Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga txalapartariek, Angel Lopez de Toro flamenko kantariak, Simon Moreno gitarra jotzaileak eta Giliyo perkusionistak osatzen dute Berriketan taldea. Erritmoan oinarritutako taldea da, baina bi estilo herrikoi batzen dituena: flamenkoa eta txalaparta. Berriozarko Kultur Etxean eskainiko dute hurrengo kontzertua, igandean, 19:00ean. Sarrera zortzi euroan eskuratu daiteke.
Albisteak
Aldaketarako zenbakiak
Irakurle maiteak, ia ziur naiz lerro hauek irakurriko dituzuen guztiok nahi duzuela maiatzeko hauteskundeetatik aterako den gobernua aurreko gobernuen oso ezberdina izatea. Horretarako, bistan denez, aldaketarako indar guztiek ados jarri beharko dute. Baina borroka horretan sartu aitzin, ikusi beharko dute ea aritmetikak aldaketa hori ekarriko ote duen. Bada, hauteskundeetarako hilabete pasatxo falta delarik, non gauden azal dezaketen zenbaki batzuen entsalada ezkor samarra eskainiko dizuet. On egin. Edo ez.
Volkswagen: Apirilaren 1ean, berriz ere, UGT sindikatuak Iruñeko Volkswagen lantegiko hauteskundeak irabazi zituen. 4.352 langileetatik 3.885ek eman zuten botoa (%89,27); horietatik 1.103k UGTri eman zioten bozka (%28,4) eta 790ek CCOOri (%20,3). UGT eta CCOO sindikatuak erregimeneko kidetzat joko bagenitu eta Volkswageneko datuak Nafarroako politikara estrapolatuko bagenitu, emaitzak kezkatzeko modukoak lirateke aldaketa nahi dutenendako.
Baina bada esperantzarako zirrikiturik: UGTk 1.725 afiliatu omen ditu (%39,6) Volkswagenen, eta CCOOk, 1.100 (%25,3). Hau da, Volkswagenen badira langile batzuk UGTko edo CCOOko karneta dutenak —akaso, sartzeko karnet hori eskuratu behar izan zutelako—, baina bi sindikatu horiei botoa ematen ez dietenak.
Aranzadi: Azkenean, apirilaren 2an jakin genuen Podemos alderdiak Aranzadi zerrenda hiritarra babestuko duela Iruñeko Udalerako hauteskundeetan. Aferak berebiziko garrantzia zuen, Iruñeko Udalaren kolorea aldatzeko nahitaezkotzat jotzen baita alderdi morearen konkurrentzia. Iragan astean, beraz, iragarri zuten zein euritakoren azpian aurkeztuko diren pabloiglesiastarrak. Baina erabakia hartzeko prozesuak hainbat kontu kezkagarri azaleratu ditu. Prozesua iskanbilatsua izan da, gatazkatsua —alde batekoek zein bertzekoek sekulakoak bota dituzte sare sozialetan eta hedabideen foroetan—; agerian geratu da Podemosen inguruan gauzak ikusteko modu oso ezberdinak daudela.
Horri guztiari gehitu behar zaio bakarrik 440 pertsonak bozkatu zutela, eta irabazleen eta galtzaileen arteko boto aldea soilik 18koa izan zela. Hagitz jende gutxi, nire ustez, Podemos aldaketa gidatzeko alderdia izatera deitu dutela kontuan harturik.
Lerrook idazteko tenorean, gainera, ezinezkoa da jakitea ea Aranzadik hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 3.000 sinadurak lortu dituenetz. Apirilaren 1ean, sinadurak biltzeko lehenbiziko egunean, 2 ordutan 30 sinadura bertzerik ez zituzten bildu. Pentsatzekoa da, Podemosen erabakia jakin eta gero, bermeak lortzeko prozesua azkartuko zela.
D eredua: Nafarroako zein Iruñeko gobernuak aldatuko badira, indar abertzaleek gobernu alternatibo horietan egon beharko dute. Baina euskal abertzaletasunak badu arazo bat, D ereduak Nafarroan duen berbera. Azken hamarkadan, bai batak eta bai bertzeak doi-doi gainditu dute gazta zatiaren laurdena. 2011ko foru parlamenturako hauteskundeetan, NaBai 2011 eta Bildu alderdiek botoen %28,33 lortu zuten bien artean. Aurtengo aurrematrikula kanpainan, 2012an jaiotako haurren %26 sartu ditugu D ereduan. Halaxe gaude, herenera ezin ailegatu.
‘Moderna’ zahar gelditu da
Nafarroako establishment-aren iragarpenak bete izan balira, 2015ean inoizko langabezia tasarik baxuena izanen luke herrialdeak, Nafarroa Europako Batasuneko 30 eskualdeen artean aberatsenetako bat izanen litzateke barne produktu gordinari dagokionez (BPG), eta aurrera urrats itzelak emanak izanen lituzke garapen iraunkor, produktibitate eta bizi-kalitatearen gisako eremu estrategikoetan. Moderna planean aurreikusitakoa bete izan balitz, oso bestelakoa zatekeen Nafarroa. Baina Moderna plana ez da bete. Inondik ere ez. Aitzinera egin beharrean, atzera egin du herrialdeak hainbat alorretan, eta garapenaren aitzakiarekin argazkia atera nahi izan zutenek muturreko galanta jaso dute, errealitate gordinaren kontra.
Izan ere, Nafarroa idilikoa marraztu zuten gobernuak, PSNk, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak, UGTk, CCOOk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Opus Deiren unibertsitateak. Idilikoa, bederen, enpresaburu eta ekintzaileentzat. 2010ean idatzi eta 2011ko martxoaren 10ean aurkeztu zuten Moderna plana, krisialdi ekonomiko betean. Egun hartan, Miguel Sanz presidenteak esan zuen "Nafarroaren etorkizunean sinesten duten guztiek" babestu zutela egitasmoa. Etorkizun horrek, ordea, gainezka egin die berehala, eta aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Moderno izateko jaio zen plana zahar gelditu da, lau urteren buruan.
Agintarien aurreikuspenik eza agerian utzi duen faktorerik nabarmenena langabezia izan da: Moderna planaren sinatzaileek konpromisoa hartu zuten 77.000 lanpostu sortzeko 2030. urtera bitartean. Horren arabera, 298.000 pertsonak eduki beharko lukete lanpostu bat 2015 urtea amaitzerako, baina, egiazki, 264.300 besterik ez dira gaur egun; hau da, aurreikusitakoa baino 33.700 gutxiago. Enplegua sortu ez; kontrara, suntsitu egin da azken bost urteotan: Moderna plana sinatu zenean, 45.866 pertsona zeuden langabezian Nafarroan. Gaur, 48.427 dira. Beraz, egunean 100 bat enplegu sortu beharko lirateke urte bukaerara arte, Nafarroako Gobernuak 2015erako ezarri zituen helburuak betetzeko.
Enpleguaren esparruan, enpresa handiak erakartzea izan zen planaren beste helburuetako bat, baina horretan ere porrot egin du UPNren gobernuak: 2009an, Nafarroako enpresen %1,30ek zituzten 50 langile baino gehiago; 2015erako, kopuru hori handitzea eta %1,60ra iristea aurreikusten zen, baina, gaur egun, Nafarroako enpresa handiek ozta-ozta gainditzen dute %1eko langa.
Aberastasunean ere, atzera
Europara begira eginak ziren Moderna egitasmoan zehaztutako helburu handinahiak, Europako Batasuneko eskualde aurreratuenekin lehiatzeko xedez, baina horrek konparazio gehiago eragin ditu. Eta ez dute Nafarroako Gobernua toki onean utzi.
Hala, herritarreko BPGa aintzat hartuta, Europako Batasuneko hogei eskualderik aberatsenetako bat izateko helburua ezarri zuten sinatzaileek 2015erako. Hitzarmena aurkeztu zenean, 32. postuan zegoen Nafarroa, baina gora egin beharrean, zerrendako 48. postura jausi da. Zenbaki absolutuetan adierazita, herritarreko BPGa 29.487 eurorena dela dio Espainiako Estatistika Institutuak; Moderna planak iragarritako 34.000 euroetatik oso urrun. Gauzak horrela, Nafarroako ekonomiak %21 hazi beharko luke egun batetik bestera, iragarpen baikor horiek bete ahal izateko.
Bestalde, berrikuntzaren alorrean ere, Europako herrialde garatuenen pare egotera heldu nahi zuten gobernuak, sindikatuek, patronalak eta unibertsitateek, eta haiek uste baino kaskarragoak izan dira emaitzak: I+G+B Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan eginiko inbertsioak %2,2koa izan beharko luke aurten, baina, gaur-gaurkoz, ez da %1,8ra iristen —duela lau urte baino gutxiago—. Sinatutako patenteen kopuruak ere behera egin du nabarmen 2011tik gaurdaino. Horrek guztiak argi adierazten du Moderna planaren ardatz nagusietakoa eta etorkizuneko garapen ekonomikoaren oinarri izan beharko lukeen I+G+B sektorea hazi ez, makaldu egin dela gobernuaren egitasmoa indarrean jarri zenetik.
Moderna planak orain arte jasotako kritikak, alta, ez dira mugatzen adierazle makroekonomikoetara eta lorpenetara. Ituna sinatu zen egunean bertan, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek elkarretaratzea egin zuten Baluarte auditoriumaren kanpoaldean, planaren izaera "neoliberala eta atzerakoia" salatzeko.
"Plan berri honek kapitalismo basatira eta zerbitzuen pribatizaziora bultzatzen gaitu. Langileak betiereko krisialdira eta behin-behinekotasunera kondenatzen dituen eredu batean oinarrituta dago", adierazi zuen Iruñerriko Langabeen Plataformak, aurkezpenaren egunean kaleratutako ohar batean.
Diru publikoa, klub pribatua
Planaren kudeaketa ere kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Izan ere, egitasmoaren inbertsioak eta funtzionamendu egokia ikuskatzeaz arduratzen den erakundea ez da Nafarroako Gobernua, Moderna fundazioa baizik, itunaren sinatzaileek osatutako taldea.
LABeko ordezkarien arabera, "gobernuaren egitekoak eta politika publikoak de facto pribatizatzea da" fundazioaren sorrera bera. "Politikariek, enpresaburuek eta sindikalista otzanek osatutako klub batek arpilatu ditu erakunde publikoek kudeatu beharreko diruak", azaldu dute.
Bere garaian, ELAk ere "nardagarritzat" jo zuen Moderna planaren sorrera, "batez ere, milaka nafar langabezian daudela jakinda". Sindikatu horretako ordezkarien irudiko, "botere politikotik at dagoen egitura paralelo bat" da Moderna fundazioa, eta helburu garbi bat dauka: "Guztion dirua kudeatu nahi dute planaren sinatzaileek, kontrol publikoak saihesteko eta, pixkanaka-pixkanaka, zerbitzu publikoak pribatizatzeko".
Sindikatu abertzaleek eta langabeen plataformak "patronalaren bide orri" gisa definitu dute Moderna plana. Hala azaldu du LABek: "Euren irabaziak bermatu nahi dituzte nafar enpresaburu handiek, langileon bizkarretik bada ere. Ikuspegi horrekin bultzatu dituzte osasunaren pribatizazioa, higiezinen espekulazioa eta AHTaren gisako azpiegitura jasangaitzak".
‘Paparazziak’, euskal hitzen bila
Martxan da, bigarren urtez, Euskara Merkataritzara egitasmoan parte hartzen duten hamar udalek eta Karrikiri Euskaldunen Elkarteak antolatutako Euskal Paparazziak argazki lehiaketa. Iruñerriko eta Gareseko saltokietan euskarak duen presentzia argazkien bidez ikusaraztea du helburu. Apirilaren 26a bitarte aurkeztu ahalko dira argazkiak, WhatsApp edo Telegram aplikazioen bidez lanak 605 75 40 17 zenbakira bidalita. Euskara eta merkataritza ondoen irudikatzen dituen argazkiak 500 euroko bonoa jasoko du.