Genero indarkeriaren aurkako kale izenak jarri dituzte bi udalek

Sarrigurenen eta Iruñean genero indarkeriaren biktimen aldeko bina kale inauguratuko dituzte. Horrela erabaki baitute bi udaletako udalbatzek. Kaleen izena Azaroaren 25a izango da, egun hori baita Genero Indarkeriaren Biktimen Nazioarteko Eguna. Iruñean Ermitagaña eta Mendebaldea auzoen artean dagoen pasealekua aukeratu dute. Eguesibarren, ordea, Sarrigurengo kale berri bati jarriko diote izen hori.

Eguesibarreko udalbatzan eztabaida sutsua piztu zen kale izendatzearen inguruan. Udal Gobernuak Nagore Laffage izena jarri nahi zion kaleari, baina udalbatzak Azaroaren 25a hobetsi zuen, oposizioko talde guztien bozkarekin.

15.000

Prezio publikoei eusteko laguntza, eurotan. Tafallako Udalak 15.000 euroko laguntzak onartu ditu errenta baxuenak dituztenentzat. Laguntza horrekin %50 jaitsiko dituzte hainbat zerbitzu publikotako prezioak.

10.000

Gizarteratze errenta jasoko duten familiak. Urtea amaitzerako Nafarroako 10.000 familiak jasoko dute gizarteratze errenta. Heldu den urtean, 40 milioi euro jarriko ditu Nafarroako Gobernuak errenta hori finantzatzeko xedez.

IRUÑEAN BIZIKLETAZ HOBETO IBILTZEKO

Bizikletaren Iruñeko Behatokia sortu du Iruñeko Udalak. Azaroaren 6an egin zuten lehen bilera, eta, gutxienez, urtean bi aldiz bilduko dira. Behatokia Agenda 21eko helburuen bigarren planaren barruan dago. Plan horretan, Iruñeko Udaleko hainbat sailetako teknikariek eta arduradunek parte hartzen dute. Horiekin batera, beste instituzio eta eragileetako kideak ere badaude, besteak beste, Trafiko Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutua, unibertsitateak eta Ermitagañako Txirrindularitza Taldea. Garraiobide gisa bizikleta Iruñean zer egoeratan dagoen aztertzea da Behatokiaren helburua eta, behar izanez gero, hobetzea .

@sarean

Gizakien oinarrizko eskubideen alde lan egiten duten dozenaka erakunde daude Nafarroan, tartean honako bi hauek:

www.congdnavarra.org.Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Nafarroako Koordinakundeko webgunea.

www.caritaspamplona.org.Tutera eta Iruñeko Caritasen webgunea.

Gurutze Gorriak ehun askari banatzen ditu egunero

2013-2014ko ikasturtea hastearekin batera eta joan den apirilean ekindako bideari jarraituz, Nafarroako Gurutze Gorriak egunean ehun askari banatzen ditu haur desabantailatuen artean. Oraingoz, askaria Burlata, Iruñe, Tutera eta Cascanteko ehun haurri ematen diete. Zerbitzua astelehenetik ostegunera soilik eskaintzen dute 6 eta 12 urte bitarteko haurren artean. Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, arazo ekonomikoak dituzten familietako haurren artean elikadura osasuntsua sustatu nahi dute. Horrez gain, gurasoei lana aurkitzeko laguntza berezia eskaintzen die erakundeak. Hala, familiaren zaintza eta lan bilaketa uztartzeko aukera ematen die, besteak beste.