Beste albiste batzuk

“Hizkuntzak erabili egin behar dira, bestela gaitasuna galtzen da”

Irailarekin batera hasten da ikasturte berria. Opor luzeen ostean, umeak ikasgeletara bueltatzen dira. Batzuk animatuago, beste batzuk alferrago, baina denek dituzte aurretik bederatzi hilabete bizipenez eta ikasketaz beteak. Umeek baino egun batzuk lehenago irakasleek hasi dute ikasturtea. Eurek ere, opor luzeen ostean lanera bueltatu behar dute. Eskolak hasi baino lehenagoko egun horietan, ikasturte berriko azken xehetasunak lotzen dituzte. Marian Moya (Iruñea, 1984) ingeles irakaslea da Antsoaingo Ezkaba ikastetxean. Lanean hastea beti kosta egiten bada ere, Moyak gogoz hasi du ikasturtea. "Umeekin lan egiten dugu, eta horrek ehuneko ehunean egotea eskatzen du". Zortzi urte daramatza irakasle lanetan. Irakaskuntzak betidanik erakarri du. "Txikitatik hurbil izan dudan lanbidea da, ama ere irakaslea delako". Hala ere, unibertsitate ikasketak aukeratzeko garaian zalantzak izan zituen. Azkenean, Atzerriko Hizkuntzako Irakasle ikasketak aukeratu zituen, eta oso pozik dago egindako aukerarekin.

Moyak Iruñean egin zituen irakasle ikasketak. Ez zuen tutorea izan nahi, nahiago zuen atzerriko hizkuntza bateko irakaslea izan. Ez baita berdina hizkuntza bat edo bestelako materia bat irakastea. Hiru urteko ikasketak ziren irakaslekoak —gaur egun lau urte dira—, eta azkena Ingalaterran igaro zuen Erasmus bekari esker. Oroitzapen onak ditu: "Praktikak hasieratik egin genituen, hainbat eskolatan gainera. Irakasteko egoera oso ona zen, arbela digitala, 16-18 ikasle gela bakoitzean eta irakaslearen laguntzailea". Duela zortzi urte ezagututako baliabideen falta sumatzen du gaur egun.

Zortzi urte ingelesa irakasten

Ikasketak bukatu eta segituan hasi zen lanean Moya. Irakasle ikasketak bukatzean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zerrendetan izena eman zuen, baina lanean hasteko itxaropenik gabe. Ingeles Filologia ikasten hasi zen, eta urtarrileko azterketen ostean deitu zuten ordezkapen bat egiteko: "Matienatik deitu ninduten, ezagutzen ez nuen Bizkaiko herri batetik. Hasieran uko egitea pentsatu nuen, baina deitu ninduenak animatu egin ninduen, eta lanean hasi nintzen". Matienan aste batzuk eman zituen; gero, Bilbora joan zen; eta hurrengo urtean, Nafarroatik deitu zuten. Berak ikasi zuen institututik, gainera.

Gaur egun, Antsoainen dago Moya. Bertako umeei irakasten die ingelesa. Umeekin lan egiteak baditu bere berezitasunak: teknika ezberdinak erabili behar dira batzuekin eta besteekin. Moyaren arabera, "txikienekin, hitz egiteko gaitasun handirik ez dutenez, norbera da protagonista. Baina helduz doazen heinean, eurek hartzen dute protagonismoa".

Antsoainen ingeleseko gela berezia dute. Moyarentzat, abantaila handia da hori, umeak betiko klasetik mugitzen direlako eta ikasgai berezi bat eman behar dutela jabetzen direlako: "Hormako irudi eta kartelak ingelesez daude, eta umeek badakite gela horretan ingelesez egin behar dutela". Bertan, umeen parte hartzea bultzatzen du Moyak, hizkuntza bat ikasteko umeen jarrera aktiboa ezinbestekotzat jotzen baitu: "Antzerkitxoak egiten ditugu binaka edo talde txikietan. Eguneroko esaldiak lantzen ditugu horrela".

Baina dena ez da arrosa kolorekoa. Ingeleseko irakasle izateak bere zailtasunak ditu. Atzerriko hizkuntzak ez baitira egunerokotasunean erabiltzen, eta askotan umeek galdu egiten dute ikasitakoa. "Hizkuntzak erabili egin behar dira, bestela gaitasuna galtzen da. Horregatik, ume askok beti berdina lantzen duten sentsazioa izaten dute", azaldu du Moyak. Ingelesaren alderdirik zailena ahoskera zuzena egitea da, euskara edo gaztelaniarekin alderatua ingelesa oso ezberdina delako fonetikoki. Horrek ere idazterakoan eragiten du, ahoskatu eta idatzi oso ezberdin egiten delako. Moyak azaldu du azkar ulertzen dutela ingelesak nola funtzionatzen duen eta ez dituztela ohikoak direnak baino arazo gehiago.

Bokaziozko lanbidea

"Zalantzarik gabe, irakasle lana bokaziozkoa da. Ez baita lan erraza eta gustura egin beharrekoa da, umeekin beti ehuneko ehunean egon behar baita", esan du Moyak. Fakultatean asko ikasten dela aitortu badu ere, norbera irakasle egiten duena klaseak ematea dela dio. Hori bera esan zion fakultateko irakasle batek, eta ez zaio ahaztu oraindik Moyari. Esperientziarekin batera, komeni da irakasle ikasketak beste batzuekin osatzea. Moyak gogoratu du unibertsitate garaian psikopedagogia ikasketak egitera animatzen zituztela, oso garrantzitsua delako umeen garapena ikusteko eta haiekin nola erlazionatu jakiteko.

Ofizio gehienak bezala, irakasle lana ere oso markatuta dago generoaren aldetik. Fakultateetan emakumezkoak dira gehienak. Moyaren ustez, emakumeek historikoki izan duten zaintzaile rolagatik da hori. Hala ere, astiro baina gauzak aldatzen ari dira.

“Mehatxuak proiektu politiko jakin baten aurkakoak izan dira”

Uda honetan, bi herio mehatxu bidali dizkiete eskutitz bidez Mikel Sobrino Elizondoko zinpeko alkateari eta Garbiñe Elizegi Baztango alkateari (Pomona, AEB, 1975). Herio mehatxuak Agrupacion de Nacionalistas Navarros (Nafarroako Nazionalisten Elkartea) taldeak sinatu ditu. Elizondoko udaletxean ikurrina eta euskal presoen sakabanaketaren aurkako ikurra kentzeko eta Espainiako bandera jartzeko exijitu die bi alkateei. Abuztuaren 26 arteko epea eman zieten Sobrino eta Elizegiri agindua betetzeko. Eguna igaro da, eta udalak ez du aldaketarik egin.

Nola jaso zenuten lehen eskutitza?

Uztailaren 18 edo 19an heldu zen eskutitza udaletxera. Elizondoko udaleko alkateari zuzenduta zihoala jartzen zuen, baina Elizondok ez du udalik, Baztanek du udala. Orduan, eskutitzak banatu zituenak Elizondoko zinpeko alkateari eman zion. Honek ez zuen ireki jaiak bukatu arte, hau da, eskutitza heldu eta bi astera arte. Irekitzean, herio mehatxua zela ikusi zuen, eta abisatu egin ninduen. Erabaki genuen lehenengo gauza Foruzaingoan salaketa jartzea izan zen, eta horrekin batera bailarako alkateak bilera batera deitzea. Horrez gain, salaketa publikoa ere beharrezkoa zela iritzi genuen. Egun batzuk geroago, bigarren mehatxu eskutitza jaso, eta eskualdeko Batzar Nagusia deitzea erabaki genuen.

Zer-nolakoa izan da beste alderdiengandik jaso duzuen erantzuna?

Oro har, elkartasun adierazpenak jaso ditugu alderdi guztietatik. Oso pozik gaude jasotako babesagatik. Hala ere, egon dira elkartasuna adierazi nahi izan ez dutenak, Berako UPNko zinegotzia, esaterako. Beste batzuek euren burua behartua ikusi dute, baina agerian geratu da zenbaiten hipokresia.

Mehatxuen berriaren inguruan, nolakoa izan da Baztango herritarren erreakzioa?

Alde horretatik, oso pozik gaude. Une oro sentitu baitugu herritarren babesa. Uste dut herritarrek euren aurkako erasoa balitz bezala jaso dutela herio mehatxua. Ez baitira mehatxu pertsonalak izan, proiektu politiko jakin baten aurkakoak baizik. Guk proiektu politiko hori defendatzen dugu, eta horretarako aukeratu gaituzte herritarrek. Horregatik uste dut herritarrek eurei ere eraso egin dietela sentitu dutela hein handi batean.

Gisa honetako erasoak UPN, PP eta Espainiako Gobernuak aurrera daramaten euskal ikurren aurkako kanpainaren ondorio direla esan duzue. Zein dira kanpaina horren ekintzarik nabarmenenak?

Espainiako eta Nafarroako ikurren legeak dira adibiderik argienak. Azken horrek udaletako balkoietan ikurrina jartzea debekatu du. Legealdi berria hasi zenetik alkateak kargurako gaitasunik gabe utziko dituztela mehatxatu dituzte, besteak beste, Espainiako bandera ez jartzeagatik eta ikurrina zintzilikatzeagatik. Kanpaina horren beste adibide bat da herio mehatxua jaso eta astebetera Nafarroako Gobernuarengandik jaso genuen oharra. Bertan jakinarazten ziguten auzi bat irekia genuela, Baztandarren Biltzarrean udaletxeko balkoian ikurrina jartzeagatik. Baztandarren Biltzarrean duela 50 urte hasi zen ikurrina udaletxeko balkoian jartzen. UPNk gobernatu duenean ez da jarri izan.

Begoña Sanzberro Baztango UPNko zinegotziak herio mehatxuak "estrategia" gisa erabiltzea leporatu dizue. Nola baloratzen duzue?

Adierazpen horiekin argi geratu da zein den UPNren jarrera eta zer jokotan dabilen. Hemen biktimak alde guztietan daude, indarkeria alde guztietan izan delako. Baina hori ez dute inoiz onartu. Eta horrela jarraitu nahi dute, gatazka ukatzen. Horregatik ihes egiten diote eztabaida politikoari eta ostrukarena egiten dute, azken Batzar Nagusian bezala. Nahiago dute euren hedabideak erabili gisa horretako adierazpenak egiteko, eztabaida politikoan sartu baino.

“Autismoa eta Downen sindromea dutenen dohainak elkartu nahi ditugu”

Ia sei urte dira Andoni Zilbeti (Iruñea, 1978) Motxila 21 taldeko kidea dela. Gitarra elektrikoa jotzeaz gain, taldeko furgoneta gidaria ere bada. Londresko The Autistix taldea maiatzean izan zen Euskal Herrian. Orduan bi taldeen artean sortutako harremanari esker, abuztuaren 26an Londresa joango dira Iruñeko taldekoak. Hango bizipenak dokumental batean jasoko ditu Iñaki Alforja zinemagileak.

Laster Londresen izango zarete hainbat kontzertu eskaintzeko. Nola sortu da hara joateko aukera?

Truke kontua izan da. Maiatzean, The Autistix taldeko kideak etorri ziren. Autismoaren sindromea duten bost musikarik osatzen dute talde hori. Haiekin ere boluntarioak aritzen dira. Proiektu bat jarri genuen martxan, truke hori gauzatu ahal izateko. Hala, haiek Euskal Herrian izan ziren maiatzean, eta guk bisita itzuliko diegu abuztu amaieran.

Nolakoa izan zen Euskal Herriko bisita?

Zoragarria izan zen. Herri askotan eman genituen kontzertuak The Autistixekoekin; tartean, Getarian (Gipuzkoa), Iruñean eta Durangon (Bizkaia). Horrez gain, hitzaldi batzuk ere eman genituen. Azken finean, hainbat alorretan elkarrekin egin nahi genituen gauzak egin genituen.

Nolakoa da bi taldeen arteko harremana?

Handik hona etorritako jendearekin oso harreman ona izan dugu. Interneti esker, kontaktuan jarraitzen dugu, eta oso adiskidetasun polita lortu dugu. Hala ere, egia da hizkuntza askotan arazo handia dela. Nahiz eta ez dugun ongi ulertzen, aurrera egiten dugu.

Zein da Londreserako duzuen plana?

Abuztuaren 26an irtengo gara Londresera bidean, eta irailaren 1a bitarte egongo gara. Haiek guretzako programa berezi bat prestatuko dute. Besteak beste, Picadilly Circus eta Camden Townen joko dugu. Horrez gain, turismo apur bat egiteko ere aprobetxatuko dugu bidaia. Autismoa eta Downen sindromea dutenen dohainak elkartu nahi ditugu, batera gauza politak egin ahal izateko.

Iñaki Alforjak zuen bidaiaren inguruan dokumental bat egitekotan da.

Hala da. Iñaki Alforjak Motxila 21 taldearen inguruko dokumental bat egin nahi zuen. Besteak beste, taldearen bizitza islatu nahi du, eta kide bakoitzari elkarrizketa egitekotan dela uste dut. Verkamin sistemaren bitartez proiektua finantzatzeko aurreikusitako 12.000 euroak lortu ditu. Beraz, gurekin batera joango da Londresera Motxila 21, London Tour (Motxila 21, Londresko Bira) dokumentala grabatzera.

Bidaia zuen poltsikotik ordainduko duzue?

Europako Batasunak ematen duen diru laguntza baten bitartez lortu dugu bidaia egin ahal izateko dirua. Horri esker, posible izango da gure lehenengo esperientzia atzerrian. Izan ere, Euskal Herriko txoko askotan jo izan dugu, baina ez gara inoiz talde gisa atzerrian izan.

Zenbat lagun joango zarete Londresa?

Oraingoz, ez dugu zenbatekoa erabat zehaztua, baina pentsatzen dut taldeko kide guztiak joango garela. Horrez gain, ziurrenik ere gurasoek etorri nahiko dute. Taldekideak 23 gara, eta gurasoekin 30-35 bat izango garela pentsatzen dut. Lana dugu dena ondo antolatzen. Horrelako talde handi batentzat ostatuak-eta hartzea ez da batere erraza. Gainera, taldean baditugu zeliakoak, diabetikoak... Faktore asko hartu behar izango ditugu kontuan.

Taldekideak urduritzen hasi dira?

Londresera joateko aukera genuela jakin genuenean jarri ginen apur bat urduri. Kontzertu pila bat eman ditugu, eta, oraingoz, lasai gaude.

Errepertorio berezirik prestatu duzue?

Printzipioz, azken urteetako kontzertuetan jotzen ditugun abestiak jotzea daukagu aurreikusia. Hala ere, sorpresatxoren bat izan daiteke, nork daki.

Isuna ezarri diete ogiaren prezioa igotzea adostu zuten okindegiei

Bi milioi euroko isuna ezarri die Espainiako Lehia Batzordeak Nafarroako zortzi okindegiri, ogiaren prezioa igotzea adosteagatik. 2011ko otsailean, euro batetik 1,05 eurora igo zuten ogi barra arruntaren prezioa Iruñerrian. Enpresa hauek jaso dute isuna: Berlys Corporacion Alimentaria, Horno Artesano, Union Panadera de la Ribera, Arrasate, Fabripan Yori, Panaderia Miravalles, Hornamosopan eta Navarpanek.

Batzordeak salatu du igoera "orokorra" izan zela. Horregatik, lege urraketa "larritzat" jo du. Izan ere, "oinarrizko elikagaia" baita ogia. Nabarmendu duenez, zortzi enpresa horien arteko akordioak saltzaileengan eta kontsumitzaileengan izan du eragina. Ogi ekoizpenaren %80 zortzi enpresa horien esku dago. Beraz, haien itunaren ondorioz, 2011. urtean ogia %5 garestitu zen Iruñerrian.

La Montañesaren eta Mankomunitatearen auziko epaia berretsi du Gorenak

Lan baldintza hobeak aldarrikatzeko, billabesetako langileek greba egin zuten 2004an, zerbitzua La Montañesa enpresak kudeatzen zuenean. Azkenean, enpresak Iruñerriko Mankomunitatearekin akordio ekonomiko bat erdietsi zuen. Mankomunitateak, baina, ez zuen adostutakoa bete, eta, orduan, La Montañesa enpresak auzitara eraman zuen gaia. 2009an, mankomunitateak 953.500 euroko kalte-ordainak ematea erabaki zuen justiziak. La Montañesak helegitea jarri zuen, eta 3,9 milioi euro eskatu zituen. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du helegitea, eta hasierako kalte-ordaina berretsi du. Ez dago helegiterik aurkezteko aukerarik.

Mankomunitateko presidentea, Jose Muñoz, kontent agertu da. Azaldu duenez, mankomunitateak ordaindu du jada epaiak zehaztutako kantitatea. Berez zigorra 953.500 eurokoa den arren, auzibidearen gastuak bere gain hartu behar izan dituzte, eta ia 7.700 euro gehiago eman behar izan dizkiote enpresari. Osotara, 960.000 euro.

Auzi luzea da La Montañesa eta Iruñerriko Mankomunitatearen artekoa. 2005ean eskatu zuen enpresak lehenengo aldiz akordio ekonomikoa betetzea, baina errefusatu egin zuten. Enpresak helegitea aurkeztu zuen, baina auzitegiek ez zuten onartu. 2009an, beste helegite bat aurkeztu, eta auzia beste behin ikertu zuen beste epaitegi batek. Horrek 953.500 euro inguruko ordainketa agindu zuen. La Montañesak diru gehiago eskatu zuen, baina ez dute aintzat hartu.

TCC enpresa ere kexu da

La Montañesa enpresak 2009ra arte kudeatu zuen Iruñerriko autobus zerbitzua. Gaur egun, TCCren esku dago. Bertako enpresa batzordeak salatu du itun kolektiboa bertan behera geratu dela. Orain, soldatak %6 jaits ditzakete, eta 40 orduko lanaldia ezar dezakete. Horrek kaleratzeak eragin ditzake. "Kudeaketa txarra" jo dute egoeraren erantzuletzat.

“Kolonizazioak arrakasta izan du: frantziarrak sentitzen dira”

Bidaiatzen jarraitzeko gogoa baino ez dio eman Martinika uharteak Ilazki Lakuntza (Iruñea, 1988) eta Oihan Briere (Miarritze, 1989) bikoteari. Hamar hilabete igaro dituzte lanean Kariben, hango errealitate latza ezagutzen eta horretatik asko ikasten. Uztailaren 14tik Iruñean dira berriro, baina dagoeneko ari dira antolatzen hurrengo bidaia.

Lakuntzak azaldu du zergatik joan ziren: "Hemen genituen lan aukerak ez ziren ugariak, eta atzerrian esperientzia bat izan nahi genuen". Briere diseinatzaile grafikoa da, eta lan eskaintza bat lortu zuen Karibeko uhartean. Publizitate agentzia batean aritu da zuzendari artistiko moduan hilabete hauetan. Lakuntza lanik gabe joan zen —"baina gogo handiarekin"—, eta kostatu bazitzaion ere, lortu zuen egitekoa. Espainol Filologia ikasia du, masterra du irakasle aritzeko, eta ordezkapen bat egiten aritu da hango institutu batean, gaztelerazko eskolak ematen. Biek ez dute dudarik, eta zentzu guztietan esperientzia guztiz aberasgarria izan dela diote.

"Jendeak uste du Martinika hondartza eta paradisua dela, eta egia da, neurri batean horrela da. Natura izugarria da, baina herritarren errealitatea guztiz bestelakoa da", esan du Lakuntzak. Frantziatik milaka kilometrora dagoen arren, Parisen politiken menpe dago Martinika. 1635etik izan da Frantziako kolonia, eta 1946. urtean departamentu estatusa hartu zuen. "Gatazka asko dituen irla da. Kristobal Kolonek deskubritu zuenetik, sufrimendua baino ez du jasan. Karibe indiar guztiak hil zituzten, eta langilerik gabe gelditu zirenean, Afrikako esklaboak ekarri zituzten. Orain, biztanleria guztiz afrikarra da, beltza, eta 1846. urtera arte esklaboak izandakoak". Bikoteak azaldu duenez, biztanleriaren gehiengoak asimilatu du Frantziako identitatea, eta ez dute zerikusirik izan nahi Afrikarekin, haien kultura tradizionala —kantuak, dantzak…— hangoa izan arren.

"Kolonizazioak horrenbeste arrakasta izan du, frantziarrak sentitzen dira". Gainera, Frantziak politika erabat diskriminatzailea erabiltzen du Martinikan, adibidez, hizkuntzarekin. Kreolera da hango hizkuntza, baina ez da ofiziala. Orain dela gutxi arte, gainera, debekatuta zegoen kreoleraz mintzatzea, esklaboekin eta arruntasunarekin lotzen zutelako. "Egun, herritarrek ez dute bere kultura aintzat hartzen, ez dira identifikatzen gutxiagotasun konplexua dutelako, eta Frantziakoa izateak, berriz, prestigioa ematen die". Badago Martinikan mugimendu independentista eta autonomista, aldaketa nahi duena uhartean, baina oso gutxi direla azaldu dute. "Gehienek ez dute kontzientziarik, miserian eta izututa bizi izan direlako orain dela gutxi arte, eta denbora behar dute".

Badute, gainera, beste gatazka larri bat: becqueak. Kolonoen ondorengoak dira becqueak, uharteko biztanleriaren %1. Txuri-txuriak dira, eta haien artean baino ez dira erlazionatzen eta ugaltzen. "Haiek dute boterea uhartean; haiek kontrolatzen dituzte laborantza guztiak, eta prezioak adostu; prezio ezin altuagoak, gainera". Klanetan bizi dira, eta hiritarrak —atzerritarrak— gorrotatzen dituzte, "haien ekonomia ezegonkortzen dutelako". Beltzek haientzat esklaboak izaten jarraitzen dute. Eta horrela sentitzen da oraindik ere biztanleriaren zati bat: "Esklabo modernoak". Izan ere, lan baldintzak oso gogorrak dira; soldatak, oso baxuak, eta bizitza, garestiegia. "Martinikan legea egiten dute becqueek".

Horren ondorioz, gizartea guztiz desegituratuta dago, sustrairik gabe, eta errealitatearen kontzientzia hartzea oso zaila da. Denbora gutxi pasatu da kolonizazioa izan zenetik eta esklabo izateari utzi ziotenetik. "Haien arabera, frantsesa izateak libre egin ditu, baina ez dira konturatzen Frantziak guztia kendu diela". Frantziako nortasun agiria dute, hezkuntza sistema hangoa da, eta uhartea frantziarren erritmo eta ordutegiekin bizi da. Karibeko uharte "onenetarikoa" da Martinika, baina, era berean, desberdintasunak nabarmenak dira. Pobrezia handia dago. Uharte pribatuak dituzten familiak daude. Dena da Frantzian baino askoz garestiagoa, oinarrizko jakiak batez ere. Horregatik, funtzionarioek gehiago kobratzen dute Martinikan, %40 gehiago.

Horretaz guztiaz konturatu da Lakuntza lanean. Ikasleekin asko ikasi duela azaldu du. "Hemengo arazoez jabetu naiz haiekin hitz egitean". Gaztelera irakasten zuen, baina metodologia guztiz desberdin batekin, eta horrek gauzetan sakontzeko aukera ematen zion. "Ez genuen bakarrik gramatika lantzen; idazleen testuak lantzen genituen, eta eztabaidatu egiten genuen". Harreman ona izan zuen ikasleekin, eta penatuta bukatu zuen lana.

Martinikako denbora amaitu da Lakuntza eta Brierentzat, baina orain Kanadara joan nahi dute. Irailean, seguruenik. "Horrelako esperientziek ez dute konparaziorik. Gogorra bezain ederra izan da".

IRUÑEKO BALUARTEKO LANAK, AURRERA

Aurrera jarraitzen dute Iruñeko Labriteko baluartea berreraikitzeko lanek. Iragan otsailean, harresiaren zati bat erori zen, eta, geroztik, konpontzen ari dira. Orain, obren bigarren faseari ekin diote. Fase horretan, hamar panel jarriko dituzte, gotorlekuaren egitura sendotzeko asmoz. Horrez gain, zenbait kanoi eta harresi bat berreraikiko dituzte, eta Santa Maria plaza baluartearekin lotuko duen eskailera bat egingo dute. Gainera, Baluarte Baxuko sastrakak kentzen ari dira.