Ikastaro bat egin berri dute Huescan (Aragoi, Espainia), balizko arriskuaren araberako urtegien sailkatzeari buruz. Cesar Gonzalez Cebollada izan da arduradunetako bat (Zaragoza, Espainia, 1973). Esako urtegiari buruz mintzatu da, eta argi erran du ha...
Albisteak
“Komunitateak badu elkarren berri edukitzeko beharra “
Sarera eraman nahi du Euskalerria irratiak urteetan uhinetan landutako "topagunea". Horretarako, Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria (www.euskalerriairratia.eus ) jarri du gaur martxan. Juan Kruz Lakasta (Jaka, Espainia, 1970) esatariak hartu du, oraingoz, ardura nagusia.
Zer da Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria?
Euskalerria irratiak Tokikom-ekin (tokiko euskarazko hedabideen elkartea) elkarlanean garatu duen proiektua da. Informazio lokala jorratuko duen webgune bat izango da, independentea, irekia, parte hartzailea eta komunitateari protagonismo handia emango diona.
Zer beharretatik sortua da?
Tokikomek oso metafora polita erabiltzen du: agerkaria ez da izanen hedabidea, baizik eta komunikabidea. Zein da ezberdintasuna? Bada, hedabideak informazioa banatzen duela norabide bakarrean, eta aldiz komunikabidea hari bat dela, bi norabideetan funtzionatzen duena. Aspalditik genekusan beharra Iruñerrian halako bat sortzeko. Zergatik? Iruditzen zaigulako komunitateak geroz eta gehiago duela elkarren berri edukitzeko beharra. Eta Iruñerria bezalako leku batean, non euskaldunok oso sakabanaturik bizi garen fisikoki, halakoak oso garrantzitsuak dira. Urteetan Euskalerria irratiak bete izan du lan hori, topagunearena. Orain bistan da teknologia berriek biderkatzen dituztela aukerak, jendeak elkarren berri izan dezan eta komunikazioa bi norabideetan heda dadin. Iruditzen zitzaigun halako plaza bat irekitzea garrantzitsua zela, eta, gainera, horretarako masa kritikoa bazela. Bitarteko gutxirekin gauza handiak egin daitezke.
Zergatik hartu du Euskalerria irratiak egitasmo honen ardura?
Besteak beste, Iruñeko euskarazko komunikabide bakarra delako. Tokikom halakoak bultzatzen ari zen Euskal Herria osoan, eta bat zetorren guk identifikatzen genuen beharrarekin. Egitasmoa Iruñerrira egokitu beharra zegoen. Beraz, hona ekarri dugu, eta uste dut nahiko egitasmo interesgarria izanen dela.
Eta badu plaza izaera, jende ezberdina bertan topatu dadin.
Bai, noski. Euskalerria irratiak bere mugak ditu, eta argi dago oraingoz Internetik ez duela dirurik ematen. Orain arte irratia egiteko baliatu ditugun bitartekoekin ere egin beharko diogu aurre honi, eta ez da erraza izanen. Baina txunditurik gaude erantzunarekin, ikusi da beharra agerkari horretan komunitate gisa agertzeko. BERRIArekin eta Nafarroako Hitza-rekin hitz egin dugu eta akordioa lortu dugu Nafarroako edukiak ekartzeko; baita Argia-rekin ere. Xaloa telebistak ere ateak zabalik dauzka, aukera duenean sar dadin; baina bistan da orain proiektua abiarazten ari direla, eta ez dela haientzako erraza. Izan ere, Iruñerriko euskaldunok sakabanatuta gaude fisikoki, baina digitalki ere bai, eta badaude barreiatuta dauden gauza oso interesgarriak. Adibidez, Karrikirik agenda itzela du, eta Karrikaluzekoek badute 2.0 izeneko aldizkari zoragarria, baina paperean banatzen da haien eskualdean eta ez du oihartzunik Interneten. Iruñerriko euskara elkarteekin, eragile politikoekin, sindikalekin... jende askorekin hitz egin dugu, eta erantzun zoragarria izan dugu. Oso ongi dago hasi aurretik halako erantzuna izatea. Komunitatearen aldetik ekarpen majoa ia ziurtatua dago.
Komunitateaz galdetu nahi nizun, hain zuzen ere. Zer erantzun espero daiteke Iruñerriko euskaldunen komunitatetik?
Ikusteko dago. Erabiltzaileen aldetik bi baldintza behar dira profila zabaltzeko, euskaraz aritzea eta identifikatzea. Taldeen aldetik erantzuna oso ona izan da, eta batzuk jada martxan daude. Beste indargune bat da Euskalerria irratian iritziaren leihoa landu izan dugula iritzi-emaile talde zabala izateko, eta horiek ere haien profil pertsonalekin sartuko dira agerkarian. Beraz, ikusteko dago jendeak, pertsonalki, zer-nolako ekarpena eginen duen. Ez da erraza, guk uste dugu asko ematen ahal digula, baina ez da erraza. Eta badira ahalegin honetan porrot egin duten egitasmoak.
Hori guztia Interneten eginen duzue. Zertan datza sarearekiko apustua?
Internetek diru gutxi ematen du, baina zerbitzu handia ematen ahal diozu euskaldunon komunitateari. Ez bakarrik ikuspegi soziolinguistikotik, bazik eta komunikazioaren ikuspegitik ere; badu bere zentzua. Garai berezian bizi gara Nafarroan; berria ez dakigu sortuko den, baina argi dago erregimen zaharraren gainbeheraren aitzinean gaudela. Jendeak gauza asko esateko gogoa du, taldeka eta bakarka, eta aintzat hartuta Nafarroako panorama mediatikoa zein den, plus bat eskaintzen ahal diogu euskaldunei. Ez bakarrik euskaraz ariko garelako, baizik eta plaza bat izanen dugulako iritziak trukatzeko, erdaldunek akaso ez dutena.
Zer aurkituko du agerkarira sartzen denak?
Tokiko informazioa landuko dugu, baina ezin ahantz daiteke hiriburuan gaudela, eta, alde horretatik, Nafarroa osoari dagozkion gaiak ere landuko ditugu. Nafarroa ofizialaren berri emango dugu, baina Nafarroa errealaren berri ere bai. Eta tokikoagoa edo zerbitzuzkoa izan daitekeen informazioari ere lekua egin nahi diogu. Oso bateratzailea eta oso soziala izatea nahi dugu. Agendari ere garrantzi handia emango diogu. Eta umoreari ere tartea egin nahi diogu Nafarroa WOW (Nafarroa, the wonder of the world) izeneko atalarekin. Satira, umorea eta ironiaren bidez errealitatearekin lehian aritu nahi dugu. Nafarroan hori gaur egun ez da erraza, azkenaldian errealitateak fikzioa gainditzen duelako.
Urdangarinen iragana, oraina eta geroa
Edukiera txikiko aretoak hautatu ditu Mikel Urdangarin musikari bizkaitarrak 2015. urterako. Getxon abiatu zuen bira, otsailaren 8an; eta igande honetan Irurtzunen emango du kontzertua. Kantu zaharrak abesteaz gainera, sortzen joan ahala abesti berria...