Beste albiste batzuk

Elkarri musuka ari zirela bi mutil jipoitu dituzte Iruñeko Ziudadelan

Kattalingorri Nafarroako Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak gogor kritikatu du joan den apirilaren 6an bi mutilek, elkarri musuka ari zirela, Iruñeko Ziudadelako Gaztelugibela eremuan jasandako erasoa. Kattalingorrik jakinarazi duenez, erasoa fisikoa eta hitzezkoa izan zen.

Antza denez, 18 urteko bi gazteei, musuka ari zirela, 16 eta 19 urte arteko hiru mutil oldartu zitzaizkien. Erasoaren ostean, bi gazteek osasun zerbitzuetara joan behar izan zuten jasandako zauriak sendatzera. Kattalingorrik bere oharrean jasotzen duenez, bi gazte horiek izango dituzten zauri psikologikoak fisikoak baino are larriagoak izan daitezke. "Ekintza bortitz eta zital horrek segurtasun falta eta ezintasun sentimendua ekarri die, modu horretan adinez nagusi diren bi pertsonaren askatasuna eragotzi eta mugatu delako".

Horrez gain, Kattalingorri taldeak azaldu du eskubideei dagokienez aurrerapauso handiak eman diren arren gizarteko zati "handi" batek duen jarrerak bestelako errealitatea erakusten duela: "Iruñea lasaia eta segurua da, baina hemen ere eraso homofoboak izaten dira".

Hala, desiraren, sexu orientazioaren edota genero identitatearen aurrean "tolerantziatik errespetura" igarotzeko eskatu du Kattalingorri taldeak.

Orbaibarko dozenaka udalek babesa adierazi diote Aupa Garinoain taldeari

2011ko azarotik DNE Derecha Navarra y Española alderdiaren esku dago Garinoaingo alkatetza. Eskuin muturreko alderdi politiko horrek aldeko hemezortzi botoren bitartez erdietsi zuen udal gobernua —305 boto zuriak izan ziren—. Orain, Orbaibarko udal eta hautetsiek Garinoaingo herritarrei babesa adierazteko manifestua sinatu dute.

Iragan igandean kaleratu zuten manifestua, eta dagoeneko 137 hautetsi eta hautetsi ohik sinatu dute; jakinarazi dutenez, Orbaibarko udalerri guztietan aurkezteko asmoa dute. Izan ere, manifestua sinatu dutenen irudiko, "DNE Garinoaingo herritarren borondatearen aurka dago udal gobernuan". Gainera, esan dute DNEko kideek ez dutela Garinoain gobernatzen, baizik eta euren ideologia partidista inposatu nahi dutela. Horrez gain, jakinarazi dute uko egingo diotela Nieves Cipres buru den alderdiarekin elkarlanean aritzeari.

2011ko azaroaren 20tik giro nahasia izan da Garinoainen. Herritarren gehiengoak Aupa Garinoain plataformaren bitartez jakinarazi du udal gobernuak ez duela herria gobernatzeko "zilegitasunik". Izan ere, uste dute alderdi horrek ez zuela gobernatzeko nahikoa babes lortu jasotako hemezortzi botoekin.

Zilegitasuna kolokan egoteaz gainera, joan den hilabete amaieran, udalerrian dauden zazpi zinegotzietatik lauk dimisioa eman zuten. Felix Ortegak, Jose Manuel Berruezok, Wifredo Recaldek eta Luis Miguel Beaumontek utzi diote zinegotzi izateari. Beraz, Jose Javier Etxarri alkateaz gain beste bi zinegotzi besterik ez daude herrian. Aupa Garinoain plataformak positibotzat jo du dimisioen albistea, azken urte eta erdian egindako lanaren fruitu delako.

“Diru laguntzarik gabe benetan zaila da familia eta lana uztartu ahal izatea”

Joan den abuztuan eskatu zuen bigarren haurra zaintzeko hartzekotan zen amatasun baimenagatiko diru laguntza Laura Criadok (Iruñea, 1975). Dioenez, ekainerako Nafarroako Gobernuak bazekien dirurik ez zuela, baina eskaera egin ahal izan zuen. Iragan otsailean jakin zuen diru laguntzarik ez zuela jasoko. Egoera hori salatzeko, dozenaka ekitaldi egin dituzte, joan den larunbatean azkena.

Nafarroako Gobernuak 400 familia baino gehiago amatasun edota aitatasun baimena hartuta diru laguntzarik gabe utzi dituela salatu zenuten larunbatean. Nolatan hartu du administrazioak erabaki hori?

2012ko maiatzean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen 2,23 milioi euro bideratuko zituela aitatasun edo amatasun baimena hartu nahi zuten familiei laguntzeko. Laguntza jasotzeko, nahikoa zen azken bi urteetan Nafarroan erroldatua egotea. Eskaera Nafarroako Berdintasun eta Familia Institutuan egin behar zen. Baina ekainean, murrizketak hasi zituztenean, laguntzak bertan behera utzi zituzten. Ekainean, 800.000 euroko diru murrizketa egin zuten, eta laguntzarik gabe gelditu ginen 405 familia inguru. Hala ere, jakinarazpena garaiz kanpo egin zuten.

Nork zuen laguntza hori jasotzeko eskubidea?

Lehen esan dudan bezala, nahikoa zen azken bi urteetan Nafarroan bizitzea. Horrez gain, 2011-2012. urteetan eskaera egin zuten familiek genuen laguntza jasotzeko eskubidea. 800 familia inguruk eskatu dugu, eta erdiek soilik kobratu dute.

Administrazioak aurreikusi zuen arazo hori?

Inolaz ere ez. Eskaera egiterakoan, ezin da jakin onartuko duten ala ez. Nire kasuan, eskaera abuztuan egin nuen. Baina otsail arte ez nuen jaso laguntzarik ez nuela jasoko jakinarazten zidan eskutitza. Hilabete mordoa igaro da ordutik. Bada laguntza eskaera 2011n egin eta 2013an ezezkoa jaso duenik ere. Ekainaren 26ra bitarte iritsi zen dirua, baina hortik aurrera ere eskaerak onartzen jarraitu zuten. Argi utzi behar da eskaera onartu zutela lana atzeratuta zeukatelako. Lana eguneratua balute, 400 familia ez ginateke gauden egoeran egongo.

Egoera hori dela eta, nola sentitzen zara?

Engainatua sentitzen naiz. Izan ere, ekainean esan baligute aurrekonturik ez zegoela beste modu batera moldatuko ginen. Baina Nafarroako Berdintasun eta Familiaren Institutura joan eta ez ziguten esan diru laguntzarik gabe geldituko ginenik.

Zenbateko laguntza jasotzen du familia bakoitzak?

Lehenengo haurrak %33ko ezintasuna baino handiagoa badu edota bigarren haurrak urtebete egin arte soilik kobratzen da. Gutxi gorabehera 400 euro inguru kobratzen dira. 2000. urtean jarri zituzten laguntza horiek abian, eta jakin badakit oso harrera ona izan dutela beti.

Diru laguntzarik gabe gelditu izanak nola eragin dizu?

Abuztuan eskatu nuen laguntza, eta ezezkoa otsailean jaso nuen. Nik garaiz jakin izan banu diru laguntzarik ez nuela jasoko, amatasun baimenik ez nuen eskatuko. Garai honetan, gainera, ez dugu inolako aukerarik haurrak haur eskolara eramateko. Laguntza kontuan hartuta egin nituen kontuak. Administrazioak engainatu egin gaituela iruditzen zait.

Duela gutxi bilera izan duzue parlamentuan.

Bai, horrela da. Egia esanda, alderdi politiko guztiek babesa adierazi ziguten. Gainera, zor digutena ematea nahi dutela esan ziguten. Horrez gain, Iñigo Alli Gizarte Gaietako kontseilariarekin biltzeko aukera ere izan dugu. Ez dagoela dirurik esan zigun. Beraiek nahi ez dutenerako ez dago, bai ordea abiadura handiko trena eraikitzeko. Laguntzarik gabe benetan zaila da familia eta lana uztartu ahal izatea.

“Valonia eta Flandria eskualdeen arteko tentsioa izugarria da”

Txokolatearen herrialdea da Belgika, baita garagardoarena eta patata frijituena ere. Brusela hiriburu guztietan hiriburuena dela esan daiteke, Flandria, Belgika eta Europako Batasuneko hiriburua baita. "Bruselako kaleek xarma berezi bat dute; orduak pasa daitezke ibiltzen, txokoak ezagutuz eta, batez ere, giroaz gozatuz". Andrea Salinas (Iruñea, 1990) duela zazpi hilabete iritsi zen Belgikara, eta martxotik bizi da Bruselan.

Holandan egin zuen Erasmusa urtebetez, eta Iruñera itzuli zen ikasketak amaitzera —Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia—. Bukatzean, lanean aritu zen Nafarroan, baina baldintza txarretan, eta atzerrira joatea erabaki zuen. "Belgika aukeratu nuen, frantsesa ikasi nahi nuelako", aitortu du. Hasieran, boluntario lanak egiten aritu zen Belgikako herri txiki batean; elbarrituekin lan egiten zuen. Martxotik, Bruselan bizi da, eta Degroof izeneko Belgikako banku batean topatu du lana. Informatika departamentuan aritzen da, eta haren lana da enpresaren beste departamentuek dituzten beharrizanak identifikatzea, "gero informatikariek behar horiek asetzen dituzten aplikazio informatikoak egin ditzaten". Urtebeterako du lana, baina Euskal Herriko egoera ikusita, denboraldi bat igaroko du Bruselan. Luzera begira, hala ere, Iruñean ikusten du bere burua.

Frantsesez lan egiten du, eta aitortu du ez duela hitzik ere ulertzen nederlanderaz. Bruselatik iparraldera hitz egiten dute nederlanderaz; Bruselatik hegoaldera, berriz, frantsesez. "Bi eskualdeen —Flandria eta Valonia— arteko tentsioa izugarria da. Brusela bi eskualdeen arteko uhartea da, inguru mistoa; bi hizkuntzak nahasten dira, eta, hortaz, hemen tentsioa ez da hainbeste nabaritzen". Adibidea jarri du Salinasek: Flandria eskualdeko herritarrek ez dute erantzuten frantsesez hitz egitean; ingelesez —edo beste hizkuntza batean—, berriz, bai. Dena den, Salinasek uste du Belgikako herritarrek "gatazka" umorez hartzen dutela. 2010etik 2011ra, ez zen izan gobernurik herrialdean, alderdiak ez zirelako ados jartzen. "Hemengoek esaten dute urte hori izan zela, politikaren ikuspuntutik, gogoratzen duten urterik onena".

Politikak, hala ere, garrantzia hartzen du hirian. Europako Batasuneko hiriburua izanik, mugimendu handia du egunero. Turista asko erakartzen ditu, eta hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatzen dituzte parlamentuan. Era berean, hiriaren ikur dira Atomium —argazkikoa—, Manneken Pis eta Grand Place. Gainera, herrialdea txikia da, eta azkar ezagutu du Salinasek: Brujas, Gante, Anberes... Brujas du gustukoen; "ipuin batetik ateratako herria dirudi".

Behin, Malmedy herria ezagutu zuen Salinasek, ia Alemaniarekin muga egiten duen herri bat. Nafarroan bezala, Belgikako herri gehienek inauterietako pertsonaiak dituzte. Oso bitxiak iruditu zitzaizkion Malmedy herriko pertsonaiak: "Long nez deitzen dira, sudur-luzeak, eta Where is Wally? liburuaren (Non dago Wally?) protagonistaren antzera janzten dira, sudur luzeko maskararekin". Inauterietan, long nez-ak seiko taldetan banatzen dira, eta biktima bat aukeratzen dute. Haren atzean jarri, eta egiten duen xehetasunik txikiena ere imitatzen dute. "Bakean uzteko, korrika ihes egin behar dute, eta ez badute lortzen, garagardo batera gonbidatu behar dituzte". Eta benetan dio Salinasek egun osoa igaro dezaketela biktimen atzean.

Milioi bat inguru biztanle ditu Bruselak, eta hizkuntza ugari entzun daitezke. "Kultur aniztasuna da nagusi". Horrela, askotan, auzoka banatzen dira herritartasunak, eta herrialde guztietako jakiak probatzeko jatetxe ugari daude hirian. Salinasek azaldu du Bruselako biztanleak "ohituta" daudela aniztasunera eta, horregatik, oso irekiak direla. "Beti dute irribarrea ahoan, eta laguntzeko prest daude; iritsi naizenetik, etxean bezala sentitu naiz hemengo jendearekin", aitortu du. Belgikako jendearekin lan egiten du, baina Euskal Herriko lagunak ditu Salinasek. Izan ere, errazago egiten zaio haiekin harremana izatea; batik bat, kulturarengatik eta hizkuntzarengatik.

Atez ateko zabor bilketa sistema dago Belgikako herri askotan. Bruselan, birziklatzea derrigorrezkoa da 2010. urtetik: "Oso zorrotzak dira atez ateko sistemarekin. Zaborra biltzean, poltsak irekitzen dituzte, eta isunak jartzen dituzte hondakinak nahasten badituzte". Hala ere, Salinasen iritziko, kaleak beti poltsaz beteta daude; batez ere, taberna eta jatetxe inguruetan, zabor asko sortzen baitute. Birziklatzeko atez ateko sistema modu ona dela uste du Salinasek, baina ez dela oso "higienikoa", udan bero handia egiten du eta.

Ehun herritan baino gehiagotan argia piztea lortu du IKAk

Nafarroako euskaldunen sarea zabala dela adierazteko eta Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzeko xedez jarri zuen martxan iragan azaroan IKAk Milaka argi Nafarroan kanpaina. Honela hitz egin du Sagrario Aleman IKAko zuzendariak: "Egia bada Nafarroako udalerri guztiak piztea ez dugula erdietsi, ehundik gora dira argitu ditugun udalerriak". Beraz, alde horretatik pozik agertu da.

IKAko kideak kezkatuta daude Nafarroaren euskalduntasuna ukatzeko egin diren ahaleginak direla eta. Alemanen irudiko, egoera horretan zerikusi zuzena du 1986. urteko Euskararen Legeak. Beste behin, lege horrek euskararen normalizazioa oztopatzen duela salatu du.

Bigarren helburuari dagokionez, alegia, IKAren euskaltegiak diruz laguntzea, pozik agertu da Aleman. Denera, 25.000 euro inguru bildu dituzte Barañaingo Sahats, Iruñeko Arturo Campion eta Atarrabiako IKA euskaltegiak laguntzeko. Dena den, Alemanek argi utzi du euskaltegiko kideen helburua euskara ikasi nahi duenari horretarako aukera ematea dela, eta eskolak egun osoz eta doan eskaintzea. Hala ere, jomuga hori erdiesteko asko dute egiteko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, krisia "aitzakiatzat" jarrita, "nabarmen" murriztu duelako herri ekimeneko euskaltegietara bideratzen duen diru laguntza.

“Sentsibilizazio kanpaina etengabea da ‘Ze Berri?’, eta garai berrietara egokitu da”

Aldizkariaren itxura berrituta kaleratuko da Ze Berri?-ren ehungarren zenbakia. Nafarroako 37 toki entitatek argitaratzen dute, eta ibilbide luzea egin du aldizkariak: 17 urte. Erdaldunei euskara hurbiltzea du helburu, modu erakargarri eta baikorrean. Ana Mindegia (Errenteria, 1967) Uharteko Udaleko euskara teknikaria da, eta aldizkariaren erredakzioan parte hartzen du. Gaur 19:00etan Uharteko Arte Garaikideko Zentroan aurkeztuko dute Ze Berri?-ren zenbaki berria.

Zer-nolako ekitaldia antolatu duzue gaurko?

Aldizkariaren ehungarren zenbakia dela eta, ekitaldi xumea prestatu dugu. Hutsun txalaparta taldeak emanaldia eginen du, eta mokadu bat hartzeko aukera ere egonen da. Aldizkariaren nondik norakoak urte hauetan guztietan azalduko ditugu, eta erakusgai izanen ditugu Ze Berri?-ren ehun azalak. Gainera, azken zenbaki honek berrikuntza dakar: itxura berritu dugu. Egin genuen 50. zenbakiarekin eta orain berriro aldatu dugu diseinua.

Zenbaki berezia izanen da, orduan, ehungarrena?

Bai, gainera, zenbaki honetan Ze Berri?-ren historia landu nahi izan dugu. Nola sortu zen, zergatik, nola egiten dugun lan... Hori guztia azaltzen dugu, baina beti bezala, atal finkoak ditu azken zenbakiak.

1996. urtean jaio zen Ze Berri?. Zer hutsune ikusten zenuten Nafarroan aldizkaria sortzeko?

Euskara ez dakitenei euskara hurbiltzeko aldizkaria da Ze Berri? Garai horretan, euskararen inguruan berri asko zeuden, baina konturatu ginen nahiko lausotuta geratzen zirela hedabideetan. Beraz, beharra zegoen. Euskararen inguruko albiste horiek guztiak herritar guztiengana —eta ez soilik euskaldunengana— iristeko beharra genuen. Euskaldun eta erdaldunen artean zubiak eraikitzeko xedearekin ere sortu zen aldizkaria. Azken finean, euskararen aldeko iritziak zabaldu nahi ditugu. Sentsibilizazio kanpaina da gurea, etengabea eta egoera berrietara egokitzen dena. Urte hauetan guztietan aldizkaria aldatu egin da. Adibidez, aldizkariko lehenengo zenbakian berriak herrika banatuta zeuden.

Erdaldunen artean sustatu nahi duzue euskara. Nola egiten duzue?

Aldizkariaren testu gehienak gazteleraz dira, erdaldunek uler dezaten. Modu baikorrean eta eraginkorrean idazten dugu, euskaraz zer egiten den azalduz eta ezagutaraziz. Baliteke aldizkariaren irakurle gehienak euskaldunak edo euskaltzaleak izatea, baina gure asmoa irakurleak erdaldunak izatea da, izan ere, haientzat ari gara.

Gainera, gero eta herri gehiagok parte hartzen dute Zer Berri?-n.

Bai. Egun, 37 toki entitatek osatzen dute aldizkaria. Aurten sartu dira udal berriak, baina beste batzuk irten dira diru arazoengatik. Aurten, adibidez, Zangozako, Anueko eta Orotz-Beteluko udalak sartu dira egitasmoan. Poliki- poliki zabaltzen ari da proiektua.

Nola antolatzen zarete lan egiteko?

Erredakzio mahaia dugu, eta Heda komunikazio enpresari esleitzen diogu lana. Guztion artean koordinatzen gara, gaiak proposatzen ditugu, eta bilerak egiten ditugu. Gaiak nola landu eta nola aztertu oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, aldizkariko egileak Nafarroako toki entitateak dira, kolore askotakoak guztiak, eta zer esaten dugun eta nola esaten dugun zaindu behar dugu. Objektibotasuna gorde, alegia.

Hedabideentzako diru laguntzak murriztu egin dira azken urteetan. Nolako eragina izan du horrek zuen kasuan?

Garai batean zertxobait gehiago jasotzen genuen, baina, egia esan, ez du hainbesterako eraginik izan gurean. Nire ustez, Euskarabideari gustatzen zaion proiektua da Zer Berri?, eta horren aldeko apustua egiten du. 2012ra arte diru laguntza jaso dugu. Aurten oraindik ez dakigu, baina Euskarabideak ahaleginak egin ditu hitzarmena lortzeko.