@sarean

Arkitekturarekin lotutako webguneak.

www.coavn.org. Euskal Herriko Arkitekto Elkargo Ofizialaren webgunea da. Besteak beste, aurtengo sariketaren inguruko informazioa dago eskuragarri.

www.coavna.com. Nafarroako Arkitektoen Kolegioko webgunea da, herrialdeko informazioa dago, batez ere.

“Antikomertziala irabazien bila ez dabilen sorkuntza kulturala da”

Sorginkale banatzaile antikomertzialak hamar urte daramatza Sorgin Gaua antolatzen. Hasieran, sorkuntza alternatiboaren erakusleihoa izatea nahi zutena banaketa alternatiboaren erreferente bilakatu da. Iker Otxoa (Zizur Nagusia, 1982) eta Karlos Andion (Zizur Nagusia, 1991) Sorginkale osatzen dutenetako bi dira, eta belaunaldien nahasketaren adibide dira. Sorgin Gauaren antolaketaz, banaketa alternatiboaz eta horren zentzuaz jardun dute.

Zer da sorkuntza alternatiboa edo antikomertziala?

IKER OTXOA. Antikomertziala, hain zuzen, irabazirik lortzen saiatzen ez den sorkuntza kulturala da. Bide alternatiboetatik zabaltzen den sorkuntza, eta gure ustez, izaera aldarrikatzailea ere baduena.

Zergatik lantzen duzue banaketa alternatiboa?

KARLOS ANDION. Mugimendu alternatiboan, kultura oso arlo garrantzitsua da. Uste dugu gaur egun printzipio antikomertzialak ahaztuta daudela hainbat gune autogestionatutan. Txosnetan oso ohikoa da 3.000 euro kobratzen dituen talde bati deitzea. Guk zirkuitu alternatiboa aldarrikatu nahi dugu. Nafarroan talde eta banatzaile ugari dago. Mugimendu hori guztia koordinatu eta bultzatu nahi dugu.

I.O. Beti alternatiben inguruan hitz egiten dugu: bizimodu alternatiboak, lan alternatibak, gure bizitzako arlo guztietan. Horregatik, garrantzitsua da sorkuntza kulturalean ere sistemak eskaintzen digunari alternatiba bat ematea. Banatzaileen sare horrekin eta talde antikomertzialekin, alternatiba bat sortzen ari gara. Era horretan, abestietan esaten denarekin koherente izateko modu bat da.

K.A. Sortzeko eta banatzeko orduan, baliabideak jartzen ditugu bide ez kapitalistetatik sorkuntza aurrera eraman nahi duten pertsonentzat. Horregatik hasi ginen Sorgin Gaua egiten, talde antikomertzialekin kontzertu handiak egin daitezkeela erakusteko.

Nola sortu zenuten Sorginkale?

I.O. Sorginkale 2000. urtean sortu genuen Zizurko gazte batzuen artean. Kultura eta ideia libertarioen inguruko jakin-nahia genuen. Jakin-nahi hori asetzeko, liburutegi libertario bat sortzea bururatu zitzaigun. Geroago sortu zen banatzailearen proiektua, Sorginkale deitu zena. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka banatzailea zena kolektibo bilakatu zen, eta hainbat egitasmorekin hasi ginen. Denak kultura libertarioaren inguruan.

Zer motatako ekinbideak eramaten dituzue aurrera?

K.A. Sorgin Gaua da urtean egiten dugu ekitaldirik ezagunena. Guk lokal bat dugu Zizurren. Astelehenero irekitzen dugu 17:00etatik 20:00etara. Han saltzen dugu materiala: CDak, biniloak, zintak, kamisetak, liburuak, fanzinak... Liburutegia ere badugu lokalean. Nahi duena etor daiteke, eta liburu bat hartu. Guk hori apuntatzen dugu eta listo. Lokala Zizurreko Alde Zaharrean dago, jaietan txosnak jartzen diren tokiaren ondoan. Lokalaren ondoan ere Rock etxea dago, autogestionatutako musikarako entsegu lokalak.

Banatzeaz gain, sortu ere egiten duzue?

K.A. Bai, orain arte diskoak grabatu ditugu gehienbat. Urtero disko pare bat argitaratzen ditugu. Oro har, Nafarroako taldeekin lan egiten dugu, baina baita beste toki batzuetakoekin ere. Ameriketako talde batzuen lanak ere argitaratu ditugu. Baina diskoetatik harago joan nahi dugu. Duela gutxi Comunidades sin estado en la montaña vasca (Estaturik gabeko komunitateak euskal mendietan) liburuaren argitalpenean parte hartu genuen. Hagin argitaletxeak publikatu du liburua.

Sorgin Gaua berezia antolatu duzue aurten. Zeintzuk dira programazioan dauden ekitaldirik garrantzitsuenak?

K.A. Normalean Sorgin Gaua larunbat batean egin izan dugu. Aurten aste oso bat egitea erabaki dugu. Asteartetik aurrera, Zizur Nagusian eta Iruñean hainbat ekitaldi egingo ditugu: hitzaldiak, kantautoreak... Kontzertuek erakartzen dute jende gehien. Ostiralean eta larunbatean kontzertuak izango dira Zizur Nagusian; orotara 20 bat taldek joko dute.

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA ALDARRIKATUZ

Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak bi etxebizitza okupatu zituen urriaren 7an Iruñeko Sanduzelai auzoan. Okupatutako etxebizitzak Nafarroako Gobernuarenak dira. Ekintza horren bidez plataformak salatu nahi du etxebizitza publikoak hutsik dauden bitartean, gero eta herritar gehiago etxerik gabe daudela. Hori guztia salatzeko, Dozenaka lagun bildu ziren joan den larunbatean Sanduzelain, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko.

Hizkuntza txatxua

Euskarak ez du ezertarako balio". Mila aldiz entzun dudan esaldi madarikatua. Pozoitutako hitz-jarioa. Oraingoa bestelakoa izan da, ordea. Astean bitan hamar urteko mutil bati eskola partikularrak ematen dizkiot. Denetarik pixka bat: matematika, euska...

“Fisioterapeutok ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza”

"Jendea gugana dator osasun arazo bat duelako, hori kontuan izan behar dugu beti", dio Garazi Subiza fisioterapeutak (Iruñea, 1989). Osasunaren arloan lan egitea erantzukizun handia dela uste du. "Fisioterapeutok, medikuek eta erizainek bezala, ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza". Horretan ari da, lanean dabilen bitartean. Krisia nabari badute ere, euren lana gero eta ezagunagoa eta errespetatuagoa dela uste du Subizak. "Gero eta informazio gehiago dago, baina instituzioek lan handiagoa egin beharko lukete gure lana ezagutarazteko. Adibidez, jendeak ez du zertan jakin buruko mina fisioterapiaren bidez ken daitekeela; ibuprofenoa hartzen dute, eta listo". Gainera, osasun zientzien artean fisioterapia gutxietsia dagoen arloa dela uste du. Horren adibide moduan, fisioterapiak arlo publikoan duen presentzia eskasa jarri du. "Egun, gure lana egiteko askoz aukera gehiago daude arlo pribatuan publikoan baino. Eta ez da eskari faltagatik".

Subizak batxilergoa bukatu zuenean ez zuen oso argi zer ikasi nahi zuen. Osasun zientziak gogoko zituen, baina hortik aurrera zalantzak ugariak ziren. "Pixka bat itsuki sartu nintzen. Ikasketak bukatu ostean konturatu naiz zer diziplina ezberdinak diren fisioterapia, erizaintza eta medikuntza. Baina erabakitzeko garaian ez nuen horren argi", azaldu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuen, Tuterako campusean. Ikasketak bukatu, eta hilabete batzuk barru lanean hasi zen. "Osasunbidean hasi nintzen; lehenengo eta behin ospitaleetan, eta gero zenbait osasun etxetan. Azkenaldian arlo pribatuan baino ez dut lanik aurkitu". Bere lana ganoraz egiteko sektore pribatuan lan egin behar duela uste du Subizak, eta horrek amorratzen du. Gainera, kontsulta pribatuetara joaten den jende asko lehenago zerbitzu publikoetatik pasatu delako.

Orotariko jendea joaten da fisioterapeutarenera. Badaude klinika espezializatuak, besteak beste, ginekologian, pediatrian eta kirol munduan. Horietan, bakoitzaren alor zehatzeko patologiak tratatzen dituzte. Subiza ez da oraindik espezializatu, eta, egun, askotariko kasuak ikusten ditu. Baina badira behin eta berriz errepikatzen diren gaitzak, hala nola bizkarreko minak, gerrialdekoak, zerbikalak, buruko minak, laneko eta kirol munduko lesioak, tendinitisak eta ziatikak. Adin guztietako jendea joaten da horrelako zentroetara, eta gazteak gero eta gehiago dira. Baina, Subizaren aburuz, hori ez da gazteak gero eta okerrago daudelako, baizik eta informazio gehiago dutelako.

Hala ere, Subizak uste du oraindik ere jendeari fisioterapeutarenera jotzea kostatzen zaiola, eta hori gizartean errotuta dauden ohiturengatik dela dio. "Medikuntza tradizionalean oinarritutako osasun sistemak, oro har, mediku eta botikei indar handia ematen die, eta osasun arloko bestelako zientziak bigarren mailan uzten ditu". Hala ere, mina denean Subizak azken momentura arte ez itxoitea gomendatzen du. Baina hori baino garrantzitsuagoa prebentzioa dela dio. Hiru puntu jotzen ditu Subizak beharrezkotzat, gorputzeko gaitzak saihesteko. Lehenik eta behin, ariketa fisikoa eta luzaketak egiteko ohitura hartzea. Horrekin batera, elikadura zaintzea aholkatzen du Subizak. "Elikagai motak eta prestatzeko modua zaintzea, garaian garaiko elikagaiak kontsumitzea eta otorduak errespetatzea gure gorputza zaintzeko gakoak dira". Azken aholku moduan, bakoitzaren egoera psikosoziala zaintzea gomendatzen du. Hau da, egunerokotasuneko estresak eta arazo emozionalak bideratzeko modu eraginkorra izatea.

Etenik gabeko ikasketa

"Fisioterapiak etengabeko formakuntza eta birziklapena eskatzen du", esan du Subizak. Hainbat kurtso egin ditu, eta, horrez gain, Osteopatia ikasketak egiten ari da. "Gehiago dakidan heinean, konturatzen naiz oraindik ikasteko zenbat geratzen zaidan", aitortu du Subizak. Oraindik alorren batean espezializatu ez bada ere, lan egiteko modu batean espezializatzen ari da. Horregatik, Osteopatia ikasketak egiten ari da, bere ezagutzak osatu eta aberasteko. Zientzia zabala baita fisioterapia, eta beste hainbat zientziatatik edan dezake. Horrekin lotuta, Subizak gogoratu du masajeak eman baino gauza gehiago egiten dituztela. "Masajea oso baliagarria den teknika bat da, baina, beste askoren artean, beste teknika bat baino ez da".

Fisioterapeutek jendearen osasunarekin lan egiten dute. Hori kontuz ibiltzeko gaia da. Askotariko jarrerak ikusi ditu pazienteen aldetik. Gainera, pazientearen jarrera giltzarria da norberaren gaitzek hobera egin dezaten. Hori lortzeko, kontsultara joaten direnen konfiantza lortzea da Subizak bilatzen duena. "Bakoitzari zer gertatzen zaion eta zer egingo diodan azaltzen diot. Pazienteak jakin behar du zergatik ukitzen diozun hanka. Informazioa ematea gakoa da".

135

Batez beste etxe bakoitzean gastatzen diren ur litroak. Nafarroako Estatistika Institutuak egindako ikerketa baten arabera, egunean135 ur litro gastatzen dira etxebizitza bakoitzean. Azaldu dutenez, iragan urteko datuekin alderatuta kontsumoa murriztu egin da,

Bertako sorkuntzaren lekuko

Aniztunak. Hala definitu ditu Maier Velez EHAEO Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kideak 2013ko sariketan parte hartu duten arkitektura lanak. Guztiak Iruñeko Baluarte jauregiko Harresiaren Aretoan daude ikusgai, Gure arkitektura izenburupean. Orotara, 206 lan aurkeztu dituzte sariketaren 11. ediziora. Manuel Paja Fano elkargoko dekanoaren arabera, "lan horiek agerian uzten dute jakinduria eta eguneroko lan ona, ez bakarrik norberaren trebezia erakusteko obretan, baizik eta baita eraikuntza enkargu txikietan, birgaikuntza zainduetan, hirietako esku hartzeetan eta kultur argitalpenetan ere". Izan ere, beste behin arkitektoen zeregina aldarrikatzeko balio izan du sariketak.

Velezek argi dio ez dagoela euskal arkitektoak bereizten dituen estilo konkreturik. Berretsi du ez dagoela korronte zehatzik. Gainera, ohartarazi du arkitektura ez dela etxe berriak diseinatzera soilik mugatzen. Horren adierazle da 2013ko sariketara aurkeztutako lanen artean sariren bat jaso duten lanak biltzen dituen katalogoa. Orotara, hamar sail prestatu dituzte, tartean, bizitoki eraikuntza, hornidura eraikuntza, zaharberritze proiektuak... Badira saritu gabe gelditu diren hainbat sail, lurraren antolaketari eta eraikuntza industrialei dagokienak.

Saritutako lanen bat nabarmentzea zaila egiten zaio Velezi; dioenez, "denek dute berezitasunen bat". Baina ziurrenik berezienak erakusketaren azken txokoan daudenak dira. Diseinuaren sailean aurkeztutako bi lan daude. Alde batetik, Vaillo+Irigaray Architects taldeak Alvarno arropa diseinatzailearekin gauzatutako proiektuko hainbat adibide daude. Madrid Fashion Week moda desfilean aurkeztu zituzten euren proposamenak. Arkitekturako ezagutzak moda diseinuko oinarriekin uztartuta, kortse bereziak ekoiztu dituzte. Velezek argi utzi du arkitektura bestelako diziplinekin lan egiten ohitua dagoela, eta proiektu hori adibide gisara jarri du.

Proiektu horrez gain, txoko berezia dauka erakusketan kortseen sail berean aurkeztutako Dvelas proiektuak. "Arkitekturaren barnean elementuak berrerabiltzen direla frogatzen da proiektu honetan", azaldu du Velezek. Izan ere, Enrique Kahle diseinatzailea belaontzietako haize oihalei beste erabilera bat bilatzen saiatu da, baita topatu ere. Etxerako hainbat altzari diseinatu ditu, tartean, terrazan etzanda egoteko aproposak diren etzaulkiak, pufak eta arropa zintzilikatzeko esekitokia. "Ziurrenik erakusketaren zati hau da bereziena", adierazi du Velezek.

Kasu horretan bezala, saritutako beste hainbat proiektu Nafarroakoak dira. Gainera, ziurrenik Berriozarko Urtxintxa haur eskola izango da proiekturik koloretsuena, zeinak hornidura eraikuntzen saria irabazi duen. Javier Larra, Iñigo Begiristain eta Iñaki Bergera arkitektoen lana da. Eraikinaren kanpoaldea hamaika kolorez osatutako xaflez egina dago. Horregatik, eraikinaren ondotik igarotzen direnen arreta erakartzen du eraikinak. Gainera, halako eraikinak diseinatzerakoan haurren eta irakasleen beharrizanak oso kontuan hartzen direla jakinarazi du Velezek.

Ibilbidea hirian barna

Hala ere, badira sarritan oharkabean pasatzen diren hainbat lan. Sarritan, arkitektoek eta proiektuen arduradunek diseinatutako azpiegiturek ingurunearekin bat egitea nahi izaten dute. Hori gertatzen da, esaterako, Labriteko harresiekin. Zaharberritu zirenean, Labriteko aldaparen alde banatan gelditzen diren aldeak pasarela batez batu zituzten. Hain justu, Carlos Pereda, Oscar Perez eta Ignacio Oliteren proiektu horrek irabazi du hirigintza eta diseinuaren saria EHAEOren sariketan. Velezek argi dio harresien inguruan dagoen ibilibideari "jarraibidea" ematea lortu dutela.

Bi urteren buruan egingo dute EHAOEko sariketen hamabigarren edizioa, arkitektura eta harekin lotutako gainontzeko diziplinetan Euskal Herrian egin dena ezagutarazteko.