Kattalin Barber
Vianako Erentzun ikastolan ikasi zuen Ana Galarrek (Lizarra, 1985). Aurten, ikastetxe horretara itzuli da, baina zeregin guztiz desberdina izan du: Nafarroa Oinez-eko koordinatzaile lanetan aritu da, hain zuzen ere. Dena prest dute Vian...
Elkarrizketak
“Bakartuta ez egoteko behar genuen euskara Lekarozen”
Kattalin Barber
2009 amaieran eraitsi zuten garai batean horren ospe handia izan zuen Lekarozko eskola. Fermin Goñi (Iruñea, 1952) hango ikaslea izan zen, eta 116 urteko historia bildu du Lecároz en 100 palabras (Lekaroz 100 hitzetan) izenburuko liburuan.
Zenbat denbora eman duzu liburu honetan lan egiten?
Bete-betean hemezortzi hilabete aritu naiz liburu honekin. Lekarozko eskolako ikasle zaharren elkarteak gordetzen duen dokumentazio guztiarekin lan egin dut. Geroago, Jose Angel Etxeberria kaputxinoak aukera eman zidan eskolako korrespondentzia guztia aztertzeko eta baita 15.000 argazki ikusteko ere. Liburua eleberri modukoa da. Eta, niretzat, zinema ere bada. 380 argazki ditu liburuak, gehienak argitaragabeak.
Zuk lau urte eman zenituen Lekarozko eskolan. Noiz izan zen?
1967. urtean. 14 urte nituen, eta familiak hara bidali ninduen. Esan dezaket oso zoriontsu izan nintzela Lekarozen. Alde batetik, zuzendu ninduten, eta, bestalde, ikasten ikasi nuen. Gainera, kaputxinoek ikasketa asko zituzten. Gehienek, bat edo bi karrera eta beste hainbeste doktoratu. Eleaniztunak ziren. Max Aub idazleak behin esan zuen sorterria batxilergoa ikasi den lekua dela. Nire sorlekua Baztan da.
Gero, Iruñera itzuli, eta kazetaritza ikasketak egin zenituen.
Bai, baina kazetari izateko bokazioa Lekarozen sortu zitzaidan. Irakurle egin nintzen, liburutegi erraldoia genuelako. Horrez gain, ikasleek sortutako Lekarozko eskolako lehenengo aldizkaria sortu nuen. El Che deitu genion; orduan gure idoloa zen. Bi urte iraun zuen aldizkariak.
Esan izan duzu Lekarozko eskola ez dela ohikoa. Zergatik?
Irakasle eta azpiegiturengatik. Hizkuntza laborategia zegoen, kimika eta fisika laborategia. Filmak proiektatzeko makina eta ebakuntza gela X izpiekin genituen. Bi futbol zelai eta lau frontoi. Zenbat eskolatan dago hori? Gainera, autarkikoa zen. Etxe abereak eta baratze handiak genituen. Horrez gain, energia sortzen zuten kaputxinoek.
Edozeinek zuen aukera Lekarozko eskolan ikasteko?
Arazo bat zuten. Eskaintzen zituzten baino plaza gehiago eskatzen ziren. Familiak bertan babesa zuelako lortu nuen nik. Baina ez nuke esanen maila altuko jendea joaten zela. Denetarik zegoen. Argi dago ez zela eskola merkea. Ez dakit zenbat ordaindu zuten nire gurasoek, baina behin esan zidaten ahalegin handia egin zutela. Trukean, hezkuntza ona jaso dugu ikasleok. Nire garaian, urtero, Europako eskoletako sei bisita baino gehiago jasotzen genuen. Hezkuntza sistema zein zen jakin nahi zuten.
Bakarrik gizonek zuten aukera bertan ikasteko.
Bai, 1980ko hamarkadara arte. Orduan, Berako eskola itxi zuten, eta Baztango neskek ez zuten aukerarik bailaran ikasteko. Kaputxinoei eskatu zieten zentro berean eskolak emateko, eta onartu zuten. Baina emakumeak ez dira inoiz barneko ikasleak izan.
Euskaraz ikasten zen Lekarozko eskolan?
Lekaroz izan zen Nafarroako lehenengo ikastola. 1918. urtean euskara zuten irakasgai bezala. Eusko Ikaskuntzak, urte horretan Oñatin egindako kongresuan, hitzartu zuen Lekarozko eskolako euskara liburua inprimatzea eta Euskal Herri osoko eskoletan banatzea. Garai ilunak gero etorri ziren. Ni nengoen garaian, 1968an, saiatu ginen euskaraz ikasten. Baina Guardia Zibilak horren berri izan zuen, eta eskola ixteko mehatxuarekin debekatu zituen euskara eskolak. Guk beharrezkoa genuen euskara herritarrekin hitz egiteko eta bailaran mugitzeko. Bakartuta ez egoteko, hain zuzen.
1990. urtean eskola itxi zuten. Zergatik hartu zuten erabaki hori, eskola ospetsua bazen?
Garai horretan kaputxinoek ez zuten esan, baina orain badakigu mantendu ezin zutelako itxi zutela. Irakasle guztiak kaputxinoak ziren, eta iritsi zen momentu bat non ez zegoen belaunaldi berririk, eta ez zegoen dirurik kanpoko irakasleak kontratatzeko. Nafarroako Gobernuarekin negoziatu zuten, hainbat aukera zegoen, baina, azkenean, guztia saldu zieten. Dena bota zuten, eliza izan ezik.
Zure ustez, beharrezkoa zen eskola zaharra eraistea?
Niri eskola egotea gustatuko litzaidake. Batik bat, duen balioarengatik. Baina egia da egoera txarrean zegoela, eta mantentzeko inbertitu behar zen. Esan zuten enpresa parkea egin behar zutela, eta egun enpresa bakarra dago bertan. Urbanizatuta dago, baina hutsik. Orain, Lekarozko eskolako ikasle zaharren elkarteak proposatu dio gobernuari eliza berritzeko, bertan kultur jarduerak aurrera eramateko. Magnolia da bizirik dirauen izaki bizidun bakarra. 125 urte ditu.
Zein helburu du Lekarozko ikasle zaharren elkarteak?
1916an sortu zen ikasle zaharren elkartea. 100 urte hauetan eskolaren babesa eta sostengua izan da. Mila bazkide inguru gara. 1960ko hamarkadan, eskola berria eraikitzeko, elkarteak arkitekto taldea osatu zuen, eta eraikin berria ikasle zahar baten enpresak egin zuen. 1932an, II. Errepublikaren garaian, erlijio ordenek eskolak ematea debekatu zuten. Lekaroz, beraz, itxi behar zuten. Baina Jesus Maria Leizaola eta Rafael Aizpun politikariek eta ikasle ohiek merkataritza sozietate bat sortu zuten. Horrela, hitzartu zuten eskola alokatzea, eta kaputxinoek eskolak ematen jarraitu zuten. Kaleko arropa erabiltzen zuten kaputxinoek.
“Europan giza taldeak ordezkatzeko eredua izan dugu eta badugu”
Edurne Elizondo
Atapuercako aztarnategietako zuzendaria da Jose Maria Bermudez de Castro (Madril, 1952), Juan Luis Arsuagarekin eta Eudald Carbonellekin batera. Biologian doktore da; giza eboluzioaren historian aditu nagusienetako bat.Ikastaroak Tutera...
“Niretzat, onena da txori bati begira ere hunkitzeko gai izatea”
Edurne Elizondo
Munduari itzulia eman zion Andoni Canela natura fotokazetari nafarrak, duela bi urte. Familiarekin egin zuen bidaia, Looking for The Wild izeneko proiektuaren eskutik. Kontinentez kontinente egin zuten bidea, tokian tokiko animalien bila. Liburua osatu zuen Canelak iaz, argazkiekin. Orain, dokumentala aurkeztu du, El Viaje de Unai (Unairen bidaia) izenburupean. Urrian ikusi ahal izanen da Tuteran, eta gero Iruñean. Bidaiaz eta filmaz aritu da dokumentalari izena eman dion Unai Canela (Castellar de n'Hug, Bartzelona, 2004).
Filma ezagutzen ez duenari nola azalduko zenioke zer den El Viaje de Unai?
Familia osoak egindako bidaia bat da. Nire aita argazkilaria da, eta lanagatik, hain zuzen, hamaika tokitara joan izan da, sumendien erupzioen argazkiak egitera, edo Artikoan bizi diren foken argazkiak egitera. Egun batean, Amaia nire arrabari eta niri erran zigun urtebete luzeko bidaia eginen genuela, denok elkarrekin.
Eta zer erantzun zenion zuk?
Ideia izugarri ona iruditu zitzaidan! Denok ginen bidaia egiteko gogoz. Hamaika plan egiten hasi ginen Amaia eta biok, eta amets hori egia bilakatu zen, azkenean.
Aurretik ere lagundu zenuen aita bere lan bidaietan, ezta?
Bai. Elkarrekin egin genuen Looking for Fochas izenburuko proiektua. Egunero, eskolara bidean, argazki eta bideo bat egiten genuen Banyoles lakuan. Kopetazuriei egiten genien so. Proiektua handituz joan zen, eta, azkenean, Ameriketako Estatu Batuetara eraman gintuen.
Oraingoan, are bidaia luzeagoa egin duzue; kontinentez kontinente egin duzue salto, hainbat animaliaren bila.
Bai. Esperientzia zoragarria izan da denontzat. Bidaia bukatu eta gero, bizi izandakoa gogoratzen hasi, eta pena ematen dit zenbait tokitan denbora gehiago eman ez izana. Gustura gelditu izanen nintzateke hamaika txokotan, hango animaliei buruz gehiago ikasi ahal izateko. Kontent naiz, halere, etxera bueltatu eta filmarekin gozatzeko aukera dudalako, bai eta betiko lagunekin egotekoa edo eskolara joatekoa ere. Dena den, bidaiatzeko irrikan naiz, berriz ere; animalien bila berriz joateko irrikan.
Nora itzuliko zinateke?
Australiara, adibidez. Toki berriak ezagutzeko gogoa ere badut, halere.
Tokiak eta han bizi diren animaliak ezagutzeaz gain, hango bertako jendearekin egoteko aukera ere izan duzu?
Lagun anitz egin ditut bidaian, egia erran. Eta haietako zenbaitekin harremana badut, oraindik ere, sare sozialen bidez. Jende anitz ezagutu dugu, eta, kasu guztietan harremanari eutsi ez badiogu ere, denak ditut gogoan, ezagutu ditudan pertsona guztiekin bizi izandakoak.
Zure bizimoduaren hagitz bertzelakoak diren bertze zenbait ezagutuko zenituen. Nolakoa izan da esperientzia hori?
Hagitz ona da bertze kulturak ezagutzea. Ezagutu dudan jendearekin anitz ikasi dut. Ez dakit haiek nirekin zerbait ikasiko zuten, baina esperientzia hagitz polita izan da, eta polita da harreman horietako anitzi eutsi ahal izana. Amaiak ere anitz gozatu du, eta ederra izan da horren lekuko izatea.
Dokumentala egin baino lehen, liburua egin zenuten.
Bai. Liburua aitaren argazkiek osatzen zuten, baina azken zatian nik eta Amaiak egindako hainbat marrazki eta argazki ere sartu genituen. La llamada del puma izena du. Liburu horrek, nolabait, bidaia horretako argazkiak eta bizi izandakoak jasotzen ditu.
Zein da euskarririk gogokoena zuretzat?
Biak gustatzen zaizkit, baina, akaso, dokumentala osoagoa da. Denetarik duelako. Irudiak eta hitzak. Liburua egiteko prozesuan parte hartzea anitz gustatu zitzaidan, hala ere.
Dokumentala ikusten duenak zure ahotsa du gidari, hain zuzen. Nolakoa izan da lan hori?
Nahiko gogorra, baina gustura nago emaitzarekin. Uste dut jendeari gustatu zaiola. Ni, egia erran, aspertu egiten naiz zenbaitetan neure burua behin eta berriz ikusita!
Otsoak, elefanteak, krokodiloak, pumak... hamaika espezietako animaliak ikusi dituzue. Zein aukeratuko zenuke ?
Animalia guztiak ikustea eta ezagutzea izan da zoragarria, baina onena, zalantzarik gabe, puma. Bidaia hasi baino lehen, nire helburu eta desio bakarra zen pumak ikusi ahal izatea. Horregatik jarri genion La llamada del puma izena liburuari.
Helburua bete zenuen. Nolakoa izan zen animaliok ikusi zenituen unea?
Ez zen batere erraza izan. Kosta egin zitzaigun. Zenbait egunetan, hamasei ordu ere eman genituen eguzkipean, pumak ikusteko zain, eta ez genuen zorterik izan. Baina azkenean agertu zen, eta aitak argazki ederrak egiteko aukera izan zuen. Ni biziki poztu nintzen pumak ikusi genituenean. Ametsa zen niretzat. Denok baditugu ametsak, eta amets hori egia bilakatzeko unea da... zoragarria! Zaila da hitzez azaltzea. Ziur naiz une hori sekula ez dudala ahaztuko.
Zure adineko gazte anitzek ez dute zurearen gisako bidaia bat egiteko aukera.
Egia da, baina natura maite baduzu, eta naturan bizi diren animaliei so egitea maite baduzu, edozein toki da aproposa hori egin ahal izateko. Hori da garrantzitsuena. Ez duzu urrutira joateko beharrik. Niretzat, onena da txori bati begira ere hunkitzeko gai izatea. Eta ni banaiz. Animalia guztiek badituzte beren sekretuak.
Otsoen inguruko liburua aurkeztu zuen zure aitak, bidaia luzea hasi baino lehen. Kantauriar mendikatean ibili zen haien atzetik, zurekin batera. Ikusi zenuen otsoa?
Bai. Hemendik gertu otsoak eta hartzak ikusteko aukera ere badugu. Otsoen argazkiak egitera anitzetan joaten zen nire aita, gertu zituelako. Eta nik lagundu nuen, zenbaitetan. Seme-alaba anitz joaten dira tarteka aitaren edo amaren bulegora, eta nire aitaren bulegoa natura da. Otsoa ikustea hunkigarria izan zen niretzat. Uste dut mugitu ezinik gelditu nintzela!
Zuk ere eramaten duzu argazki kamera bidaietara edo animaliei so egitera joaten zarenean?
Eramaten dut, bai, baina anitzetan kamera dudala ere ahaztu egiten zait! Animaliak ikusterakoan anitz hunkitzen naiz, eta ez naiz argazkiak egiteko gai ere! Argazkiak egitea anitz gustatzen zait, hala ere. Aitak anitz erakutsi dit, eta gozatzen dut kamerarekin. Ea noizbait aitak egiten dituenak bezain liburu eder bat egiten dudan.
Nahiko zenuke?
Bai, bai, gustatuko litzaidake. Nahiko nuke, adibidez, elurretako lehoinabarra ikustera joan. Hagitz zaila da animaliok ikustea, eta ez dakit noizbait aukera izanen ote dudan. Baina nire ametsa hori da. Ea betetzen den.
“Erdigunean jarri behar dugu bizitza”
Edurne Elizondo
Prekaritatearen eta Ekonomia Feministaren Ardatzeko kide da Nieves Salobral (Madril, 1964). 2014ko Martxoaren 8aren harira sortu zuten, Madrilen. Hamaika tailer egin dituzte, geroztik. Iruñean azalduko ditu Salobralek, gaur, ekonomiaren gakoak, feminismoaren ikuspuntutik.
Etxeko lanari buruzko jardunaldietan ariko zara. Oro har, zer deritzozu etxeko langileen egoerari?
Emakumeak dira nagusi sektore horretan, eta lan baldintza hagitz prekarioak dituzte. Are gehiago, zenbait kasutan langileek pairatzen duten egoera erdi-esklabotzaren parekoa da. Soldata oso urriak dituzte, eta, zenbaitetan, ostatu truke egiten dute lan.
Oraindik ere, Gizarte Segurantzako erregimen berezia dute.
Bai, eta horren ondorio da lan hitzarmen kolektiborik ez dutela, edo langabezia jasotzeko eskubiderik ez dutela. Etxeko lanak ederki balio du kapitalismoaren baldintza ekonomikoak salatzeko, agerian uzten duelako zaintzaren esparruko lana erabat ikusezin bilakatzen dela sistema horretan. Lan horrek, ordea, eusten dio produkzio eta finantza sistemari, lan hori gabe bertzea ez litzatekeelako existituko.
Nagusiki emakumeek egindako lana delako da lan prekario bat, edo alderantziz?
Feminizatutako lan bat da, erabat, sistema kapitalistarentzat lan zikina delako etxeko lan hori. Aldi berean, argi dago sistema kapitalistak doako ondasunak eta lan indarra lortzen dituela esparru horretan, eta horregatik interesatzen zaio feminizatutako lan esparru bat izatea. Edozein kasutan, feminizatutako eta prekario bilakatutako lana da, eta sistema kapitalistak ezkutuan gorde nahi du, sistema horren eredu klasikoen araberako lan bat ez delako.
Emakume eta migratzaile izateak are okerrago bilakatzen du egoera?
Bai, argi eta garbi. Soldatak are baxuagoak dira, eta besta hartzeko eskubidea ere ez dute izaten. Migratzaileak paperik ez badu, gainera, egoerak okerrera egin dezake. Sexu erasoak gertatzen dira zenbaitetan.
Zeintzuk dira errealitate hori aldatzeko gakoak?
Gure taldeko kideok kolektiboak duen indarra nabarmendu nahi dugu. Tailerrak ere ideia hori izanen du ardatz. Amaia Perez Orozkoren Subversión feminista de la economía. Aportes para un debate sobre el conflicto capital-vida liburua izan dugu oinarri. Hainbat kolektiborekin jorratu dugu jada, eta Iruñean ere abiapuntua horixe izanen da. Horren inguruan Prekaritatearen eta Ekonomia Feministaren Ardatzean hausnartutakoa, alegia.
Noiz eta nola sortu zen talde hori?
2014ko Martxoaren 8aren harira sortu zen. A por todas izenburuko jardunaldiak antolatu genituen. Hainbat lan esparru jorratu genituen, eta bat izan zen ekonomia feministari eta prekaritateari buruzkoa. Bat egin genuen hainbat kolektibok, eta elkarrekin aritzea erabaki genuen. Jardunaldietarako sortu zen ekinbidea, baina aurrera egin du. Etxeko Lurraldea izeneko kolektiboa dago, adibidez. Etxeko langileek osatua da. Bertze hainbat kolektibok M-15ean izan dugu abiapuntua. Denak elkarrekin ari gara lanean.
Eredu ekonomikoen analisia egin duzue, bertzeak bertze.
Bai, belaunaldiz belaunaldi hainbat izan baitira. Gogoan izan dezakegu lehengo irauteko eredua, adibidez. Eredu hori ekoizpen eredu bilakatuz joan zen, eta, egun, finantza eredu bat dugu. Horren aurrean, gako feministak behar ditugu gure egunerokoan identifikatu ahal izateko gurekin harremana duten eredu ekonomikoak zein neurritan ari garen eraldatzen. Finean, sinetsarazi nahi digute ekonomiak Ibex35-arekin eta enpresa handiekin duela lotura, baina ekonomia feministaren ikuspuntutik bizitza jartzen dugu erdian. Bizitzak egon behar du erdigunean. Bizitzari eusteko egin behar dugu lan.
Etxeko langileen lan baldintza prekarioak kontuan hartuta, ez da erraza izanen eraldaketarako urratsak egitea, ezta?
Zaila da, bai. Gu beti saiatzen gara dagoen egoerara egokitzen. Hagitz garrantzitsua da denok lengoaia bera erabiltzea. Zenbaitetan uste dugu komunikatzen ari garela, baina ez dugu hori lortzen, ez dugulako denek lengoaia bera. Esperientzien berri ematea eta partekatzea da kontua, eta haietatik abiatuta eraikitzea. Tailerraren helburua hori da, hain zuzen ere. Etxeko langileekin aritu gara elkarlanean prestatzeko; hainbat jatorritako emakumeak dira, bakoitzak bere esperientziak dituelako. Elkartzea, elementu komunak nabarmentzea da gakoa.
Denen arazoa dela konturatzeko?
Hori da. Ez da baten edo bertzearen arazo. Denena baizik. Horretaz jabetzen dira tailerrean aritzen direnak. Konturatzen dira haiek ere ari direla ekonomia egiten. Agerian gelditzen da kapitalismoa, finean, bizitzaren aurka ari dela. Etxeko lana zikina eta gaizki ordaindutakoa izan dadila nahi baitu kapitalismoak. Tailerretako esperientzia hagitz polita izan da. Sareak sortu dira.
Garrantzitsua da erakunde publikoek halako ekinbideetan parte hartzea?
Bai, hagitz garrantzitsua da. Errealitateari egin behar diote aurre erakundeek, behingoz, etxeko lanari so egin.
“Oso garrantzitsua da guztion artean sortzen ari garen ondarea”
Kattalin Barber
Iruñeko Udalak joan den maiatzaren 2an zabaldu zuen Errepresio Frankistaren Memoria Historikoari Buruzko Informazio Bulegoa. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin sinatutako hitzarmen bati esker jarri zuen martxan proiektua. Nerea Perez Ibarrola (Iruñea, 1984) historialaria da, eta Mercaderes kaleko bulego horretan ari da, egunero, jendea elkarrizketatzen eta jasandako errepresioari buruzko dokumentazioa jasotzen. 92 testigantza jaso dituzte, denera, abuztuaren 26ra bitarte.
Irailean ixtekoa zen bulegoa, baina, azkenean, hil honetako azken astera arte irekita egonen da. Zer dela-eta erabaki duzue epea luzatzea?
Oraindik ere jendea etortzen ari delako bulegora, eta testigantzak eman nahi dituzte. Horregatik erabaki dugu epea luzatzea. Ez du zentzurik orain ixteak. Gero ikusiko da zer gertatzen den, baina interesa dago oraindik. Material garrantzitsua biltzen ari gara, gainera.
Nor joan daiteke bulegora?
Pertsona oro etor daiteke. Informazio gune gisa ere funtzionatzen du, eta jendea informazio eske etortzen ahal da, eta etortzen da. Hasierako elkarrizketa horretan oinarrizko informazioa jasotzen dute. Beste hainbatek badakite argi eta garbi zertarako den bulego hau, eta zuzenean testigantza ematera etortzen dira. Egunero lekukotza eman nahi dutenei harrera egiten diegu hemen. Frankismoaren garaiko giza eskubideen urraketei buruzko informazioa, materiala eta lekukotzak ari gara jasotzen. Edozein motatako errepresioa pairatu zuten pertsonen historiak hartzen ditugu. Edonor etor daiteke lekukotza ematera. Gerra garaiari buruz ari garenean, normalean, errepresioa jasan zuenaren senide bat etortzen da. 50eko eta 70eko hamarkadetako errepresioaren kasuan, berriz, jasan zuen pertsona bera etorri ohi da lekukotza ematera.
Zenbat elkarrizketa egin dituzue orain arte?
Abuztuaren 26ra arte 92 elkarrizketa egin ditugu. Horietako 42 1936ko gerra garaiari buruzkoak dira, eta beste 50, berriz, 1960-1975 garaiari buruzkoak. Azken tarte horretan agertu ziren errepresio modu berriak, hain zuzen: grebak egiteagatik atxilotu zituzten asko, militante izateagatik ere bai... Material asko jaso dugu. Askok, gainera, testigantza osatzeko dokumentuak eta argazkiak ekartzen dizkigute bulegora. Gutun pertsonalak, epaituen prozesu eta sententziak... Denetarik jaso dugu.
Eta zer-nolako prozesua jarraitzen duzue pertsona bakoitzarekin?
Errepresioa jasan zuen pertsona bakoitzeko fitxa bat betetzen dugu, txosten bat. Hor jasotzen ditugu datuak eta oinarrizko informazioa. Horrela sortzen da hasierako harremana, eta, hortik abiatuta, elkarrizketa prestatzen dugu. Elkarrizketarako zita beste egun batean egiten dugu beti. Prestatzeko denbora izan behar dugu.
Iruñeko Udalak frankismoko krimenen kontrako kereila propioa aurkezteko erabili nahi du informazioa.
Bai, horrela da. Guk txosten bat osatuko dugu jasotako informazio guztiarekin. Kereilaz gain, uste dut lan honek balio duela gure ondare historiografikoa osatzeko. Guztion artean sortzen ari gara, gainera, jendearen lekukotzei esker. Ondare dokumentala eta ahozkoa ari gara jasotzen. Lehenengo aldia izan da erakunde batek horrelako prozesu bat abiatu duela. Bazela garaia esan digute askok. Gainera, garai horretako Iruñeko historia dokumentatzen ari gara. Oso lan garrantzitsua da; batetik, niretzat, historialaria naizelako, baina, bestetik, baita egiten ari den moduagatik ere. Jendeak ongi erantzun du, eta inplikazio handia erakutsi du proiektuarekin, gainera. Ez dakit etorkizunean bildutako guztia kontsultatu ahalko den, baina guztiona da hau. Hori argi daukat.
Beharrezkoa zela uste duzu?
Bai, eta gainera gizarteak eskatu du prozesu hau guztia martxan jartzea. Honek ondare handia utziko du, historialariek ikertzen jarraitzeko, bai eta memoria historikoa hurrengo belaunaldiei transmititzen jarraitzeko ere. Orain dela gutxi arte ez da landu memoria historikoa eta errepresioa jasan zutenen kontua. Horretan lan handia egin dute hainbat elkartek eta gizarte eragilek. Haiek egindako lanari esker dakigu dakiguna. Honekin ere jorratu ahal izateko bide gehiago izanen ditugu. Hasieratik jendea prest azaldu da hitz egiteko, eta oraindik gogoa dute. Aitormen baten modukoa da. Barrenak askatzea garrantzitsua izan da haientzat; eskertuta agertzen dira lekukotza eman eta gero. "Gure familiak merezi zuen", esan digute behin baino gehiagotan. Horregatik, iritzi onak jaso ditugu, jendeak oso jarrera ona izan duelako, eta behingoz kasu egin diegulako, hain zuzen ere.
Zaila izan behar du, historia gordinak eta latzak direlako.
Beti egiten digute galdera hori, eta lankideekin komentatzen dugunean beti hiru gauza nabarmentzen ditugu, gure ustez gogorrenak: isiltasuna, beldurra eta tristezia. Isilik egon dira urte luzez, eta oraindik ere hitz egiteko beldurra dute askok. Oso gogorra da horrela bizitzea.
Iruñeko kasuak bakarrik ari zarete aztertzen?
Bai, oraingoz bai. Nafarroako beste herrietako pertsonak etorri dira bulegora, eta interesa azaldu dute. Harrera egiten diegu, eta haien kontaktua gordetzen dugu. Dena den, orain ezin diegu elkarrizketa egin. Baina aukera dugun heinean, gustatuko litzaiguke haiekin lasai eta zabal hitz egin ahal izatea. Entzuteko prest gaude, eta testigantzei balio izugarria ematen diegu.
“Prekarioetan prekarioenak dira kaleko saltzaileak”
Kattalin Barber
"Irautea ez da delitua". Hori esaten dute kaleko saltzaileek, eta Javier Indurainek (San Nicolas, Argentina, 1957) benetako neurriak eskatu ditu, baldintza ezin txarragoetan lan egiten duten pertsonak babesteko.
"Kaleko saltzaileena da errua". Zer esanen zenioke hori pentsatzen duen pertsona bati?
Horixe izan zen nire iritzi artikuluaren izenburua. Eta hori jartzea erabaki nuen beti pagaburuak asmatzen dituztelako, batik bat, herritarrok ditugun benetako arazoen erantzuleak nortzuk diren estaltzeko. Arreta desbideratu nahi dute, eta, horretarako, ke lainoak sortzen dituzte.
Urtero uda garaian pil-pilean dagoen gaia izan ohi da kaleko saltzaileena. Aurten, sanferminetan polemika egon da.
Nik esanen nuke sanferminak baino lehenago hasi zela polemika, artifizialki, udalean mozio bat aurkeztu eta onartu zutenean kaleko saltzaileak kontrolatzeko. Artifizialki esaten dut, ez dudalako uste kaleko saltzaileena sanferminetako benetako arazoa denik. Nori egiten diote kalte? Nori egiten diote konpetentzia kalitate baxuko produktu faltsuekin? Inditex, Nike eta Adidas bezalako marka handiei? Are gehiago, aipatu ditudan marka horiek salaketak jaso dituzte, ustez, haurrak esplotatzeagatik eta langileei heriotzaraino lan eginarazteagatik. Haien lana legezkoa izanen da, baina moralgabea. Nor da, orduan, gaizki jokatzen duena? Bizirik irauteko lan egiten duena ala baldintza txarretan kontratatzen duena?
Zergatik uste duzu Zentroko Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak kaleko saltzaileen aurka egin duela?
Egia esan, ez dakit, eta ez dut ulertzen. Kaleko saltzaileek ez diete minik egiten. Halaber, ez dut frankiziei buruzko komunikaturik ikusi, eta uste dut horrek bai, horrek kalte egiten diela. Kaleko saltzaileen aurka egin dute, eta arreta desbideratu dute. Administrazioek, oro har, merkataritza gune handiak sustatzen dituzte, eta horrek bete-betean kalte egiten die saltoki txikiei.
UPNk, PSNk eta Geroa Baik onartu zuten kaleko saltzaileei buruzko mozioa.
Gaizki ardaztu dute gaia. Kaleko salmenta da arazoa, baina horretan lan egiten dutenenentzat da arazoa, lan baldintza txarretan lan egiten dutelako, ez gizartearentzat.
Nortzuk dira kaleko saltzaileak?
Kaleko saltzaileak Atzerritarren Legearen mende daudenak dira. Ekonomizismoaren aldeko izaera baino ez du lege horrek. Prekaritatea eta eskulan merkea sustatzen du. Kaleko saltzaile gehienek ez dute paperik, eta debekatua dute lan egitea. Prekarioen artean prekarioenak dira. Esaten dutenean pertsona hauek iruzur egiten dutela, niri galdera bat bururatzen zait: nork egiten du benetan iruzur?
Pertsona askok mafiekin lotzen dituzte kaleko saltzaileak. Zer dago honen atzean?
SOS Arrazakeriarentzat, mafia da etekin ekonomiko handiak lortzeko esplotatzen duena. Eta hori egiten dute marka handiek, adibidez, Asiako herrialdeetan. Ez dakigu kaleko saltzaileek saltzen dituzten produktuak ere horrelako herrialdeetan eta baldintza txarretan egiten ote dituzten, ikertu egin beharko litzateke. Dena den, mafiosoak dira dendak, marka handi eta esplotatzaile horien produktuak saltzeagatik? Kaleko saltzaileekin galdera bera okurritzen zait.
Sanferminetan egon da kaleko saltzaile gehien, Iruñean, baina Nafarroako herri jai askotan ere egoten dira.
Eta ez bakarrik udan. Izan ere, ohikoa da Iruñean asteburuetan tabernetan kaleko saltzaileak ikustea. Kontua da orduan ez dutela molestatzen. Noiz molestatzen dute? Zentroko espazio publikoa okupatzen dutenean. Gune pribatuetan edo gune marjinaletan ez dute molestatzen; sanferminetan Karlos III.a etorbidean daudenean, aldiz, bai. Orduan arazo bihurtzen dira. Uste dut sistemaz erasotzen zaiola gune publikoan estetikoa ez den orori. Guk kalea aldarrikatzen dugu, kalea herritarrona izan dadin. Oztopo eta trabarik gabe.
Nola aurre egin kaleko saltzaileen arazoari?
Pelikula bat etorri zait burura: Hable con ella [Pedro Almodovar, 2002]. Horixe da egin behar duguna: haiekin hitz egin. Dena den, interes eta bidegabekeria horien guztien aurka, ari dira erresistentzia mugimenduak sortzen, eta poztekoa da hori. Bartzelonan, adibidez, Kaleko Saltzaileen Herri Sindikatua dago. Haien egoera kontuan hartu behar dugu; pertsona ahulak dira, eta ez dute eskubiderik: ez dute oinarrizko errenta jasotzeko eskubiderik, ez dute lan egiteko eskubiderik, ez dute osasun eskubiderik... Hori legezkoa da; haien lana, berriz, legez kanpokoa. Administrazioen neurri bakarra errepresioa da.
Bartzelonako Udalak, adibidez, hamabost kaleko saltzaile kontratatu ditu zenbait lan egiteko. Zer iruditzen zaizu?
Txalogarria da, dudarik gabe. Dena den, epe laburreko neurria da hori. Arazo honi aurre egiteko bestelako neurriak behar dira. Neurri sakonagoak; arazoa konplexua da, eta irtenbideak ere konplexua izan behar du. Bartzelonan uda honetan gertatu dena iraingarria da, talde kriminala direla esan baitute. Badirudi dena delitua dela. Haiek nahi dutena lan egitea da, eta, horretarako, laguntza behar dute. Bizirik irautea ez da delitua, hori esaten dute kaleko saltzaileek.
“Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen”
Kattalin Barber
Egun batean, lantegiko lana utzi, eta pinturan murgildu zen Tomas Sobrino (Elizondo, 1963). 20 urte baino gehiago pasatu dira ordutik, eta Baztango paisaiak margotzen ditu. Abuzturako, aire zabaleko pintura ikastaro bat antolatu du, Baztanen.
Noiztik antolatzen duzue ikastaro hau?
1995ean hasi ginen ikastaroa antolatzen. Baztanen beti egon dira margolari asko, eta, udan, erakusketak antolatzen ditugu. Guk aire zabalean margotzen dugu, eta egiten dugun hori transmititu nahi dugu ikastaro honekin. 1995ean, Jose Mari Apezetxea Erratzuko margolaria eta biok hasi ginen honekin. 2010. urtean, Apezetxeak atsedena hartzea erabaki zuen, baina ez du lotura eten ikastaroarekin. Udaro, Erratzura joaten gara, eta berarekin margotzen dugu.
Nola erabakitzen dituzu margotuko dituzuen tokiak?
Aldez aurretik erabaki behar ditut, denborarekin. Izan ere, ezin dut bakarrik kontuan izan ea tokia gustatzen zaidan edo ez; hamar pertsona inguruk egiten dugu bat, eta tokiek aproposak izan behar dute denok mugitzeko. Giro polita sortzen da, eta Baztango txokoak ezagutzeko balio du. Hemengo jendeak ere leku desberdinak ezagutzen ahal ditu ikastaro honen bidez. Turismoa egiteko modua da.
Baztangoak izaten ohi dira izena ematen dutenak?
Batzuk hemengoak dira, baina etortzen dira Iruñetik, bai eta atzerritik ere. Aurten ez dator, baina urte askotan etorri da Italiako pertsona bat. Nahi duten guztientzat egiten dugu ikastaroa. Dena den, gomendagarria da oinarrizko ezagutza batzuk izatea. Ezin diozu naturari aurre egin inoiz pintzel bat eskuan hartu ez baduzu.
Ikastaroak irauten duen bi aste horietan zenbat leku bisitatzen dituzue?
Hamar egun dira denera, eta bost leku desberdin bisitatuko ditugu. Bi egun leku bakoitzeko. Normalean, lehenengo egunean tokia ezagutzen dugu, eta bigarrenean, lana burutu. Interesgarria da, bigarren egunean askotan begirada aldatzen delako, eta, leku bat berriro begiratzean, gauza berriak deskubritzen ditugu. Gainera, ikastaro hau ez da abuztuan amaitzen. Irailean hasita, hileko hirugarren larunbatean topaketa egiten dugu aire zabalean margotzeko. Edonor etor daiteke, ekinbide hori guztien artean sortu delako. Horrela, gure arteko loturak jarraitzen du, eta jende berria animatzen da. Oso aberasgarria izaten da.
Lantegi batean ari zinen, eta lana uztea erabaki zenuen, gehiago margotu ahal izateko. Zer dela eta?
Betidanik margotu dut. Baina iritsi zen momentu bat ezin nuela asteburura arte itxaron margotzeko. Denbora osoz margotu nahi nuen. Jauzi arriskutsua izan zen, baina pozik nago orain. Nire bizitza garatzeko modu bat da. Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen.
Zure blogean kontatu duzu: "Hasieran, zuk kontrolatzen duzu koadroa. Gero, koadroak berak eskatzen dizu kolore bat edo bestea sartzea".
Nik esaten diet nire ikasleei koadroa entzun behar dutela. Haiek hasieran ez dute ulertzen, baina margotzen hasten direnean konturatzen dira koadroak zerbait esaten diela. Pinturak berak esaten dizkizu gauzak... Askotan, zuk ideia bat duzu buruan, eta gero bestelakoa margotzen duzu. Aldatzen da, eta harritzen zara egiten duzunaz. Margotzea koadroarekin elkarrizketa bat izatea da. Entzun behar diozu.
Zein txoko maite dituzu Baztanen margotzeko?
Gustuko ditudan lekuek argiarekin dute zerikusia, eta urteko sasoiarekin. Asko gustatzen zait paseoak ematea, eta beti esaten dut leku berberetara joaten naizen arren beti zerbait berri aurkitzen dudala. Gainera, Baztanen, argia aldakorra da. Hori pintoreentzat opari bat da. Nik zuhaitzak eta ura maite ditut; beti agertzen dira nire koadroetan. Uraren inguruan bizi gara hemen, Bidasoa ibaiaren inguruan. Uraren azala deituriko erakusketa bat egin nuen, eta urak islatzen zuena margotu nuen. Gustatzen zaizkit ikusleari parte hartzeko aukera ematen dioten koadroak. Udan gutxiago margotzen dut, batik bat denbora gutxiago dudalako. Baina, udan, hemengo margolariek gure koadroak kalera ateratzen ditugu. Uda honetan, adibidez, hamabi erakusketa ditugu Baztanen. Ibarreko beste erakargarri bat dira erakusketak. Paisaiak, gastronomia eta artea.
Zergatik daude hainbeste pintore Baztanen?
Beti egiten didate galdera hori, eta, egia esan, inoiz ez dakit nola erantzun... Paisaiak bidea ematen du. Ez dakit, nik uste dut Baztanen badugula sentsibilitate artistikoa. Musikarekin du zerikusia horrek, nire ustez. Hemen badago Juan Erasok sortutako abesbatza bat, eta berak sortu zuen halako sentsibilitatea ibarrean. Hori transmititu egin da belaunaldiz belaunaldi.
Esan dezakegu zu zarela Bidasoko eskolako laugarren belaunaldikoa. Badago bosgarren belaunaldirik?
Bai, badago. Bidasoko eskolak Javier Zubiaurrek abiatutako tesi batean du oinarria. Hasieran, nahiko uzkurrak ginen termino horrekin, hemen margolari bakoitzak bere estilo propioa duelako lan egitean, eta eskola esatea asko esatea da. Ez gara estilo berekoak margotzean, baina egia da paisaiak elkartzen gaituela. Azkenaldian hainbat erakusketa egin dira Bidasoko eskolaren inguruan, eta konturatu naiz bertan ez dutela tokirik izan belaunaldi berrikoek. Badaude gazteak Baztanen margotzen dutenak eta erakusketak egiten dituztenak, baina ez dituzte aipatzen. Uste dut konpondu gabeko kontu bat dela hori, eta berrikusi egin beharko dugula. Horregatik, adibidez, sortu zen ikastaro hau. Jarraitutasuna nahi genuelako, eta belaunaldi berriei transmititzea.
“Nafarrek antzokia berena dela sentitzea nahi dugu”
Kattalin Barber
Musika, antzerkia, magia eta dantza izanen dira Tuterako Gaztanbide antzokiko agertokian, irailetik aurrera. Urteko lehenengo denboraldian 12.000 ikusle izan eta gero, gogoz daudela adierazi du Javier Gomez Tuterako Udaleko Kultura zinegotziak (Tutera, 1960).
Aurtengo denboraldia aurkeztu duzue, eta "borobila eta orekatua" dela esan duzue. Zergatik?
Denera, hemezortzi ikuskizun izanen ditugu. Pozik gaude, gainera, oraintsu jakin ditugulako lehenengo denboraldiko datuak. Antzokia 2011n ireki zenetik, marka ondu dugu. 12.000 ikusle izan ditugu, eta ia %70 beteta egon da denera. Hori asko da, eta nabarmendu nahi dut izan ditugula bertako ikuskizunak, Nafarroakoak, bai eta nazioartekoak ere. Denetarik eta denontzat. Denboraldi honetan, orekak horrela jarraitu behar du, eta osatu dugunarekin uste dut lortuko dugula. Baten batek esan digu maila jaitsi dugula, baina ez nago ados. Kontua da saiatzen ari garela ikusle berriak lortzen, eta familientzat ikuskizunak antolatu ditugu, adibidez. Ikuskizun onak eskaini nahi ditugu. Hau da, ez bakarrik entretenitzeko, baizik eta formakuntza lantzeko ere bai. Kulturak balio izan behar du pertsonak hezteko eta irizpide propioak izateko. Bide horretan gaude.
Zein ikuskizun nabarmenduko zenituzke denboraldi honetan?
Umorea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta Faemino y Cansado izanen ditugu gurean. Umore surrealista darabilte haiek. Musikan, apustu handia egin dugu, eta toki desberdinetako musika ekarriko dugu. Alde batetik, Estrella Morente denboraldiko izarra izanen da. Baina Ken Zazpi taldea eta Coque Malla ere izanen ditugu. Aurten, hain justu, Tuterako Pedro III.a aztiak 25 urte beteko ditu ikuskizunak egiten, eta, haren eskutik, magia ikuskizun berezia izanen dugu. Cervantesen heriotzaren mendeurrena dela eta, La Cervantina antzezlana taularatuko du Espainiako Antzerki Konpainia Nazionalak. Horretaz gainera, La historia del rock musikala, Eloise opera, Pulgarcito antzezlana eta El lago de los cisnes etorriko dira gurera, besteak beste.
Hortaz, askotariko programazioa antolatu duzue, denetarik eta guztiontzat.
Bai, hori izan da gure helburua. Nabarmendu nahi dut Gaztanbide ez dela bakarrik tuterarrentzat, baizik eta eskualdeko guztiontzat eta Nafarroako guztiontzat, guztiona baita antzokia. Guztion artean ordaindu baititugu lanak. Nafar guztiek antzokia berena dela sentitzea nahi dugu. Gainera, hona etortzen dira Gaztela eta Leongo, Aragoiko eta Errioxako [Espainia] pertsonak. Leku estrategiko batean gaude. Gure eskaintza kulturala hobetzea gustatuko litzaiguke, baina, horretarako, laguntzak ezinbestekoak ditugu.
Historia korapilatsua izan du Gaztanbidek. 1936an ireki behar zuten, baina 1943ra atzeratu zuten zabaltzea. Azken boladan, hamar urtez egon da itxita.
Bai, 36ko gerra zela eta, ezin izan zuten lehenago ireki. Gero, 1950eko hamarkadan, eraikuntza lanak egon ziren, eta itxita egon zen. 2001ean, beste behin ere itxi zuten. Hamar urte iraun dute lanek. Hasieran, Nafarroako antzokirik handienetarikoa zen Gaztanbide. 1995. urtean, Tuterako Udalak erosi zuen.
Zergatik hainbeste urte obretan?
Egia esan, ez dakigu. Ez dakigu arazo politikoa izan ote zen, edo aurrekontu arazoa... baina kontua da hamar urte luzez itxita egon zela. Denbora horretan guztian, ikusle asko galdu ziren. Eta, orain, gure lana ikusleak berreskuratzea da. Itxita egon zen tarte batean Benjamin de Tudela institutuko antzokia erabiltzen zen. 500 pertsonarentzako lekua du, baina espazio eszenikoa ezin da alderatu. Obrek iraun zuten bitartean eztabaida handia egon zen. Hasieran, antzokia zinema proiektatzeko egokitzea aurreikusi zuten, baina, azkenean, ez zuten aurreikuspena bete. Egun, hainbat arazo tekniko direla medio, ezin dugu zinema proiektatu hemen. Egokitzea gustatuko litzaiguke, herritarrek eskatu digute, baina 400.000 euro inguruko inbertsioa egin behar dugu, eta, orain, ezin dugu. Laguntza behar dugu. Dena den, hona etortzen diren konpainia eta talde guztiek esaten digute oso ongi dagoela, eta oso eroso sentitzen direla hemen lanean.
Uste duzu zinema izateak bizia emanen liokeela antzokiari?
Bai, dudarik gabe. Horrela ere jarraitutasuna emanen genioke lekuari. Orain, ikuskizunak daudenean bakarrik irekitzen da antzokia. Hau ez da Barañaingo Auditoriuma bezalakoa. Han, langileak daude, eta irekita dago beti. Hemen, ikuskizunak ditugunean enpresa bat kontratatzen dugu, eta listo. Mantentze lanek 80.000 euroko kostua dute. Beraz, gure helburua antzokia ahal den gehienetan betetzea eta gastuak orekatzea da. Jendeak honetaz gozatzea. Zinema izateak bizia emanen lioke antzokiari.
Dena den, gero eta jende gehiago etortzen dela nabaritu duzue, ezta?
Bai. 2011tik, gero eta jende gehiago etorri da. Egia esan, joan den urtean ikusle gutxiago izan genituen; 16.000 ikusle urte osoan. Baina aurtengo lehenengo denboraldian bakarrik 12.000 lortu ditugu. Ez da zifra makala. Hortaz, bigarren denboraldiarekin urte borobila eginen dugu. Horretan lan egin behar dugu. Ikusleak lortu eta ikusle horiek antzokira etortzera ohitzea, kalitatezko ikuskizunekin eta neurrizko prezioetan.
“Sententziak berretsi egin du gurea epaiketa politikoa izan dela”
Edurne Elizondo
Agintearen aurkako atentatua egotzi zieten Esako 8ei, Artiedan (Aragoi, Espainia) gertatutako oldarraldian parte hartu zuten guardia zibilei eraso zietelakoan. Bertan behera gelditu da bertsio hori epaiketan. Isuna jaso dute, halere. He...