3.000 »

Alzheimerra diagnostikatu gabe duten gaixoak. Espainiako Neurologia Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, alzheimerra duten hamar lagunetik lauk ez dute gaixotasunaren diagnosirik. Orotara, Nafarroan 9.000 lagun inguruk dute alzheimerra. Ikerketan jasotzen denez, gutxienez 3.000 gaixok ez dakite gaixo daudela.

102 »

2008tik 2012ra Nafarroan itxi dituzten banku bulegoak. Aurrezki kutxak dira bulego gehien itxi dutenak. Herrialde osoan itxi diren 102 bulegoetatik 73 aurrezki kutxetakoak dira, finantza erakunde horiek orotara dituzten bulegoen laurdenak, hain justu.

7.974 »

Errenta aitorpeneko dirua itzuli ez dieten lagunak. 2012ko errenta aitorpena egiteko epea joan den ekainean amaitu zen. Aitorpena egin, eta administrazioak dirua itzuli zain daude 7.974 lagun.

Bi burutazio »

Azkenaldian, Iruñerriko Mankomunitateak bi ateraldi xelebre izan ditu, bat garraio publikoaren zulo beltza estaltzeko zerga berri bati buruzkoa eta bertzea hondakinen bilketan borzgarren edukiontzia ezartzearen ingurukoa. Lehenbizikoak oihartzun eskasa izan zuen —gehiegi hausnartu gabeko bat-bateko ideia izan zelako, akaso—, eta ikusteko dago bigarrenak zer erantzun dakarren.

Billabesena. Garai batean, Cotup izeneko kooperatibak kudeatzen zuen Iruñerriko Billabesen garraioa. Gero, La Montañesa bertako enpresak irentsi zuen kooperatiba; baina segituan azken hori Veolia enpresa frantsesak fagozitatu zuen. Azken lehiaketan, TCC kataluniarrek kendu zieten frantsesei gure garraioaren kudeaketa. Eta bide malkartsu horretan, Iruñerriko garraio publikoa putzu ekonomiko sakon eta ilun batean hondoratu da. Apirilean, Nafarroako Gobernuak erran zuen ez zuela zuloa estaltzeko diru gehiago jarriko, eta Mankomunitatekoek adierazi zuten garraioaren gaineko zerga berri bat ezartzea aztertzen ari zirela.

Iruñerriko etxe bakoitzak 10 euro urtean. Horixe izan zen burutik pasatu omen zitzaien lehenbiziko zenbakia. Egia da Mankomunitateko arduradunek aipatu zutela zerga hori, ezartzekotan, “oso ongi” aztertu nahi dutela. Baina egia da, era berean, aipatu izan zen zifra bakarra 10 eurokoa izan zela. Egunero lanera bizikletan doan baina billabesa sekula hartzen ez duen bi seme-alaben amak, hamar euro. Ogia erostera ere autoan doan eta billabesa sekula hartzen ez duen mutilzaharrak, hamar euro. Zerga orekatua, ezta?

Borzgarrena. Abuztuan jakin genuen Mankomunitateak azaroan hasiko dituela Iruñerri osoan borzgarren edukiontzia ezartzeko lanak. Barañainen hasiko dira. Badakizue, orain lau edukiontzi ditugu: lehenbizikoan ontziak, metalak eta plastikoak bota behar ditugu; bigarrenean, beira; hirugarrenean, papera eta kartoia; eta laugarrenean, materia organikoa eta gainerakoa (errefusa). Sistema hori dela eta, apenas birziklatzen den materia organikorik, gauza askorekin nahasita biltzen baita. Konparazio batera, 2012an, jasotako materia organikoaren %18,3 berreskuratzea lortu zuten.

Europak behartuta, Mankomunitateak jasotako organikoaren %50 berreskuratu nahi du, eta hartara ezarriko du borzgarren edukiontzia, ontzi horretan bakarrik materia organikoa biltzeko. Eta gauza polita litzateke, zinez ederra, baldin eta amarrua ez balu: Mankomunitateak ez ditu herritarrak borzgarren edukiontzi hori erabiltzera behartuko. Mankomunitatearen asmoekin bat egiten duten herritar engaiatuei (engainatuei?) giltza emanen diete, eta beraiek bakarrik erabiliko dute borzgarrena. Gainerakoek lasai asko segitu ahal izanen dute ontzi berean elkartzen materia organikoa eta sudur puntan jartzen zaien edozer gauza. Gauzak ongi ala izugarri gaizki egin, denok berdin-berdin ordainduko dugu, Mankomunitateak ez baitu aurreikusten diru sariak ematea edo isunak jartzea. Sistema orekatua, ezta?

700 »

Irakasle gutxiago daude urte eta erdian sare publikoan. Nafarroako Gobernuaren arabera iaz, 9.132 irakaslek egiten zuten lan sare publikoan. Aurten, ordea, 8.437 ariko dira 2013-2014ko ikasturtean.

18 »

Hilabeteko kartzela zigorra Estafetako laurentzat. Iazko martxoaren 29ko greba egunean Estafeta kaleko Chez Belagua tabernan gertatutako istiluengatik 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete lau herritarri. Epaileak ontzat eman du poliziaren bertsioa.

Haztekotan omen da »

Ekonomiari buruz, azken urteotan behera egin duela baina azken hilabeteetan beherakada hori moteltzen ari dela agertu da egunotan albiste gisa. Barne produktu gordina adierazleari buruz ari dira, noski, hori baliatzen delarik lurralde bateko ekonomiar…

MURRIZKETEN AURKA, LEHEN EGUNEAN »

Joan den irailaren 5ean hasi zuten Iruñeko Bernart Etxepare ikastetxeko ikasleek ikasturtea. Eskolak hasi aurretik, zentroko dozena bat langilek elkarretaratzea egin zuten kalitatezko hezkuntza publikoaren alde eta murrizketen kontra. Ohartarazi dutenez, ikasturte hasiera ez da “ez arrunta ezta ohikoa ere”. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak kontratatu berri dituen 330 langileen lan baldintzak “oso kaxkarrak” direla salatu dute.

2,2 »

Alokatzeko etxebizitzen prezioen jaitsiera, ehunekotan. Nafarroan, 2013ko bigarren hiruhilekoan %2,2 jaitsi da alokatzeko etxeen prezioa. Ekainean, alokairua batez beste metro koadroko 6,99 euroan zegoen, 2008an baino %23,2 gutxiago.

Euskara eta auzolana »

Uztail honetan, ohi bezala, Iruñeko sanferminek protagonismo berezia izan dute. Txupinazoa bera atzeratzeko modukoa izan da aurten ikurrinaren presentzia, nafar jendartearen euskal izaeraren adierazgarri gisa indarra duen ikurra, eta garaipen pozgarria izan da jai herrikoien aldeko jai-gunea ere, herri-ekimenez hainbertze urtez lan egin ondotik azkenean irekitzea lortu dena. Behin bestak iraganda, eta herritarren adierazpen eta presentziaren arrakasta ezin eramanez, agintarien jazarpena etorri da, bortz gazteren atxiloketarekin. Tristea bada ere, jada ohikoa bilakatu den jazarpena, “mendeku gisa”. Euren haserreak agertzen digu herriaren garaipena.

Hilabetea amaitzear da, eta sanferminen ondotik, hamaika hitzordu ditugu uda honetarako, jai herrikoiez gozatzen segitu ahal izateko. Honako honetan, euskara, auzolana eta jaia biltzen dituen ekimen berri bat proposatu nahi genuke: Artzibarreko Zazpe herrian, euskaraz bizitzeko Barnetegi Autogestionatua egiten ari dira egunotan, hain zuzen ere, joan den astelehenean hasi eta heldu den abuztuaren 4ra arte. Aurtengoa hirugarren edizioa da, eta bere garrantzia hartzen ari den hitzordua dela erran dezakegu.

Iruñerriko, Nafarroako eta Euskal Herri osoko herritarrei egiten zaien gonbidapena da. Ehunka izanen dira udako egun hauetan euskalduntzeko ahaleginean dabiltzan lagunak, eta aukera bat gehiago da Artzibarreko hau ere.

Iruñeko sanferminetan herri-ekimenaren eta euskal izaeraren alde egiten den ahaleginak Zazpen badu bere jarraipena: euskara aldarrikatzetik, euskalduntzeko aukera eskaintzera jauzi egiten da, talde-antolakuntzari esker eta, bide batez, herria biziberritzeko auzolana indartuz. Hain zuzen ere, auzolanean berreraikitzen ari den herria da Zazpe, eta udako Barnetegiaren barnean, bultzada azkarra jasotzen du.

Horrez gainera, euskaraz egin ahal izanen diren gisa guztietako jarduerek euren lekua izanen dute egun horietan; aldez aitzinetik prestatutakoak batzuk, guztiz bat-batekoak bertze aunitz, han bilduko direnen gogoaren arabera. Eta, noski, gisa honetako talde-ekimen guztietan izan ohi den osagaia da bestarena, bai behinik behin, auzolana tartean dela. Suaren inguruko gaubelak aurreikusten dira… Nafarroako erdi-ekialdeko inguru honetan, mendia eta erreka lagun, uda-giroko opor ederrak iragateko hitzordu aproposa, aipatutako jarduerek aberasten dutena.

Jaia bai, aldarrikapena ere bai, eta, horrez gainera, hitzetatik ekintzetara iragateko gonbidapena. Euskalduntzea helburu, auzolana bide. Uda honetan Artzibarren elkartuko gara. Animatuko zarete?