Beste albiste batzuk

Martxoaren 15etik 19ra bitarte ibiliko da Korrika Nafarroan

Korrika heldu da Nafarroara. Iragan ostiralean aurkezpen ekitaldia egin zuen AEK-k Nafarroako Antzerki Eskolan, eta Nafarroako ibilbidea jakinarazi zuten. Lau egunez ibiliko da Korrika lurraldean; Sakanatik sartuko da, martxoaren 15ean, eta Erriberan utziko ditu Nafarroako lurrak, martxoaren 19an.

Martxoaren 15ean goizaldean iritsiko da Korrika Altsasura, 03:11n. Sakana zeharkatu, eta eguerdi aldera iritsiko da Iruñera. Ordu bietan iritsiko da Txantreara, eta arratsaldeko seiak arte egonen da; Sanduzelai izanen da zeharkatuko duen azken auzoa. Etxauriko bidea hartuko du ondoren, eta Villatuertan bukatuko du lehenengo eguna. Bigarren egunean Agoitz eta Orreaga inguruan ibiliko da Korrika, eta hurrengo egunean, martxoaren 17an, Beran hasiko du ibilbidea. Burgin bukatuko du. Martxoaren 18an, Tafallako bidea hartuko du, eta Erribera bisitatuko du. Azken eguna izanen da martxoaren 19a; Azagran hasi, eta goizeko zazpietan Muestik igaroko da. Nafarroatik igaroko den azken herria da izango Mues.

Korrika iritsi baino lehenago, hala ere, Korrika Kulturalak hamaika emanaldi eginen ditu. Otsailaren 11tik 15era bitarte musika eta argazki erakusketa egonen da Iruñeko Hegan&Dream espazio sortzailean. Lekunberriko Kantinan Gazta zati bat dokumentalaren emanaldia eginen dute otsailaren 17an, arratsaldeko seietan. Tuterara iritsiko da hilaren 21ean Korrika Kulturala, eta Balitzen Hioa ikuskizuna eskainiko dute Castell Ruiz kultur gunean, arratsaldeko zortzietan. Egun eta ordu berean, Burlatako kultur etxean Morritson eta Gartzia antzezlana egonen da ikusgai. Iruñean, Nafarroako ginkana antolatu du Korrika Kulturalak martxoaren 2rako. Lekukoaren bila arituko dira parte hartzaileak. Martxoaren 7an izanen da Korrika Kulturalaren azkeneko emanaldia, eta Berriozarko Mendialde eskolan Pisukideak antzezlana taularatuko dute.

Nafarroan aurtengo Korrika aurkezteko festa egingo du gaur AEK-k Antzerki Eskolan

Gaur 18:00etan aurkeztuko dute Nafarroan Korrika 18, Iruñeko alde zaharreko Antzerki Eskolan. AEK-k kazetarientzako soilik izan ohi den ohiko prentsaurrekoaren moldetik atera nahi du eta herritar guztientzako aurkezpen festa antolatu du, "modu erakargarriagoan" ezagutarazteko aurtengo Korrikaren xehetasunak. Komunikabideez eta herritarrez gain, Iruñeko hautetsi eta Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkide guztiei, eremu guztietako alderdi politikoei, sindikatuei eta gizarte eragileei egin diete gonbita. "Arlo guztiak barnebildu nahi izan ditugu, eta ate guztiak jo ditugu, printzipioz ate guztiak irekita dauden itxaropenez", azaldu du Asier Biurrunek, antolatzaileetako batek. Izan ere, Korrikak "izpiritu irekia eta zabala" duela nabarmendu du.

Aurkezpen ekitaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izango da. Areto nagusiak 400 lagun inguru biltzeko ahalmena du. "Ea txiki geratzea lortzen dugun", aipatu du Asier Biurrunek. Ekitaldi guztia AEK-ko bi irakaslek gidatuko dute.

Korrikarako espresuki diseinatutako arropa eta osagarriak erakutsiko dituzte desfile berezi baten bitartez. Pertsona ezagunek eramango dute arropa soinean. Besteak beste, desfilean parte hartuko dute Lagunak emakumezkoen futbol taldeko jokalarietako batzuk, Peio Martinez Eulate Bilduko Iruñeko zinegotzi eta pilotari ohiak, Andrea Barno eskubaloi jokalariak, Pello Reparaz Vendetta musika taldeko kideak, Aritz Intxusta Gara-ko kazetariak eta Maria Goñi artistak. Pertsona ezagunen arropa desfilea Korrikari atxikipena azaltzeko modua izango da. Gerora, arropa hori AEKren euskaltegietan eta hainbat dendatan egongo da salgai: Iruñeko Karrikirin, Lizarrako Gothykan, Elizondoko Kattalingorrin eta Altsasuko Iker Kirolak dendan.

Aurtengo Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka ikasle omenduko ditu, eta aurkezpenean "zerbait berezia" egingo dute. Hala aurreratu du Asier Biurrunek. Helios del Santo Nafarroako AEK-ko koordinatzaileak hartuko du hitza eta "omenalditxo bat" egingo diete ikasleei.

Bideo emanaldia

Aurreko astean ezagutzera eman zenez, bideo bat prestatu dute Korrika 18ari begira. Bertan, zazpi ikaslek erdal munduan "erreferente" diren pertsona ezagun zenbaiti elkarrizketa egiten diete: Unax Ugalde aktorea, Arantza Urretabizkaia idazlea, Karlos eta Eva Argiñano sukaldariak, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Ana Urrutia aurkezlea, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Mixel Etxebest Mauleko auzapeza dira elkarrizketatuak. Larunbatean, Usurbilen bideoaren pasarte batzuk eskaini baziren ere, gaur pasarte zabalagoak erakutsiko dituzte. Elkarrizketa horietan, gainera, Nafarroako ikasle batzuk ere parte hartu dute.

Korrika martxoaren 14an hasiko da Andoainen eta 24an bukatuko da Baionan. Nafarroatik egingo duen igarobidearen berri ere emango dute gaur: nondik nora ibiliko den eta zein ordu eta egunetan igaroko den herri eta auzo bakoitzetik.

Amaieran, musika emanaldi bat egongo da, baita mokadu batzuk hartzeko aukera ere. Saioak ordu eta erdi inguru iraungo du, eta ondoren, Terminal tabernan jarraituko du ospakizunak.

“Hemen egon arren, han dut burua askotan”

Ez dago Londres bakarra. Hamaika Londres daudela argi du Xabier Maeztuk (Iruñea, 1983). "Ni Londres batean bizitzen ari naiz, baina beste batek beste Londres bat ezagutuko du". Bi urte beteko ditu Londresen Maeztuk hil honetan. Etxetik ateratzeko eta mundua ezagutzeko joan zen, abentura bila. "Hiri handi batean bizitzeko gogoa nuen, baita ingelesa ikastekoa ere". Ongi joan zaio bi urte hauetan. Lana topatu eta ingelesa hobetu du. Bi hilabetera informatika enpresa batean lanean hasi zen, eta han jarraitzen du.

Hackneyn auzoan bizi da Maeztu. Londresko bigarren gunean dago —sei ditu, denera—. Gustura bizi da han. "Ez dago erdialdean, baina bizikletaz ordu erdian iristen naiz". Karibeko eta Turkiako komunitate handiak ditu auzokide. Merkeagoa da, gainera, zentroan ez bizitzea. "Han pentsaezina da logela bat alokatzea; 600 euro gutxienez balio dute". Alokairu sozialeko pisuak zeuden orain dela urte batzuk, baina gobernuak kendu egin ditu gehienak. Dudarik gabe, hiri garestia dela dio Maeztuk, baina, ongi begiratuz gero, gauza merkeak aurkitzen ditu berak. "Asteburuetan auzo guztietan merkatuak daude, eta horietara joan ohi naiz, askoz merkeagoak direlako".

Topikoak dio Londresen edozein hizkuntza entzuten dela, ingelesa izan ezik. "Herrialde guztietako jendea bizi da hemen; horregatik, edozein hizkuntza entzuten da". II. Mundu Gerra ondoren heldu ziren, batez ere, etorkinak Londresera, eta 1960ko hamarkadan areagotu zen. Hiri kosmopolita eta garaikidea da. "Multikulturalitateak berezia egiten du hiria; ghetto txikiz osatuta dago; indiarrak batetik, txinatarrak bestetik, euskaldunak han eta hemen... Komunitateak oso sakabanaturik daude".

Hain hiri handia izanik —zortzi milioi biztanle ditu—, kultur eskaintza handia dago. Egunero, denetarik egiteko aukera dago: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak.... "Beti dugu planen bat". Kaleko arteak, street art-ak, "izugarrizko" garrantzia hartu du; "nonahi margotzen dituzte hiriko paretak".

El Diagonal egunkarian kolaboratzen du Maeztuk. Londresko Ocuppy mugimenduaren inguruan idatzi du, behin baino gehiagotan. Izan ere, gertutik jarraitu du mugimendu horren bilakaera. 2011ko udan istilu handiak egon ziren Ingalaterrako hiriburuan. Herritarrak haserre batean atera ziren kalera, poliziak ustez hango gazte bat erail eta gero. Gizartean dauden ezberdintasunak jo zituzten liskarren sorburutzat. Udazkenean, Ocuppy mugimendua sortu zuten. Eraikinak okupatu zituzten, besteak beste. "Hor hartu zuen mugimenduak indar handiena, eta herria matxinatu egin zen; orain, jarraitzen badu ere, ez da lehen bezalakoa".

Gizarte mugimenduek Londresen garrantzi handirik ez dutela jakinarazi du. "Krisiak oraindik ez du indarrez jo, eta, horregatik, hemengo herritarrak ez dira asko mugitzen; gainera, gizartea oso klasista da". Baina gizartea "nahiko geldirik" dagoen arren, arazoak dituzte. David Cameronen gobernuak murrizketak gogor ezarri ditu, bai hezkuntzan eta baita osasunean ere. "Gazteriaren langabezia tasa oso larria da, %20, tasa orokorraren bikoitza".

Hirira iritsi zenean neska bat bakarrik ezagutzen zuen. "Ez gehiegi, gainera", aitortu du. Hala ere, berehala aurkitu zuen pisua, eta bi hilabetera lana. Iruñean programatzaile gisa lan egiten zuen, eta Londresen ogibide berean aurkitu du lana. Web orriak programatzen ditu.

Londresen jendea ezagutzea oso erraza dela dio Maeztuk; ez, ordea, lagunak egitea. "Ez da Iruñean bezala, kalera atera eta ezagunak ikusten ditudala; hiria bakartia da". Bakoitza bere kabuz joaten da, eta, askotan jende berria ezagutu arren, zaila da harremanari eustea. "Hona aldi baterako etortzen dira gehienak, ingelesa ikastera, batez ere. Horregatik, lagunak ezagutzen eta, aldi berean, agurtzen ditugu. Inoiz ez dut lagun talde finkorik".

Maeztuk itzultzeko asmoa du, ez daki noiz, baina Nafarroara itzuliko da. Herrimina du. "Beti buruan dagoen zerbait da; bizimodu erosoa dut hemen, baina askotan deskonektatuta sentitzen naiz nire herrialdean zer gertatzen ari den ez jakinda. Orain Internetekin errazagoa da, baina ez da berdina. Hemen egon arren, burua askotan han dut".

Bizikleta erabiltzen du Maeztuk leku batetik bestera joateko. "Garraio azkarrena da mugitzeko, dudarik gabe". Metroa zaharra eta munduko garestiena dela dio, "beti jendez beteta", eta, ahal duenean, ez du erabiltzen. Behin gidatu zuen autoa Londresen, eskuinetik, eta ongi moldatu zen. "Elebiduna izatea bezalakoa da, alde batetik baldin badakizu, beste aldetik berdina da".

Ezaguna da Londresko eguraldia, hiri grisaren irudia du mundu osoan. Baina Iruñeko eguraldiarekin alderatuta hainbesterako ez dela dio Maeztuk. Lainoa egotea oso ohikoa da, baina ez du askotan euririk egiten. Neguan oso goiz iluntzen duela, horrexetara ohitzen kosatzen zaio gehien Maezturi. "Orain, arratsaldeko lau eta erdietan iluntzen du; nahiko tristea da; bostetan lanetik ateratzen naiz, eta badirudi gaua dela!".

Jangelako aldaketen kalapita

Berandu, hotza, zaporerik gabea, anoa txikiak... Horiexek dira, beste hainbaten artean, Nafarroako Ospitaleen Gunean jangela zerbitzua pribatizatu zenetik entzun daitezkeen kexetako batzuk. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak aitortu du arazoak izan direla, baina horiek tajutzen ari dela dio. Besteak beste, jangeletako langile batzuk boikota egiten ari direla salatu zuen astelehenean Nafarroako presidente Yolanda Barcinak.

"Behin baino gehiagotan egon da nire senarra Bideko Amaren erietxean ospitaleratuta, eta inolako zalantzarik ez dut, lehen janaria askoz hobea zen", dio Elena Urrozek. Urologia unitatean dago joan den astetik Urrozen senarra, eta, ohartarazi duenez, behin baino gehiagotan afaldu gabe gelditu da, "janaria jateko modukoa ez zelako". Haserre dago Urroz: "Dozenaka gaixoren osasuna dago jokoan; gobernua ez al da horretaz ohartzen?".

Hala eta guztiz ere, bada bestelako egoera bizi duenik ere. Estitxu Urriza astelehen goizaldean erditu zen. Igande gauean iritsi zen Bideko Amabirjinako ama eta haurren unitatera. Dioenez, berak ez du janariarekin inolako arazorik izan. "Garaiz iritsi da bai bazkaria eta bai afaria ere", dio astelehenari erreferentzia eginez. Hala ere, bazkarirako ekarri zioten lehenengo platerak —barazki salda— ez zuela batere itxura ona eta senarrari eman ziola aitortu du, hark gustura jango zuelako.

Gaur hamabi egun beteko dira Mediterranea de Catering enpresa pribatua Nafarroako Ospitaleen Guneko kudeaketaz arduratzen dela. Denbora horretan kexak eta salaketak bolo-bolo ibili dira. Gaixoez gain, langileak ere "haserre" agertu dira lan baldintzengatik. LAB sindikatuak, esaterako, Mediterranea de Catering salatu du Lan Ikuskaritzan, langileek "tratu txarra" jasotzen dutela eta. Dagoeneko, gaixo agiria hartu behar izan dute sukalde zerbitzuetako bi sukaldari laguntzailek, lan baldintza gogorrek eragindako "estresa" dela eta.

Osasun Departamentuak iragan urtean jakinarazi zuen erietxe publikoetako jangela zerbitzuen kudeaketa enpresa pribatuen esku utziko zuela gastua murrizte aldera. Urtarrilaren 21ean bere gain hartu zuen Mediterranea de Cateringek Bideko Amaren erietxeko jangelako kudeaketa. Jangelako langileek jakinarazi dutenez, gaurtik aurrera Ubarmin eta Nafarroako erietxeaz ere arduratuko da.

Lan egiteko sistema berria

Janariarekin urtarrilaren 21etik aurrera izan dira arazoak, lehenengo egunetik alegia. Ordu arte, Bideko Amabirjina erietxeko jangelak ia modu pertsonalizatuan lan egiten zuen. Izan ere, bertan egunean eguneko janaria ekoizten zuten. Orain, ordea, lerro hotzaren bitartez ekoizten dituzte janariak. Hala, elikagaiak ekoitzi eta izoztu egiten dira, gero berotu behar direnerako, erretilu batzuetan berotzeko.

Baina, sarritan, gaixoei beroak behar luketen elikagaiak hotzak iritsi zaizkie. Ramon Aranberriren kasua da hori. Diabetikoa da, eta, jakinarazi duenez, joan den ostiraleko bazkarian jogurta beroa iritsi zitzaion. "Nire kasuan, diabetikoa naizenez, elikadura izugarri garrantzitsua da, eta jangelan egin diren aldaketekin askotan ez naiz jaten dudanaz fio", dio haserre Bideko Amaren erietxeko kanpoaldean airea hartzen duen bitartean. Gainera, intsulina jandakoaren arabera hartzen duela ohartarazi du.

Bi aste hauetan sortu den polemika eta zalaparta dela eta, Mediterranea de Cateringek neurriak hartu ditu, eta bi sukaldari laguntzaile kaleratu ditu, nahiz eta Osasunbideko zenbait langilek salatu duten arazoa jangelako arduradunek egindako eskarietan dagoela. Nafarroako Gobernuak ere errua langileei bota die, enpresa pribatuari "boikota" egiten ari direla esanez.

Argi dagoena da Bideko Amaren erietxean gaixo asko eta asko ez daudela batere gustura egiten dituzten jatorduekin. Hala, Lehen Mailako Arretako unitatean erreklamazioak egiteko orriak amaitu dira, eta erizainak berak ari dira erreklamazio orriak fotokopiatzen.

“Festa euskal eskola publikoaren isla izanen da”

Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko festa nazionalak bi eguneko egitaraua izanen du aurten, 28. ekitaldian, Iruñean. Txantrea auzoko Bernart Etxepare ikastetxe publikoko kideak ari dira prestatzen. Zentroa Axular eta Arturo Campion ikastetxeen batze prozesutik sortu zen duela bi urte, eta 500 haur inguru daude ikastetxean. Jaia antolatzeko zereginean, gogoz eta ilusioz ari da Josu Santesteban ikastetxeko guraso elkarteko kidea eta eskolan ikasten ari diren bi haurren aita. Maiatzaren 18an eta 19an eginen dute festa eta guztia behar bezala antolatzen mauka bete lan du.

Sortzen-Ikasbatuaz-en aurten, estreinakoz, bi eguneko jaia izanen duzue. Erronka handia , ezta?

Bai. Bi eguneko jaia egitera ausartu gara ikusten genuelako igandeko egun bakarreko festan gauza asko zeudela eta nahiko pilatuta. Hori arindu nahi izan dugu. Horregatik, lehen egunean jaia Txantrean bertan izanen da, eta bigarren egunean, berriz, Iruñeko Takonera parkean eginen da, betiko moduan.

Nola doaz prestakuntza lanak?

Iazko uda aurretik hasi ginen eta ari gara lanean. Planteamendu guztia egina dago, eta orain beste lan batzuetan ari gara: jendeari laguntza eskatzen txandak betetzeko edota azpiegitura prestatzen, besteak beste.

Aurreko ikasturteko festa antolatu zutenen laguntza ere izanen duzue, ezta?

Orain dela bi urte Sortzen-ekoek lagun bat jarri zuten festa antolatzen. Pertsona horrek laguntzen dio dagokion ikastetxeari; festaren azpiegituraz arduratzen ari da. Guri, ikastetxeari, gainontzeko lana egitea dagokigu: komunikazioa, egitaraua... Bileretan Sortzen-Ikasbatuaz eta ikastetxea gaude, eta beharrak mahai gainean jarri ahala erabakitzen dugu zer egin batzuek eta besteek.

Sortzen-Ikasbatuak-ek egiten duen lanaren erakusleiho ere izan nahi du festak?

Bai. Sortzen, plangintza guztia aldatu nahian, barne eztabaida batean murgildurik dago gaur egun. Oraindik ez dute kaleratu hortik aterako dena, eta horregatik ezin dugu askorik azaldu. Igandean eginen den festan ikusiko dira eztabaida horren emaitzak. Egungo euskal eskola publikoaren isla izanen da, nolabait.

Jaia dagoeneko kalean dago...

Bai, joan den astean aurkeztu genituen festako bideoa eta abestia. Abestia urritik egina zegoen, baina bideoa egina izan arte itxaron nahi izan genuen.

Nork egin du lan hori?

Abestiaren hitzak bertsolaritza tailerrean aritzen diren ikastetxeko 6. mailako ikasleek egin dituzte. Musikaren doinua, berriz, Holy Paskualenak eta Iker Huitzik egin dute, The Modern Quarter taldeko kideek. Bideoaren grabazioa, berriz, nik neuk eta Iñaki Alforjak egin dugu.

“Autoaren inguruan egina dago hiria, ez plazaren inguruan”

Kaktusak eta western pelikuletako paisaiak. Arroila Handia. Indioak. Horrelakoa da Arizona. "Politenak ez dira hiriak, natura baizik". Eneko Ganuzaren (Iruñea, 1978) hitzak dira. Harrituta gelditu zen Arroila Handia lehenengo aldiz ikusi zuenean. Franklin D. Rooseveltek esan zuena gogora ekarri du: "Bizitzan noizbait ikusi beharrekoa da". Ameriketako Estatu Batuetako lehendakari ohiak esandakoa betea du Genuzak, baina oraindik hamaika txoko gelditzen zaizkio aurkitzeko. "Oso zabala eta handia da herrialdea; horregatik, paisaia guztiz desberdinak dira".

Duela urtebete baino gehiago iritsi zen Eneko Ganuza Phoenix hiriburura. Itsas Zientziak ikasi zituen Palman (Kanariauharteak, Espainia), eta ondoren Ingalaterrara joan zen doktoretza egitera. "Nafarroatik kanpo anitz urtez bizi izan naiz, baina udan itzuli ohi naiz". Gabonetan familiaren bisita izan zuen Arizonan. "Hemen ez dago aukerarik opor luzeak hartzeko, bakarrik 15 bat egun; horregatik ez naiz itzuli nahi bezainbeste". Bioteknologia enpresa batean lan egiten du Phoenixen. "Ikertzailea naiz, eta iluntasunean hazten diren mikroalgak ikertzen ditut". Alga horiek azoka eta supermerkatuetara merkaturatu nahi dituzte, janari, kosmetiko edo botika gisa. Ez dago mikroalga enpresa asko, eta Ganuzak ez zuen bi aldiz pentsatu lana eskaini ziotenean.

Lanean duen giroa, gainera, apartekoa da. " Gehien harritu nauena lan egiteko era izan da". Enpresek langileak zaintzen eta motibatzen dituzte. "Personal couching, personal training... kontzeptu horiek hemen oso erabiliak dira, Euskal Herrian ez". Kanpotik lan ereduak "faltsu samarra" eman dezakeela ulertzen du Ganuzak, baina erabat eraginkorra dela dio. "Enpresaren produkzioa hobetzea lortzen dute, eta, aldi berean, langileak motibatuta joaten dira lanera".

Arizonako bizimodua "zeharo" autora lotuta dago. Leku batetik besterako distantziak ikaragarriak dira, eta guztiek dute autoa. Auto guztiak primerakoak eta berrienak direla dio Ganuzak. Sonora basamortuan dago Phoenix. Banakako etxebizitzez beteta, ez dago eraikin alturik, ezta etxe orratzik ere. "Hiria ez dago plazaren inguruan eginda, autoaren inguruan baizik; horregatik, aparkalekuetan aurkitzen duzu jende gehien, eta ez parkeetan". Errepublikanoen estatua da Arizona. Armetara eta autoetara ohituta daude. "Familia guztiek dituzte armak, hasieran oso arraroa egiten zitzaidan, eta oraindik ere bai; seinale ona da hori".

Horretaz gain, indigena erreserba handienetarikoa du lurraldeak. Sorterriko 300.000 lagun inguru bizi dira. "Erreserbetan beste eskubide batzuk dituzte; adibidez, Arizonan debekatua dago kasinoak eraikitzea, baina erreserbetan ez; horregatik, indiarren diru iturri nagusiena kasinoak dira". Erreserbetako hiriak "triste samarrak" direla azaldu du Ganuzak, inguruan duten natura oso polita den arren. "Desberdintasun handiak ikusten dira, batzuk oso pobreak, besteak kasinoekin...". Ohikoa da auto-stop egitea erreserbetan, askok autorik ez dutelako. Behin, Ganuzak auto-stop egin zuen erreserba batean, eta navajo indio batek hartu zuen bide erdian. Indioaren etxea ezagutu zuen, eta familia ere bai. "Sekulako esperientzia izan zen, oso jatorrak eta umilak ziren; primeran hartu gintuzten".

Globe herria gustuko du Ganuzak. "Hutsik dago herria; kobrea ateratzen zuten garai batean handik, urrezko aroa izan zuen, baina 1930eko hamarkadan hutsik geratu zen". Hala ere, etxe guztiek zutik jarraitzen dute, eta horrek berezia egiten du herria. "Ikaragarria da".

Behin, Tucsongo irakasle batekin topo egin zuen Ganuzak. Hitz egiten hasi, eta jatorriaz galdetu zion Ganuzari. Arizona hitza euskalduna dela esan zion. "Haritz ona esan nahi duela azaldu zidan". Orain dela 100 urte euskaldun artzain ugari joan ziren Arizonara. "Flagstaff hirira joan ziren gehienak, eta han haritzak ohikoak dira; hortik, izena". Oraindik ere, Euskal Herritik etorritako artzainen arrastoa agerian da. "Euskal artzainek zuhaitzetan haien izena eta urtea idazten zuten". Euskal aztarnak aurkitzea gustatzen zaio Ganuzari. Hala ere, gaur egun bizi direnak Euskal Herria ez dutela ezagutzen dio. "Phoenixek bakarrik ehun urte ditu; ez du erro historikorik, hiri gaztea da".

Urte hauetan guztietan izugarri hazi da hiria. Metropoli eremuak 4 milioi biztanle baino gehiago ditu. Gero eta immigrazio gehiago dagoela konturatu da Ganuza. "AEBetako beste estatuetatik jende asko etorri da, baita Mexikotik ere". Muga egiten du Arizonak Mexikorekin, eta latino-amerikar komunitatea handiak sortu dira. "Arizonaren %25 latindarrak dira". Ganuza mexikar merkatuetara joan ohi da erosketak egitera. "Han barazkiak eta frutak askoz hobeak dira; eta merkeagoak ere bai". Baina Arizonako haragia da gehien gustatzen zaiona: "Hemen haragia primerakoa da; hemen jaten dituzten hanburgerrak ez dira McDonaldsekoak".

Iruñerriko Langabeen Plataformak borroka astea antolatu du

Lanik ez duten pertsonen eskubideak aldarrikatzen dihardu Iruñerriko Langabeen Plataformak. Duela bi urte sortu zuten langabezian zeuden hainbat pertsonak, eta sortu zuteneko helburu berarekin jarraitzen dute lan eta lan. Heldu den asterako langabeziaren aurkako borroka astea antolatu dute, plataformaren bigarren urteurrena ospatzeko. Hitzaldiak izanen dira borroka astearen ardatza. Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra bitarte eginen dituzte ekintzak eta mobilizazio batekin bukatuko dute.

Gauzak horrela, urtarrilaren 29an batzar berezia eginen dute Zabaldi elkartean, arratsaldeko zazpietan. ¿Después de dos años qué? izenburupean, orain arte egin duten bidea eta hemendik aurrera eginen dutena izanen dute mintzagai. Hurrengo egunean, ordu eta toki berean, krisi kapitalistaren inguruan NUPeko Begoña Perez irakasleak zuzenduko du hitzaldia —Radiografía de una crisis capitalista. Derechos vs ganacias—. Urtarrilaren 31n, Fernando Armendarizek —Bira Beste Aldera taldeko kidea— eta Henrike Galarzak —NUPeko ekonomia irakasleak— Hormiga Atomica liburu-dendan mahai ingurua eginen dute. Arratsaldeko zazpietan, Salir de la crisis o salir del capitalismo en crisis izenburupean.

Otsailaren 1ean, Arantzadi Bizirik taldeak eta Bartzelonako hiri baratzeen koordinatzaileak parte hartuko dute Zabaldin eginen duten hitzaldian. Larunbatean, otsailaren 2an, bukatuko da Iruñerriko Langabeen Plataformak antolatu duen langabeziaren aurkako borroka astea. Mobilizazioa eginen dute otsailaren 2an, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, eguerdiko hamabietan ¡No es crisis, es capitalismo! lelopean. Horren ostean, Arrano elkartean bazkaria eginen dute, eta, ondoren dantzaldia.

"Bi urte hauetan langabezian dauden pertsonen alde lan egin dugu, krisitik ateratzeko lehentasun egoeran jarriz. Borroka finkatu behar dugu, bai lanaren alde egiteko eta baita giza eskubideak bermatzeko ere", azaldu dute plataformako kideek.

Sanferminetako museoaren proiektua atzeratu bai baina ez duela baztertu dio UPNk

San Fermin jaien berri emango duen museo bat egitea aspaldiko nahia du UPNk. Krisiak egitasmoa kolokan jarri badu ere, Iruñeko Udaleko buruek argi utzi dute ez dutela erabat baztertu. "Orain beste gai garrantzitsuago batzuk daude, premia handiagoa dutenak", azaldu du Obretako zinegotzi Jose Javier Lopezek. "Egoera ekonomikoa hobetzen denean egingo dugu". 1.500 metro koadroko orube bat —garai batean suhiltzaileen parkea zegoen tokian— dute Media Lunan egitasmoa gauzatzeko, baina oraingoz han museoa altxatzeko dirurik ez dagoela eta, ordezko proiektuak aztertzen dira: "Behin-behinekoak". Guztien artean merkeena txakurrentzako eremu bat prestatzea da, eta segur aski horren alde egingo dutela azaldu dute UPNko arduradunek. Txakur jabeentzako esparru ireki bat izango da, animaliekin bertara joateko aukera izan dezaten.

Parke bat eta aparkaleku bat egitea ere aztertu dute, baina egitasmo horiek egitea zailagoa ikusten dute udaleko buruzagiek. "Aparkaleku bat egitea garestia litzateke, eta parke bat egiteko inbertsioa ere bai; ureztatzeko sistema jarri beharko litzateke, eta gero horren mantenua ere egin", azaldu du Lopezek. Txakurrentzako esparru bat prestateko, aldiz, hesi zenbait eta zaborrontziak jarrita aski izango dela pentsatzen dute, gastu gehiagorik gehitu gabe. Izan ere, orubea lurrez estali beharko da, baina Buztintxuri auzotik eskuratzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Oposizioak sarri kritikatu ditu sanferminetako museoaren inguruko gorabeherak. Izan ere, egitasmoaren aldeko urrats dezente eginak ditu UPNk, eta horietan diru asko gastatu da: ia lau miloi euro. Horregatik ez dute Iruñeko Udaleko agintariek proiektua guztiz baztertu dutenik onartu nahi. "Museoan konfiantza dugu", esan du Lopezek.

Kartzelako orubea

Hizketarako gai izan da asteotan Iruñeko espetxe zaharreko orube hutsa ere. Irailean hasi ziren eraikina eraisten, polemika artean. Izan ere, oposizioak eraikina bota aurretik izan zitzakeen erabilera posibleak aztertzeko eskaera plazaratu zuen. Udal gobernuak ez zion jaramonik egin eskari horri, eta behin eraisteko lanak amaituta, presondegi zaharraren kokalekua orube bat da, erabiltzeko prest. Iruñeko Udaleko Egitasmo Estrategikoen Sailak erabaki du bertan ere txakurrak ibiltzeko eremu bat egingo dutela; horren alboan saskibaloian ibiltzeko kantxa bat eta lorategi bat jartzeko asmoa ere agerian utzi dute.

Udaleko agintariek onartu dute beste hainbat proiektu ere izan dituztela buruan leku horretarako. Besteak beste, kartzelako frontoi zaharra ez eraistea eta bere horretan lagatzea aztertu dute. Akaso aparkaleku bat egingo zutela ere adierazi zuten hasieran. Azkenean, egitasmorik merkeenaren aldeko hautua egin dute kasu honetan ere. Horretara, batez ere, Iruñeko Udalaren egoera ekonomiko larriak eraman ditu, gehienez ere 40.000 euro gastatu baitzitzaketen orubea txukundu eta herritarren erabilerarako osagaiekin hornitzen.