• Nafarroan 2011. urtetik galdu diren I+G+B lanpostuak. Nafarroan, azken bi urteetan 304 lanpostu galdu dira I+G+B-n. Sektore horretako aurrekontuek %15 egin dute behera 2008tik.
Albisteak
Simon Santamariak zazpi deliturengatik deklaratu beharko du auzipetu gisa
Maria Paz Benito Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaileak onartu ditu Simon Santamaria Iruñeko udaltzain buruaren eta haren inguruko beste lau udaltzainen aurkako bi salaketak. Guztira, Santamariak zazpi deliturengatik deklaratu beharko du, hala nola mehatxua, indarkeria, botere gehiegikeria, langileen eskubideen aurkako eta biltzeko eskubidearen aurkako delitua, lan diskriminazioa eta faltsukeria. Martxoaren 27an deklaratuko du, 09:00etan. Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak jarri ditu salaketak.
Lehenengo salaketa sindikatuko kide batek jarri zuen. Udaltzainak salaketan bederatzi puntutan azaltzen du haren aurkako ustezko jazarpena. Beste salaketan udaltzainen sindikatuak azaltzen du hamabost udaltzainek zigorrak jaso dituztela eta txostenak ireki dizkietela, besteak beste, gaizki aparkatutako auto ofizial bat salatzeagatik. Auzitegian aurkeztutako salaketa gehienak lehenago Nafarroako administrazio auzitegian eta administrazioarekiko auzietako auzitegian epaitu dira. Hainbat alditan, epaileek salaketa jarri dutenen alde egin dute, eta, beste batzuetan, udaltzainen helegiteak aintzat hartu dituzte.
Talde politikoen salaketa
Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidente eta Iruñeko alkate ohiak babes osoa eman diote Santamariari. Iruñeko Udaleko hainbat talde politikok, ordea, alkatearen jarrera arbuiatu dute. NaBaik uste du Maiarena dela gertatutakoaren erantzukizuna. Aritz Romeo Aralarreko zinegotziaren aburuz, "Santamariak ezin du jarraitu udaltzain buru". Bestalde, Iruñea Askatasunez taldeak beste hiri eredu baten alde elkarretaratzera deitu du martxoaren 21erako, 12:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.
Gure Sustraiak egitasmoan lanean ari diren pertsonak.
Hamabi lagun dabiltza Olloko herrian kooperatibaren bueltan lanean. Horietako bederatzi kooperatibistak dira, gainontzeko hirurak ez. Olloko ibarrean bizi dira denak, proiektua gertutik jarraitzeko.
“Drogerian lan egitea da nire bizia; bertan hazi naiz”
"Drogerian lan egitea da nire bizia. Bertan hazi naiz, eta ez naiz damutzen bertan lan egiteaz", dio Josi Estebanek (Iruñea, 1959). Ia bizi osoa eman du Iruñeko Alde Zaharreko San Anton eta San Migel kaleen arteko izkinan dagoen Lopez drogerian. Eguneroko lanak eskarmentu handia eman dio. Askok uste dute Lopezenean ez dutena, ez dutela inon izango. Erreferentzia handiko denda da, aurten 108 urte beteko ditu. Hala ere, Estebanek bere burua zaintzen du. "Jendeak galdetzen dit ea denetarik dugun eta nik erantzuten diet: 'Drogerian ez dugu dena, ia dena bai, baina ez guzti-guztia'".
Esteban hamabost urte zituela hasi zen lanean Lopez drogerian. "Udan egun osoa pasatzen nuen kalean. Beraz, diru pixka bat irabazteko, nire izeba batek galdetu zuen Lopez drogerian ea laguntzailerik behar zuten. Horrela hasi nintzen, maka edo mandatuetako mutiko bezala". Hasieran paketeak eramaten zituen etxeetara, gero erakusmahaian bezeroak hartzen eta biltokiko lanak egiten ikasi zuen. Udan lanean aritzen bazen ere, ikasten jarraitu zuen. Industria elektronika ikasketak bukatu eta soldadutzara joan aurretik jarraitu zuen drogerian lan egiten.
Soldadutza bukatu eta etxera itzuli zen Esteban. Lan bila hasteko garaia heldu zitzaion, baina ez zuen ezer aurkitzen. "Nire ikasketekin zerikusia zuen ezer ez nuen aurkitu. Orduan, Lopez jaunari deitu nion ea niretzako lanik zuen. Momentuan, ezetz esan zidan. Baina hilabete batzuen buruan deitu zidan". Emilio Lopezek sortu zuen drogeria. Haren seme Joaquinek denda kudeatzen zuenean hasi zen Esteban lanean. Joaquin Lopez 1985ean erretiratu zen, eta bertako langileak hartu zuten dendaren kudeaketa euren gain. Gaur egun, Esteban eta beste bi bazkidek kudeatzen dute denda.
Horrenbeste urtez erakusmahaian lan egin eta gero, mila anekdota bizi izan ditu Estebanek. "Behin, gizon bat kokaina kilo baten eskean etorri zen dendara. Lankidea eta biok elkarri begiratu genion eta esan genion hori ezinezkoa zela, guk ez genuela hori saltzen. Besteak baietz esaten zuen: 'Bai, nik betidanik erosi dut hemen. Kokaina, hormei ematen zaien hori'. Orduan kar-kar-kar, barrez hasi ginen. Kolamina nahi zuen, hori urarekin nahastu eta hormak margotzeko erabiltzen da". Beste behin, andre batek estarlux pote bat eskatu zuen, hormak margotzeko. Titanlux-a nahi zuen.
Esteban goizean goiz hurbiltzen da San Migel eta San Anton kaleen bazterrera. Antonio Irizabar eta bera dira lanean dauden bi bazkideak. Horrek lan karga handia eragiten die. Eguneroko lanaz gain, egin behar dituzte besteak beste, fakturak ordaindu, eskariak egin eta biltokia antolatu. Langile arrunten lanaldia zazpi ordukoa da, baina bazkideek ia egun osoa ematen dute bertan. "Ordu asko ematen ditugu drogerian, baina jaia hartu behar badut hartzen dut". Hirugarren bazkide bat ere badago baina, erretiratua dago. "Santos Irizabarren Antonioren aita da. Urtetan egon da hemen lanean, guk el abuelo deitzen diogu, eta noizbehinka etortzen da laborategira eta argizaria egiten du".
Egun drogerietan denetarik saltzen da. Baina hori urteen garapena izan da. "Hasieran drogak saltzen ziren, besteak beste, produktu kimikoak, disolbatzaileak, alkoholak eta margoak". Garai batean drogerietan bertan egiten zituzten produktuak, baina pixkanaka-pixkanaka margoak egiten zituzten enpresak denetarik egiten hasi zirela dio Estebanek. Produktu propioak egin beharrean, egindakoak saltzen zituzten, eta horrekin batera perfumegintzan sartu ziren, hala nola, kolonia, makillajea, ezpain margoa eta bainuko jela saltzen hasi ziren. Azken urteetan, arte ederretako produktuak eskaintzen hasi dira ere, koadroak margotzeko pinturak eta antzeko produktuekin. Altzariak zaharberritzeko produktuak ere oso salduak dira. "Badago jendea, hainbat altzari aurkitu dituena etxean eta zaharberritu nahi dituela, horientzako ere produktuak baditugu".
Baina drogerian gehien saltzen dituzten produktuak bertan egiten dituztenak dira. "Parquetak eta bernizatutako egurrak garbitzekoak eta argizaria dira gehien eskatzen digutena. Betiko eran egiten ditugu eta funtzionatzen dutela dirudi". Produktu horiek egiteko formulak belaunaldiz-belaunaldi ikasi dituzte. "Nik Santos Irizabarrenek nola egiten zuen ikusten ikasi dut, eta berak Joaquin Lopezengatik ikasi du. Horrez gain, formula guztiak koadernotxo batean ditugu apuntatuak".
Krisia "guztiek bezala" nabaritu dute. Gainera duela hiru urte erakinean eraberritze lanak izan zituzten, horrek maileguak eskatzera behartu zituen. Baina bide berriak eginez lortu dute krisiaren ondorioz galdutakoak berreskuratzea. Internet da bide hori. "Web orrialdea duela sei edo zortzi urte jarri genuen martxan. Baina orain hiru urte interneten bidez saltzen hasi ginen eta leku pilo batetik eskatzen dizkigute produktuak".
KRITIKA POLITIKORIK EZ INAUTERIETAN
Guardia Zibilak txosten bat igorri dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, argitu dezan Berriozarko inauterietan Gazte Asanbladako kideek "terrorismoa goratu" ote zuten. Berriozarko gazteek Nafarroan D ereduak jasan duen kriminalizazio kanpai...
“Gu ez goaz oporretara nahi dugun lekura, ahal dugun lekura baizik”
Nafarroako Elbarrien Ordezkarien Batzordeko kide da Javier Miranda (Iruñea, 1959). Aulki gurpildun batean dago, eta ongi daki jakin zein arazoei egin behar dieten aurre mugitzeko arazoak dituzten pertsonek. Horregatik, lanean dabil, gizarteko esparru guztiak pertsona guztientzat iristeko modukoak izan daitezen. Ez soilik mugitzeko arazoak dituztenentzat, edozein pertsonarentzat baizik. Alegia, adimen urritasuna dutenentzat, itsuentzat, gorrentzat... Bigarren mailako herritartzat ez, denak gizarteko kide moduan hartzea da Batzordearen xedea. Pixkanaka-pixkanaka lortzen ari dira. Begi onez ikusi du Mirandak Gure Sustraiak proiektua sortu izana, eta halako gehiago behar direla dio.
Iristeko erraztasuna kontuan edukitzen al dute aterpetxeetan eta hoteletan?
Nafarroako eskaintza turistikoak ez du iristeko erraztasuna betetzen. Lokalek Irizpideak Errazteko Legea betetzen dute, baina horrek ez du esan nahi egiatan egokiak direnik. Adibidez, ateen zabaleran legedia bete baina aparkalekura ateratzeko maldarik ez badute egiten, jai dugu!
Legedia, beraz, eskasa da?
Legediak ahazten du elbarritasuna ez dela soilik gurpil aulkian ibiltzea. Zentzumenen elbarritasuna ere badago, itsuak eta gorrak, kasurako; adimen urritasuna ere badago... Horiek guztiak kontuan izan behar dituzte. Ez du ezertarako balio itsu bati igogailuraino ailegatzeko jarraibide guztiak ematea, gero ez badago braille hizkuntzan adierazita zein den solairu bakoitza. Eta ez du ezertarako balio, adibidez, menu bat idatziz ematea, soilik. Agian, pertsona batek jakia irudi bitartez islatzea behar du zertaz ari garen ulertzeko. Edo beste adibide bat jartzearren, imajinatu gor bati soinua egiten duen iratzargailua ematen diotela. Horrek ez dio balio! Ez da enteratuko! Argia daukan bat behar du.
Elbarritasunik ez dutenak kontziente dira koska bat ez jartzeak edo braillez ez idazteak sortzen duen blokeoaz?
Askotan ez, eta behar bereziak dauzkaten pertsonak ere gizarteko kide dira, besteak bezainbeste.
Kontzientziazioa falta da?
Hau ez da kontzientziazio kontu bat; konpromiso sozialari lotutako gai bat da. Elbarritasunen bat dugun pertsonok ez gara gainontzeko pertsonengandik aldendutako kolektiboa.
Baina zer egin daiteke behar bereziek dauzkazuenek trabak ez izateko?
Oinarrizko lau kontzeptu bermatu beharko lituzkete leku guztietan. Lehenik eta behin, mugikortasuna. Bertikalean eta horizontalean mugitu ahal izatea ahalbidetu beharko lukete. Bigarrenik, ikasketa. Eta ikasketaz ari naizenean, objektuen inguruko funtzionalitateaz ari naiz. Alegia, ikastea leiho bat edukitzeak ez duela zentzurik irekitzeko eskulekua altuegi badago, edo baxuegi, edo mugimendu zail bat egin behar baldin badugu. Hori ere jakin beharko lukete. Hirugarrenik, lokalizazioa. Alegia, toki guztietara heltzeko seinaleak beharko lituzkete —mota guztietako seinaleak, bisualak, ukimen bidezkoak...—. Laugarrenik, komunikazioa ziurtatu beharko litzateke. Aterpetxean, hotelean, edo dena delako eraikinean dagoen guztia pertsona guztiek uler dezaketen hizkuntzetan ipini beharko lukete. Adibidez, pentsa pertsona batek keinu hizkuntza erabiliz erreserbatu nahi duela logela bat, baina ez dagoela hizkuntza hori ulertzen duen inor. Kasu horretan ez da komunikazio zaintzen.
Beraz, lau arlo horiek zainduz gero, ziurtatuta legoke iristeko erraztasuna?
Bai, baina beti egongo da zer hobetua. Bi forma daude iristeko erraztasuna betetzeko: batetik, iristeko erraztasun unibertsala bermatuz hasiera-hasieratik eta denentzat; bestetik, hasieran ez moldatzea eraikina osorik, eta gero, obrak egin behar izatea dena egokitzeko. Ez al da errazagoa hasieratik dena egitea?
Gure Sustraiak proiektua sortu da orain, Nafarroan guztiz egokitua den lehen aterpea. Nola hartu duzue?
Pozik hartu dugu, hasi zirenetik zaindu baitute denok joan ahal izatea. Imajinatu aulki gurpildunean dagoen saskibaloi talde bat etortzea Nafarroara. Non geratuko da? Orain, behintzat, badago toki bat, eta eskerrak!
@sarean
Behar berezien inguruko informazioa topatzeko webguneak sarean.
• www.guresustraiak.wordpress.com.Gure Sustraiak baserri eskolaren inguruko informazioa daukan atari digitala.
• www.cormin.org. Nafarroako Elbarrien Ordezkarien Batzordearen webgune ofiziala, berriekin eta dokumentuekin.
“Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute”
Iruñea. 2010eko uztailaren 6a. Txupinazorako minutu batzuk falta zirela, gazte talde batek ikurrin handi bat sartu nahi zuen Udaletxeko plazan. Baina, hainbat udaltzain gazteri oldartu zitzaizkion, ikurrina kentzeko. Istiluetan, beirazko botila batek Jose Carlos Arranz Madrilgo gaztearen buruan jo zuen, eta oso zauri larriak eragin zizkion. Zazpi hilabete geroago, Iruñeko Udaltzaingoak hamahiru pertsona auzipetu zituen. Atxilotu horietako bat da Aitor Sola (Iruñea, 1990), eta zigortu egin dute. Sei egunez une oro lokalizatua egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko du. Iazko apirilean, Solarekin batera sanferminetan errepresioa pairatu zuten hainbat lagun elkartu ziren, "eskubide urraketak salatzeko", eta Iruñea Askatasunez taldea osatu zuten. Hiri eredua aldatu nahi dute. Bihar, txupinazoko zigorrak salatzeko manifestazioa egingo dute, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.
Atera berri da 2010eko sanferminetako txupinazoko epaia. Zein izan da emaitza?
Epaiketa egin eta lau hilabetera atera da sententzia. Epaitu gintuzten hamahiru pertsonetatik zazpiri ezarri diete espetxe zigorra. Lauri urtebete eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri diete, beste biri urtebete eta lau hilabetekoa, eta azkenari hiru urte eta erdikoa. Horrez gain, beste bost lagunek sei egunez une oro lokalizatuta egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko dugu.
Helegitea aurkeztuko duzue?
Bai, espetxe zigorra duten zazpi pertsonetatik bostek jarri dugu helegitea. Horretarako, Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugu. Hortik aurrera, beste hogei egun ditugu helegitea idazteko eta aurkezteko. Hala ere, udalak eta fiskalak ere errekurtsoa jarri dute. Udalak ezin du guretzat zigorrik eskatu. Epaileak bere gain utzi duelako gizarte erantzukizun subsidiarioa. Beraz, helegitea ezarriz gero gizarte erantzukizuna kentzeko eskatuko dute, kalte-ordainak botila bota zuenak ordaindu ditzan. Fiskalaren errekurtsoa, ordea, zigorren ingurukoa da.
Beraz, botila bota zuen pertsonak, hiru urte eta erdiko espetxe zigorraz gain, kalte-ordainak ere ordain ditzake?
Bai, printzipioz hark ordaindu beharko ditu kalte-ordainak. Baina ezin badu ordaindu, erantzukizuna udalarena da. Hau da, zigortutako gaztea kaudimengabea bada, udalak ordainduko ditu kalte-ordainak. Momentu honetan, zigortutako gaztea lanean ari da; beraz, hilero diru kopuru zehatz bat kendu beharko liokete.
Zenbatekoak dira kalte-ordainak?
Azken epaia atera arte ez da zehaztuko ordaindu beharrekoa. Madrilgo gaztearen familiak 340.000 euro eskatzen zituen, eta fiskalak, 150.000. Familiak tratamenduarekin jarraitu nahi du, eta, horretarako, dirua behar dute. Baina orain Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugunez, urteak iraun dezake epaiak. Familiari, gainera, komeni zaio udalak izatea erantzukizuna. Zigortutako gazteak ezin izango duelako ordaindu eskatzen duten guztia.
Madrilgo gaztearena gertatu izan ez balitz epaiketa izango zenutela uste duzu?
Guk uste dugu ezbehar hori gertatu izan ez balitz dena bere horretan geratuko zela. Udaltzainek egindakoa euren eginbeharretatik kanpo dago erabat. Txupinazoan gertatutakoa gu kriminalizatzeko erabili dute. Guk beti esan dugu asko sentitzen dugula Madrilgo gaztearekin gertatutakoa. Hark aitortu digu uste duela errua udaltzaingoarena dela. Hark badaki udaltzainek beste modu batera jokatu izan balute ez zela egoera horretan egongo. Guztiok gara biktimak; hura da larriena, baina oso larria da ikurrin bat ateratzeagatik pertsona bat espetxera joatea ere.
Azken urteetan, hainbat tirabira izan dira ikurrinarekin; badirudi eztabaida piztu dela gizartean.
Txupinazoaren egunean, era batean edo bestean beti egon da ikurrina udaletxean. Baina Barcinarekin dena aldatu zen. Urtero tirabiraren bat egon da, baina 2010ekoa berezia izan zen. Hortik aurrera, dena increccento joan da. Jendeak ikurrina atera nahi zuen, eta haiek ezetz. Hurrengo urtean, udaltzain bat atera zen ebakigailuarekin ikurrina mozteko. Imajinatu ezazu zer gerta daitekeen uztailaren 6an, Udaletxe plazan, ebakigailu batekin. Azken urtean arrantzale bizardunena izan zen. Gertaera horien ondorioz, hainbat dinamika sortu dira. Jendea hasi da esaten: "Zer gertatzen da ikurrinarekin? Jende pila bat gara ikurrina nahi dugunak. Betoa jartzen ari zarete; ez gaituzue errespetatzen". Eskubideak ez direla errespetatzen ikusi dute herritarrek. Jendea ikurrinarekin identifikatzen bada, zergatik ezin du atera?
Ikurrin handien arazoa segurtasun arazoa dela dio udalak.
Hori aitzakia baino ez da. UPNk ez du inoiz onartuko ikurrinaren aurkako kriminalizazioa eta jazarpena dagoenik. Aitzakiak erabiltzen dituzte, kolpeak eta jipoiak gertatzen direla diote. Beldurraren politika egiten ari dira. Ez da soilik ikurrina: "Euskaldunak datoz. Ikurrina inposatu dute, eta, gainera, ostiak emango dituzte". Hori da euren jokoa. Badakite nondik datorren kontraboterea, eta jendea beldurtu nahi dute: "Kontuz euskaldunekin; oso gaiztoak dira, eta izorratuko zaituztete".
Ikurrinaren epaiketen harira sortu duzue Iruñea Askatasunez taldea?
Bai, sanferminetan errepresioa jasan genuen hainbat pertsona elkartu ginen. Baina segituan jabetu ginen arazoa askoz ere sakonagoa zela. Eskubideak urratzen dira. Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute. Baina beste guztiek duten eskubide eta zilegitasun bera dugu. Arazo pila dago, gabezia handiak baitaude hainbat esparrutan: besteak beste, emakumeekin, migratzaileekin eta euskararekin. Bestalde, sinboloen legea onartu zuten, baina Rodezno kondearen plazak eta Erorien monumentuak bertan jarraitzen dute, frankismoaren ikurrak oso ondo zaintzen baitituzte. Egoeraren argazki orokorra egin nahi dugu. Guztion eskubideak errespeta daitezen. Inori ez zaio komeni iruindarrok elkarrekin mokoka bizitzea.