Albisteak

“Barcenas pertsonaia gisa hain da surrealista, ez dirudi benetakoa”

Lengoaia juridikoa idorra eta katramilatua da. Ez dirudi material egokiena denik, horren gainean film bat eraikitzeko. David Ilundain zuzendariarentzat, ordea (Iruñea, 1975), Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Pablo Ruz epailearen aurrean eginiko adierazpenek "berebiziko indarra" daukate. Ikusleak pantailari itsatsita mantentzeko adina. Maiatzean errodatuko dute B: La película sobre los papeles de Bárcenas (B: Barcenasen paperei buruzko filma), irailean estreinatzeko asmoz.

Nola otu zitzaizun Barcenas auziari buruzko filma egitea?

Pelikula, berez, Jordi Casanovasen eta Alberto San Juanen Ruz-Barcenas antzezlanean oinarritua dago. Madrilgo Lavapies auzoko antzokian estreinatu zuen Teatro del Barrio taldeak, eta zenbait lagunekin joan nintzen. Aitortu behar dut beldurrez joan nintzela, taula gainean esaten zen guztia epaiketa baten transkripzioa besterik ez zelako. Eta txundituta atera nintzen: tentsioa, beldurra, egia eta gezurraren arteko jokoa... Aretotik ateratzean, burura zetorkidan gauza bakarra zen "joño, latza!". Eta material horrekin proiektu handiagoa egin behar nuela erabaki nuen, mezua jende gehiagori helarazteko: pelikula bat.

Gidoian agertzen diren elkarrizketa guztiak Ruz epaileak Barcenasi egindako galdeketatik hartuak daude, baina zuena ez da dokumental bat...

Ez, baina errealitatea da. Askok pentsatuko dute burutik jota gaudela halako proiektu bati heltzeagatik, baina nire helburua da antzezlana ikustean sentitu nituen emozioak pantailaratzea: amorrua, tentsioa, barregura... Istorioa surrealistegia dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Barcenas bera, pertsonaia gisa, hain da surrealista, ez du benetakoa ematen. Eta egia hutsa da. Hori da, hain zuzen, ikusleak eserlekura iltzatuta mantenduko dituena: ikusten ari direna benetan gertatu zela jakitea.

Baina hedabideek ia egunero hitz egin dute Barcenas auziaz. Zer eskaintzen ahal du filmak?

Batetik, ikuspegi orokorrago bat. Hedabideak, gehienetan, azken minutuko albisteetan gelditzen dira, eta, alde horretatik, Barcenasi egindako galdeketa ikustea oso argigarria da: eman zituen datuak, ustelkeria kasuan nahasita dauden politikariak, Barcenasen beraren harropuzkeria... Bestalde, ez da gauza bera gertakari baten berri izatea edo gertakari hori bera zuzenean ikustea. Zeure begiekin ikusten duzunean, gertakari hori ez da maila intelektualean gelditzen, emozioak eragiten dizkizu. Esperientzia emozionala da.

Horretarako, aktoreen lana funtsezkoa izanen da, testua sinesgarri egin behar baitute.

Bai, eta aktore bikainak ditugu rol nagusietan: Pedro Casablanc Barcenasen rolean, eta Manolo Solo, Ruz epailearena egiten. Antzezlanean, bi horiek daude bakarrik, baina filmean, taldeko aktore ugari izanen ditugu bigarren lerroan: abokatuak, poliziak, fiskala... Izan ere, gure helburu nagusienetako bat egiazkotasun sentsazioa zaintzea da. Estetikoki ere, dokumentalaren estilo hiperrealistara hurbildu nahi dugu. Planteamendua hau da: zer gerta zitekeen, epaiketaren egunean kamerak aretoan sartzeko baimena eman izan baligute?

Gaurkotasun politikoan oinarritutako filmak ez dira ohikoak euskal zinemagintzan. Zeintzuk izan dira zuen erreferenteak?

Epaiketetan oinarritutako pelikulei dagokienez, gure eredu nagusia 12 Angry Men da [Sidney Lumet, 1957]. Horrez gainera, Joaquim Jorda zinemagile kataluniarraren De nens filmak ere paralelismo argiak izan ditzake gure proiektuarekin. Tematikoki, ez dute zer ikustekorik batak bestearekin, baina sistema judizialaren deskribapena egiten da bi pelikuletan, eta errealitateari lotuta daude biak ala biak.

Filmaketa ez da oraindik hasi, finantzaketaren zain zaudetelako. Gutun-azalik, behintzat, ez zenuten jasoko...

Ez, ez! Finantzaketa kolektibo bidezko proiektua da gurea. Horrek esan nahi du filma auzolan handi baten gisara finantzatuko dugula: edonork jar dezake dirua [10 eurotik gorako ekarpenak onartzen dira], eta egindako ekarpenaren araberako saria jasoko dute parte hartzaileek. Mezenas guztiek izanen dute, besteak beste, pelikula estreinatu aurretik ikusteko aukera: Internetez, DVDan edo zine aretoetan eginiko emanaldi berezietan.

Eta ez al da pixka bat arriskutsua finantzaketa sistema hori?

Proiektu honen atzean gaudenak sinetsita gaude jendearen interesa piztuko duela. Ruz-Barcenas antzezlana taularatzen den aldiro, bete egiten dira aretoak, eta bertsio zinematografikoak ere halako ikusmina eragin dezakeela uste dut. Argi dago hau ez dela milioika euro irabazten dituen film handi horietako bat, baina bai jende dezente erakartzeko gaitasuna duen lan duina. Finantzaketa bide tradizionaletan, ordea (ekoizleak, telebistak...), zaila da gurea bezalako proiektu bat saltzea, eta horregatik behar dugu finantzaketa kolektiboa, martxan jartzeko.

Miren Peñaren heriotza salatzeko elkarretaratzeak

Etxe Kaleratzeek Kalte egindakoen Plataformak eta LABek hainbat elkarretaratze eta protesta ekintza antolatu dituzte aste honetan, Miren Peña antsoaindarraren heriotza salatzeko. Laboral Kutxaren bulegoen aitzinean egin dituzte elkarretaratzeak, eta biharko, manifestazioa antolatu dute: Iruñeko Gurutzeko plazatik aterako da, 17:00etan. Faurecia enpresak Orkoienen zuen lantegian lan egiten zuen Peñak, 2013an kaleratu zuten arte. Langabezia saria amaitzear zuen, eta hipoteka mailegua zuen Laboral Kutxan. Zorraren ordaintzeko baldintzak berriz negoziatzeari uko egin zion finantza entitateak. Bere buruaz beste egin zuen antsoaindarrak iragan den igandean.

“Ikastolen izaera kooperatiboa defendituko dut beti”

Oin bat Lizarran, bestea Iruñean. Halaxe dabil Josu Reparaz egunotan (Arbizu, 1965), galtzak bete lan. Iragan astean hautatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari, baina ikasturtea amaitu arte, jardunean izanen da azken 16 urteotan zuzendu duen Lizarra ikastolan ere.

Ikastola bat zuzendu duzu orain arte. Hemendik aurrera, 15 ikastola koordinatzen dituen erakundea kudeatuko duzu. Prest ikusten duzu zeure burua?

Erabakia hartzea ez zitzaidan batere erraza egin, Lizarra ikastolan oso gustura nagoelako; baina behin erabakia hartuta eta ikastola guztien babesa izanda, kargu berri hau arduraz, baikortasunez eta ilusioz hartuko dut. Nire bizitza profesionalean erronka berri bat da. Lankideen profesionaltasunak eta parte hartzeak indar handia ematen didate. Dena den, iraila bitarteko hilabete hauek eromena izango dira.

Alde handia dago Lizarran zenuen karguaren eta oraingoaren artean?

Bigarren mailako kooperatiba da NIE; beraz, ikastola bakoitzaren autokudeaketa oinarrizko kontua da. Nire ahalegina lidergo predagogikoa, administrazioaren eraginkortasuna, lantaldeen kohesioa eta ikastolen modernizazioa bultzatzea izango da.

Nola baloratuko zenuke zure aurrekoaren, Pello Mariñelarenaren ibilbidea?

Urte hauetan, ikastolek hobekuntza garrantzitsuak izan dituzte, horietako asko NIEtik bultzatu diren proiektuei eta lortu diren diru laguntzei esker. Horretan, Pellok zerikusi handia izan du. Ikastolak handitu egin dira, eta kokatuta dauden gizarteetan erreferente bilakatu dira alderdi pedagogiko, linguistiko eta sozialean.

Zeintzuk izanen dira zure erronka nagusiak hemendik aurrera?

Batetik, harreman instituzionaletara hurbilduko nau nire jardun berriak; baina, oro har, ikastolen gardentasunaren eta koordinazioaren hobekuntza izanen da nire xede nagusia. Ikastolak bizitzarako eskolak izan daitezen ahaleginean jardungo dut, horrek esan nahi duen berrikuntza pedagogiko eta metodologikoarekin. Irakaskuntza euskaldun eleanizkuna bermatzen duen proiektuan sakontzen segitzeko ahaleginak ere toki garrantzitsua izango du; euskararen erabilera eskola eremutik harago zabaltzeko konpromisoarekin. Azkenik, NIEtik bultzatuko ditudan proiektuek ikasleak izango ditu ardatz, eta horien bakarkako pentsamendua eta zentzu kritikoa garatzea.

Otsailean, Euskararen Legearen erreforma onartu zen Parlamentuan. Zer deritzozu?

Erreforma honek biztanleen eskubideen berdintasuna bermatzen duen heinean, egokia da. Aldaketa positiboa da hezkuntza sistemarentzat, eta, bereziki, euskarazko irakaskuntzarentzat. Euskararen normalizazio prozesuan urrats bat gehiago da, baina oraindik urrats asko falta dira, eremu ez-euskalduneko ikasleek ere euskaraz bizi ahal izateko eskubidea bermatua izan dezaten. Ikastolak izango dira eremu horretan murgiltze linguistikoa eskaintzen segituko duten ikastetxe bakarrak eta hori oso faktore garrantzitsua da benetako euskalduntzea lortu nahi badugu.

UPNk lege erreformaren kontra erabili izan dituen argudioetako bat da "eremu ez-euskalduneko ikastolei" kalte eginen diela. Ados al zaude horrekin?

Ez dut uste ikastolek jasan dezaketen balizko kaltea denik UPNren benetako arrazoia lege aldaketaren kontra egiteko. Ez dakigu erreformak zer-nolako eragina izango duen matrikulazioan, dakiguna da eremu erdalduneko ikastolek 44 urte daramatzatela euskarazko eta kalitatezko irakaskuntza sustatzen, langileen lanari eta familia askoren ahaleginari esker. Ez dira urte asko pasatu ikastola hauek itunpeko izan zirenetik, baina horrek ez du arindu hauen zorra. Ikastolak aitzindari izan dira euskararen hezkuntza eleanizkunetan, metodologia berritzaileen ezarpenean eta gurasoen partaidetza zuzenean. Ez dut uste Euskararen Legea aldatzeak hori guztia bertan behera utziko duenik.

Beste arazo eta polemika batzuei ere aurre egin beharko diezu. Besteak beste, LOMCE legea, edota UPNk euskarazko testuliburuen kontra abiaturiko sorgin ehiza. Zer egin dezake NIEk halako esku-sartzeen aurrean?

Ez naiz nekatuko gure hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen, jakinda oso emaitza onak eman dituela. Ikastetxe pribatu eta publikoen arteko eztabaida antzu horretan, ikastolen izaera kooperatiboa defendatuko dut, Ikastolak herritik jaio direlako eta herriarentzat egiten dutelako lan, auzolanaren balio erantsiarekin. Historikoki, ikastolek sortu dituzten testuliburuek eta bestelako baliabideek Europako hainbat aintzatespen eta sari jaso arren, debekatuak izan dira hemen; baina guk material propioen diseinuari eutsiko diogu. LOMCEren ezarpenari dagokionez, berriz, aldaketarik gogorrenetako bat ezar litezkeen kanpoko probak eta amaiera azterketak dira. Legeak dioenaren arabera ezartzen badira, eman beharreko edukiak eta metodologia baldintzatuko dituztelako.

Aurtengo Nafarroa Oinez lehenbizikoa izanen da zuretzat, NIEko zuzendari gisa. Nola daramazue prestaketa lana?

Oraindik ez naiz Nafarroa Oinez-en antolaketa orokorrean murgildu. Azken urte hauetan bezala, Artea Oinez erakusketaren antolaketan ari naiz, eta esan dezaket erakusketa bikaina izango dela aurtengoa. Baztan: barrutik eta kanpora izenburupean, euskal artearen tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu. Bestalde, Erronka —euskara ardatz hartuta, gazteei aisialdi osasuntsua eskaintzeko eta partaidetza aktiboa sustatzeko egitasmoa— indarra hartzen ari da, iazko eskarmentuaren ondoren. Oinez Basoa ere indartsu dago Baztanen, haraneko biztanle bakoitzeko zuhaitz bat landatzeko asmoa baitugu. 8.000 zuhaitz landatuko dira guztira.

“Herriak ematen digun hori itzultzeko modua da Korrika kulturala”

Badira hainbat urte Korrikaren inguruan kultur jarduerak antolatzen dituela AEK-k, lasterketaren aurreko hilabeteetan. Aurten ere izan da Korrika Kulturala, eta, besteak beste, Erkuden Aristu (Iruñea, 1978 ) izan da antolakuntzan lanean.

Zein da Korrika Kulturalaren helburua?

AEKri egokia iruditu zitzaion herriak bere parte hartzearen bitartez ematen duen horretatik jasotzen dena nolabait itzultzea. Herriak ematen duen hori itzultzeko modua da Korrika Kulturala. Euskal kultura sustatzea da xedea, hainbat arlotako sorkuntza lanak jendaurrean aurkeztuz.

Zer ekintza antolatu dituzue?

Iruñerrian, hauek izan ditugu: Burlatan Fausto antzezlana aurkeztu genuen. Iruñean, Zentral Kafe Antzokian, Gosariak ikuskizuna, eta Nafarroako Antzerki Eskolan Bertsolaritzaren sekretuak saioa plazaratu genuen. Bertso bira ere egin dugu bertso eskoletako kideekin batera.

Zer moduko harrera izan duzue?

Denetarikoa. Bertsolaritzaren sekretuak eta Gosariak saioek harrera ona izan dute. Bestalde, auzo eta herrietako Korrika batzordeek ere antolatu dituzte gauzak, bertso afariak edo bakarrizketak, kasurako. Horretaz gain, Irrintzi euskaltegian formatu txikiko saio bat egin genuen, kristoren arrakasta izan zuena: ikasleak norabait joan beharrean sortzaileak joan ziren euskaltegira. Hamar minutuko bakarrizketa bat, ipuin kontalari bat eta mago bat izan genituen, eta ikasleak txandaka pasatu ziren euren aurretik.

Biluztasuna publikoaren alde

Abel Azkonak, artista nafarrak, hezkuntza publikoarekiko konpromiso pertsonala argi utzi zuen joan den martxoaren 3an Iruñeko karriketan egindako performanceren bitartez.

Abelek berak ere honelako ekintza egitearen ondorioz nolako tratua izanen zuen ez zuen jakinen, seguruenik, eta bere gain hartu zuen aldarrikapenaren arriskua. Abelek emandako azalpenen arabera, bortitz eta zakar tratatu zuten udaltzainek. Aldarrikapenaren errepresioa ohiko kontua da gure herrian, eta hizpide azken bolada honetan, muturreko eskuinak legeak ezartzen dituen zigorrak gogortu nahi dituen honetan, Isilarazteko Legearen bitartez, nahiz tokian tokiko udal ordenantzen bitartez.

Abel Azkonari elkartasun osoa agertu nahi dio Steilas-ek, hezkuntza publikoarekin erakutsi duen konpromisoagatik, publikotasunaren garrantzia nabarmentzeagatik. Ez da bere interes pertsonalengatik eginiko ekintza, hausnarketarako deia da, bai eta ikasketa artistikoek bizi duten egoera tamalgarriaren salaketa ere. Sare publikoan goi mailako diseinu ikasketak egiteko biluzturiko oihuaz baliatu da.

Hezkuntza Departamentuak gaiari behar bezala heldu behar lioke, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroa dela, Kantabriarekin batera, hezkuntza publikoan honelako goi mailako ikasketak eskaintzen ez dituen erkidego bakarra. Egoera honen atzean ikasketen pribatizazioa dagoela jakitea guztiz lotsagarria da, baina berau UPN eta PPren hezkuntza politikaren ikurra da. Alfonbra gorria eskaintza pribatuari, kontzertinak publikoari.

Iruñeko Arte Eskola Publikoan goi mailako ikasketak egiteko hamar urte luzeko aldarrikapenaren aurrean gaude, baina administrazioak ez entzunarena egin du behin eta berriro. Orain, hauteskunde atarian gauden honetan, Correllan eskainiko direla eman dute aditzera, kontuan hartu gabe berri honek ez dituela asetzen ikasleen beharrak (gehiena Iruñerrikoa da). Beste behin ere UPNren agintekeriaren aurren gaude, bere feudoan, Corellan bertan eta inguruan, botoak mantentzearren. Iruñeko Arte Eskolako ikasleek euren protesta departamentura eraman dute, eta sare publikoan ikasteko aldarrikapena nabarmendu dute, bai eta Abel Azkonarekiko elkartasuna ere. Polizia Foralak aterarazi ditu. Berriro errepresioa.

Arazoaren jatorrira joan behar dugu, eta dei publikoa egin nahi diogu maiatzeko hauteskundeen ondorioz gobernuaren ardura hartuko duen alderdiari benetako lana egin dezan ikasketa artistikoen alde, LOMCEk ikasketa hauek iraintzen ditu, eta orobat, sare publiko osoa sendotzeren alde. UPNren utzikeria begi bistakoa da; erakutsi duen kudeaketa txarra asaldagarria.

Biluztasuna genero artistiko dela gogorarazi digu Abelek; artean biluztasunak erakutsi du obra egin den garaiarekin zerikusia duela, estetikaren estandar sozialekin, garaiaren moralitatearekin. Biluztasuna zilegi da museoaren lau pareten artean erakusten denean, baina karrikan denean erreprimitzen da. Ez da onartzen gorputza erabiltzea protestak gauzatzeko, gorputzean bertan grabatzea geure aldarrikapenak. Kultura judu kristauan "jatorrizko bekatuaren" sinboloa da biluztasuna, baina gure ikuspuntutik berau ez da bekatu iturri, ez baita zuzena eta zilegi den jokabidetik aldentzen; aitzitik, Abel Azkona lurrean ikusteak, biluzik, udaltzainez inguraturik, zirrara sorrarazten digu. Irudi hauek bestelakorik dakarkigute burura, hots, ez gaituztela kalean ikusi nahi gure eskubideen defentsan. Kalea denona eta denontzat den uste sendoa dugulako, gure kaleetan agertzen segituko dugu, biluzik edo jantzirik, espazioak okupatuz, oihu eginez.

“Bakartiagoa da hemen Korrika, baina baita intimoagoa eta politagoa ere”

"Lan handia" izan dute Ana Colomok (Iruñea, 1965 ) eta Aezkoako Korrikako batzordekoek asteotan. Orain, Korrika heltzea baino ez da falta. Datorren ostiralean iritsiko da Nafarroako Pirinioetara, eta elurra ere ez da faltako.

Zer lan egin duzue orain arte?

Denetarik. Aurreko asteburua errepideak markatzen eman genuen, baita kartelak herriz herri jartzen ere. Urepelera ere joan behar izan dugu hainbat gauza eramatera. Telefonoarekin ere erne ibili behar izaten dugu etengabe. Lan handia da.

Hotza eta elurra ez dira faltako Nafarroako Pirinioetan.

Askotan izan da Korrika zuria inguru hauetan. Gogoan dut Orreagan hasi zenekoan elurte handia izan zela. Hotza izatea espero dugu. Euria ez dugu gustuko, baina elurrarekin korrika egitea errazagoa da. Ez dugu arazorik izaten pasatzeko.

Herri txikiak dira zuen ingurukoak. Jende gutxi ibiltzen da Korrikan?

Jendea egon beti badago, baina egia da beste leku batzuetan ikusten den multzo hori ez dagoela. Bakartiagoa da hemen Korrika, baina intimoagoa ere, eta politagoa akaso. Edonola, Garraldan kontzentrazio eskola dago, eta Korrikan parte hartuko dute; beraz, oso hunkigarria izango da 100 bat haur eta gazte ikustea.

Zer da zuretzat Korrika?

Egunean bertan, zerbait hunkigarria, eta hilabeteetako lanaren saria. Hunkigarria da ikustea jendeari berdin zaiola eguraldia edo ordutegia, eta beti dagoela ateratzeko eta laguntzeko prest.

Sua piztu du Iribasek Arte Eskolan ere

Ikastetxe publikoak, D ereduko hezkuntza komunitateak, ikastolak, guraso elkarteak, sindikatuak... eta orain, diseinuaren eta arte plastikoen sektore ia osoa. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariarekin suminduta daudenen zerrenda luzatzen ari da etengabe, eta azken lurrikararen epizentroa Iruñeko Arte Eskolan dago. Izan ere, hainbat urtez goi mailako diseinu ikasketa publikoak ezartzeari uko egin ostean, 2015-2016ko ikasturterako Diseinu Grafikoko lerro bat zabaltzea erabaki baitu Hezkuntza Departamentuak. Unibertsitate ikasketen baliokidea izanen da gradu hori, baina eskolak, ordea, ez dituzte emanen balizko ikasle, baliabide eta aukera gehien eskaintzen dituen tokian (Iruñerrian), baizik eta handik ia 100 kilometrora dagoen herri batean: Corellan.

Erabaki horren lehen biktima Miguel Askunze Iruñeko Arte Eskolako zuzendaria izan da, dimisioa aurkeztu baitzuen otsailaren 20an, plana ezagutu eta berehala. Zentzugabekeriatzat jo zuen Iribasen ateraldia, ikasketa programa berriak "ikasleak nahiz familiei kalte egiteaz gainera, nafarren interes orokorraren aurka" egiten duela iritzita.

Orain, Iruñeko Arte Eskolako gainontzeko irakasleek babesa adierazi diote zuzendariari. "Goi mailako diseinu ikasketekiko irizpide faltaren eta nagikeriaren azken adierazlea izan da erabaki hau", azaldu du arte plastikoko eta diseinuko irakasle Iñaki Otsoa Etxeberriak. "16 urte daramatzagu Iruñeko Arte Eskolan diseinu ikasketak ezar daitezen galdegiten. Behin eta berriro egin dugu eskaera. Espainiako erkidego guztietan ezarriz joan dira pixkanaka, baina Nafarroako Gobernuak ezezko borobila eman digu beti".

Gobernuaren ezezkoa, baina, hezkuntza publikoak bakarrik jaso du, Creanavarra akademia pribatuari baimena eman baitzioten iaz, goi mailako ikasketa horiek Iruñean eskaintzeko. "Akademia hori berehala legeztatu zuen Hezkuntza departamentuak, baimena eskatu bezain laster", dio Otsoak. Haren irudiko, zentro pribatuei mesede egitea izan da Hezkuntza kontseilariaren helburuetako bat: "Iribasen agintaldiaren ezaugarri nagusietako bat irakaskuntza pribatua lehenesteko joera izan da. Esate baterako, Nafarroako hiriburuan diseinuaren alorrean kalitatezko eskaintza publikoa eginez gero, nork ordainduko luke dirutza, akademia batean gauza bera ikasteko? Inor gutxik. Beraz, erabaki horren onuradun handiena akademia pribatu hori izanen da".

"Corella ez da arazoa"

Irakasleen esanetan, diseinu ikasketak Corellan ezartzeak arazo ugari eraginen ditu, "logikaren kontrako" erabakia delako. "Demografiari, kultur eskaintzari eta komunikabideei bizkarra emanda onartu da proiektu hau. Izan ere, interesa izan dezaketen ikasle gehienengandik urrun dago Corella, eta hara iristeko bideak eskasak dira; baina horrez gainera, diseinu ikasle batek kontuan izan behar ditu bestelako faktoreak ere: esate baterako, zein den hiri baten kultur eskaintza, lan egiteko aukerak, eta abar. Erriberatik kanpo, oso jende gutxi joanen da Corellara diseinu grafikoa ikastera. Nire seme-alabek diseinua ikasi nahiko balute, Gasteizera edo Bartzelonara joateko aholkatuko nieke", azpimarratu du Otsoak.

Hala eta guztiz ere, Iruñeko irakasleen aburuz, Corellako Arte Eskola ez da arazoa: "Gutako askok alabatzat dugu Corellako eskola; finean, gehienok bietan eman baititugu eskolak, Iruñean zein Corellan. Ni neu hango eskolako zuzendari izandakoa naiz. Arazoa zera da, bideragarritasun plan serio bat aurkeztu eta goi mailako zentro indartsu baten alde egin beharrean, ez hankarik ez bururik ez duen erabaki bat hartu dela".

Otsoaren ustez, ikasketak zentralizatzea "ezinbestekoa" izanen da, diseinu ikasketak sendotze aldera. "UPNk dio zerbitzuak deszentralizatu behar direla, herrialdea behar bezala egituratzeko, baina badaezpada, haien egoitza nagusia Iruñeko bigarren zabalgunean dago eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzu guztiak hiriburuan daude, eta ez Lizarran, adibidez. Horrekin esan nahi dut zerbitzuak beste eskualdeetara zabaltzea oso ongi dagoela, baina populazioaren gehiengoari bizkarra eman gabe".

Ikasleek diotenez, euren planteamendua ez da beste eskola publikoen kontrakoa, "kalitatearen aldekoa" baizik: "Ez genuke inoiz eskatuko Corellan ezarritako ikasketak bertan behera uzteko. Ezta pentsatu ere! Baina zentro indartsu bat behar dugu, diseinuaren adar guztiak hartuko dituena —diseinu grafikoa, etxe barruko diseinua, moda diseinua eta ekoizpen diseinua—, kalitatezkoa eta lehiakorra izanen dena".