INFORMAZIOA EMATEKO JARDUNALDIA »

Dozenaka lagun bildu ziren joan den larunbatean Autopista Elektrikorik Ez plataformak 400 kilovolt, 400 minutu lelopean egindako informazio jardunaldietan. Red Electrica de España enpresak Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu artean egin nahi duen goi tentsioko linearen aurkako topaketa izan zen, hain justu. Oraindik noiz zehaztu ez duten arren, datozen asteetan halako ekitaldi gehiago egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

No entender »

Madril, 2013-04-10

Irakurle txit agurgarriok:

Lehengo egunean irakurri nuen Nafarroako Altsasu herrian gazte batzuek, EHE talde bateko kideak direnek, Ez zaitez espaloitik jaitsi! Euskaraz bizi! izeneko egitasmo berri bati ekin diotela. Helburua dute herriko euskaldunek egunerokotasunean, denda batean sartzen direla edo ezezagun batekin topo egiten dutelarik, lehenengo hitza euskaraz egin dezaten. Herri euskalduna eraiki nahi omen dutela ere irakurri nuen, harriturik, Altsasu herrian euskaraz bizi nahi duten lagun asko dagoelako. Herri euskaldunagoa egiteko konpromisoa hartu behar dela ere berresten zuten lagun horiek.

Aurrera egin baino lehen, apika, neure burua aurkeztuko dizuet uste baitut ez nauzuela ezagutzen. Jose Fuertes nauzue, Weasthone-telegrafo sistemako telegrafista. Urte askotarako.

Urte asko dira beste mundura joan nintzela, baina aitortuko dizuet noizean behin gustatu egiten zaidala zuenera bueltatxo bat ematea eta pixka bat kuxkuxean ibiltzea. Horrelaxe, bada, kazeta batean Altsasu izena ikusteak arreta eman zidan, eta irakurtzeari ekin nion, harriturik leitu ere.

Nioen bezala, telegrafista nintzen (alambrero, han deitzen ziguten moduan), eta, gogoz kontra, Altsasura bidali ninduten lanera, 1856. urtean. Zigortzat hartzen genuen langileok Madrildik herri hartara bidaltzea, herri txiki eta galdu batera eta, halere, lan handia zuen telegrafo-bulego batera; lan handia, bai, Madril-Irun linea berria askotan eten egiten zenez (intermitencias) adi egon behar izaten zen, egunez nahiz gauez, eta Altsasuko bulegoan errepikatu behar izaten ziren mezuak.

Sei zaldik tiratutako zalgurdi batean ailegatu nintzen nire deserrira goiz ilun batean. Ongarri eta lohia saihesteko ohol batzuetatik pasatuz sartu nintzen nire lantoki eta ostatua izango zen bentara. Nire bulegoko leihotik mendi altua, Urbasa, eta logelakotik soroak besterik ez nuen ikusten. Sekula atertzen ez zuen nekazari herri txikia (lantegi bakarra gugandik metro gutxira zegoen burdinola bat) zen.

Bentan oso ondo hartzen gintuzten. Su ondoan egoten ginen, Altsasuko herritarrak hala egoten baitziren etxean. Neskamea bertako emakumea zen (de pura raza) gaztelaniaz sekula ongi ikasi ez zuena (comer uste las sopas y gustar). Eta hori izan zen, hain zuzen ere, irakurle maiteok, espero ez nuena eta txunditurik utzi ninduena: bertako jendeak ez zekien gaztelaniaz, euskaraz (vascuence) egiten zuen hitza! ¡Particularmente el lenguaje era un valladar insuperable! Bertako neskak erakartzea eta haiekin harremanetan hastea ezinezko ataza bihurtzen zen haiekin hizketan hasita eta gustukoak genituela esan, eta “no entender” ez ziguten, bada, erantzuten! Hura miseria, ezin elkar ulertu!

Igandeetan mezatara joaten ginen telegrafoko langileok ere. Elizan guretako erreserbaturik geneuzkan aulkiak: lehenengo ilarakoak udal korporaziokoendako, ondokoak guretako. Estreinako domekan harri eta zur gelditu nintzen nire belarrietan arrotz jotzen zuten hots arraroak aditu nituenean! Ez nuen tutik ulertu, apaiza ere euskaraz (vascuence) ari zen-eta!

Urte batzuk eman nituen gaztelaniaz egiten ez zuten herri hartan (Borundako gainontzeko herrietan bezalaxe), atzera ere Madrilera bidali ninduten arte. Eta harriturik irakurri dut albistea. Banekien gauzak asko aldatuak zirela, baina ez nuen uste hainbesterako izango zenik. Horregatik ausartu naiz gutun hau idazten, zeuok, herriko euskaldunok, ez dezazuen zuen borroka baztertu; aurrera segi dezazuen zeuona den, beti izan den eta ni aho bete hortz utzi ninduen hizkuntzari eusteko.

Eutsi goiari!!

370.000 »

Ordu aldaketarekin Iruñeko etxeetan aurreztuko dena, eurotan. Igandean ordubete aurreratu zen ordua. Iruñeko Udalak egindako ikerketa baten arabera, aldaketa horrekin 370.00 euro aurreztuko ahal izango dira Iruñeko etxebizitzetan.

EZKUTUAN EGONDAKOA AZALERATUTA »

Joan den martxoaren 23an hasi ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak Urbasako leize bat industen, Nafarroako Fusilatuen Elkarteak eskatuta. Hasieran, hiru pertsonaren gorpuzkien bila hasi ziren lanean, baina, denera, hamar lagunen hilotzak topat…

Ekonomia harreman berriak, ezberdinak »

Aste honetan Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatuko da Nafarroako Parlamentuan. Gobernuaren murrizketa politikek nafar jendartean eragindako ezinegona haraino ailegatu da. Herritarrok, aukera dugun eremu guztietan eragiteko beharra daukagu, …

56.486 »

Nafarroako langabe kopurua martxoan. Otsaileko datuekin alderatuta, %0,7 murriztu da langabezia tasa Nafarroan. Iragan hilabetean baino 38 lagun gehiago ari dira lanean.

EREMU URDINAREN AURKA, TINKO »

Heldu den apirilaren 2an jarriko dute TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduaren sistema Iruñeko Donibane, Ermitagaña, Azpilagaña, Etxabakoitz eta Mendebaldea auzoetan. Toki horietako merkatari, tabernari, eragile zein bizilagunek gaitzetsi egin dute. Gaur, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Udaletxeko plazanEremu urdina stop lelopean. Horrez gain, 18:30ean, Barañainen manifestazioa egingo dute proiektua gelditzeko eskatzeko.

(Bar)zinismoa »

Zinismo kontzeptua cynismus latinetik heldu da, nahiz jatorria grekoa duen. Zinismo: 1. adiera. Zinismoa Grezian sortu zen. Sokratesen ikasleek sorturiko eskola zinikoa zabaltzen zuen K.a. IV. mendean. Doktrina horrek gaitzetsi egiten zuen garai harta…

20.200 »

Ospitaleen Guneko sukalde publikoen aldeko sinadurak. Hamalau egunean, 20.200 sinadura bildu dituzte Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeetan berriz ere zerbitzu publikoa ezartzeko. Horrez gain, 800 kexa erregistratu dituzte hilabete eta erdian.

‘Mamoneoa’ »

Pentsatzen egon naiz, eta bilatzen, ea gaztelaniazko mamoneo hitzaren baliokideren bat aurkitzen ote nuen euskaraz. Eta, aizue, gauza handirik ez. Ez, bederen, nik adierazi nahi dudana adierazteko: bi pertsona edo gehiagoren artean eraikitzen den jukutria, aski ongi lotua, bertzeei eragiteko aukera gutxi uzten diena. “Jukutria” hitz hori bera aproposa izan daitekeela onartuagatik ere, utziko didazue oraingo honetan mamoneo gaztelaniazko horri -a artikulua eransten, eta horren hiru adibide ematen:

1. mamoneoa. Iragan astean Rubalcaba etorri zitzaigun, jada ezagutzen genituenak kontatzera. Bada, baten bat asaldatu da Rubalcabaren ekitaldiaren babesleetako bat Mediterranea de Catering enpresa delako. Enpresa horrek ematen du orain Nafarroako ospitaleetako janari zerbitzua; izugarri gaizki eman ere. Bada, PSN-Mediterranea lotura egin dute batzuek eta martxoaren 19an elkarretaratzea antolatu dute sozialisten egoitzaren aitzinean.

Baina mamoneoa zabalagoa da. Ekitaldi hura Mediterraneak babestu zuen, baina Nafarroan entzule gehien omen dituen irratiak antolatu, erregionalistek eta sozialistek Nafarroan eraikia duten erregimenaren sostengu nagusietako batek. Eta duela bi aste irrati horrek erreportajea egin zuen ospitaleetako sukaldeei buruz, zerbitzua “bertatik bertara” ezagutzeko eta ezagutarazteko.

2. mamoneoa. 2010aren bukaeran, Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan integratua onartu zuen Gobernuak, Nafarroaren erdialdean errauste planta bat eraikitzea aurreikusten zuena. Duela gutxi, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi du plan hori, hainbat prozedura eta forma akatsengatik eta, errauste planta bat egitekotan, Gobernuak ongi zehaztu behar zuelako non eta nola eginen zuen eta ezin zuelako halako zerbait ekimen pribatuaren esku utzi. Hori irakurrita, uler dezakegu Olatzagutiko porlan lantegian hondakinak errausteko asmoak ez lukeela plan horretan babes legalik izanen.

Baina hemen dator mamoneoa: Gobernuak erran du planean ez dela Olatzagutiko Portland enpresaren asmoa agertzen [egia da] eta, gainera, Gobernuak berak uko egin ziola errauste planta bat eraikitzeari [egia da, 2012ko martxoan erran zuten hori]. Baina, era berean, egia da Portlandek aurrera segitzen duela hondakinak errausteko asmoekin, hau da, planak aurreikusitako erraustea egin eginen dela eta ekimen pribatuen esku utziko dela. FCC taldea da Portland Valderrivas enpresaren akziodun nagusia. Eta ezetz asmatu nork kudeatzen dituen Iruñerriko (eta bertze toki askotako) hondakinak? Bai, FCC-k. Mamoneo hori guztia salatzeko parada, bihar, Altsasuko manifestazioan.

3. mamoneoa. “Nik ere nahi nuke izan urtxintxa bezala”, eta, era berean, nik ere nahi nuke Sanz, Barcina, Miranda eta Maiaren gisara ordu erdiko bileren truke milaka euro kobratzea. Baina ezin; legeak ez bainau behartzen halako eskandaluzko ordainak jasotzera. Horixe ba, mamoneoa.