Kattalin Barber
1996 eta 2001 artean Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria izan zen Aingeru Epaltza (Iruñea, 1960), eta haren jarduna saritu nahi izan du NIEk. Idazlea, itzultzailea eta hainbat komunikabidetako kolaboratzailea da iruindarra.
Nafarroako ikastolen errealitatea asko aldatu da lehendakaria izan zinenetik, ezta?
Testuinguru politiko eta soziala ikaragarri aldatu da; ikastolak ez dakit hainbeste aldatu diren. Ni sartu nintzen garaian, Nafarroako Gobernuarekin harreman urruna baina normala genuen, eta berehala pasatu ginen harreman txarra izatera. Garai horretako testuinguru politikoak eragin handia zuen ikastoletan, eta barne tirabirak sortzen zituen. Gaur egun, hori ez da gertatzen, eta gobernua hurbilago dugu, nahiz eta gobernua sostengatzen duten indar politikoen artean batzuek ez duten ikastolen eredua begi onez ikusten edo ez duten oso ongi ulertzen. Horrez gain, batzuek uste dute ikastolek bete dutela beren zikloa, eta horrek arazo batzuk ekartzen dizkie ikastolei.
D eredua Nafarroa osora zabaltzeak ere eragina izanen du ikastoletan?
Geroak erran beharko du zer gertatzen den horrekin. Batez ere eremu ez-euskaldunean dauden ikastolei eraginen die neurriak.
Gobernuak urratsak egin ditu euskararen inguruan. Nahikoak direla uste duzu?
Bada jendea esaten duena gauza guti aldatu direla; nik uste dut gauza franko aldatu direla. Kontua da oso testuinguru jakinean iritsi garela egoera honetara. Euskara ez da lehentasuna gobernuko talde batzuentzat. Hasieratik, oso garbi zegoen gobernu honen lehentasuna ez zela euskara izanen. Agenda soziala lehen mailan egon da, eta euskararekin ez dago adostasunik. UPNk utzi digun herentziak zerikusia du honetan. Boterean egon den denboran lortu du euskara erabat arrotz bilakatzea Nafarroaren zati handi batean.
Euskararen lege berria eskatzen du euskalgintzak. Zein da zure iritzia?
Oraingo testuinguruan, nik behintzat neure buruari galdetzen diot ea benetan merezi duen indarrak xahutzea euskara ofiziala izan dadin Monteagudon, adibidez. UPN, PP eta PSN alderdiak nola dauden ikusita eta Ahal Dugu-k eta Ezker Batuak gai honekin duten hoztasuna ikusita, merezi du horrelako eztabaida sozialak? Nik uste dut gobernu honek lehendabizi pedagogia lan handia egin behar duela gizartean, eta etorkizun hurbil batean nahiko nuke ofizialtasuna posible izan dadila Nafarroa osoan. Baina momentu honetan ez litzateke ezta onerako izanen ere.
Neurriak har daitezke legea aldatu gabe?
Legea aldatzea hain zaila bada, gutxienez dekretuak behar ditugu, baina egin ditzagun azkar. Bada sentsazioa, eta nik ere sentsazioa dut, denbora azkarregi pasatzen ari dela eta araudiari oraindik ez zaiola eskurik sartu. Gauza batzuk egiten ari dira, baina aldaketa mantso doa. Hartu behar dira erabakiak. Eskatuko nioke gobernuari erabaki batzuk lehenbailehen har ditzala, gobernu berriak sorrarazi zituen itxaropenak hutsean geldi ez daitezen.
Zeintzuk dira erabaki horiek?
Nafarroako Gobernuak euskararen barne erabilerari buruzko erabakiak hartu behar ditu. Orain bide seinaleak jarri dituzte euskaraz, baina ez Nafarroako Gobernuak horren inguruan araudi bat atera duelako. Momentu honetan herritarrak gobernura jotzen badu, oraindik ere zailtasunak izanen ditu euskaraz hitz egiteko. Alor horri ekin behar zaio.
Lehentasuna izan behar du gobernuarentzat?
Nafarroan euskaldunok arazo bat izan ohi dugu. Gure artean aritzen gara, eta askotan ez ditugu begiak behar bezain luze erdaldunak eta beste errealitate batzuk ere badirela antzemateko. Gustatuko litzaidake jakitea erdaldunen artean nola hartzen duten UPN, PSN, PP eta Diario De Navarra-ren kontrakotasuna. Benetan iruditzen zaie egiazki ari zaizkiela? Askotan, guk ere jokatzen dugu erdaldunik ez balego bezala. Esan nahi dut: erdaldunen oniritzia behar dugu, eta horrek esan nahi du guk konbentzitu behar ditugula. Euskaltzaleen artean oso ongi ulertu ez den kontu bat da. Eta gure kalterako, noski. Adibidez, euskararen legea aldatu nahi badugu, ez da izanen guk merezi dugulako, eta beharbada merezi dugu eta beharrezkoa dugu, baina ezin izanen dugu inoiz hori inposatu erdaldunen iritziaren gainetik. Gehiengoa dira.
Euskal zinema badago, baina batez ere erdal zinema. Euskal kazetaritza badago, baina batez ere erdal kazetaritza... Nola irauli egoera?
Ez dugu erraza, eta kezkatzen nauen gai bat da. Gainera, euskaldun anitz ez dira euskal kulturaren bezero. Ez dira irakurleak. Eta hori da egun dugun arazo nagusia. Sortzaileak daude, eta euskaraz produzitzen da. Beste aldean, ordea, ez dago jende askorik. Egiturazko ahulezia da. Alde horretatik badago zeregina, eta ez dago dena politikarien esku. Guk aunitz egin dezakegu. Tresna guztiak ez ditugu erabiltzen.
Garairik onenean, garaiak ez dira onak?
Ekoizpenaren sektorea sendo dago, baina oraindik falta zaigu produkzio hori bereganatu behar lukeen jendea. Euskal produktuak daude, baina falta dira kontsumitzaileak. Urtero etortzen dira berri onak, eta belaunaldi aldaketa dago, baina ahalegintxoa egin behar dugu euskal kulturaren biziberritzeari dagokionez.
Erresuma eta Fedea trilogia amaitu zenuen orain dela bi urte. Zerbait duzu esku artean?
Trilogia horrek ahitua utzi ninduen alde guztietatik. Hamar urte egon nintzen gai berarekin. Orain, narrazio laburren bilduma bat prestatzen ari naiz, gaur egungo testuinguruan kokatua. Aurreko lanaren kontrakoa. Patxadaz hartu nahi dut.