Eguraldiaz mintzo »

Denak eguraldiaz ari dira, gu ez”, zioen hasieran ferrokarril-kanpaina batek, gero ezkerreko ikasleen sindikatu batek, azkenik Hedoi Etxartek. Eguraldiaz mintzatzearen kontrako jarrera lehenagotik dator, dena den. Oscar Wildek Fidel izan beharraz antzezlanean Gwendolen pertsonaia azkar, distirant eta eskarmentudunari atera eta lehen esaldian zera esanarazten dio: “Otoi, ez niri eguraldiaz hitz egin, Mr. Worthing. Jendeak eguraldiaz hitz egiten didan bakoitzean beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait. Eta horrek oso urduri jartzen nau”.

Niri gero eta gehiago gustatzen zait eguraldiaz hitz egitea, zahartzearen albo-ondorioetako bat izango dela susmatzen dut. Auzokideekin atarian edo igogailuan elkartzeari gehienetan ihes egiten diedan arren —oraindik ez naiz hainbeste ere zahartu—, haiekin edo ezezagunekin suertatzen naizenetan, jada ez naiz —hain— deseroso egoten eta lotsagabe ekiten diot atmosferako gertakariei, lehen, orain edota gerokoei, errepasatzeari. Hizkuntzaren funtzio fatikoa delakoaren garrantziaz jabetzea izan daiteke adinak ematen duen irakaspenetarik bakarra. Nik batzuetan esperimentuak egiten ditut hitz aspertu hauen mugekin. Luzera neurtuz, esaterako, halako solasa bat luzatu eta luzatuz bestea deseroso sentiarazi arte. Edo edukiak aztertuz. Esaterako, norbaitek “ba, ematen du freskatzen hasi dela” bota, eta nik baieztatzeko tonuarekin justu kontrakoa esan sistematikoki: “Bai, orain beroago dago”, edo ustez zerbait desegokiaz erantzun: “Bai, eta badirudi Palestinari berriz eraso diola Israelek”, edo bestearen esaldiarekin errimatzen duena zerbait bota nik “bai, ezin egokiagoa orain franela”. Egiaztatu dut ia berdin duela zer diozun.

Agian gurekin ere holako esperimentu bat egiten ari dira komunikabideetako arduradunak. Eguraldiaren espazioa handituz doa, denbora batetik hona. Eguraldia teleberrietatik independizatu zuten —antza, iragarkiak tartean sartu ahal izateko—, baina ezkutuan informatiboetara itzuli da. Diskrezioz hasieran, lotsagabe azkenaldian. Bero sapak ireki dezake informatibo bat, elurte bat iritsi daiteke egunkariko portadara —argazkiak batzuetan zinez dira ederrak—, eskuineko orrialdetako notizia zabal bat eguraldiaren iragarpena izan daiteke “hurrengo asteartetik aurrera 24 gradura jaitsiko da tenperatura”.

Lagunartean ere udaberria iristen ez delako kexua maiz erabiltzen dute. Whatssapera maiz bidaltzen dituzte, oraingoz bromazko tonuan, Iruñea eta Mordor lotzen dituzten irudi manipulatuak. “Euskal uda” instalatzen ezin den ordenagailuko programa dela iradokitzen duen txiste irudizkoa zehazki zazpi aldiz bidali didate, baita beren burua euskalduntzat ez daukaten lagun nafarrek ere. Kezkatzen hasita nago.

2.528 »

NUPeko ikasle berriak 2013-2014ko ikasturtean. Heldu den irailean hasiko da 2013-2014ko ikasturtea NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Denera, 2.528 ikasle berri izango dira. 763k master ikasketak egingo dituzte, eta 1.765k, gradukoak.

520 »

40 urte baino gutxiago dituzten nekazariak. Azken ikerketen arabera, gero eta gutxiago dira lehenengo sektorean lan egin nahi dutenak. Hala, jakin denez, egun lehen sektorean aritzen direnen artean 520 dira 40 urte baino gazteagoak.

SANFERMINAK, GERO ETA GERTUAGO »

Ia bi hilabete falta dira Iruñeko sanferminetarako, baina dagoeneko hasi da festa sumatzen hirian. Duela gutxi aukeratu zuten iruindarrek urte honetarako kartela —zezenaren itxura duen mapa—, eta egunotan, Sarasate pasealekuan Caritas elkarteak urtero jartzen duen tonbola muntatzeko lanak hasi dituzte. Uztail amaiera arte egonen da tonbola, eta aurki hasiko dira txartelak saltzen. Izan ere, gero eta gertuago daude Iruñeko San Fermin jaiak.

5/8 konpasa »

Iruñeko musika-eskola batean irakasleak hasiera emango dio hirugarren ebaluazioko saio bati.

—Arratsalde on, guztioi. Gaur 5/8 konpasa hasiko gara lantzen. 5/8 konpas hau amalgama-konpasa da iraupen desberdineko hiru zati dituelako: lehenengo zatia kortxeari dagokio eta gainontzeko biak beltzei. Ulertu duzue?

—…

—Ederki, segi dezagun. 5/8 amalgama-konpas honi zortziko deritzo.

—Barkatu, irakaslea, nola esan duzu duela izena konpasak?

—Zortziko.

—Aldatzen ahal diozu izena?

—Izena aldatzeko diozu?

—Bai, itzuli, gaztelaniaz esan.

—Ez, ez, hori du izena. Nola duzu zuk abizena, Vincent?

—Jauregui.

—Bada, zure abizena Jauregi den bezala eta ez Palacio, ezin diogu Zortzikoari izena aldatu. Segi dezagun: Euskal Herriko erritmoa da zortzikoa.

—Banengoen ba, ni! Euskal Herrikoa, baina ez Nafarroakoa!

—Tomas Garbizu musikagileak behin esan zuen berak zortziko flamenkoa konposa zezakeela; konpasa ez zela nahikoa, mamiak behar zuela izan euskalduna. Jarrai dezagun: Zortzikoa jotzeko ohiko musika-tresna txistua da, danbolina lagun duela.

—Irakasle, txistua ez da musika-tresna benetakoa.

—Sarasate handiaren Caprice Basque obraren zortzikoetan biolinek, armonikoen bitartez, txistuaren soinua imitatzen zuten. Gure eskolan ez al da txistua irakasten saxofoia edo pianoa bezalaxe? Baina, Vincent, ez al dituzu inoiz txistulariak ikusi edo txistua entzun sanferminetan?

—Ez, horrelakoetan gure aitak esaten du: tira, goazemak, heldu dituk betikoak-eta!

100 »

Barañainen NaBaik egin nahi dituen baratze ekologikoak. NaBaik 100 baratze ekologiko egiteko proiektua aurkeztu du Barañainen. Helburua herritar behartsuenen bizi-kalitatea hobetzea da, eta errentan hartzen duenak bere irabazien arabera ordainduko du .

7.782 »

Arartekoak iaz jaso zituen herritarrak. Iaz 7.782 lagunek jo zuten Nafarroako Arartekora, eta, denera, 1.298 kexa aurkeztu zituzten. Arartekoak esan du krisiak herritarren “atsekabea” areagotzen duela.

“HASIERA-HASIERATIK, GIZAKIA” »

Espainiako Gobernua haurdunaldia eteteko legedia aldatzekotan dela eta, Espainiako Apezpikuen Batzarrak abortuaren aurkako beste kanpaina bat jarri du abian. Hala, besteak beste, Iruñean —irudikoa Sanduzelaiko sarreran paratuta dagoen kartela da— umeki baten erradiografia eta haur baten irudiak ageri dira kartelean. Gaztelaniaz dago, eta “Ni naiz, gizakia hasieratik” leloa irakur daiteke; abortua haur baten erailketarekin lotzen dute batzarreko kideek.

Espainiako banderak »

Gogoan dut OHOko 8. mailako inauterietan milizianoz mozorrotu nintzela: txapela, alkandora zaharra, abarkak, manta, eskopeta eta Espainiako Errepublikako bandera —gure amak josi berria—. Garai hartan, 13 urterekin, tematuta nengoen 1936ko gerrako kontuekin. Eta nerabezaroak dakarren nahasmendu ideologikoan, ikurrina ere margotu nuen banderaren mastari eusten zion gerrikoko zorroan.

Institutuan, pentsamolde anabasa horrekin segituz, Espainiako Errepublikako bandera eta izar anarkista neramatzan bizkar-zorroan iltzatuta —hizki ederrez margoturiko kanta heavyen pasarteekin batera; dena erran behar baita—. Aurreraxeago, Espainia zer den eta Euskal Herria zer izatea nahi dudan barneratu nuelarik, gorria, horia eta morea batzen dituen Espainiako bandera alde batera utzi nuen, nahiz eta beti maitasunez ikusi izan dudan. Gaur arte?

Diotenez, errepublikaren aldeko aldarria gero eta ozenago bilakatzen ari da Espainian; eta, dakusagunez, bandera errepublikanoak gero eta ohikoagoak dira murrizketen aurkako protestetan; nola Espainian, hala Euskal Herrian. Konparazio batera, apirilaren 14aren karietara, Iruñerria Espainiako banderez josi ziguten, Espainiako Errepublikako banderez. Hilabete geroago, oraindik ere ez dituzte batzuk kendu. Ez dut erran nahi kendu behar dituztenik, baina hilabete baten bueltan hor segitzeak zer pentsatua ematen du, jakin baitakigu bandera horiek ikurrinak balira ez luketela ordu erdi ere iraunen.

Erran gabe doa monarkiaren eta errepublikaren arteko aukeraketan gillotina dela nire hautua, eta niretako nahi dudana nire bizilagunendako ere nahi dudala. Baina kontua da Espainiako Errepublikako banderak ez duela errepublika modu abstraktuan irudikatzen. Espainiako Errepublikako banderak Espainiako Errepublika irudikatzen du. Ez bertzerik. Eta, beraz, bandera hori gurea bezalako herri batean haizatzeak, non nazionalitate gatazka handia baitago, zalantzak sortzen dizkit.

1931ko apirilaren 27an, dekretu bidez, Espainiako Errepublikaren behin-behineko gobernuak hiru koloreko bandera onartu zuen, eta halaxe argudiatu zuen gorriari eta horiari morea gehitu izana: “Gaur tolesten ari gara XIX. mendearen erdialdean nazionaltzat hartu zen bandera. Horretatik bi koloreei eusten zaie eta hirugarrena gehitzen zaio, tradizioak herrialde ospetsu baten intsigniatzat jotzen duena [Gaztela], nazionalitatearen nerbio, eta, halaxe osaturik, Errepublikaren enblemak are zehatzago laburbiltzen du Espainia handi baten harmonia”.

Nik ez dakit gaurko egunean gure karriketan bandera gorri, hori eta moreak astintzen dituzten guztiek bat egiten ote duten jatorrizko errepublikano haien Espainia handiaren ideia harekin. Baina batzu-batzuek bai; paparrean UGTren eranstekoa daramatenek, adibidez.

Gauzak horrela, zilegi da murrizketen aurkako protesta bateratuetan —edo Bardeako tiro eremuaren kontrakoetan— Espainiako Errepublikako banderak erakustea?, jakinda bandera horrek estatu bat irudikatzen duela eta protesta horietan estatu horren kontrakoak ere badirela?

54.444 »

Apirilean Nafarroan lanik gabe zeuden lagunak. Jakinarazi dute apirileko langabezia tasa. Martxoko datuekin alderatuta, apirilean 2.042 langabe gutxiago zeuden Nafarroan. Denera, 54.444 lagun daude lanik gabe. 2012ko urte sasoi berarekin konparatuz gero, joan den hilean 3.539 langabe gehiago zeuden.