Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak egindako ikerketa baten arabera, lau turistatik batek sanfeminak Nafarroa ezagutzeko aprobetxatzen dituzte. Hala, jaiegunen bat Iruñean igaro ostean, lurraldeko beste txoko batzuk ezagutzera joaten dira. Turista gehienek (%23) Orreaga bisitatzen dute. Azken urteetan, Donejakue bidearen inguruan egin diren filmek interesa piztu dute erromesekin lotura duten tokiekiko. Alde horretatik, turisten etorrera aprobetxatu nahi du Nafarroako Gobernuak Iruñeaz gain beste toki batzuk bisitatu ditzaten Jai girotik lasaitasunera kanpainaren barruan. Izan ere, Nafarroan dauden aukera aniztunak ezagutarazi nahi ditu gobernuak.
Irantzuko lurrak, eskaintzaz blai
Sanferminak ate-joka dauden arren, jai girotik aldendu nahi duenarentzat badira beste aukera batzuk ere Nafarroan zehar. Horietako bat da Irantzuko Lurrak turismo elkarteak proposatu duena. Natura eta inguruko baliabideak aprobetxatuta, 32 eskaintzaz ...
ENPLEGUAREN MAHAIAREN PARODIA
UPNk eta PSNk akordiorako oinarria adostu dute, PPren babesarekin. Bertan, langabeziari aurre egiteko 40 neurri aurkeztu dituzte, hiru bloketan banaturik. Langabezian dauden pertsonen batzarrak, ordea, adar jotze gisa hartu du mahaiak egindako bilera....
@sarean
Nafarroako turismo eskaintzarekin lotutako webguneak.
• www.tierrasdeiranzu.com. Irantzuko Lurrak turismo elkartearen webgunea da.
• www.turismonavarra.es. Nafarroako turismo ibilbideak eta eskaintzak aurki daitezke webgune honetan.
Ate vs Ate
Zalaparta handirik gabe. Zalaparta mediatiko handirik gabe, bederen, Sakanako hainbat herritan atez ateko sistema abiatuko dute astelehenean. Tira, gauzak zehaztearren, herri bakoitzari egokituriko zabor bilketa eginen dute; baina betiere atez ateko sistemaren inguruan egituratuak denak eta Nafarroako gainerako tokietan ezagutzen dugun edukiontzien eredutik aldentzen direnak. Erran dugu Nafarroan zalaparta mediatiko handirik ez duela izan; xelebrekeriarik ez zaio falta izan, ordea.
• Iraultza instituzionala. Betidanik irria marraztu egin zait aurpegian Mexikoko PRI alderdiaren izen osoa entzun izan dudalarik: Alderdi Iraultzaile Instituzionala. Oximoron polita, Roberto Jimenez eta pisuzko arrazoiak elkartzea bezalaxe. Hala, garai batean antisistematzat jotzen zuten ezker abertzalea —bertze batzuekin batera elkartuta— erakundeetatik ari da benetako iraultza bulkatzen, herritar guztien eguneroko ohitura bat hankaz gora jarri nahi duena.
• Alde, eta ez kontra. Erakundeetatik etortzen diren proiektuen aurka borrokatzen ohitura dugunok arraro samar sentitzen gara oraingoan. Jokoz kanpo. Orain, diputazio batetik, hainbat mankomunitatetik, zenbait udaletatik "inposatzen" ari direnaren alde egin behar dugu sutsuki. Beti "ez", "ez" eta "ez" oihukatzen, eta orain "bai", "bai" eta "bai"? Gauza arraroagorik!
• Herri kontsultak. Aurreko batean aipatu genuen zenbait herri galdeketaren emaitzek toki zailean uzten gaituztela herri galdeketen aldeko garenok. Zorionez, baina, atez ateko sistemaren kontra egiten ari diren galdeketa gehienak hain dira zabarrak, hain ilunak, hain itsusiak, hain antidemokratikoak… ezen horietaz paso egiteko aukera ederra ematen baitigute, horretarako batere alhadurarik izan gabe. Orain ulertzen dut zer sentitzen duten UPNkoek "betiko" herri mugimenduek antolaturiko herri galdeketak aintzat hartzen ez dituztelarik: deus ere ez.
• NAN. Bideoa ikusiko zenuten: Villabonan (Gipuzkoa) atez atekoaren kontrako herri galdeketa; ezker abertzaleko kide batzuek bozkalekura sartu nahi dute, behatzaile lanak egiteko; lotsagarriki, ez diete sartzen uzten; eta ezker abertzaleko kideek beren arrazoiak erakusten dituzte, baita beren Espainiako nortasun agiriak ere.
• Kontrainformazioa. Atez atekoa ezartzen ari direnek, informazioa (hedabide instituzionalak erabilita). Haren aurkakoek, kontrainformazioa (eskela gehien saltzen dituzten egunkariek eta alderdi politiko handiek lagunduta). Eta aspalditik zaborrak hobeki kudeatzearen alde daudenenek, kontra-kontrainformazioa (hedabide txiki alternatiboak baliatuta).
Aurkakorik? Sakanako Mankomunitatekoak atez atekoa azaltzen hasi zirelarik, PPko zinegotziek flipatu zuten jakin zutelarik beren alderdiak gauza bera babesten duela Katalunian. Geroago, ekainaren hasieran, UPNk atez atekoa debekatzea proposatu zuen Nafarroako parlamentuan. Baina hilaren bukaeran Sakanara eginiko bisitan, UPNko ordezkari Begoña Sanzberrok erran zuen ez zeudela "ez alde eta ez kontra". Bisita berean, Carmen Otxoa parlamentari sozialistak adierazi zuen atez atekoa "etorkizuna" dela. Ez ote dute oposizio garbiagorik eginen?
Renfek sanferminetarako eskainiko dituen tokiak.
Bihar hasiko dira sanferminak Iruñean. Jende uholdea espero da Nafarroako hiriburuan. Hala, Renfek jakinarazi duenez, tren zerbitzua indartuko du. Denera, 89.000 lagunentzako tokia izango da konpainiako trenetan.
13.510
• 2012an Gurutze Gorriak artatutako pertsona kopurua. Joan den urtean, Nafarroako Gurutze Gorriak bere gizarteratze planean 13.510 pertsona artatu zituen, 2011n baino %41,2 gehiago. Plan horrek, besteak beste, etorkinak, edadetuak eta elbarriak babesteko xedea du.
Santamariak 6.500 euro gastatu ditu eguzkitako betaurrekoetan
Espainiako Udaltzainen Sindikatuaren Nafarroako ordezkaritzak Iruñeko udaltzainentzat erositako eguzkitako betaurrekoetan eginiko gehiegizko gastua salatu du. Izan ere, Simon Santamaria Iruñeko udaltzainen nagusiak 6.500 euro gastatu ditu "beharrezkoa ez zen" gastu batean.
Iazko sanferminetan udaltzainak eguzkitako betaurreko zuriak erabiltzen hasi ziren, Udaltzaingoko buruzagitza politikaren aurkako protesta gisa. Hori zela eta, Santamariak idatzizko agindu batean debekatu egin zuen betaurreko horiek erabiltzea. Beltzak jaztera behartzeko, 6.500 euro gastatu ditu betaurrekoetan.Gainera haren aburuz, "erloju, betaurreko, eskumuturreko, belarritako eta abarrek Iruñeko udaltzainen irudia desitxuratzen dute".
Debeku horren aurka, bost udaltzainek jaramonik ez egitea erabaki zuten, eta Santamariak espedientea ireki zien. Hala ere, auzitegiek bertan behera utzi zituzten espedienteak, aurkeztutako arrazoiek pisu ez zutelako.
Udaltzainen sindikatuaren iritziz, Santamariari ez zaio gustatzen poliziek desadostasuna jendaurrean erakustea. Baina are larriagotzat jo dute 6.500 euro betaurreko ilunetan gastatzea.
Polizia agenteek, Udaltzaingoaren kudeaketa eskasa salatzeko, aurtengo sanferminetan erloju zuriak erabiliko dituzte.
Egun-pasa egiteko txokoak
Aniztuna da Nafarroa. Hegoaldean, lehorra, eta iparraldean, hezea. Ekialdean, mendiak. Erdialdean, lautada. Aniztasun hori profitatu du Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak paisaiagatik edota kultura balioagatik bisitatu beharreko 35 gune zerrendatzerakoan. Arbaiungo arroila, Xorroxingo ur-jauzia eta Iruñeko Zaldi Zuriko begiralekua daude, besteak beste, zerrenda horren barruan.
Nafarroako paisaietan ibilbidea. Hala izena du gobernuak egindako proposamenak. Denera, hogei begiraleku eta hamabost ibilbide zerrendatu dituzte. Atzerritik zein inguruko herrialdeetatik Nafarroara etortzen direnentzat daude pentsatuta proposamenak. Era berean, Turismo Departamentuak jakinarazi duenez, bertakoek ere lurraldea hobeto ezagutzeko parada izatea nahi dute.
35 ibilbideak lau eremutan daude banatuta: iparraldekoa, Iruñerrikoa, erdigunekoa eta Erriberakoa. Guztietan, eremu bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu dira. Aukera handia dago. Izan ere, Nafarroan barrena ibilbideak antolatu eta hiru bat eguneko txangoak egin daitezke, baita egun bakarrekoak ere.
Iparraldeko eremuan dago Xorroxingo ur-jauzia, Baztan ibarreko Erratzu herrian. Aparkalekuan autoa utzi eta oinez hiru kilometroko ibilbidea egin ostean iristen da ur-jauzira. Txoko berezi bezain polita da. Naturak sotilki eraldatutako gunea da Xorroxin.
Irunberriko arroila ere eremu horretan bertan dago, iparraldean alegia. Ibaiaren alde batean, pasealekua dago. Ingurunean bizi diren hegaztiak ikus daitezke, tartean saiak eta arranoak. Haizeak, urak eta halako elementuek erliebea eraldatzeko duten gaitasunaz jabetu daiteke bisitaria.
Bestalde, Iruñerrian ere bada zer bisitatu. Ziurrenik, Nafarroan biztanle gehien duen eremua da. Azken urteetan, urbe handi bilakatu da eskualdea, batez ere eraiki diren auzo berriak direla eta. Hain justu, Erreniega mendia da Iruñerriko mendirik ezagunenetakoa. Bertan, begiraleku naturala dago Donejakue bideko erromesen omenez egindako eskulturaren alboan. Bista panoramikoa du. Horri esker, Pirinioetako mendiak ikus daitezke, eta hegoaldean urtaroaren arabera kolorez aldatzen diren soroak. Uda garaian, horiak izaten dira soro horiek, landatutako gariaren eraginez, batez ere. Hirigunea eta natura uztartzen dira hortaz.
Turismo Departamentuak erdigunean zortzi proposamen egin ditu. Aukera horien artean, ezagunena ziurrenik Urederrako iturburua izango da. Sakana eta Lizarra artean dago, Urbasa eta Andiako Natur Parkean. 5,3 kilometroko ibilbidearen ostean iristen da iturburura. Toki fresko zein berezia da. Batez ere, Urederrako urak duen koloreagatik. Natur parke berean dago Ubabako begiralekua. Ziurrenik, ezagunagoa da Pilatosen begiralekua izenarekin. 900 metroko amildegia du azpian, eta Ameskoa ibarra ikus daiteke, baita Urederrako ur-jauzia ere.
Erriberan ere bada zer bisitatu. Nafarroa hegoaldeko paisaia ikusgarria Santa Barbarako gainean ikus daiteke ondoen. Tutera ondoan dago gain hori. Bista panoramikoa dago bertan. Bardea, Ebro ibaia, Monkaio eta Cierzo mendiak ikusi daitezke, besteak beste.
Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Turismo kontseilariak azaldu duenez, egun turistak erakartzeko modurik eraginkorrena proposamenak egitea da. Hala ere, argi utzi du proposamen horiek ez direla kanpotarrentzat bakarrik pentsatutakoak, baita bertakoentzat ere: "Sarritan etxean duguna ez delako ezagutzen".
17,4
• Uholdeen kalteak konpontzeko gastua, milioi eurotan. Nafarroako Gobernuak 17,4 milioi euroko gastua onartu du uholdeek errepidetan eragindako kalteak konpontzeko. Onartu berri duten aurrekontuarekin konponketa lanak egingo dituzte Irurtzungo, Mugairiko eta Tuterako errepideetan.