Albisteak

“Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute”

Iruñea. 2010eko uztailaren 6a. Txupinazorako minutu batzuk falta zirela, gazte talde batek ikurrin handi bat sartu nahi zuen Udaletxeko plazan. Baina, hainbat udaltzain gazteri oldartu zitzaizkion, ikurrina kentzeko. Istiluetan, beirazko botila batek Jose Carlos Arranz Madrilgo gaztearen buruan jo zuen, eta oso zauri larriak eragin zizkion. Zazpi hilabete geroago, Iruñeko Udaltzaingoak hamahiru pertsona auzipetu zituen. Atxilotu horietako bat da Aitor Sola (Iruñea, 1990), eta zigortu egin dute. Sei egunez une oro lokalizatua egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko du. Iazko apirilean, Solarekin batera sanferminetan errepresioa pairatu zuten hainbat lagun elkartu ziren, "eskubide urraketak salatzeko", eta Iruñea Askatasunez taldea osatu zuten. Hiri eredua aldatu nahi dute. Bihar, txupinazoko zigorrak salatzeko manifestazioa egingo dute, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.

Atera berri da 2010eko sanferminetako txupinazoko epaia. Zein izan da emaitza?

Epaiketa egin eta lau hilabetera atera da sententzia. Epaitu gintuzten hamahiru pertsonetatik zazpiri ezarri diete espetxe zigorra. Lauri urtebete eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri diete, beste biri urtebete eta lau hilabetekoa, eta azkenari hiru urte eta erdikoa. Horrez gain, beste bost lagunek sei egunez une oro lokalizatuta egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko dugu.

Helegitea aurkeztuko duzue?

Bai, espetxe zigorra duten zazpi pertsonetatik bostek jarri dugu helegitea. Horretarako, Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugu. Hortik aurrera, beste hogei egun ditugu helegitea idazteko eta aurkezteko. Hala ere, udalak eta fiskalak ere errekurtsoa jarri dute. Udalak ezin du guretzat zigorrik eskatu. Epaileak bere gain utzi duelako gizarte erantzukizun subsidiarioa. Beraz, helegitea ezarriz gero gizarte erantzukizuna kentzeko eskatuko dute, kalte-ordainak botila bota zuenak ordaindu ditzan. Fiskalaren errekurtsoa, ordea, zigorren ingurukoa da.

Beraz, botila bota zuen pertsonak, hiru urte eta erdiko espetxe zigorraz gain, kalte-ordainak ere ordain ditzake?

Bai, printzipioz hark ordaindu beharko ditu kalte-ordainak. Baina ezin badu ordaindu, erantzukizuna udalarena da. Hau da, zigortutako gaztea kaudimengabea bada, udalak ordainduko ditu kalte-ordainak. Momentu honetan, zigortutako gaztea lanean ari da; beraz, hilero diru kopuru zehatz bat kendu beharko liokete.

Zenbatekoak dira kalte-ordainak?

Azken epaia atera arte ez da zehaztuko ordaindu beharrekoa. Madrilgo gaztearen familiak 340.000 euro eskatzen zituen, eta fiskalak, 150.000. Familiak tratamenduarekin jarraitu nahi du, eta, horretarako, dirua behar dute. Baina orain Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugunez, urteak iraun dezake epaiak. Familiari, gainera, komeni zaio udalak izatea erantzukizuna. Zigortutako gazteak ezin izango duelako ordaindu eskatzen duten guztia.

Madrilgo gaztearena gertatu izan ez balitz epaiketa izango zenutela uste duzu?

Guk uste dugu ezbehar hori gertatu izan ez balitz dena bere horretan geratuko zela. Udaltzainek egindakoa euren eginbeharretatik kanpo dago erabat. Txupinazoan gertatutakoa gu kriminalizatzeko erabili dute. Guk beti esan dugu asko sentitzen dugula Madrilgo gaztearekin gertatutakoa. Hark aitortu digu uste duela errua udaltzaingoarena dela. Hark badaki udaltzainek beste modu batera jokatu izan balute ez zela egoera horretan egongo. Guztiok gara biktimak; hura da larriena, baina oso larria da ikurrin bat ateratzeagatik pertsona bat espetxera joatea ere.

Azken urteetan, hainbat tirabira izan dira ikurrinarekin; badirudi eztabaida piztu dela gizartean.

Txupinazoaren egunean, era batean edo bestean beti egon da ikurrina udaletxean. Baina Barcinarekin dena aldatu zen. Urtero tirabiraren bat egon da, baina 2010ekoa berezia izan zen. Hortik aurrera, dena increccento joan da. Jendeak ikurrina atera nahi zuen, eta haiek ezetz. Hurrengo urtean, udaltzain bat atera zen ebakigailuarekin ikurrina mozteko. Imajinatu ezazu zer gerta daitekeen uztailaren 6an, Udaletxe plazan, ebakigailu batekin. Azken urtean arrantzale bizardunena izan zen. Gertaera horien ondorioz, hainbat dinamika sortu dira. Jendea hasi da esaten: "Zer gertatzen da ikurrinarekin? Jende pila bat gara ikurrina nahi dugunak. Betoa jartzen ari zarete; ez gaituzue errespetatzen". Eskubideak ez direla errespetatzen ikusi dute herritarrek. Jendea ikurrinarekin identifikatzen bada, zergatik ezin du atera?

Ikurrin handien arazoa segurtasun arazoa dela dio udalak.

Hori aitzakia baino ez da. UPNk ez du inoiz onartuko ikurrinaren aurkako kriminalizazioa eta jazarpena dagoenik. Aitzakiak erabiltzen dituzte, kolpeak eta jipoiak gertatzen direla diote. Beldurraren politika egiten ari dira. Ez da soilik ikurrina: "Euskaldunak datoz. Ikurrina inposatu dute, eta, gainera, ostiak emango dituzte". Hori da euren jokoa. Badakite nondik datorren kontraboterea, eta jendea beldurtu nahi dute: "Kontuz euskaldunekin; oso gaiztoak dira, eta izorratuko zaituztete".

Ikurrinaren epaiketen harira sortu duzue Iruñea Askatasunez taldea?

Bai, sanferminetan errepresioa jasan genuen hainbat pertsona elkartu ginen. Baina segituan jabetu ginen arazoa askoz ere sakonagoa zela. Eskubideak urratzen dira. Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute. Baina beste guztiek duten eskubide eta zilegitasun bera dugu. Arazo pila dago, gabezia handiak baitaude hainbat esparrutan: besteak beste, emakumeekin, migratzaileekin eta euskararekin. Bestalde, sinboloen legea onartu zuten, baina Rodezno kondearen plazak eta Erorien monumentuak bertan jarraitzen dute, frankismoaren ikurrak oso ondo zaintzen baitituzte. Egoeraren argazki orokorra egin nahi dugu. Guztion eskubideak errespeta daitezen. Inori ez zaio komeni iruindarrok elkarrekin mokoka bizitzea.

Autismoaren elkarteekin elkarlanean ari da gobernua

Nafarroako Autismo Elkartearekin eta Adimen Urritasunaren Elkartearekin bildu da Nafarroako Gobernua, autismoaren inguruko politikak garatzeko orduan elkarlana sustatzeko. Gizarte Politika Departamentuak esan du aurrerantzean bi elkarteen iritziak jas...

Kalekaldek lehen urtemuga ospatuko du bihartik aurrera

"Etxabea alokatu genuenean ez zegoen ezer, zakartegia ematen zuen", dio Arkaitz Zudaire gazteak. Gazte lokal bat da Kalekalde, Iruñeko Alde Zaharreko Kaldereria kalean dagoena. Bihartik aurrera, lehen urteurrena ospatuko dute. Hamaika ekinaldi prestatu dituzte horretarako, besteak beste, hitzaldiak, kontzertuak eta ikuskizunak. Urtebeteko bidea bakarrik egin badu ere, Zudairek uste du erreferentzialtasuna hartzen ari dela Kalekalde, gero eta eskaintza zabalagoa baitu.

"Orain bi urte, Iruñerriko Gazte Topaketak egin ziren Atarrabian. Bertan, gazte mugimenduaren egoera aztertu genuen, nahiko makal zegoela uste baikenuen. Topaketetako ondorioetako bat izan zen gazte mugimenduak leku fisiko baten beharra zuela. Hori da Kalekalde", azaldu du Zudairek. Lokal baten bila hasi ziren gazteak, eta Kaldereria kalean aurkitu zuten egokia. Denbora luzez lan eta lan ibili dira, tokia atontzen. "Oraindik ez dugu guztiz bukatu, baina, hala nola, lurra jarri, komunak eta bulegoa egin eta estoldak jarri ditugu". Proiektua astiro baina martxa onean dabilela uste du Zudairek. "Kalekaldek gauza asko eskain ditzake; hasteko eta behin, espazio fisiko bera". Leku fisikoa badute, eta hari dira ekinbidez betetzen. Otsailean, feminismoari buruzko hitzaldi sorta antolatu zuten. Horrez gain, kontzertuak, erakusketa eta banatzaile alternatiboen topaketak ere egin dituzte. Osteguneroko pintxo potea ahaztu gabe. Aurrera begira, dantza flamenkoaren tailerra eta bizikletak konpontzeko txokoa prestatzen ari dira. Baina lokala mantentzeak lan handia eskatzen du, hilero alokairua ordaindu behar dutelako. Diru beharrak asetzeko, bazkideen figura sortu dute, kalekideak. Hala ere, Zudairek gogorarazi du Kalekalden parte hartzeko ez dela ordaindu behar.

Egitarau oparoa

Biharko egun borobila prestatu dute Kalekaldeko kideek. Goizean, Labrit Toursen laguntzarekin, Iruñeko historia soziopolitikoa ezagutzeko aukera izango dute bertara joaten direnek. Ibilaldiaren osterako, herri bazkaria prestatu dute, eta, bazkalostean, Iruñea Askatasunez-ek antolatutako manifestazioarekin bat egingo dute. Arratsaldeko triki poteoaren ondoren, karaokeaz gozatzeko aukera izango da bertan.

Baina urtemugaren ospakizuna ez dute egun bakarrean egingo gazteek. Heldu den ostiralera arte egingo dituzte ekinbideak. Martxoaren 19an, musikari buruzko mahai ingurua gidatuko du Eguzki irratiko kide batek. Mahaiaren inguruan egongo dira Enrique Villareal Drogas, Oihana Fernandez Afu, Diego El trono de Judas eta Jimmy Arkada Social. Hurrengo egunean, Kalekalde varieté zirko eta antzerki emanaldia egongo da ikusgai.

Ertzik gabeko babeslekua

Lurzoruaren erliebe berezia sentitzen da oin azpietan Gure Sustraiak proiektuko aterpetxera sartutakoan. Izan ere, hainbat testuratako harlauzak jarri dituzte korridoreetan, itsuek jakin dezaten gela bakoitzera joateko zein korridoretatik joan. Komunera joateko, lurzoru mota bat; sukaldera joateko, beste bat... Korridoreetan baranda mordo bat dago, bi neurritan: umeek eta helduek eusteko. Ateak zabal-zabalak dira, gurpil aulkiak sar daitezen. Eta areto bakoitzera joateko argibideak hiru eratan adierazita: hitzen bidez, braillez eta piktogramekin. Denentzat egokitutako tokia da, finean, Gure Sustraiak proiektuko aterpetxea. Nafarroan behar bereziak dauzkaten pertsonentzat moldatua den bakarra. Orain dela hilabete eskas ireki zuten.

Lan eta lan ari dira Leire Rivas eta Gorka Cubelos Gure Sustraiak gizarte ekimeneko kooperatibako kideak. 2002an jarri zen martxan egitasmoa, baina orduan ez zuen behar bereziak dauzkaten pertsonen beharretan arretarik jarri. Azken urteetan, baina, ikuspegi "barneratzailearekin" hasi dira lanean. Horregatik, orain, aterpetxe bakarra ez, eta beste bat ireki dute, propio "edozein" joan ahal izateko. "Proiektua orain hamabi urte hasi zen, aterpe txiki batekin. 2006an behar berezien munduarekin egin genuen topo, kasualitatez. Iruñeko talde batek deitu zigun esanez ezin zela inora joan, eta ea posible zen aterpetxera etortzea. Orduan, bagenekien etxea ez zegoela mugitzeko arazoak eta adimen urritasuna daukatenentzat egokitua, baina, hala ere, etortzeko aukera eman genien, eta bertaratu ziren". Hala azaldu du Rivasek egitasmoaren hastapena. Geroztik, bederatzi urte pasatu dira, eta behar berezien turismoan espezializatu dira kooperatibako langileak. Azkenean, bereziki moldatutako zentroa lortu duten arte.

Ibarra biziberritu nahian

Olloko ibarrean dago Gure Sustraiak, Irurtzun herritik gertu dagoen Ollo herrian. 50 pertsona inguru bizi dira bertan, eta orain arte ez da ia lan egiteko aukerarik egon. Azken urteetan, baina, Gure Sustraiak kooperatibak bizia eman dio ibarrari. Aterpetxean bertan lan egiten dutenak ingurura joan dira bizitzera, eta urtero 3.500 bisitari izaten dituzte.

Askotariko lanak egiten ditu kooperatibak. Bi aterpetxe dauzkate eta baserri bat. Horiez gain, Gure Artean etxebizitza ere badute, behar bereziak dituzten pertsonentzat. Eraikin horien guztien bitartez, urritasunen bat daukatenekin egiten dute lan, euren gaitasun psikosozialak hobetzeko asmoz. Gainera, ingurumen hezkuntzan herritarrak heztea dute ardatz; hori dela-eta jasotzen dituzte eskoletako haurrak eta familiak.

Xede soziala dauka kooperatibak, Cubelosek dioenez: "Gizarteari erakutsi nahi diogu badagoela ekonomia egiteko beste modu bat, gizakian oinarrituta. Denok izan behar dugu aisialdia eta denbora librea garatzeko eskubidea, eta horregatik, hemen pertsona guztiei eskaintzen dizkiegu baliabideak".

Balioetan oinarritzen dira: lan duina, gardentasuna, garapen iraunkorra, kalitatea, bideragarritasuna, generoen arteko eskubide berdintasuna eta elkartasuna; horiek dira, besteak beste, euren aurkezpen orrian aipatutakoak. "Koherentziaz" jarduten dute.

Ideia horien defentsa egiteko, hain zuzen ere, aukeratu zuten Gure Sustraiak izena. Jatorriari egiten dio erreferentzia. Cubelosek azaldu du nola hautatu zuten: "Ingurunea gure bizi-iturria da. Sustraituta gaude ama lurrarekin. Ondorioz, Gure Sustraiak deitzen gara". Rivasek osatu du azalpena. Dioenez, lehengo garaiak gogorazi nahi dituzte. "Lehen, laguntasuna zegoen herrietan, komunitatean bizitzeko filosofia zuten, batak besteari laguntzeko ohitura, auzolana... hori berreskuratu nahi dugu".

Teorizatutakoa praktikara eramaten dute zuzenean naturarekin erlazionatutako egitasmoak prestatzen. Adibidez, baratzera joaten dira bisitan joaten zaizkien umeekin, edo behar bereziko pertsonekin; eta animaliekin ere aritzen dira. Programa berak dauzkate elbarritasunen bat duten eta ez duten pertsonekin egiteko. "Gauza bera egiten dugu denekin, baina ezberdin, egokituta", dio Rivasek.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Ollokoa. 1,5 milioi euro inbertitu dituzte aterpetxea egiteko, eta hamabi soldata lortzen dituzte hilero egindako lanari esker, baina horrez gain, inork ez du hileroko soldata baina gehiago irabazten. "Pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ezin ditugu irabaziak izan, eta gure poltsikoan gorde. Irabaziak banatu egin behar dira, beti", esan du irmo Rivasek. Ekonomiari dagokionez duten jarrera dela eta, urteetan irabazitako diru guztia bertan utzi dute proiektua hobetzeko, edo beste egitasmo sozial batzuei bideratzen diete.

Krisiaren eragina

Krisi garaian egitasmo bat martxan jartzea ez da erraza, eta aterpetxekoei ere eragin die. Batez ere lantzen dituzten esparruak direla medio, Rivasen irudiko: "Gure bezero garrantzitsuenak hezkuntzatik eta behar berezietatik datoz, eta hor egin dute murrizketa gehien". Ez da garai xamurra, beraz, baina "itxaropentsu" daude gune berriarekin, eta lehen deiak jasotzen hasi dira jada.

304

Nafarroan 2011. urtetik galdu diren I+G+B lanpostuak. Nafarroan, azken bi urteetan 304 lanpostu galdu dira I+G+B-n. Sektore horretako aurrekontuek %15 egin dute behera 2008tik.

Simon Santamariak zazpi deliturengatik deklaratu beharko du auzipetu gisa

Maria Paz Benito Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaileak onartu ditu Simon Santamaria Iruñeko udaltzain buruaren eta haren inguruko beste lau udaltzainen aurkako bi salaketak. Guztira, Santamariak zazpi deliturengatik deklaratu beharko du, hala nola mehatxua, indarkeria, botere gehiegikeria, langileen eskubideen aurkako eta biltzeko eskubidearen aurkako delitua, lan diskriminazioa eta faltsukeria. Martxoaren 27an deklaratuko du, 09:00etan. Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak jarri ditu salaketak.

Lehenengo salaketa sindikatuko kide batek jarri zuen. Udaltzainak salaketan bederatzi puntutan azaltzen du haren aurkako ustezko jazarpena. Beste salaketan udaltzainen sindikatuak azaltzen du hamabost udaltzainek zigorrak jaso dituztela eta txostenak ireki dizkietela, besteak beste, gaizki aparkatutako auto ofizial bat salatzeagatik. Auzitegian aurkeztutako salaketa gehienak lehenago Nafarroako administrazio auzitegian eta administrazioarekiko auzietako auzitegian epaitu dira. Hainbat alditan, epaileek salaketa jarri dutenen alde egin dute, eta, beste batzuetan, udaltzainen helegiteak aintzat hartu dituzte.

Talde politikoen salaketa

Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidente eta Iruñeko alkate ohiak babes osoa eman diote Santamariari. Iruñeko Udaleko hainbat talde politikok, ordea, alkatearen jarrera arbuiatu dute. NaBaik uste du Maiarena dela gertatutakoaren erantzukizuna. Aritz Romeo Aralarreko zinegotziaren aburuz, "Santamariak ezin du jarraitu udaltzain buru". Bestalde, Iruñea Askatasunez taldeak beste hiri eredu baten alde elkarretaratzera deitu du martxoaren 21erako, 12:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.

261

Nafarroatik kanpo 2013an abortatu duten emakumeak. Nafarroan, 2013. urtean 1.051 emakumek abortatu zuten. Horietatik 790ek Antsoaingo klinikan egin zuten. Baina 261 emakumek kanpora joan behar izan zuten.

EUSKAL LITERATURAREN ‘L’ HANDIAK

"Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea", zioen Xabier Letek. Haren aburuz, poetak ez dira politikariak, ez moralistak, ez historialariak, ez soziologoak, ezta filosofoak ere. Ez dira ezer, soilik denetarik apur bat. Baina Antton Valverderen eta Angel Lertxundiren ustez, omentzekoak dira. Horregatik, Hiru L: Lauaxeta, Lizardi eta Lete poema musikatu irakurtaldia egingo dute asteartean, 20:00etan, Iruñeko Planetarioan.

“Iruñeko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune”

Abokatua eta feminista da Begoña Zabala (Txileko Santiago, 1950). Urteak daramatza mugimendu feministako hainbat talde eta batzordetan, garaian garaiko gatazkei kalean erantzuten. Besteak beste, egun Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordean dago. Txoko Feministaren jaiotza ilusioz eta kontent hartzen du.

Zer emango dio Txoko Feministak Iruñerriko mugimendu feministari?

Iruñerriko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune Txoko Feminista. Espazio aldetik, oso baikorra da feminismoarekin lotutako lokal bat hiriko leku jakin batean kokatu ahal izatea.

Zergatik da beharrezkoa halako gune bat sortzea?

Iruñean herri mugimenduak espazioak behar ditu aurrera egiteko, eta lortzen ari da, irmo borrokatzen delako. Udaleko botereek ez dizkigute gauzak errazten, baina elkartzeko gure bilguneak sortzen ditugu, eta Emagune ere horren adibide da. Baina horrez gain, badira beste batzuk: hala nola Zabaldi, Auzoenea eta Kalekalde.

Eta Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordeari zer eskainiko dio?

Biltzeko, eztabaidatzeko eta gozatzeko lokal bat.

Egun puri-purian dago abortuaren gaia; zuek, baina, urteak daramatzazue lanean.

2005ean sortu genuen Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordea, 1985eko legearen 20. urteurrena zela eta. Orduko legea zigortzailea dela salatu, eta sexu eta ugalketa eskubideak errespetatuko zituen lege bat aldarrikatzen genuen.

Gallardonek aurkeztutako lege egitasmoarekin are gehiago zigortuko dute abortua. Batzordearen lan ildoa aldatu da?

Noski, ezinbestean. 1985eko legea txarra zela esaten ari ginen, baina orain aztertzen ari direna are okerragoa da.

Aurtengoa, beraz, borroka urtea izan da batzordearentzat.

Bai, hainbat dinamika egin ditugu jada: PPren egoitzaren aurrean elkarretaratze jendetsua egin genuen, esateko abortua ez dela delitua; eta Bideko Ama ospitalean itxialdi sinbolikoa antolatu genuen.

Prestatu duzuen hurrengo mobilizazioa flashmob ekintza bat da, ezta?

Bai, abortatzeko eskubidearen defentsan koplak idatzi ditu Onintza Enbeita bertsolariak, eta guk koreografia osatu dugu. Ostean tutoriala Interneten zintzilikatu, eta martxoaren 8an dantzatuko dugu.

Eta dantzatu ostean, Txoko Feministara joango zarete?

Bai, egun osoko egitaraua antolatu baitute gunea inauguratzeko.

1.400

Barañainen eskatu dituzten gidari egoiliarren txartelak. Igandean, 20:00etatik aurrera, martxan jarriko dute aparkatzea aldi baterako debekatutako eremua edo eremu berdea. Eremu horretan aparkatu ahal izateko, gidari egoiliarren 1.400 txartel kaleratu dituzte.