Euskaraz

UPNk errua "betikoei" leporatzeko aitzakiaz harago, hausnarketarako aukera ere utzi digu hainbat ezezagunek San Ferminen estatuaren beira-arasaren aurka egindako erasoak. Zehatzago, egindako pintaketak. El museo de Sto Fermin el de 6,6 millones. Non da?, hizki beltzez, eta nahasketa linguistiko arraro samarrean. Eta horren aurrean Nafarroa Baik kaleratu oharrak harritu nau. Pintaketa horrek "eraso bandalikoa" sanferminen museoaren kontrako kritikarekin —horraino, ados— eta euskararekin lotzen dituela dioelako harritu nau. Euskararen arrastoa mugatua da pintaketan: bi hitz. Eta, hala ere, ekintza bera euskararekin lotzeko nahikoa.

Absurdoa litzateke galdetzea berdin gertatuko ote litzatekeen mezua gazteleraz balego. Ekintza "bandalikoa" gaztelerarekin lotuko ote litzatekeen, alegia. Nabarmenegia litzateke erantzuna: ez. Eta NaBaik egindako adierazpen horien aurrean nire jarrera zein den argitzen saiatu naiz, ados ala kontra nagoen, alegia. Ez da lan erraza.

Hasiera batean, baten bat UPNren dena denarekin nahasteko tranpan erori zela pentsatu nuen. Amorratzen nau euskaraz egiten den oro euskararekin lotu behar izateak. Egoera normalizatu batean pintaketa bat hori baino ez litzateke: pintaketa bat, aldarrikapen bat, hizkuntza bat ala beste. Baina gure hizkuntza ez dago normalizatua, txikitua baizik, menpekoa. Eta hortaz, gustatu ala ez, euskaraz egiten dugun orok badu bestelako karga bat ere. Gaur egungo Iruñean, pintaketa bat —ordezkatu pintaketa hitza antzerki, pelikula edo elkarrizketa batengatik— euskaraz egiteak badakar hizkuntzaren aldeko jarrera bat ere, hautu bat, aldarri bat. Euskaraz egitea, nahi eta nahi ez, ekintza politikoa bihurtu dugu, halabeharrez.

Hortaz, pentsa liteke baietz, baduela bere logika edukiaz harago, edozein ekintza, euskaraz bada, hizkuntzarekin lotua izateak. Baina bada beste elementu bat, euskaldunon konplexuekin lotua. Etsaia, hizkuntza nagusitua seduzitu nahi dugu, gure aurpegirik ederrena erakutsi, akatsik gabe. Gure txikitasuna irentsita jokatzen dugu, besteak zer esanen duenari begira, besteak zer pentsatu. Gaizki eginda dagoenak, euskaraz bada, lotsatzen gaitu. Hizkuntza nagusiak beraienera doaz, inori ezer demostratu beharrik gabe. Bortxatzaile batek gazteleraz egiteak ez dio kalterik egiten gaztelerari; euskaraz egiteak euskarari, bai.

Beste ezer baino gehiago, ideia ezberdinen zurrunbiloa da hau, erantzunik gabeko hausnarketa. Galdera bat airera, besterik ez: gure egoera ez-normalizatuaren arabera jokatu beharko genuke, ala handien parera bageunde bezala jardun? Ni, ezer erantzun aurretik, artikulu hau bukatzera noa, jakitun diodanaz gain baduela bestelako garrantzirik: euskaraz idatzia dagoela.

Genero indarkeriaren aurkako kale izenak jarri dituzte bi udalek

Sarrigurenen eta Iruñean genero indarkeriaren biktimen aldeko bina kale inauguratuko dituzte. Horrela erabaki baitute bi udaletako udalbatzek. Kaleen izena Azaroaren 25a izango da, egun hori baita Genero Indarkeriaren Biktimen Nazioarteko Eguna. Iruñean Ermitagaña eta Mendebaldea auzoen artean dagoen pasealekua aukeratu dute. Eguesibarren, ordea, Sarrigurengo kale berri bati jarriko diote izen hori.

Eguesibarreko udalbatzan eztabaida sutsua piztu zen kale izendatzearen inguruan. Udal Gobernuak Nagore Laffage izena jarri nahi zion kaleari, baina udalbatzak Azaroaren 25a hobetsi zuen, oposizioko talde guztien bozkarekin.

15.000

Prezio publikoei eusteko laguntza, eurotan. Tafallako Udalak 15.000 euroko laguntzak onartu ditu errenta baxuenak dituztenentzat. Laguntza horrekin %50 jaitsiko dituzte hainbat zerbitzu publikotako prezioak.

10.000

Gizarteratze errenta jasoko duten familiak. Urtea amaitzerako Nafarroako 10.000 familiak jasoko dute gizarteratze errenta. Heldu den urtean, 40 milioi euro jarriko ditu Nafarroako Gobernuak errenta hori finantzatzeko xedez.

IRUÑEAN BIZIKLETAZ HOBETO IBILTZEKO

Bizikletaren Iruñeko Behatokia sortu du Iruñeko Udalak. Azaroaren 6an egin zuten lehen bilera, eta, gutxienez, urtean bi aldiz bilduko dira. Behatokia Agenda 21eko helburuen bigarren planaren barruan dago. Plan horretan, Iruñeko Udaleko hainbat sailetako teknikariek eta arduradunek parte hartzen dute. Horiekin batera, beste instituzio eta eragileetako kideak ere badaude, besteak beste, Trafiko Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutua, unibertsitateak eta Ermitagañako Txirrindularitza Taldea. Garraiobide gisa bizikleta Iruñean zer egoeratan dagoen aztertzea da Behatokiaren helburua eta, behar izanez gero, hobetzea .

@sarean

Gizakien oinarrizko eskubideen alde lan egiten duten dozenaka erakunde daude Nafarroan, tartean honako bi hauek:

www.congdnavarra.org.Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Nafarroako Koordinakundeko webgunea.

www.caritaspamplona.org.Tutera eta Iruñeko Caritasen webgunea.