5,48 »

Arga ibaia asteburuan iritsi zen altuera, metrotan. Arga eta Aragoi ibaiek gainezka egin zuten joan den asteburuan. Arga ibaia 5,48 metroko altuerara iritsi zen, eta Ebroko Ur Konfederazioak Iruñean inoiz neurtu gabeko ur maila neurtu zuen: 550 metro kubiko segundoko.

‘Allo’ »

Gaurko kolaborazio hau ikasturte honetako azken aurrekoa izango dut. Nafarroako Hitza-tik hilean behin zutabe bat idazten animatuko ote nintzatekeen hots egin zidatenetik, oker ez banago, hauxe izango da nire deiturak daramatzan hamazazpigarrena. Bete beharreko baldintza bat Nafarroako kontuez aritzea da, alegia, Nafarroako gaurkotasunez, eta, egia esateko, gure Nafarroa maite honek ematen du, bai, zer pentsatu eta zer esan. Dena den, ez dakit lerro hauetan ezarritako kondizioa beteko ote dudan, ez baitakit hemengo kontua ote den soilik.

Urte asko dira gure etxean bazegoela telefonogune bat. Nire memoriak huts egiten ez badit —batzuetan deserrira joaten zait-eta— kaxa modukoa zen, egurrezkoa, handi samarra. Telefono-linea desberdinak konektatzeko balio zuen larako moduko batzuk kalkatuz kutxako eskuin aldean zegoen biraderari eragin bitartean, behin baino gehiagotan eragin ere, bestela ez omen zuen nahiko indarrik hartzen. Operazio horrek bazuen zailtasun apur bat, ez ezazue pentsa; esku batek larako bat sakatzearekin batera beste eskuak biraderari eragin behar zion, baina orduan telefonoa? Telefonoa eseki gabe utzi egin behar, jakina, eta atzera ere agudo hartu behar deia alferrik galduko ez bazen!

Atzerrira deitzeko erabiltzen zen askotan telefonogunea, hain zuzen ere, urrutiko deiak egiteko. Emakumezko ahotsa izaten zuen telefonistari norako deia zen eskatu, telefono zenbakia eman eta hark lotura egiten zuen unetxo bat pasa eta gero. Orduan, telefono-hari luzeen beste aldetik ailegatzen zen: Allo? Allo?

Allo-k erantzuna ematen zuen beti, beste aldean norbait zegoela adierazten zuen erantzuna.

Nola aldatu diren gauzak, e? Urte hauetan guztietan teknologia berriek sekulako aurrerapenak lortu dituzte. Ordu batzuetan munduko beste muturrera ailega gaitezke, eta, denborarik beharko ez balu bezala, gure mezu bat istantean irakur dezakete munduko edozein tokitan. Garai bateko zentralita zen egurrezko kutxa erako tramankulu handi hura, gaur egun, ordea, gure bakeroen poltsiko estuetan sartzen den gailu bat da, deitzeko ez ezik, hamaika funtzio gehiago betetzeko balio duena.

Bada, haatik, besterik aldatzen ari dena: orain, askotan, gehienetan, apika, ez dugu Allo-rik entzuten, hots, tresnaren beste aldetik ez da arraposturik ailegatzen: ez da erantzunik egoten. Ez dakit zure esperientzian, irakurle, nirean behintzat gero eta ohikoagoa zait arraposturik ez jasotzea lagunei bidalitako SMS edo whatsapp mezuak direla. Egia da, galderarik egiten ez bada, behinik behin, batzuetan ez dela behar izaten, tira, ez dakit. Baina, adibidez, pentsa dezagun kiroldegian hain poliki jarritako Iradokizunak postontzian sarturiko sujerentzia dela-eta ez dizutela erantzun, non eta, gainera, orrian bertan Erantzuna jaso nahi dut agertzen den laukitxoa markatu duzun; edo, esaterako, udaletxean sarturiko zenbakidun eskaera formal baten inguruan ere ez dizutela erantzun. Halere, nago jarrera nagi hori kutsakorra dela.

Nik Allo entzuten jarraitu nahi dut.

ITZULTZEA ESKATU DUTE LEITZARREK »

Maxurreneak herriarentzat izan behar duela eskatu dute ehunka leitzarrek. Euriari aurre eginez, joan den larunbatean 300 lagun inguru bildu ziren manifestazioan, eta Guardia Zibilaren begiradapean egin zuten ibilbidea. Herriaren nahia errespetatu; Max…

1.600 »

Nafarroako Bilketan parte hartu duten boluntarioak. Joan den asteburuan 1.600 boluntariok parte hartu zuten Nafarroako II. Bilketa Nagusian. Ekinaldi honen xedea baliabiderik ez duten pertsonentzat ahalik eta jaki gehien biltzea da.

BABESA MIROTZ KUMEENTZAT »

Apirilean eta maiatzean mirotzek labore soroetan egiten dituzte habiak, lurrean. Han babesten dira harrapakarietatik, baina ez uzta makinetatik. Izan ere, uzta sasoiarekin bat egiten du mirotzen umatze garaiak, eta uzta makinen hortz artean bukatzen d…

21,8 »

Nafarroako erretzaileen ehunekoa. Ikerketa baten arabera, Nafarroako biztanleen %21,8k erretzen dute, eta, batez beste, erretzaile bakoitzak 11,9 zigarro erretzen ditu egunean. 2012ko datuen aldean, erretzaile gutxiago dago.

Sei ergelkeria »

Barraskiloa menuan. Aurrekoan, bertze espediente bat ireki zioten Mediterranea de Catering enpresari, Nafarroako Ospitale Gunean gaixo bati zerbitzaturiko zerba plater batean barraskilo bat agertu zelako. Zalaparta sortu zen, noski, barraskiloa menuaren parte ez omen zelako. Nolanahi ere, kasu honetan asaldura bidegabea dela uste dut, jaki ekologikoak jaten ditugunok aski ongi baitakigu gure janarian barraskiloak edo zomorroak agertzea seinale ona dela.

Iruñea ez da Mordor. Neuk ere egin izan dut barre —gogotik egin ere— Iruñea Mordor paraje fantastikoarekin erkatzen duten txisteen kontura. Baina, bat: nahikoa da, ez? Eta, bi: antzekotasunak nahiko zalantzazkoak dira; Mordor beti lainoturik dago, bai, baina ez du euririk egiten, idor-idorra da eta bero handia egiten du. Asmatu bertze zer edo zer, faborez.

Puñalek txupinazoa. Osasuna zalea nauzue; ez amorratua, baina bai zalea. Eta Patxi Puñal Uharteko ganibetaren gola gozatu nuen, gozatu nuenez; Euskalerria Irratiaren kontakizuna entzun zenutenok adituko zenituzten gure oihuak. Bai. Baina horraino. Osasunak ez gaitu krisitik atera. Osasunak ez ditu lanpostu gehiago sortu. Osasunak 30 milioi euro zor dizkigu oraindik. Osasunak ez du txupinazoa botatzea merezi.

Miseria banatzen. Gogoratuko duzue nola Txema Berro Osasunbideko langileari espedientea ireki zion Nafarroako Gobernuak hark ez zuelako onartu bere lanorduak emendatzea. Berro —eta ni— lana banatzearen aldekoa da, eta pentsatzen du —neuk ere bai— langileei lanordu gehiago jartzea bide horren kontrakoa dela. Orain, ematen du Barcina Deshazkundearen aldeko mugimendukoa egin zaigula, baina ez despistatu: haien artean sosak banatu eta gero, orain miseria gure artean banatu nahi dute.

Kaskorik gabeko kaskoak. Askok jakinen duzuenez, Espainiako Gobernua zirkulazio araudi berria prestatzen ari da. Bertako arau asko hagitz polemikoak izaten ahal ziren, baina ika-mika kuota handiena erdietsi duena ziklisten kaskoarena da. Badakizue, Gobernuak nahi du ziklistek hiri barnean kaskoa kaskoan jantzita ibiltzea, horrek ziklisten heriotzak gutxituko dituelakoan. Harrigarriki, bizikletaren aldeko elkarte guzti-guztiak arau horren kontra azaldu dira. Eta, harrigarriki, bizikleta hiriko ibilgailu bezala erabiltzen ez dutenek bizikletazaleak tontoak garela pentsatu dute.

Herriak du pizza. Niri ez zidaten papererako edukiontziaz galdetu, ezta beirarako edukiontziaz, ezta plastiko eta metalerako edukiontziaz, ezta organiko eta gainerakorako edukiontziaz ere. Eta ez didate borzgarren edukiontziaz galdetuko. Ezta Iruñeko entzierroez ere. Egiaren errateko, niri ez didate sekula galdetu gure eguneroko bizimoduaren hobekuntzarako ezein gai zehatzez. Egin beharko luketela uste dut. Hala ere, aizue, zein zaila jartzen diguten herri kontsulten aldekoei zenbait herri kontsultaren emaitzek, dedio!

OLABERRIRENTZAKO JUSTIZIA ESKE »

Hogei urte bete dira Atarrabiako Txuma Olaberriri gomazko pilota batek buruan jo zionetik. Lagun batekin Iruñeko Sarasate pasealekuan zegoela, Espainiako Poliziak jaurti zuen pilota hura. Gertakizun horren ondorioz, Olaberri larriki zauritu zen, eta garezurrean ebakuntza egin behar izan zioten erietxean. Ez zen erabat osatu inoiz. Hogei urte igaro diren arren ez dela justiziarik egin salatu dute dozena bat lagunek Atarrabian, joan den astean egindako elkarretaratzean.

Auzolana solasgai »

Orain dela egun batzuk Leitzan izan ginen, auzolanari buruzko solasaldi batean, Kultur Aroaren baitan. Gaiari buruz teoria-mailan ikasi duguna azaltzen hasi orduko, solaskideen gogoa piztu eta euren ahotik aditu genituen garai ez hain urrun bateko biz…

5.000 »

Zeliakoak direla ez dakiten lagunak. Nafarroako Zeliakoen Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, egun zeliakoak diren 5.000 lagunek ez dakite gaixotasun hori dutela. Zeliakia garaiz atzemateko kanpaina bat jarri dute abian.