Beste albiste batzuk

Tafallako ikastolak hurrengo ikasturtean prest izango du eraikin berria

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak bigarren hezkuntzako eraikin berria prest izango du 2014ko irailean. "Prozesu gogorra izan da, bereziki gaur egun dugun egoera zailagatik. Baina pozik gaude, eskualdean euskaraz ikastea abentura den honetan etapa berri bat hastear baikaude", dio Conrado Medrano gurasoen elkarteko lehendakariak. Hainbat burokrazia eta finantzaketa oztopo gaindituta, urriaren 25ean ikastolako eraikin berriko lehen harria jarri zuten. Eraikin berria udalak emandako 4.645 metro koadroko orubean egingo dute, eta hango kirol azpiegiturak herritarrentzat irekiak egongo dira. Horrela adostu baitzuten ikastolak eta udalak.

Eraikin berrian bigarren hezkuntzako ikasleek ikasiko dute. Baina ikastolako arduradunen helburua batxilergoa irakatsi ahal izatea da, ikasleek batxilergoa euskaraz egiteko Iruñera joan behar ez izateko. Kontxi Aranaz ikastolako lehendakaria Jose Iribas Hezkuntza kontseilariarekin biltzekoa da horri buruz hitz egiteko. Hala ere, Aranazek uste du kostatuko zaiela batxilergoa irakasteko aukera izatea: "Ez da ideia burugabea, baina badakigu zaila izango dela".

Lehen harria jartzeko ekitaldian ikastolako ikasle eta langileek parte hartu zuten. Hasteko, ikastolako hiru ikaslek aurreskua dantzatu zuten. Horren ostean, DBHko laugarren mailako ikasleek kutxatila batean hainbat oroigarri gorde zituzten, besteak beste, ikasle eta langileek sinatutako zenbait argazki, DBHko hirugarren mailako ikasleek idatzitako bertso bat, 2011ko Nafarroa Oinez-eko aldizkari bat, egun bereko BERRIA egunkariko ale bat, etorkizuneko ikasleentzako eskutitz bat eta hainbat marrazki.

TCCk lan erreforma aplikatu nahi duela salatu dute

"Lan hitzarmenaren luzapena haustea Iruñerriko hiri garraioaren, mankomunitatearen eta hiritarren aurkako eraso zuzena da", horrela mintzatu da Iruñerriko hiri garraioko enpresa batzordea. TCC Transports Ciutat Comtal enpresak kudeatzen du Iruñerriko autobus zerbitzu publikoa. Langile batzordeak salatu du TCCk hautsi egin duela sinatua zuten akordioa. Horren arabera, enpresak azken erreformaren aurreko lan hitzarmena luzatu zien langileei. Enpresak dio autobusen kudeaketa ez dela errentagarria, eta horregatik ituna ez betetzeko klausula erabiliko duela iragarri du.

TCCren arabera, 2013 eta 2014 artean 1,7 milioi euroren galerak izango ditu autobus zerbitzu publikoak. Langileek, ordea, salatu dute enpresak azken urtean hiru milioi euroren irabaziak banatu dituela eta ia milioi bat euroren irabaziak izan dituela. Langileek diote Iruñerriko Mankomunitatearen txosten tekniko, juridiko eta ekonomikoek agerian uzten dutela autobus zerbitzuaren errentagarritasuna. Txosten horien arabera, 2013-2014ko ikasturterako 70.000 euroren irabaziak aurreikusten ditu mankomunitateak, 2015erako 700.000 eurorenak eta 2016rako 1,2 milioi eurorenak.

Kopuruak asko aldatzen dira alde batetik bestera. Horregatik, langileek lan erreforma berria ez aplikatzeko eta hiru aldeko bilera egiteko eskatu dute.

Iruñerriko Mankomunitateak autobusetako tarifak igo nahi ditu

Iruñerriko Mankomunitatearen presidentetza heldu den urterako autobusetako tarifak prestatzen ari da. Batez beste, tarifak %1,95 igoko dira, baina alde handia dago billete batzuen eta besteen artean. Hala, erabilpen ugariena duten billeteek izango dituzte igoera baxuenak. Egun, txartelarekin ordaintzen dira bidaien %58,75. Horien prezioa %3,08 igoko da. Hau da, txartelarekin ordaindutako bidaia bakoitza 0,65 eurotik 0,67 eurora igoko litzateke. Billete arruntaren kasuan igoera %3,85 izango da; 1,30 euro zena 1,35 euro kostatuko da. Hala ere, igoera handiena San Fermineko billeteak jasango du: %6,67. Jaietako billetea 1,50 eurotik 1,60 eurora pasako da.

Hala ere, igoera horiek proposamen bat baino ez dira. Datorren hilaren 24an Mankomunitateko batzorde iraunkorrak prezioen taula berriari begiratu bat emango dio. Onartu ostean, 15-20 eguneko tartean, Mankomunitateko batzar orokorrera deituko dute behin betiko erabakia hartzeko.

Iruñerriko Hiri Garraioak 1,94 milioi euroko defizita du. Billeteen prezio igoerak ez du zorra kitatuko. Hori lortzeko, "ezohiko ekarpena" eskatuko die Mankomunitateko presidentetzak udalei. Hala ere, udalek ez dute oraingoz baiezkorik eman. Mankomunitatea osatzen duten udal gehienak nahiko estu baitabiltza aurrekontu aldetik.

“Ez dugu pasatzen egun osoa bizikleten inguruan hitz egiten”

Bigarren Eskua bizikleta dendako hormetan ez dago txirrindularitzaren izarren argazkirik. Sarrerako loreak, egurrezko erakusleihoa eta musika lasaia baliatzen dituzte bezeroak erakartzeko. "Datorren jendearekin ondo pasatu nahi dugu; bizikleta bat saltzerako orduan bizikletaz hitz egingo dugu, baina, bestela, eguneroko edozein gairen inguruan hitz egitea gustatzen zaigu. Ez dugu pasatzen egun osoa bizikleten inguruan hitz egiten", dio Ibon Txarterinak (Bilbo, 1980). Hamar urte beteko ditu Bigarren Eskua bizikleta dendak. Lasterketetan ibiltzen direnentzat baino gehiao, egunerokoan edo bidaiak egiteko bizikleta erabiltzen dutenentzako denda da. Iruñeko Alde Zaharreko Karmen kaleko 17. zenbakian dago denda, bizikletarekin lotuta hamaika zerbitzu eskaintzen dituzte. Bezeroekin hurbileko harremana izatea zaintzen dute gehien.

Orain hamar urte, 2003an, Txarterinaren anaiak, Aitorrek, bizikleta denda bat ireki zuen: Bigarren Eskua. Nazkatuta zegoen bizikleta dendetan jasotzen zuen tratu txarraz. "Besteak beste, asko kobratzen dute, eta bizikleta zaharra konpontzera eramanez gero, eskale baten modura artatzen dute bezeroa", azaldu du Txarterinak. Beraz, egoera hori izanda eta diru sarrera finkorik ez zuenez, anaiak bere gustuko denda irekitzea erabaki zuen. Hortik bi urtera, Txarterina sartu zen dendara lanean, anaiarekin batera. "Ni Londresen nenbilen, eta Iruñera etorri nintzen antzerkia ikasi nahi nuelako. Hemen badago Nafarroako Antzerki Eskola, eta anaiak denda duenez, hona etortzea erabaki nuen", adierazi du Txarterinak.

Bigarren Eskua bizikleta dendan hamaika zerbitzu eskaintzen dituzte: Erasmus ikasleentzako bizikleta alokairua 0,60 euroan, bigarren eskuko bizikletak, bizikleta berriak, konponketak... Bigarren eskuko bizikletek arrakasta handia dutela dio Txarterinak; "dena saltzen dugu, eta gehiago izango bagenitu ere, salduko genituzke". Bigarren eskuko bizikletak aurreko hamarkadetan gehien saldu diren bizikletak izaten dira: mendiko bizikleta zaharrak, errepidekoak eta pasierakoak. Bizikleta horiek, gehienbat, errekurtso gutxi dituzten pertsonek erosten dituzte normalean. Baina, horiez gain, badaude ekologistak, diru askorik gastatu nahi ez dutenak, bigarren eskuan bizikleta on bat lortu dezaketela uste dutelako. Baita Txarterinak "miserableak" deitzen dituenak ere. Horiek, nahiz eta dirua izan, ez dute dirurik gastatu nahi.

Bizikleta berri bat erosterako orduan, Txarterinak gomendatzen du 400 euro baino gutxiago ez gastatzea. "Jendeak uste du 200 euroan baleko bizikleta bat lortu dezakeela, baina hori ez dago. Erosterakoan aurreztuko dena gero tailerrean gastatuko baitu", ohartarazi du. Bizikleta berriak erosteko, Alemaniara joaten dira. Urtero, Costanza lakuan dagoen Friedrichshafen (Alemania) herrian egiten duten Eurobike azokara joaten dira. Abuztuaren bukaera eta irailaren hasiera artean egiten da azoka hori. Bertan merkatua aztertu eta urte osorako eskaerak egiten dituzte. Bestalde, Conor bizikletak ere erosten dituzte. Bizikleta horiek Eguesibarren egiten dituzte. Behar adina eskatzen dituzte. Normalean, 200 euro inguruko prezioa dute. Bezero perfil zehatza du bizikleta horrek. "Olentzerotarako nerabe baten familiak bizikleta bat nahi baldin badu, Conor-a saltzen diogu. Bizikleta hori ziurrenik lurrera botako du, lagunei utziko die zibarena eta ez dakit zenbat gauza gehiago egiteko. Hori kontuan izanda, ez du merezi diru gehiago gastatzea", azaldu du Txarterinak.

Bizikletaren arriskuak

Iruñea hiri ona da bizikletan ibiltzeko, Txarterinaren ustez. "Eguraldi aldetik, ez da hiri txarra. Beste alde batetik, orografiak ere laguntzen du, oro har laua baita". Iruñeak duen alde txarra segurtasuna dela uste du, eta horren erantzukizuna gobernuaren eta agintarien gain jarri du Txarterinak: "Edukiontzi bakoitzean zer bota behar dugun erakutsi dute, baina ez dute azaltzen bidegorritik nor joan daitekeen. Eskolatik hezi beharko da".Txarterinak azaltzen du bere anaiak esan ohi duela Iruñea eta Nafarroa oro har gai horretan ikasle txarrak direla. "Azterketetan egin beharrekoa kopiatu ahal dute, albokoak zer egiten duen ikusi... Baina, horren ordez, albokoek egiten dituzten gauzarik txarrenak baino ez dituzte kopiatzen". Horietako bat da txirrindulariak espaloitik ibiltzera behartzea edo ohitzea. Txarterinaren aburuz, bizikletak errepidetik joan beharko lukete, oinezkoek eskubidea dutelako espaloitik lasai joateko. Baina, aldi berean, txirrindulariek beldurra diete autoei, auto gidariek "ez dituztelako abiadura mugak errespetatzen". Txarterinak proposatzen duen irtenbidea heziketa da, denen arteko errespetua bultzatzen duen heziketa. "Errepidea ez da autoena; denok ordaintzen ditugu zergak, eta denok dugu eskubidea errepidetik ibiltzeko".

Betaurreko zuriak ilunetan ikusteko

Simon Santamaria Iruñeko udaltzain buruak kritika ugari jaso ditu karguan dagoenetik. Dimisio eskaerak ere ugariak izan dira. Herri mugimendu, alderdi eta sindikatuek hainbatetan salatu dute udaltzain buruaren "jarrera autoritarioa". Udaltzainen artean ere gatazka ugari izan dira. Orain urte batzuk, Santamariarekin kritikoak ziren udaltzainek protesta baketsu bat hasi zuten, lanean betaurreko zuriak erabiliz. Horren bidez, udaltzainek adierazi dute Santamariaren erabakiekin bat ez zetozela. Imanol Reta ere ez dator bat udaltzain buruaren lan egiteko erarekin, eta hori adierazteko gafasblancaspamplona.blogspot.com bloga sortu zuen 2012ko abuztuan. Geroztik, Retak espero ez zuen arrakasta izan du blogarekin. Baina urriaren 8an, ustez irain delitua egiteagatik deitu zuten epaitegira. Salaketa Santamariak eta Ignacio Polo Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotziak jarri zuten.

Iruñeko udaltzainen artean ez dago giro onik. Abuztuan prentsan agertu zen SPPME udaltzainen sindikatuak Santamaria, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Udaltzaingoko hamar agintari eta legelari bat salatu zituela. Santamariaren kasuan, salaketa mendekoak iraintzegatik eta mehatxatzeagatik jarri diote. Salaketa gertatzen ari den guztiaren parte txiki bat baino ez da. Retak ezagunak ditu udaltzainen artean. Horien egoera zein den badaki, eta zerbait egitea pentsatu zuen. "Ez nago batere ados Santamaria egiten ari denarekin. Ezagun batzuekin blogaren ideia komentatu ostean, laguntzeko prest zeudela esan zidaten. Eta horrela hasi nintzen", azaldu du Retak. Berak ez zuen gauza handirik egin nahi; gehienbat bere buruarekin ondo sentitzeko hasi zen bloga idazten. Baina berehala hasi zen blogaren ospea zabaltzen.

Retak hainbat iturritatik jasotzen ditu Santamariak, Polok edo udaltzainen buruek egiten dutenaren berri. Retaren aburuz, irregularrak edo ez oso zuzenak diren jarrerak publikatzen ditu blogean. Adibidez, sanferminak baino lehen udaltzain buruak 3.000 matrikula berri sartu zituen visual car sisteman —matrikulak irakurtzen dituzten kamerak daramatzaten autoak—. Horri esker, 3.000 auto horiei ezin zitzaien isunik jarri. Beste sarrera batzuetan frogatu nahi izan du Polok udalaren auto bat erabiltzen duela bere egunerokoan. Gainera, eremu urdina ez ordaintzeko, Iruñeko Udalaren paper bat jartzen du autoan. Paper horrek dio autoa aparkatua dagoen tokian egon daitekeela —tokia zehaztu barik dago—, betiere "egin beharrak betetzeko" bada. Gisa horretako gertaerak publikatu ditu Retak azken hamalau hilabeteetan. Bloga egunez egun ospea hartuz joan da; gaur egun 130.000 bisita inguru jaso ditu. Ospe horrek informazio gehiago jasotzen lagundu dio. Gero eta jende gehiagok bidaltzen baitio informazioa. Retaren ustez hori gertatu da udaltzainak "beldurra galtzen" ari direlako.

Baina udaltzain buruak eta hiritarren segurtasunerako zinegotziak ez dute begi onez ikusi bloga. Santamaria eta Poloren aburuz, euren burua iraintzen duten hainbat komentario agertzen dira blogean eta horregatik salatu dute Reta. Hala ere, Retak dio salaketa ez dutela salatzaileek prestatu, Iruñeko Herritarren Segurtasunerako Sailak baizik. "Hau da, baliabide publikoak erabili dituzte euren salaketa pertsonala egiteko", dio Retak.

Urriaren 8an epailearen aurrean deklaratu zuen Retak. Bera lasai dago, uste baitu ez duela inor iraindu. Gainera, gai horretan tentuz ibili da. Iraingarriak uste zituen komentarioak ezabatu baititu hasieratik. Fiskalak erabakiko du epaiketa hasi edo ez.

BOSGARREN EDUKIONTZIA

Azaroaren 11n bosgarren edukiontzia martxan jarriko dute Barañainen. Iruñerrian gisa horretako edukiontzia izango duen lehen herria da. Bosgarren edukiontzia materia organikoa biltzeko da, besteak beste, fruituak, barazkiak, ogi apurrak, kafe eta infusio iragazkiak, janari prestatuak eta sukaldeko paper zikina. Sistema berria erabili nahi dutenek izena ematearekin batera edukiontziak erabiltzeko giltza jasoko dute .

Lan erregulazio espediente baten mehatxupean dira Olatzagutiko Portlanden

Olatzagutiko Cementos Portland lantegia 190 egunez itxi nahi dute, 2014ko abendura arte. Lantegiko 105 langileak daude aldi baterako enplegua erregulatzeko espediente baten mehatxupean. Hori izango da lantegiak azken urtean jasan duen bigarren erregulazio espedientea. Aurten, lantegiaren porlan produkzioa ia %15 jaistea aurreikusi du enpresak. Hau da, iaz baino 50.000 porlan tona gutxiago ekoitziko dituzte. Cementos Portland Valderrivas enpresa FCCren adar bat da, eta Olatzagutiaz gain, Espainian dituzten lantegietan ere enplegua erregulatzeko espedienteak aurkeztuko dituzte. Enpresako langileen %97k jasango dute erregulazio espedientea. Hala ere, xehetasunak argitzeko daude oraindik.

Enpresaren eta langileen arteko negoziazioak hasi berriak daude. Urriaren 10ean egin zuten lehen bilera. Egutegia zehaztu gabe badago ere, lanik egingo ez duten egun kopurua ez da gehiegi aldatuko. "Sektorean jasaten ari diren egoera ikusita, horrelako zerbait espero genuen", dio Javier Lekunberri UGT sindikatuko kide eta enpresa batzordeko presidenteak. Negoziazioetan langileentzako baldintzarik onenak lortzen saiatuko direla esan du Lekunberrik, baina negoziazioa "korapilatsua" izango dela. "Enpresa egoera zailean dago, krisi ekonomikoak gogor jo baititu eraikuntza eta herri lanak". Egoera horri aurre egiteko, Lekunberrik uste du kaleratzerik ez egotea lortzen badute "gaitz erdi" izango dela.

Urteko bigarren espedientea

Negoziatzen ari diren enplegua erregulatzeko espedientea ez da Olatzagutiko lantegiak izan duen lehena. Ekainean, Cementos Portlandek beste espediente bat aurkeztu zuen. Horren ondorioz, 27 langile kaleratu zituzten; 9 langilek Iruñeko bulegoetan lan egiten zuten, eta beste 18k, lantegian. Hala ere, espediente hark eragindako langileen %15 oraindik lanean daude. "Horiek oso kasu bereziak dira, zenbait lan egiteko ezinbestekoak diren langileak baino ez daude lanean", azaldu du Lekunberrik. Hala ere, abenduaren 31ra arte bakarrik jardungo dute lanean. Ekainean aurkeztutako espediente berean, enpresak Espainian dituen lantegietan 267 langile kaleratu zituen. Hilabete batzuk lehenago, beste 227 langile lanik gabe gelditu ziren. Guztira, 460 langile kaleratu ditu Cementos Portlandek lau hilabetean. Horrez gain, FCCk berak enplegua erregulatzeko beste hainbat espediente egin ditu aurten. Apirilean, 842 langile kaleratu zituen, eta irailean, beste 155. Orotara, FCC eta Cementos Portlandek iaz baino 1.457 langile gutxiago dituzte.

Cementos Portlandek erregulazio espedienterako argudiatu du eskaerak %23 jaitsi direla urteko lehen zortzi hilabeteetan. Irailean, joera ez da aldatu, eta kontsumoa %38 jaitsi da. Azken hilabetean ekoitzi ez duen porlana Cementos Portlandeko lantegietako baten urtebeteko ekoizpena da.