzea; argi dago auzi horiek guztiak direla oso serioak, eta bilera luzeak eta gogoeta saio burutsuak eskatzen dizkietela gobernu batzordeetako kideei”.

UPNren jarrerari buruz, Morenok “normaltzat” jo du. “Alderdi horren koherentzia politikoarekin bat egiten du ikurrina erakundeetatik kanpo uzteko UPNren asmoak. Ez dugu ahaztu behar Nafarroako egungo eskuina dela frankismoaren oinordeko ideologikoa”.

2003. urteko ikurren legeak, hain zuzen ere, ikurrinari buruzko debekuarekin batera, ikur frankisten inguruko neurriak jaso zituen, onartu zutenean. Testuak, zehazki, 2003 hartan, urtebeteko epea ezarri zuen ikur frankistak herrialdeko karriketatik kentzeko. Urte luzez, ordea, agindu hori bete gabe utzi dute UPNren gobernuek.

“Jendeak maite ohi du banderekin eta ikurrekin identifikatzea. Ikurrina umiliatzen badute, eta horrek min egiten badizu, ez da gogoeta handirik egin behar zure nortasunaren mapa zein den jakiteko. Frankistek berdin jokatzen dute. Asaldatzen dira, ikur frankistak haien nortasunaren parte direlako”, erran du Morenok.

Frankismoarekin lotu du Zabaletak ere ikurrinaren aurkako UPNko kideen egungo “amorrua”. “Ikurrinari amorrua diote frankismoaren aurkako bi ikurretako bat izan zelako; bandera gorria izan zen bestea. Horregatik diote amorrua, oraindik ere, ikurrinari. Frankismoaren ondorengoak baitira”, erran du Zabaletak.

Iruñean, plazan gelditu da bandera besten hasieran, epaileen aginduz. Berdin gertatuko da, ustez, herrialdeko bertze hamaika herritan. Ikurren legea noiz aldatu zain da ikurrina.

Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza

Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza »

Asier Garcia Uribarri

Ebrotik Garonara. Horiek ziren baskoien mugak Ptolomeo, Estrabon eta Julio Cesar historialari klasikoen arabera. Geroztik, euskaldunen mugak aldatuz joan dira, 1814an egungo Nafarroako mapa ezarri zuten arte. Eneko del Castillo historialariari ezinegona sortzen diote Nafarroako historia gaur egungo maparekin ilustratzen duten liburuek. Horregatik, garaian garaiari egokitutako mapak publikatzen hasi zen Nabarlur blogean. Hainbat historialarik mapak eskatu zizkioten euren liburuetarako. Hori ikusita, erabaki zuen azken bi mila urteetako Nafarroako lurraldetasunak izan dituen aldaketak biltzea Atlas Histórico de Navarra (Nafarroako atlas historikoa) lanean.

“Historian adituak ez direnei begira egina da liburua, baina baita historia ikasten edota beste historia liburu sakonagoak irakurtzen ari direnei begira ere. Irakurtzeko oso erraza da, testuak ez baitira oso zabalak eta ez baitut gehiegi sakondu. Horretarako badaude beste liburu batzuk”, azaldu du Del Castillok.

Pello Eltzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak hori bera nabarmendu du: “Autorea oso modu hurbilean eta didaktikoan gerturatu da Nafarroa deitu den eta deitzen den horretara. Irakurle askok ezustekoak hartuko dituzte”.

Liburua hiru ataletan banatua dago. Lehena Baskonia zaharraren ingurukoa da. Geografo klasikoen lehen lekukotasunetatik Iruñeko erreinua sortu arte. Del Castillok lehen geografoek deskribatutako mugen mapa eraman du liburuaren azalera. Garai hori hiru zatitan banatu du egileak: Baskonia erromatarren inperioaren garaia, barbaroen inbasioak eta Baskonia Akitaniako dukerria. “Gaur egun ezagutu duguna baino askoz lurralde zabalagoa zen. Ebrotik Garonara hartzen zuen. Gero Frankoak iritsi ziren, Orreagako gudua, eta Iruñeko erresuma sortu zuten”, azaldu du Del Castillok.

Iruñeko erresumaren sorrerarekin hasi eta gaur egun bukatzen da bigarren atala. Bertan Nafarroak izandako estatuaren eta horren lurraldeen garapena aztertu du Del Castillok. Kapitulu horretan ere irakurleak ezusteko ugari hartuko dituela uste du autoreak. “Nafarroako erresuma ez zen egungo Foru Komunitatea. Izen horrekin ezagutzen zen lurraldeak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Errioxa eta mugaz besteko lurraldeak hartzen zituen”. Hala ere, gaztelar eta frantsesen konkistak Nafarroako lurra mugatuz joan ziren.

“Publikazio askotan, garai oso zaharrak aurkezten dira gaur egungo maparekin. Hori erabat ilogikoa da”, kexatu da Del Castillo. Haren arabera, egun, Antso Azkarraren garaiko mapa da ezagutzen den bakarrenetarikoa. Haren aburuz, ez dira historiari lotutako mapak zabaldu “historiografia ofizialaren aurka” egiten dutelako. Arrazoi beragatik uste du Del Castillok asmatu zutela mendebaldeko lurraldeen euskalduntze berantiarraren teoria. “Gaur egun, teoria hori ezeztatu egin da. Frogatua baitago VI. mendearen aurretik bazirela euskaldunak han”.

Atlasaren hirugarren atala euskararen lurraldeari eskaini dio. “Euskara da herri honen hizkuntza. Erromatarrak heldu zirenean latina ekarri zuten, eta euskaldunek erromantzeak izan zituzten baita ere: aragoiera eta gaskoia”. Euskararen atzerakada eta berreskurapena jaso ditu Del Castillok.

Hala ere, erromantzeei ere tarte bat eskaini die. “Iruditzen zait euskara mantendu izanaren arrazoietako bat foruak direla. Lege propioak izan ez dituzten lurraldeetan ia galdu dituzte berezko hizkuntzak, adibidez, aragoiera eta gaskoia”.

Lan zaharrei begira

Atlasa osatzeko, XX. mende bukaerako hainbat lan aztertu ditu Del Castillok. “Nafarroako mapa historikoen lehen lanak 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan egin zituzten, besteak beste Gregorio Berak, Artetak eta Jose Maria Lakarrak. Mapa horiek eta haien eguneratzeak oinarri hartuta garatu dut nire oraingo lana. Kontuan izan ditut, gainera, historialari garaikideek egindako lanak”.

Liburua bukatzeko kronologia txiki bat eta Nafarroako eta inguruko erreinuaren genealogiak aurkeztu ditu autoreak. “Irakurleak laguntzeko jarri ditut. Dibulgazio lana baita atlasa. Uste dut elementu horiek lagungarriak izan daitezkeela”. Horiekin batera bibliografia espezializatua ere proposatu du. “Gaian gehiago sakondu nahi duenarentzat”.

Nafarroako lurraldetasunaren inguruan egin den lanik zabalena da Del Castillok osatutakoa. Historia artxibo zaharretatik berreskuratu eta interesa dutenek mapa errealagoak eskura izan ditzatela izan du helburu.

Dena aldatu nahi dute

Dena aldatu nahi dute »

Edurne Elizondo

Helduen boterea zera da: botere konkretu bat, ezarrita dagoen sistemari bermatzen diona eskulan otzana produzituko dela seriean, behar denean zapaltzeko modukoa”. Iñaki Gil de San Vicente pentsalariak idatzitakoak dira hitzok. Haren hitzaldiarekin hasi ziren, astelehenean, Gazte boterea eraiki izenburuko jardunaldiak. Gazte botere hori artikulatzeko antolatu dituzte, hain zuzen ere. Iruñerriko gazte mugimenduko hamaika kidek eta taldek bat egin dute jardunaldiotan. Ezarrita dagoen sistema horren hesiak apurtu nahi dituzte; ezarritako sistema horren mugak gainditu. Helduen botereari aurre egin, eta dena aldatu.

Gazteek gizartea eraldatzeko duten gaitasuna nabarmendu du Amets Castellek (Iruñea, 1990), hain zuzen ere. “Gazteok gai gara, gaur eta hemen, gure bizitzari buelta emateko; zapalkuntzak pairatzen ditugu, baina gai gara espazioak askatzeko”. Hura da jardunaldion antolatzaileetako bat. Eraikuntza lanetan ari gara dinamikako parte hartzailea ere bada. “Jardunaldiotan bat egin dugu dinamika horretan ari garenok eta Iruñerriko auzo eta herrietan lanean ari diren beste hainbat gaztek”. Gazte horien egungo errealitatea da abiapuntua. Eta errealitate hori jarri dute mahai gainean, aldatzeko gakoak garatzen hasi ahal izateko. “Prekaritatera kondenatuta gaude, gure bizitzako arlo guztietan”, laburbildu du Nahia Fernandezek (Iruñea, 1991).

Prekaritatea hezkuntzan, bai eta lanaren esparruan ere; etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak; kapitalismoak eta patriarkatuak ezarritako baldintzen pean bizi behar izatea. “Langile gisa zapaltzen gaitu kapitalismoak; emakume gisa patriarkatuak; gazte gisa helduen botereak. Bete-betean dago sartuta gure bizitzetan, esparru guztietan. Zapalkuntzak lantzea beharrezkoa da, zapalkuntza horiek identifikatu egin behar ditugulako, gure proiektuak garatu eta espazio askeak eraiki ahal izateko”, erran du Fernandezek.

Horretan ari dira Iruñerriko gazteak, haren ustez, eta, alde horretatik, azken urteotan gazte mugimenduan gertatu den “berpiztea” nabarmendu du. Onartu du krisiaren testuinguruak behartuta gertatu dela, neurri handi batean, baina gaineratu du egoerari buruzko analisia ere egin dutela, eta egin diren urratsak hausnarketa horren ondorio izan direla, hain justu. “Egon da halako geldialdi bat; gero eta gutxiago ziren antolatuta zeuden gazteak Iruñerrian. Baina egoera horri buelta emateko gaitasuna erakutsi dute; eraikuntzaren esparrura salto egiteko beharraz jabetu gara gazteok; gazte garelako, hain justu, gauza handiak egin ditzakegula ohartu gara”.

Ezagutu eta partekatu

Gazteei elkarren berri izateko aukera eman nahi diete astelehenean hasitako jardunaldietan. Batek bertzea egiten ari den lana ezagutzekoa; esperientziak eta bideak partekatzekoa. Antolatzekoa, azken finean. “Erreminta kutxa jarri nahi dugu gazteen esku, nolabait esanda, haien proiektuak zehazten eta garatzen lagundu ahal izateko”, azaldu dute Fernandezek eta Castellek.

Gazteen arteko hartu-eman horiek bultzatu nahi dituzte. Iruñerriko hainbat tokitan ari dira, auzo eta herri guztietako proiektuak eta esperientziak jaso nahi dituztelako. Jorratzeko hainbat gai jarri dituzte mahai gainean, jada garatuta dauden proiektuak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, bai eta proiektu berriak sortzeko ere. “Etxebizitzari buruz, adibidez, lan handia egin da. Balia dezagun. Ez dugu zertan hutsetik hasi”, azaldu du Castellek.

Gogoetagai eta proiektu horien guztien bidez, ahalduntze prozesuan urratsak egitea da helburua. “Ahalduntzea da kontua; gazteon boterea da gaitasun bat; gure bizitza garatzeko gaitasuna; asmoa da gazteon arteko elkartasunaren bidez eta elkarrekin antolatuz ahalduntzea, gure bizitzako esparru guztiei buelta emateko”, berretsi du Castellek.

“Helburua da baldintzak sortzea eta eraldaketarako gaitasun hori zabaltzea”, erantsi du Fernandezek. Zabaltze hori lortzeko jarri dituzte abian jardunaldiak. Egoitzetako bat da Iruñeko gaztetxea. Espazio huts bat baino gehiago da, hala ere. “Beti da ona gazteok antolatu ahal izateko espazioak zabaltzea. Gazteok kudeatutako gune bat da, eta horretara goaz”. Bat egin du Fernandezen hitzekin Irune Irozek ere (Burlata, 1991). “Gaztetxea izan daiteke tresna bat edo abiapuntu bat bestelako borrokak ere piztu ahal izateko. Zubi lana egin dezake, nolabait esanda”, nabarmendu du. Borroken arteko harremana eta elkar elikatzeko aukera ere jarri nahi dituzte agerian jardunaldiek.

Compañia karrikan da egun gaztetxea, joan den abenduan okupatu zutenetik. Iruñeko Udalarekin negoziazio prozesua hasi zuten orduan, eta gaztetxea bertze eraikin batera mugitzea adostu zuten, udalarena den Caparrosoko txaletera, hain zuzen. Hilaren 18an dute egitekoa gaztetxeko kideek toki aldatzea.

Erakundeekin duten harremanari buruz, hala ere, ez da iritzi bakarra gazteen artean; ez dute irizpiderik adostu. “Jardunaldiak egiteko prozesuan soslai ezberdineko hainbat gaztek bat egin dugu; era askotako soslaiak badira, baina bada denok partekatzen dugun ideia bat, nire ustez: uste dugula, aldaketaren aro honetan, gazteok aldaketa horren alde egiten dugun ekarpena direla gaztetxea, jardunaldiok eta gazte mugimendutik etor daitezkeen beste hamaika ekinbide”, erran du Amets Castellek.

Etxebizitza, autogestioa, prekaritatea, enplegua, feminismoa… proiektuak sortzeko gogoetagaiak ez dira gutxi. Animalien askapenari buruzkoak ere jaso dituzte gazteek jardunaldietan. “Iruñeko gaztetxean ari dira gai hori nahikoa garatzen; proposatu zuten, eta zerrendan sartu dugu; iruditzen zaigu Iruñeko gazteen artean badela benetako interesa auzi hori jorratzeko”, azaldu du Fernandezek.

Astelehenean hasi, eta hilaren 11n amaituko dituzte jardunaldiak. Larunbat horretarako egitaraua berezia izanen da. Egun nagusitzat jo dute antolatzaileek. “Auzo eta herrietan jendea bi mailatan ari da lanean; tokian tokiko gazte mugimenduak daude, batetik; eta gai zehatzei lotutako gazteak, bestetik. Bi maila horiek uztartu nahi izan ditugu, eta azken eguneko egitarauaren bidez, jasotako ideiak eta proposamenak batu, gazteen esku uzteko”, azaldu du Fernandezek. “Motibatu nahi ditugu gazteak, olatu txikien bidez olatu handi bat sortzeko”, erantsi du Castellek.

Eraikitzen hasteko urratsak egiteko oinarria jarri nahi dute antolatzaileek hilaren 11ko ekitaldiaren bidez, nolabait erranda. Bidearen zati bat egina dutela argi dute gazteek, dena den. “Jendea ez da konturatzen, bakoitza bere tokian ari delako, baina ari gara sekulako lana egiten; denok ari gara norabide berean. Burua altxatzeko ordua dugu oraingoa, besteak egiten ari direna ezagutzeko, elkarri irakasteko. Inposatu diguten ereduarekin ez gaude ados, eta gure esku dago gauzak aldatzea”, nabarmendu du Fernandezek. “Proiektuak martxan jartzeko gai gara”, erantsi du Irozek.

Bihar zortzi arloz arlo antolatutako eztabaida saioak eginen dituzte, 10:00etatik aurrera, Iruñeko Compañia plazan. Bazkaria eginen dute gero, eta, jardunaldiei amaiera emateko, kalejira. Jardunaldiotako lanak, hala ere, izanen du segida. Hori da asmo nagusia. “Garatzen hasteko proiektuak eta ideiak adostea”, azaldu dute antolatzaileek. Eraikuntza lanetan ari gara dinamikaren barruan, halaber, gisako topaketa eginen dute, urte bukaeran, Euskal Herriko gazte mugimenduko kideek. Ahalduntzeko bidean urratsak egiten jarraitu nahi dute. Gazte boterea eraikitzen. Aldatzen.

Victor Rubio: “Harakiria egin dugu, baina suhiltzaile zerbitzuaren onerako izan da”

Victor Rubio: “Harakiria egin dugu, baina suhiltzaile zerbitzuaren onerako izan da” »

Kargua utziko du aurki Rubiok, suhiltzaileen krisiari buelta eman ezinik. Ahoan bilorik gabe mintzo da, eta ez du beldurrik porrota onartzeko, ez baitzuen karguan betierekotzeko asmorik - Jarraitu irakurtzen...

Berriz ere gerta ez dadin

Berriz ere gerta ez dadin »

Asier Garcia Uribarri

Hiesak jota eta inolako arreta medikorik gabe. Horrela hil zen 1993ko maiatzaren 15ean Pello Mariñelarena euskal presoa, Parisko Antoine Beclere ospitalean. Igandean, heriotzaren urtemugarekin, Mariñelarenaren margo eta olerkien erakusketa aurkeztuko du Sarek Etxarri Aranatzen. “Pello [Mariñelarena] gogoratzeko eta haren lana aitortzeko egin dugu erakusketa. Baina baita gaixorik dauden presoen eskubideak aldarrikatzeko ere. Hark pairatu zuena inork berriz paira ez dezan”, azaldu du Mikel Mundiñano Sareko kideak.

Mariñelarena Etxarri Aranatzen jaio zen, 1963. urtean. Nerabea zenetik lan egin behar izan zuen etxeko ekonomian laguntzeko. Horrez gain, goiz piztu zitzaion inguruan zuen munduarekiko ezinegona. Era berean, beste hainbat garaikideri gertatu bezala, droga mendekotasunak harrapatu zuen Mariñelarena. Zuen arazoaz jakitun, Mondoñedoko desintoxikazio zentrora jo zuen, Galiziara. Han lortu zuen drogaren atzaparretatik ihes egitea. Baina, handik gutxira, militantzia politikoaren ondorioz erbestera jo behar izan zuen. “1987. urtea berezia izan zen Pellorentzat [Mariñelarena]. Lagun eta militantziako kide bat hil zitzaion, istripuz. Garai hartan, ihes egin behar izan zuen”.

Erbestean hasi zen margotzen eta olerkiak idazten. “Haren ibilbide osoa ikus daiteke haren margoetan: droga mendekotasuna, sendatzea, konpromiso politikoa eta ihesa”. 1990. urtean atxilotu zuten, Bretainian. Zailtasunak zailtasun, La Santeko espetxean (Frantzia) margotzen jarraitu zuen. Espetxean bi urte eta erdi zeramatzala hiesa diagnostikatu zioten, eta hilabete baten buruan hil zen.

Gaixo dauden presoen askatasuna da Sareren aldarrikapen nagusietako bat. Mariñelarenaren lana baliatu nahi dute aldarrikapen horretan sakontzeko. Presoen eskubideen alde, Eskubideen trena egitasmoa garatzen ari da Sare. Alor ezberdinetan lan egiten duten pertsonen ekarpenak jasotzeko. Kanpaina horretan kokatu ditu Mundiñanok erakusketa eta igandeko aurkezpena. “Erakusketa aurkezteaz gain, Sakanako sortzaileen ekarpena garrantzitsua izango da”. Aurretik, antzeko ekinbide parte hartzaileak egin dituzte eskualdeko kirolari eta musikariekin.

Erakusketa igandean Etxarri Aranatzen aurkeztuko badute ere, datozen asteetan Sakanako hainbat herritan egongo da ikusgai. Ekainaren 6tik 17ra, berriz, Iruñeko Katakraken izango da.

Egitarau zabala

Egun handia igandea izango bada ere, gaur egingo dute lehen ekitaldia. Etxarri Aranazko Leku Ona tabernan Burdin hariak eta plastikozko koilareak ikuskizuna taularatuko dute. “Markel Ormazabal eta Oier Gonzalez preso ohiek landutako solasaldia da, espetxearen ingurukoa, bideo eta musikarekin lagunduta. Galdera bati erantzutean otu zitzaien ideia: berdin pisatzen du koilara batek espetxearen bi aldeetan?”, azaldu du Mundiñanok.

Igandean, 11:00etan aurkeztuko dute erakusketa Etxarri Aranazko plazan. “Badakigu ez dela egokiena erakusketa bat kalean jartzea. Baina herriak ikustea nahi dugu. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan jarriko dugu”. Ordu berean, Uribe Crew grafitigileek Mariñelarenaren irudia margotuko dute herriko horma batean.

Eguerdian, Artie Kalia Etxarri Aranazko sortzaileen taldeak serigrafia tailerra eskainiko du. “Pelloren [Mariñelarena] lanen irudiekin zorroak eta elastikoak egingo dituzte. Bertan izango dute materiala; beraz, ez da etxetik eraman beharko”.

Horrekin batera, sormen parte hartzailerako ekinbidea prestatu du Altsasuko Artebide taldeak. Eskualdeko hainbat margolariren topagunea da Artebide. “Pentsatu dute biltzen den jendearen artean Pelloren [Mariñelarena] olerkiak banatzea. Bertan, panel handi batzuk jarriko dituzte. Orduan, bakoitzak olerkiak irakurtzean, norberari ateratzen zaiona margotzeko aukera izango du”.

Goizeko azken ekitaldia 13:00ean hasiko da. “Froga txiki” gisa definitu du Mundiñanok. Triki edo bertso poteoa egin beharrean, “olerki poteoa” egingo dute. Horretarako, sortzaile ezagunen laguntza izango dute.

Oraingoz, Jon Arretxe idazleak eta Maider Ansa abeslariak eman dute baiezkoa. Baina beste hainbatekin harremanetan daudela nabarmendu du Mundiñanok. “Tabernetan sartu eta isiltasuna eskatuko dugu. Orduan, Edur Zubeldia musikariak akordeoiarekin musika inprobisatuko du, eta sortzaileek Pelloren [Mariñelarena] olerkiak irakurriko dituzte. Ez dugu sekula egin, baina uste dugu oso interesgarria izango dela”.

“Helburua zen gu pertsona gisa apurtzea, eta kolektiboa ahultzea”

“Helburua zen gu pertsona gisa apurtzea, eta kolektiboa ahultzea” »

Asier Garcia Uribarri

Aztnugal. Hitz horrekin sinatu zuen Jon Patxi Arratibelek Guardia Zibilek idatzitako polizia deklarazioa. Sarekada berean atxilotu zituzten Iker Moreno (Burlata, 1986), Gorka Zabala, Gorka Mayo, Iñigo Gonzalez eta Xabier Beortegi. Azken hori auzitik kanpo utzi zuten. Gainontzekoentzat zortzina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. Epaiketa salatzeko, tortura hainbat ikuspegitatik landu, eta gatazkaren konponbidean urratsak egiteko konpromisoak eskatu dituzte.

Nola gogoratzen dituzu atxiloketaren egunak?

Erantzun osoagoa emateko, garai horretako nire egoera pertsonala azaldu behar dut. Lehenago beste sarekada batzuk ere egin zituzten, batez ere Segiren aurka, eta sarekada horietan nire izena agertu zen. Beraz, abokatuek esan zidaten kontuz ibiltzeko. Horrela ibili nintzen urte eta erdi.

Hori alde batetik. Bestetik, guk ere kokatu ditugu gure atxiloketak testuinguru jakin batean. Urte horietan, ezker abertzalea bere estrategiaren inguruko eztabaida egiten ari zen, eta hainbat gertakari garrantzitsu jazo ziren, hala nola Zutik Euskal Herria txostena, Gernikako akordioa, eta gu atxilotu baino hamar egun lehenago ETAk su-eten iraunkorra eman zuen. Hau da, ezker abertzaleak konponbidearen aldeko pausoak eman zituen, ETAk horri erantzun zion, eta esan daiteke gure atxiloketak estatuak ETAren erabakiari eman zion erantzuna izan zirela.

Aipatu duzue guardia zibilek bazutela nahi zuten informazio guztia. Orduan, zergatik uste duzu torturatu zintuztela?

Nire kasuan hori ikusi nuen, ez zirela ari informazio bila. Gurekin beste helburu batzuk zituzten.

Zeintzuk dira helburu horiek?

Niri sinarazi zidaten ez nintzela ez ETAkoa, ez Ekinekoa eta ezta Segikoa ere. Haiek nahi zutena zen nik beste pertsona batzuk salatzea. Eta hori zertarako? Hasteko, itxi nahi zituztelako epaiketa bati begira zituzten frogak. Baina, batez ere, nahi zuten gu pertsona gisa apurtu.

Nola egin zuten hori?

Psikologoarekin bi urte pasatxo egon ostean, prozesua ikusten dut eta konturatu naiz tortura saio horiekin heltzen zarela puntu batera non ezerk ez duen zentzurik. Puntu batera iritsi nintzen non bertatik ateratzeko nuen modu bakarra hiltzea zen. Baina momentu horretan bizirik irauteko sena ateratzen da, eta kontraesan horretan uzten diozu pertsona izateari. Momentu horretan nire gorputzak klak egin zuen, eta kodigoa beste bat zen: bizirik irautea. Orduan, burutik poltsa eta gainean nituen bost gizonak kentzeko egin behar nuen haiek nahi zutena. Hor hasten da mendekotasuna. Haiek nahi dutena egiten duzu. Haien bertsioa buruz ikasten duzu, eta eramaten zaituzte idazkari baten aurrera deklarazioa egiteko. Gero esaten dizute oso ongi egin duzula dena, eta hori epaileari esaten badiozu ziurrenik ez zarela espetxera joango. Azkenean, horrekin lortzen dute zure barruan erruduntasun hazi bat sortzea. Kaka bat zara, traidorea. Hainbat filmetan agertzen dena, edo Itziarren semea kantuan: ez ditut nire lagunak salatuko. Zuk ez duzu hori lortu. Nik bi izenen aurka sinatu nuen, eta gaur egun kostatzen zait bi pertsona horiekin egotea.

Horrek nola eragiten du zure egunerokoan?

Alde batetik, zure autoestimua lurrera doa. Baina, bestetik, gure izenak esan dituzten pertsonak kolektibo baten parte izaten dira. Beraz, mesfidantza sortzen baduzu kolektibo horretan, azkenean kolektiboa bera apurtzen ari zara. Horrekin batera, noski, baita beldurra sartzea ere. Mezu bat bidaltzea: borrokatzen bazara, torturatuko zaituzte. Haien helburua, informazioa ateratzea baino gehiago, gu pertsona gisa apurtu eta kolektiboa ahultzea zen.

Zuen epaiketa salatzeko aztnugal hitza erabili duzue. Nola baloratzen duzue egindako lana?

Epaiketa prestatzeko biltzen hasi ginenean, argi genuen aztnugal hitza berreskuratu behar genuela, uste baikenuen hitzak berak nahikoa indar zuela gure kasua azaltzeko. Baina kanpaina diseinatzerakoan bi ardatz ikusi genituen: torturaren salaketa eta gatazkaren konponbidea. Torturarekin ikusi genuen aldagai garrantzitsua zela gure kasuan. Alde batetik, Estrasburgoko Auzitegiak Espainia kondenatu zuelako Jon Patxiren [Arratibel] salaketa behar bezala ez ikertzeagatik. Bestetik, Gorka Mayo, Gorka Zabala eta ni espetxean ginela Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko kide batek elkarrizketatu gintuen. Gure testigantzak sinesgarritzat jo zituzten 2013an publikatutako txostenean. Hau da, jada ez genuen guk esaten torturatu gintuztela, baizik eta nazioarteko erakunde batek. Horrek behar zuen ildo propioa gure dinamikan. Oso modu ezberdinetan landu dugu gaia, eta espero baino oihartzun handiagoa izan dute ekinbideek. Otsaila oso hilabete gogorra izan bada ere, oso pozik gaude egindako lanarekin.

Uste duzue Arratibelen sententziak eta Torturaren Prebentziorako Batzordearen txostenak lagunduko duela zuen epaiketan?

Guk salaketa egingo dugu. Hala ere, Auzitegi Nazionala beste mundu bat da. Inkomunikaziotik atera ginenean Grande-Marlaska epaileari kontatu genizkion gertatutakoak, eta denek gauza bera pentsatu genuen: ziurrenik badakitela zer egin diguten eta berdin zaiela. Ez dugu epaiketa justu bat izateko inolako bermerik.