KUDEAKETA TXARRAREN SUSMOA »

Negu gorria izan da urtarrilean, ekaitza, elurra, euritea… Euriteak eraginda eta elurra urtu ondotik, ibai eta errekastoek gainezka egin dute zenbait tokitan, Tuteran eta Castejonen esaterako. Uholde horien kalteak izugarriak izan dira, eta zenbatz…

Epaile gogorrarena »

Epaileak onartu du, CAN auzia dela eta, Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren kontrako salaketa. Yolanda Barcinak konfiantza osoa du beraren kontra ere ezarri den salaketa irabaziko duela. Batek daki, irudikatu ohi denez, Justizia itsua izan beharrean, gorra baldin bada. Garai bateko zuzenbide tratatuetan espresuki debekatuta zegoen epailea gorra izatea (iudex surdus esse non potest), adingabea edo eroa ere ezin zen bezala. Hau bitxia da, gorraren beste adiera bat gupidagabea edo errukigogorra delako.

Haurtzaroan gehien inpresionatu ninduten eszenetako bat, berrirakurri ez arren oraindik gogoan izateraino, honekin lotuta dago. Victor Hugoren Notre-Dame de Paris nobelako pasarte bat da. Quasimodo konkorduna, begibakarra, itxuragabea eta gorra epaitu behar dute eta egokitu zaion epailea ere gorra da, ezindura ezkutatzea lortu badu ere, izan ere, txostena gainbegiratuta, itxurari erreparatuta, erraza baita juzgatzea, edo aurrejuzgatzea. Baina bai epaitua, bai epailea gorrak direnean sortzen den nahastea ezin da aurreikusi. Elkarrizketa eroak eragindako barre algarak epaileak akusatuaren erantzun begirunerik gabeei egozten dizkie. Lehengo karguei autoritateari men ez egitea gehitzen die, kondena biderkatuta. Laguntzaile batek, bidegabekeriaz ohartuta, Quasimodo gorra dela, eta ez errespetu gutxikoa, epaileari kontuan hartzeko belarrira esaten dionean, epaileak, entzungabe, gehitu du: “Ez nuen hori aintzakotzat, zigorra handitu beharko zaio”.

Gerora jakin dut Victor Hugok Kristo ondorengo lehen mendeko Nikarko poeta greziarrak sortutako epigrama, ia txistea dena, edo bere bertsio anitzetako bat izanen zuela inspirazio iturri. Esaterako, Tomas Morok In iudicium ridiculum izenpean itzuli zuen. Inor gutxik daki Utopia-ren egileak epigramak ere idatzi zituela, batzuk salaketa sozialak eta guzti, agintariekin batere atsegin gabeak. Haietako batean, esaterako, nekazari bat erregeaz trufatzen da. “Hori da erregea, ez egidazu irri, mozorrotutako gizon bat ematen du”. Beste batean hala dio: “Gortesau bat zalditik jaitsi eta hor zebilen bati zera esan zion: Aizak, eutsi zaldiari. Hor zebilenak, izuak harturik, esan zion: Jauna, esadazu, nahikoa da gizon bakar bat zaldi basati bati eusteko? Gortesauak baietz erantzun. Hor zebilenak esan zion: Gizon bakar batek egin ahal badu, orduan eutsi iezaiozu zuk zeuk”.

CAN auzian inputatukoei desira diet dagokien epailea gorra ez izatea (hitzaren zentzu batean bai, bestean ez), beraiek gizarteak esaten zienarekiko gorrak izaten erakutsi baitute.

BI BURU ERRALDOI KATEDRALEAN »

Antonio Lopez artistaren bi eskultura erraldoi paratu dituzte Iruñeko katedralaren atarian. Gaua eta eguna izenburupean, bi buru erraldoi ageri dira katedralaren aurrealdean. Brontzezko eskulturak dira biak. Iloba txikiarekin duen harremana izan zen artistaren inspirazio iturria. Lan handia izan da eskulturak atarian jartzea, eta muntaketa prozesu osoa unibertsitateko ikasle batzuek jaso dute. Ikasleek performance bat eginen dute grabazioekin.

Ursule! Markule! Banu, banu, banule! »

Bertzorduz Iratiko oihanian Mendibeko herritik eta Otxagabiarat zohalarik neskato bat, errekontratzen dizu hartz bat. Chuen chuena so egon balitzako hartza ahalgeturen zizun, bainan hura ikustearekin iziturik begiak lurerat aurtikitzen ditizu. Ikusirik haren estitasuna hartza arimatzen ziakozu eta bizkarrian ezartzen dizu eta eremaiten zilo batera. Hara direnean hartzak senditzen dizu uricha zuela eta ume bat egiten dizie. Emia izan baliz menturaz hartzak ez zizun sofrituren neskatoa, nola gertatu izan baitzen arra konxerbatu zizun”.

Cerquand idazle frantziarrak 1885ean, Pauen irakasle zela, bere Zuberoa eta Nafarroa Behereko ikasleengandik ikasitako kondairetako bat dugu L’ourson (Hartz-kumea).

Ez da hori gure herri-literaturan dugun hartzaren inguruko kondaira bakarra: 1923an, Lapurdiko Sara herrian ere Hartz-kumearen ichtorioa bildu zen, antzeko gaia duena, non gizonezkoari “…andria eraman zion hartzak; sartu zuen leze batian. Eman zuen atekatzat ehun kintaleko harri bat. Emazte gaicho hura haur egin beharra gertatu zen. Sortu zen seme bat”. Eta 1935ean, Bizkaian “…mendian, amak bularrik ezeukalako, artz batek ezi eieban Juan” edo “…artzak eruan da eukan neskatxi bat seme bat izan eban. Artz orrek arri andi bategaz zerratuta kueba ortan eukiten zituen”.

Pertsonaia miretsia bezain madarikatua izan da hartza, zeinak toki zabala daukan gure herri-literaturan. Euskal Herriko mendebaldetik ekialdera, sustrai errotuetako kondaira askoren ardatz bihurtu zen bazter haietako bizilagun ezaguna. Urteen poderioz, ordea, gizakiaren indarkeriaren bidegabekeria eternalez, desagertu egin da gure oihan eta basoetatik.

Antxon Gomezek bere Abere madarikatuak liburuan datuok ematen ditu: Durango aldean, XIX. mendearen bukaeran, bigarren eta hirugarren gerla karlisten arteko urte nahasietan, baserritar batek eskopetaz akabatu zuen hartz bat bi ardi jan zizkiolako. 1954an 70 hartz bizi ziren Pirinioetan. Handik bost urtera santagraztarrek Zuberoako azken hartza akabatu zuten. 1968an Izabako ehiztariek hartz bat hil zuten, haien esanen arabera, basurde batekin nahasirik. Hiru urteren buruan, tiroz botatako hartz baten burezurra aurkitu zuten San Martinen harritik gertu. Hilabete gutxiko hartz-kumea zen, Euskal Herrian jaiotako azkena. Camille, Nafarroako azken hartza, 2010ean hil zen.

Txomin Peillenen aitak Baionako Boletinean Artzañen jakitia idatzi zuen artzainek artaldeak hartzengandik babestu ahal izateko hartu beharreko lan nekezen artean Hartz orazionea misteriotsua xuxurlatzea zegoela.

Dena den, denek ez zuten hartza etsaitzat. Santa Grazin esaten omen zuten: “Lehenagoko üskaldün zaharrek erraiten zizien gizona hartzetik jiten zela. Hartza dena gizuna düzü”. Seguran Hartzaren Esnaera ospatzen dute, neguan pasatako estutasunen ondoren, udaberriaren mezularia zelako hartza.

Joan zen urteko ekainean Erronkarira hurbildu ziren Nere eta bere seme Cannelito. Biak arrak izanik, Life proiektuaren bidez eme bat ekartzeko eskaera egin zen.

Aurtengo urtarrilaren 10ean, NaBaik eztabaida serio bat eskatu du Pirinioetako hartzaz; Nafarroa Life proiektutik kanpo geratu dela salatu du taldeak Nafarroako Gobernuak egindako akats batzuk direla medio. Parlamentuan mozio bat aurkeztuz hartzaren berreskuratzearen aldeko konpromisoa berresteko eskatu du. Hala ere, Life proiektuarekin edo gabe, erakunde publikoak hartzaren alde lan egitera beharturik daude, Europak babestutako espeziea baita.

Bitartean, ihote garaian gaudenez, goza dezagun gizakiok guk geuk desagerrarazi dugun hartzaren presentziaz Ituren eta Zubietan, Donibane Lohizune eta Ziburun, Uztaritzen eta… Arizkunen! Eta entzun dezagun Aurizko hartzaren oihua:

“Ursule! Markule! Banu, banu, banule!”

Bagoaz inora »

Berripaper honen irakurle fidelok honezkero jakinen duzue Nora aldizkariarenak egin duela. 2008an sorturiko bidaia eta paisaia hilabetekari ederrak ezin izanen du bere borzgarren urtebetetzea egin “gaur egungo baldintzek” ez dietelako “aurrera egiteko aukerarik laga”. Bertze bat zulora.

Gogoratzen Matraka gazte gehigarri ausarta? Gogoratzen astialdi aukera saldoa egunero biltzen zuen Tartea gehigarri koloretsua? Horiek ere zulora joan ziren. Berez, 2003ko ekainean jaio zenetik, BERRIA egunkaria txikitzen joan da gutxika-gutxika. Hemendik gutxira 10 urte beteko ditu eta, “bertze hamaika egiteko asmoa” dutenez, Zure ziztada behar dugu bezalako kanpainak egin behar izaten dituzte. Oso egoera ekonomiko larrian baitaude. Benetan.

BERRIAko lagunak kanpaina polita egiten ari dira eta, dagoeneko, 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Ziztadak lortu nahian, hitz ederrak erabiltzen ari dira, esaldi aski ongi biribilduak, bihotzak samurtzeko eta dirua erakartzeko.

Bada, nik alde batera utziko ditut hitz politak. Zuzenagoa izanen naiz. Bortitzagoa. “Euskaraz bizi nahi dut” lelo horrekin bat egiten duzu? BERRIA Interneten, liburutegian, euskaltegian edota institutuan dohainik irakurtzen duzu? Egunkaria euskaraz irakurtzen segitu nahi duzu? Twitterren edo Facebooken BERRIAren albisteak zabaltzen dituzu? Bada, benetako konpromisoa erakusteko tenorea ailegatu da: egin ezazu oraintxe berean BERRIAren harpidetza, urtean 381,91 euro astinduz. Zer nahi duzu erratea? Ez dago bertzerik.

Edukiak dohainik ematen omen dituen Internet ahalguztidunaren garaiotan zaila egiten da hau esplikatzea. Baina, aizue, BERRIA egunkariarenak egiten badu, akabo Berria.info; eta Argia aldizkariarenak egiten badu, akabo Argia.com. Adibidez. Alegia, ordaindutako kazetaritza bukatuz gero, akabo doako Internet.

Aurrekoan BERRIA egunkariko Komunikazioa atalean soldatapeko kazetari batek primeran azaldu zuenez, Madrilgo Prentsa Erakundeak egindako txosten baten arabera, 2012an 1.916 kazetari zeuden Hego Euskal Herrian langabezian —horietako 333 Nafarroan—; 2011. urtean baino 984 gehiago. Hortaz, azken urtean, langabezia tasa %105 handitu da hegoaldeko kazetarien artean.

Nahi baduzue, alimaleko langabezia tasa horren erdia krisi ekonomikoak esplikatuko du. Baina bertze erdiaren azalpena arestian aipatu dugun joerak ekarri du; gure munduaren ikuskeratik gertu dagoen informazioa ere dohainik ekoitz daitekeela dioen uste ustelak.

Erran gabe doa langabezian edo prekarietatean zaudetenok ez duzuela zertan halako diru ahalegina egin. Baina gainerakook, bai. Bada ordua gustuko dituzuen hedabideen harpidetza egiteko. Iraun dezaten nahi baduzue, bederen.

Nora zulora joan zaigu. Baina gu, ez. Gu bagoaz norabaitera. Bagoaz inora. Bidean gure hedabideek lagunduta, haiek gabe biderik ez baitago.

Tira, erran dut.

BERDINTASUNA ALDARRI ATERKIPEAN »

Dozena bat lagun inguru bildu ziren astelehenean, Iruñeko Gazteluko plazan gizon eta emakumeen berdintasuna aldarrikatzeko Astelehen Lilak taldeak deitutako elkarretaratzean. Neguko eguraldi gogorrak ez zituen beldurtu, eta dozena bat lagun inguruk gogor gaitzetsi zuten genero indarkeria. Tere Saez Astelehen Lilak taldeko kideak ohartarazi duenez, berdintasunaren esparruan aurrerapausoak eman diren arren, oraindik asko dago egiteko.

32,4 »

Hasierako loteriarekin Iruñean banatutako milioi euroak. Iragan astean, Vinculo plazako loteria bulegoan ezustekoa gertatu zen. Lagun batek bertan erositako hasierako loteria batean zenbaki guztiak asmatu zituen. Denera, 32,4 milioi euro irabazi ditu, baina bulegoko jabeak oraindik ez daki nor den.

ITXIALDIAREN ONDOREN, ADOSTASUN ESKE »

Iruñeko San Juan de Dios erietxe pribatuko langileek joan den asteburuan itxialdi bat egin zuten Done Laurendi elizan, 48 orduz. Modu horretan protesta egin zuten Osasunbideak azken hilabeteetan erietxe pribatuarekin zituen hitzarmenean egindako murrizketengatik eta negoziazio prozesua gelditzeagatik. Emandako hitza bete dezala eskatu dio Marta Vera Osasun kontseilariari San Juan de Dioseko langile batzordeako kide Teresa Diaz-Faesek.

Aipu gaizki aipatuak »

1. Zerbait ustelik dago Nafarroako erresuman. James Willion Shakespeare.

2. Paradoxa bati gerta dakiokeen txarrena onegia izatea da, inork ez bailuke ulertuko. G. K. Chesterton.

3. Iruñeko gaua Shanghaiz mintzatzeko bereziki egokia da. Jasan duten guztiek badakite. Izan ere, anitz hitz egiten da Iruñean Shanghaiz eta leku urrunez. Modu konpultsiboan hala egiten dute, txorikeriez eta euskaldun, espainol, nafar, eta abar izateaz eta ez izateaz aritu nahi ez dutenek. Solasaldi benetan astunak. Miguel Sanchez-Ostiz.

4. Nafarroaren presidenteen historia laburra: Barcinak Dolores de Cospedal izan nahi zuen./ Juan Cruz Allik Amadeo Marco izan nahi zuen./ Sanzek Alli izan nahi zuen./ Otanok Urralburu izan nahi zuen./ Urralburuk Alaska izan nahi zuen. Suetonio.

5. Deus irakurri ez duenaz baino gutxiago fida zaitezke liburu bakar bat irakurri duenaz. Korana.

6. Gerra ondoren Iruñean bazen maritxu bat, merkatura zihoana poltsa batekin. Badakizu, Angel Mari, zer den maritxu bat? Gizonak emakumeei baino gehiago gustatzen zaizkion gizona. Amatxi Rosalia.

7. Guk ez genuen porrot egin; balio ez duten milaka modu topatu ditugu. Nafar abertzale izengabea.

8. Eraiki, eraiki ezazue fedearen bidea, baina batez ere eraitsi itzazue fedegabekoen eraikina. Josemaria Escriva de Balaguer.

9. Javier Ciga pintoreak nezeser batean pintzelak eta koloreak beti zeramatzan aldean, bere margoei azken ukituak emateko, edonon, erakusketa batean, adiskideen etxeetan, museoan… Zergatik inoiz ez zituen bukatutzat jotzen galdetu ziotenean, perfekzioa, erantzun zuen, betebeharra da enetako. Pello Fernandez.

10. Munduan den guztia bi zatitan bana daiteke. Esaterako, bi zatitan banan daitekeena eta beste guztia. Groucho Marx.

11. Faites vos jeux, messieurs. Rien ne va plus. Banca Civicako zuzendaria.

12. Halatan Marzial poetak erran zeraukan egun batez Legna poeta gaixto eta harroari: “Zergatik, jende aitzinean irakurtzera zoazelarik, fularra duzu lepo ingurura biltzen? Oihala hobeki letorkie gure beharriei”. Axular.

13. Ez dok bi mila eta hamairurik. Maien profezia.

14. Akiles, orpo ospetsua baino ez zuena zaurgarri, ia hilezkorra zen; hau da, hilkorrak berek baino hilkorragoa. Roberto Calasso.

15. Miretsi, nik Iñigo Astiz eta Hedoi Etxarte miresten ditut, eta hauek miretsitako guztiak ere miresten ditut, eta beste hauek miretsi dituzten guztiak ere, eta abar. Angel Erro.

16. Euskara oso gurea sentitzen dugu eta defendatu egiten dugu. Yolanda Barcina.

3.790 »

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bisitariak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012an egindako ate irekien egunetan 3.790 lagunek bisitatu dituzte NUPen Arrosadiko eta Tuterako campusak.