Albisteak

Ana Mari Marin: bizi oso bat koloretan

Koloreekin dago maitemindua Marin. Eta antzeman egiten da hark apaindutako oihaletan. "Kolorea bizitza dela diote margolari askok, eta niri ere asko gustatzen zait kolorea". Abilidade berezia du, gainera, tonalitateak aukeratzeko: paisaia ikusi eta zuzenean lotzen du tonu jakin batekin. Adibidez, Baztan gorria dela uste du, eta morea, udaberri partean.

Hori da, hain zuzen, haren fetitxeetako beste bat: Baztan. Ibarreko inguruak islatzen ditu maiz. Natura hila, metak eta larreak. Ez da kasualitatea, izan ere, barne-barnean darama sorleku eta bizitoki duen eremua. "Nire bihotza da Baztan, nire bizitza". Erakusketan, Marinen urtetako sorkuntzen laginak elkartu dituzte, olio pinturak eta akuarelak, denak marka bereziaz eginda, alegia, kiribil formako zertzeladaz apainduta.

A hizkiaren antzeko zertzeladak artistaren identitate marka bihurtu dira; haren lanak ezagutzeko gakoa. "Kontent" ageri da estilo propio ezagun horrekin. "Zerbait utzi dut koadroetan. Naizen moduan agertzen naiz obretan".

Haren izana markatzen omen du pieza bakoitzean. Izan hori, baina, asko aldatu da urteetan, Marinen esanetan. Dio ez duela berdin margotzen orain edo duela 20, 30 edo 40 urte, mundua bera "ezberdin" ikusten duelako. Denboraren joanak utzitako markak topa daitezke obretan, hala nola erbestea, atzerrira egindako bidaiak eta Elizondorekin duen lotura. Gai pila bati buruz mintzo dira oihalak, pasarte asko daudelako margolariaren bizitzan.

Pintura: txikitako zaletasuna

Txikitatik zeukan marrazteko afizioa, baina 16 urte bete arte ez zuen garatu. Orduan, Elizondon zela, Ismael Fidalgo joan zen herrira, soldadu. Militarra herrian marrazten aritzen zen, eta Marinek erakusteko eskatu zion. Hala egin zituen lehen urratsak, amatxiren ganberan irudiei forma ematen, Fidalgoren irakaspenpean. Elizondo, baina, txiki geratzen zitzaion Marini, eta haren maisuaren aholkuari jarraiki Madrilera joan zen, Arte Ederren Elkartera teknika ikastera. Betiko lanbide izango zuenaren barrunbeak ezagutu zituen han.

Ez zen hori izan, baina, Baztandik kanpo egon zen aldi bakarra. Haren aitak alde egin zuen 1936an, gerraren eraginez. Horregatik, Marinek berak ere erbestea ezagutu zuen 3 urte zituela, aitarekin batera eraman zituelako amak Frantziara. Euskal Herrira bueltan, gainera, ez zen Elizondora joan, baizik eta Donostiara. Gerraren ondorioz deus ez zeukan familiak, eta Donostian zen izeba batek lagundu zien. Era horretan, 15 urtera izan arte, Marin ez zen horrenbeste maite duen herrira bueltatu.

Herriari eskainitako bizia

Gazte garaian urteak kanpoan pasatu bazituen ere, behin etxera bueltan herria izan du beti arnas-gune margolariak. Baztani lotutako hamaika ekinalditan parte hartu izan du: Baztandarren Biltzarra antolatzen aritu da, Baztango Udaleko zinegotzi izan da, Elizondoko Abesbatzan kantatu du… Beti "saltsan" ibili dela esaten du.

Ardura horrek bultzatuta sortu zuen 2003an Jorge Oteiza museoa. Egitasmoa "lau erok" diseinatu zutela dio. Ondarea mantendu nahi duten lau sortzaile dira, baina. "Museoa egin nahi genuen gurea gordetzeko eta etorkizuneko belaunaldiei erakutsi ahal izateko". Hamar urte daramatza jada martxan aretoak. Marin "harro" dago egindako lanarekin. Etorkizunari begira egiten du: "Garrantzitsua da jakitea nor garen eta nondik gatozen". 80 urte dituen arren, ekinerako gogoz dago oraindik. "Ni ezin naiz egon margotu gabe. Ase egiten nau pinturak". Hala mintzatu da. Esaldiak laburbiltzen du haren izaera. Horrelakoa baita Marin, pintzelei lotutako sortzailea.

IKUSI NAHI EZ DUTENEK IKUS DEZATEN

Ezustea eragin zuten joan den sanferminetan arrantzale jantzitako hainbat lagunek, Iruñeko Udaletxeko plazako bi erakinetatik ikurrin erraldoi bat jarri zutenean zintzilik. Gertakari horregatik, txupinazoa hainbat minutuz atzeratu zen. Egileak nortzuk ziren aztertzeko, Poliziak DNA frogak egin zituen, besteak beste. Urriaren 25ean sei lagun atxilotu zituzten.

Itxakok ez zuen merezi

Liga eta Kopako txapeldun, eta kobratu gabe jarraitzen dugu, horrela zioen Itxakoko jokalariek 2011-2012ko ligako azken partidan atera zuten pankartak. Hala da, Lizarrako taldeak Espainiako Liga eta Kopa irabazi zituen. Horretaz gain, Txapeldunen Liga...

Osasunako presidentea kexati, CAN desagertu delako

Osasunako presidentea kexati, CAN desagertu delako

Politikatik at, lehen aldiz entzun zaio erakunde ofizial bateko ordezkari bati kexati Nafarroako Kutxako erabakiguneak jada Iruñetik at direlako. Miguel Archancok iragan astean onartu zuen altxortegi arazoak dituztela, besteak beste Caixabankekin harremana ez delako iraunkorra.

“UPNk ez du nahi Nafarroan ETB ikustea euskal kultura gorroto duelako”

2009ko uztailetik, Nafarroan ezin da ETB sintonizatu LTD lurreko telebista digitaleko kateen artean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren desadostasunak direla medio. Horregatik, Nafarroako Eusko Alkartasunekoek ETB ikusteko antena bat jarri zuten Erreniegan. Orain, 54.000 euroko isun bati aurre egin beharko diote. Eusko Alkartasuneko Nafarroako koordinatzaile nagusia da Miren Aranoa (Buenos Aires, 1958), eta hark eman du auziaren berri.

2009an, lurreko telebista digitala ezarri zenean, bi gobernuek katearen egoera erregularizatzeko akordio erdietsi zuten. Baina gero ez zuten martxan jarri.

Jaurlaritzan Patxi Lopezek agintzen zuen orduan, eta hemen, Miguel Sanzek. PSEk bi administrazioek erdi bana ordaintzea nahi zuen. UPNk, aldiz, gastu guztiak Jaurlaritzak bere gain hartzea proposatu zuen. Azkenean, esan zuten oso garestia izango zela ETB Nafarroara zabaltzea. Baina ez da egia, aitzakia hutsa da.

2012an, horren kontra zer edo zer egitea erabaki, eta Erreniegan antena jarri zenuten. Nola sortu zen ideia?

EAko afiliatuek bultzatu zuten; jendea haserre eta minduta zegoen. Geure buruari galdetzen genion: zergatik ukatu digute gure hizkuntzan dagoen kate bakarra? Hori dela eta, dirua gure poltsikotik hartu eta antena ipini genuen. Hala, Iruñerriko 20.000 etxeetan ikusi ahal izan zuten ETB.

Antena muntatzea garestia zela zioten. Zuek, berriz, oso merkea zela. Arazoa ekonomikoa da?

Ez, ez da arazo ekonomikoa. Gezurretan zebiltzan. Guk 12.000 euro ordaindu genizkion enpresa bati Erreniegako antena instalatzeko, eta 40.000 euroen truke Nafarroa osorako heda zezaketela esan ziguten.

Orduan, zein da problema?

Problema ideologikoa da. UPNk ez du nahi nafarrok ETB ikustea euskal kultura gorroto duelako. ETBk emititzearen kontra jotzen du, Euskalerria irratiaren aurka ere bai… Euskal munduak atzeraka ematen dio.

Baimenik gabe antena ezartzea, baina, legez kanpokoa da, eta Espainiako Industria Ministerioko isuna ordaindu beharko duzue.

Hasieran, Guardia Zibila bidali zuten Erreniegara antena zigilatzeko, eta 45.000 euroko isuna jarri ziguten.Orain, 54.000 eurora igo dute.

Zergatik?

46.000 euro ordaintzearen kontrako helegitea aurkeztu genuen, eta oraindik ez digute erantzunik eman. Prozedura normaletan ez da isuna ordaindu behar errekurtsoarekin zer pasatzen den esaten dizuten arte, sententzia behin betikoa den arte. Baina hau ez da prozedura normala, eta helegitearekin zer gertatzen den ebatzi aurretik igo dute ordaindu beharreko kalte-ordaina.

Zergatik diozu ez dela prozedura normala?

Legetik at eramaten ari direlako gaia; ekinbideek ez diotelako juridikoki zegokien bide arruntari jarraitu. Bat-batean iritsi zitzaigun 9.000 euroko errekargua, isuna atera bezain pronto ez genuelako ordaindu. Baina kontua da inoiz ez dela unean bertan ordaintzen!

Ordaindu dituzue 54.000 euroak jada?

Bai, orain alderdiko afiliatuei laguntza txartelak salduz berreskuratu nahi dugu dirua. Izan ere, dirutza da, eta gu ez gara alderdi handia.

Dena den, helegiteak bere horretan dirau.

Bi errekurtso dauzkagu martxan: bat isuna kentzeko eta bestea antenaren zigilua bertan behera uzteko. Uste dugu eskubidea dugula euskarazko kate publiko bakarraren emisioak jasotzeko.

Eta nola dago orain auzia?

Oraingoz, Auzitegi Nazionalean, baina arrazoia ematen ez badigute, Europako auzitegietara joko dugu.

Prozedura judizialean sartu zaituztete antena muntatzeagatik, baina oso praktika normala da.

Ehunka antena alegal daude, bai irratienak baita telebista kateenak ere: tarotaren inguruko kate guztiak, Elizaren jabetza den Radio Maria… Ez dute baimenik antena horiek hor jartzeko. Gainera, horiek guztiak pribatuak dira. ETB, aldiz, publikoa da, telebista ofiziala da; beraz, are zentzu gutxiago dauka ikusteko modua jarri genuelako zigortzeak.

Gainontzeko erkidegoetako kateak ikusgai daude. Zergatik da ETB arazoa?

Gainontzeko telebista kateak ez direlako euskaraz.

Hainbeste gorabeheraren ondoren, nola dago orain euskal telebistaren gaia Nafarroan?

Orain EAJk agintzen du Jaurlaritzan. Hori ikusita, Nafarroako Parlamentuak osoko bilkuran Yolanda Barcinaren lantaldeari eskatu zion Iñigo Urkulluren lantaldearekin harremanetan jartzeko euskal telebistaren kasua konpontzeko. Haatik, parlamentuak irtenbidea bilatu arren, Nafarroako Gobernuari dagokio harremanetan jartzea, eta ez du egiten.

Beraz, Nafarroako Gobernuak deus egin ezean, gaia bere horretan geratuko da, ezta?

Bai. Egoera demokratiko arraroan gaude. UPNk gutxiengoa izanda gobernatzen du, eta hori gutxi balitz bezala, izkin egiten die parlamentarion proposamenei. Gaia geldirik dago.

Eta zergatik da Eusko Alkartasunaren ustez garrantzitsua ETB ikusi ahal izatea Nafarroan?

Gure hizkuntza bizirik mantentzeko ezinbesteko tresna delako, eta euskal identitatea sortzen duelako. Horregatik, UPNk euskal identitatea desagerrarazi nahi du ETB kenduta.

“Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu”

"Euskaldunak hiritik bizikletan ibiltzen gara, eta erdaldunak, autoz. Auto tartean ibiltzea oso deserosoa da bizikletentzat. Horregatik behar ditugu bidegorriak. Karrikirik bidegorri hori izan nahi du", horrela azaldu du Karrikiriren filosofia Silbia Alonsok (Iruñea, 1953). Orain hamahiru urte jarri zuten martxan elkartea. Lana egiten dute, baina umorea ez dute sekula galtzen. "Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu".

Alonsok ia hasieratik parte hartu du Karrikirin. "Elkartea martxan jarri baino lehen, lantalde bat ibili zen hausnarketa egiten. Bi urtez iraun zuen. Nik ez nuen bertan parte hartu, ondoren hasi nintzen". Gogoeta horien ondorioz sortu zen proiektuaren helburua: euskaldunen arteko hartu-emanak garatzeko guneak sortzea. "Euskararen munduan hainbat arlo daude, eta horietan guztietan taldeak eta pertsonak ari dira lanean. Baina guk hutsune bat ikusten genuen. Ez zegoen euskararen erabilera eta euskaldunen hartu-emanak lantzeko gunerik". Horregatik, euren kabuz, baita beste elkarte batzuen laguntzarekin ere hainbat ekinbide jarri dituzte abian.

Euskaldunak harremanetan jartzeko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Karrikirin. Lan poltsa da horietako bat. "Lan bila dabilen jendea dator, alde batetik, eta lana eskaintzen duena, bestetik. Euskaldunak izan behar dute. Guk harremanetan jartzen ditugu, ezer kobratu gabe", esan du Alonsok. Antzeko sistema du Pisukide deituriko zerbitzuak. Alokatzeko gelak dituztenak etxe bila dabiltzanekin harremanetan jartzen dituzte. "Oso ondo funtzionatzen du zerbitzu horrek. Horrela, pixkanaka-pixkanaka gero eta etxe euskaldun gehiago daude Iruñean", dio Alonsok. Horretaz gain, informazio zerbitzua ere badute. "Euskararen inguruan eta euskal gaiei buruz baten batek zalantzarik badu, hona etor daiteke galdetzera. Adibidez, Bertsolari Txapelketa Nagusia zela eta, asko galdezka etorri ziren ea sarrerak bazeuden edo autobusak izango ziren", azaldu du Alonsok.

Zerbitzu teknikoez gain, hainbat elkarterekin batera lan egin dute. Topaguneko kide dira, eta Mintzakide programan parte hartzen dute. Zaldiko Maldiko elkartearekin eta Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera, Karrikadantza antolatzen dute hileko hirugarren larunbatean. Horrez gain, Iruñea Kantuz ekinbidean ere parte hartzen dute. "Beti sortzen dugu gune bat euskaldunen artean ezagutzeko; hori da gure helburua".

Ekintza horietan guztietan parte hartzeak izena eman dio Karrikiri elkarteari. Baina erreferentziazko puntu nagusia Xabierko aldapan duten denda da. Bertan dute bulegoa, baina hamahiru urte hauetan hainbatetan aldatu dute tokiz. "Hasieran, Xabier aldapan genuen lokal txiki bat, ondoko portalean. Baina txikia zen, eta 2002. urtean denda ireki genuen Donibane auzoan. Oso garrantzitsua ikusten dugu gure finantzaketa propioa izatea. Hori da dendaren zentzuetako bat", dio Alonsok. Donibanen hiru urte eman ostean, 2008an Xabierko aldapara itzuli ziren, gaur egun duten lokalera. Baina hori ez da Karrikirikoek duten denda bakarra; "denda ibiltaria" ere badute. "Hasieratik dugu denda ibiltaria, finantzaketa propioa izateko. Sortzen Ikasbatuaz-en jaietara, Nafarroa Oinez-era, Nafarroaren Egunera eta gisa horretako jaietara joaten gara gure materiala saltzera".

Karrikiriko dendari dagokionez, hiru ataletan banatzen dituzte euren produktuak. Alde batetik, kaleko arropa saltzen dute. "Euskal Herriko markak saltzen ditugu. Salbuespen batekin, Kataluniako La Ciutat Invisible-ko produktuak ere saltzen baititugu. Horrez gain, euskararen aldeko talderen batek kamisetak edo produktuak ateratzen dituenean, horiek ere saltzen ditugu". Beste alde batetik, aisialdia euskaraz gozatzeko produktuak saltzen dituzte, hala nola diskoak, liburuak, aldizkariak, jokoak eta filmak. Beste sail bat euskal jantzi tradizionalena da. "Nik esango nuke Iruñean aitzindari izan ginela euskal jantzi tradizionalen moda salgai jartzen. Lehen, denok joaten ginen betiko arropa ilun eta tristeekin. Baina euskal jantzietan badago mundu oparo, zabal eta polit bat".

Iribas, Wert eta beste

Wert legearekin hasi eta bukatu da 2013. urtea. Baina hamabi hilabeteetan hamaika istilu jasan ditu Nafarroako hezkuntza komunitateak. Nafarroako Gobernuaren murrizketek hezkuntza publikoaren egoera larritu dute. Azken bi urteetan, 700 irakasle gutxia...

2011+2

Iaz, oraingo sasoi bertsuan, askok sinestu (nahi izan) genuen Barcinak nekez amaituko zuela hasitako legealdia. Ez zen kiniela inozoa. Aginte makila hartu eta urtebetera, arazoak pilatzen hasiak zitzaizkion presidenteari. Gobernuan auto-bakartuta, parlamentuko bakartzeari, alderdi barruko banaketari eta kaleko haserreari aurre egin behar zion. Horrezkero, CAN auzia ezin zitekeen ezkutatu, besteak beste, UPNko buruetako bat izandako Santiago Cervera diruz betetako gutun-azalak jasotzen zebilelako Iruñeko harresietako zirrikituetan. Baldintzek, ezin ukatu, bide ematen zioten gisa horretako pronostikoari. Nonbait ahaztu genuen Barcinaren burugogortasuna, ohore ezin lohitua.

Denborarekin ikusi eta ikasi dugu, "orain arte ezagututako guztiaren hondamendia eta amaiera" bizi dugun honetan, momentuz, ezer ez dela hondatu, eta ezer amaitu. Eta erdi etsipenez erdi axolagabetasunez irentsi dugu UPNk ez duela utziko legealdirik eteten. Barcinaren aroko hirugarren urtea badoa. 2011+2 urtea badoa, baina Barcinak hemen segitzen du.

Denbora honetan, zirku tankera hartu du gure lurraldeak. Ohiko bilakatu zaigu beste edonon txiste hutsa litzatekeena, edo sinestezina. Galdetu kanpoan, atzerriko lagunei, ea benetan sinesten duten milioiak eta milioiak xahutzea 70 kilometroko AHT bide bakartua eraikitzeko. Esaiezue ospitaleetako jatorduetan kaka eta metal zatiak aurkitu dituztela gaixoek. Konta iezaiezue guardia zibila mendira bidalia izan dela antenak ixtera, nafarrok ia penintsula osoko edozein telebista kate ikus ahal izan dezagun, gertukoena salbu. Jakinarazi gurean politikariek ahoa itxita ere milaka euro kobratzen dituztela gerora desagerraraziko dituzten aurrezki kutxen bileretan parte hartzeagatik. Azaldu poliziak hamarnaka agente mobilizatu dituela, DNA frogak aztertu, telefono deiak arakatu eta kreditu txartelekin egindako erosketak argitzeko, hiriburuko bestetan kanaberaz bandera handi bat zabaldu zuten pertsonak aurkitzeko. Esaiezue komunikabideak itxi direla eta estatuko polizia militarizatuak banan-banan ikertu dituela euskaraz irakasten duten ehunka irakasle. Solaskidearen erreakziorako bi aukera baino ez daude: A, ez sinestearen aurpegia jarri, edo B, eskutik hartu eta zuetaz errukitu.

Tira, horretan behintzat ez dugu guk errurik. UPNri dagokio inguruko gertakari orori txiste kategoria eman izanaren erantzukizuna. Izan ere, beste edonon bromatan baino ezin liteke esan bati aurpegia merengez bete dionak urteetako kartzela zigorra merezi duenik, adibidez. Iritzi publikoa inoiz baino axolagabetasun handiagoz dago politikari begira, ezin serio hartuz. Eta, dirudienez, hainbat agintari seguruago sentitzen dira hala, eureganako arreta galtzen badugu ezkutukeriak errazago eginen dituztelakoan, nonbait. Ezin ulertu bestela hainbeste komeria eta astakeria. Ezin ulertu, bestela, hezur eta haragizko politikaria Twitterreko bere fake-etatik bereiztea hain zail suertatzea hainbestetan.

Dena dela, umorea ez da sekula genero erraza izan. Graziaren eta erridikuluaren arteko marra oso da mehea, eta gaizki egindako txisteak erraz ekar dezake neurrigabeko arbuioa. Nafarroan, zorionez, geroz eta gutxiagok egiten diete barre Barcina eta enparauen burutazioei. Beste era batera esanda, honezkero grazia minimorik ere ez dute. Eta, hala, agurtzear gauden urte honek protestaz bete dizkigu kaleak, manifestazio eta grebaz, oihuz eta aldarriz. UPNk, kalean etsai beldurgarria ikusiz, besterik egiten ez dakien zirkuko pailazoak bezala erantzun du: astakeriak eta astakeriak.

Halaxe joanen zaigu 2013 hau, txiste txar eta erantzun jendetsuen artean. Eta, hala ere, zer da, bada, urte bat historiaren handitasunean? Ezer gutxi. Historiak aroak gordetzen ditu berarentzat, zikloak. Eta, hala, inor gutxik gogoratuko du 2013a. Ez bada, urte bat baino, aro berri bati hasiera eman zion urtea. 2011+ dena delakoak ahaztu, eta urteak zenbaki hutsez izendatzen hasi ginen aroa.

Vera, polemika iturri

Osasun arloari buruz gutxi zekiela esanda hartu zuen Marta Verak Osasun Departamentuko kontseilari kargua, 2011ko uztailean. Geroztik, ez dira gutxi izan haren kudeaketaren harira sortutako polemikak: Nafarroako ospitale publikoko sukalde zerbitzuaren...

Hainbat enpresa, orekarien sokan

E z dira garai xamurrak Nafarroako industriarentzat. Gamesa enpresak lantegi bat itxi du Tuteran, eta Inasak azken herio kolpea eman dio Irurtzungoari. Horrez gain, aurten ere kaleratzeak izan dira sektorearen ezaugarrietako bat. Guraizeak zorrotz, langile mordo bat bota dute Ganasak, Gamesak eta Sunsundegik. Egoerarekin bat eginda, langabezia tasa goraka doa. Egun, 51.279 langabe dago Nafarroan, Espainiako Gobernuak emandako 2013ko abenduko datuei so, iaz epealdi berean baino 570 pertsona gehiago.

Kasuak kasu, energia eolikoaren arloko Gamesa enpresaren kasua da ironikoena. Egoera zailean zegoen orain dela hiruzpalau urte; inbertsio jaitsiera nabarmena izan zen, eta negozioaren tamaina txikitzea erabaki zuen; alegia, gailu batzuk egiteari utzi zion, eta beharginak kaleratu zituen —ia 2.800 langile galdu ditu azken bi urtean—. Baina 2012rako helburu zehatza paratu zion bere buruari: 2000 MW ekoiztea eta errentagarritasuna eskuratzea. Bete egin zituen erronka biak: finkatutako kopurua sortu eta %5eko errentagarritasunarekin egin zuen lan. Aurten ere emaitza baikorrak izan ditu. 2013ko urtarriletik irailera 31 milioi euro irabazi eta 1.402 MW saldu ditu, %5,4ko irabazi marjina lortuz. Gainera, zorra %28 txikitu du. Pentsa liteke zifrek hobera eginda doitze prozesua bertan behera utziko zuela enpresak. Baina ez da horrela izan. Tuteran daukan enpresa itxi egin du, 26 pertsona kalean utzita. Horrez gain, Sarrigurenen eta Agoitzen ere 25 behargin utziko ditu lanik gabe.

Inasa, azken unera arte

Borrokaren kronika egitea da Inasa fabrikaren itxiera kontatzea. 2012ko irailaren 28an aurkeztu zuten hartzekodunen konkurtsora, 115 behargini lanpostua kenduta. Alabaina, azken unera arte iraun zuten langileek borrokan, zehatzago esateko, abuztuaren 15era arte, Guardia Zibilak eraikinetik makineria eraman arte. Kaleratutakoek planta salba zitekeela uste zuten, atzerriko inbertsiogile bat interesatuta zegoelako. Baina ez zuen Nafarroako Gobernuarekin akordiorik erdietsi, eta egoera bere horretan geratu zen. Langileek argi dute zein izan den arazoa ez konpontzearen "erruduna": Nafarroako Gobernua. Negoziatu nahi ez izatea leporatzen diote, eta "deus ez egitea". Lanpostua galduta ere, "harro" daude orain behargin ohiak, "borroka latzarekin" erantzun ziotelako itxierari.

Altsasuko Sunsundegi enpresan ere 65 pertsonari kontratua eten diete. Ganasa ingurumeneko enpresa publikoan ere gogor jo du krisiak. 65 lagun bota dituzte.