Dantzaren jatorriaren bila

Urtero bezala, Lesakako herritarrek oso egun berezia ospatuko dute etzi. Egun osoko egitarau oparoan, ekitaldirik garrantzitsuena zubigainekoa izango da. Napoleones martxaren laguntzarekin, hamabost ezpata dantzari azalduko dira Eskol-ttiki ingurura. Han pertsona ugari begira dituztela, Onin ibaiaren ertzeetako petriletan aurrera eta atzera dantzan ibiliko dira.

Uztailaren 7an egiten diren dantzen jatorria zehazki noizkoa den jakin ez arren, dokumentu historikoen arabera XV. mende ingurukoa dela erran du Egoitz Telletxea Lesakako historialariak. "Garai hartan urriko jaiez gain, sanjoanak eta sanmartinak ospatzen ziren Lesakan, lehenak izanik garrantzitsuenak".

Rafael Eneterreaga Lesakako historiaren zaleak jakinarazi duenez, "San Joan egunean gaur egungo uztailaren 7an egiten den dantzaren oso antzekoa dantzatzen zuten herritarrek". Garai hartan, Onin ibaiak bereizitako bi auzo zeuden Lesakan, Julio Caro Barojaren idatzietan azaltzen denez. Errekaren ibilbidea jarraituz, ibaiaren eskuineko aldea Legarrea zen, eta ezkerrekoa, berriz, Pikuzelaia. Mairuen eta kristauen auzoak ziren, hurrenez hurren.

"Goizean Matxain etxean gosaldu ostean, mairuak eta kristauak Salbatore ermitara joaten ziren meza entzutera. Eneterreagak gaineratu duenez, Salbatoretik bueltan, mairuek errekara botatzen zituzten kristauak, eta euren txapeletatik elkarri ura botatzen zieten.

Horren ondoren, herritarrak errekatik plazara joaten ziren, eta handik, dantzariak egun makil-gurutze modura ezagutzen den doinua dantzatuz elizara joaten ziren. Behin meza nagusia amaituta, bi ilaretan itzultzen ziren Eskol-ttikira, eta han zubigainekoa dantzatzen zuten, nahiz eta petrilik ez zegoen.

Uste okerrak

Eneterreagak erran duenez, askok uste dute Legarrea eta Pikuzelaia auzoen artean gerra zegoela XV. mende inguruan, eta zubigainekoa bakea sinatu ondoren egiten hasi zirela. "Baliteke auzokoen artean eztabaidaren bat edo bertze izatea, baina ez zen inolako gerrarik egon". Dirudienez, gerraren kondaira hori 1940. urte inguruan asmatu zuen lagun talde batek afari batean. Ordutik bertsio hori zabaldu da gehien Lesakako herritarren artean. Areago, oraingo dantzari batzuek ere bake ituna egon zela uste dute. Hala ere, "Lesakako Udaleko aktetan ez da inon bake itunik azaltzen, ezta gerraren berri ematen duen idatzirik ere".

Antza denez, 1411n eta 1444an Gaztelaren aurkako batailak egon ziren Lesakan. Horren harira, Lesakako hainbat gazte Nafarroan zehar ibili ziren gerran. Sorterrira itzultzean, hainbertze istilurekin nazkatuta, bakean bizi nahi zutela erran zuten. Ordura arte mairuek beren auzoko aldean dantzatzen zuten, eta kristauek, berriz, beste aldean. Baina, Eneterreagaren hitzetan, "gertakari hori ospatzeko, urte horretan alderantziz egin zuten, hots, mairuek kristauen aldean —Pikuzelaian— dantzatu zuten, eta kristauek mairuen aldean —Legarrean—, erdian Lesakako bandera zutela".

Eneterreagak adierazi duenez, ezpata dantzari izena 1727ra arte ezpatekin dantzatzearen ondorioz sortu zen. "Errekan elkarri ura botatzeaz gain, mairuak eta kristauak ezpatekin borrokan ibiltzen ziren jolasean. Baina urte horretan Pedro Gamio eta Jose Lantz ito egin ziren, eta ordutik armak debekatu eta makilak erabiltzen hasi ziren". Eneterreagak gaineratu du Lesakako zenbait dokumentutan makil dantzariak azaltzen dela ezpata dantzariak azaldu beharrean.

Egoitz Telletxearen esanetan, "dokumentu historikoen arabera, Lesakako herritar batek beste bati begia atera zion, edanda zegoelako".

Gaur egun ere XV. mendean bezalatsu dantzatzen dute zubigainekoa, eta bandera ere lehen bezala astintzen dute. Zubiko saioa amaituta, plazara joaten dira, eta han beste saio bat egiten dute. Goizeko ekitaldian mutilak bakarrik aritzen badira ere, arratsaldean neskek ere parte hartzen dute.

San Fermin egunean dantzatzen duen hamabost ezpata dantzarietako bat da Xabier Maritxalar. "Uztailaren 7a urduritasun puntu batekin baina ilusio handiarekin bizitzen dut", dio. Proba saioetan hemezortzi gazte inguru aritzen dira. Horietatik zenbait San Fermin egunean atera ez arren, dantzak bertzerik gabe ikasteko joaten dira. Beti ere, hurrengo urteetan ezpata dantzari izateko itxaropenez.

Ezpata dantzariren batek gehiago ez dantzatzea erabakitzen duenean, hamabost dantzarien artean aukeratzen dute ordezkoa. Maritxalarren esanetan, "normalean, proba saioetan denbora gehien daramana eta aldi berean adinean zaharrena dena izaten da lekukoa hartzen duena". Bertzalde, Maritxalarrek onartu du zubiaren gainean dagoenean "erabat" kontzentratuta egoten dela, baina jendearen animoek "motibatu" egiten dutela. "Azken finean, ikuslerik ez balego, dantza ez litzateke gauza bera izango".

Sanferminetan ingurua bisitatzen dute turistek

Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak egindako ikerketa baten arabera, lau turistatik batek sanfeminak Nafarroa ezagutzeko aprobetxatzen dituzte. Hala, jaiegunen bat Iruñean igaro ostean, lurraldeko beste txoko batzuk ezagutzera joaten dira. Turista gehienek (%23) Orreaga bisitatzen dute. Azken urteetan, Donejakue bidearen inguruan egin diren filmek interesa piztu dute erromesekin lotura duten tokiekiko. Alde horretatik, turisten etorrera aprobetxatu nahi du Nafarroako Gobernuak Iruñeaz gain beste toki batzuk bisitatu ditzaten Jai girotik lasaitasunera kanpainaren barruan. Izan ere, Nafarroan dauden aukera aniztunak ezagutarazi nahi ditu gobernuak.

Irantzuko lurrak, eskaintzaz blai

Sanferminak ate-joka dauden arren, jai girotik aldendu nahi duenarentzat badira beste aukera batzuk ere Nafarroan zehar. Horietako bat da Irantzuko Lurrak turismo elkarteak proposatu duena. Natura eta inguruko baliabideak aprobetxatuta, 32 eskaintzaz ...

ENPLEGUAREN MAHAIAREN PARODIA

UPNk eta PSNk akordiorako oinarria adostu dute, PPren babesarekin. Bertan, langabeziari aurre egiteko 40 neurri aurkeztu dituzte, hiru bloketan banaturik. Langabezian dauden pertsonen batzarrak, ordea, adar jotze gisa hartu du mahaiak egindako bilera....

@sarean

Nafarroako turismo eskaintzarekin lotutako webguneak.

www.tierrasdeiranzu.com. Irantzuko Lurrak turismo elkartearen webgunea da.

www.turismonavarra.es. Nafarroako turismo ibilbideak eta eskaintzak aurki daitezke webgune honetan.

Ate vs Ate

Zalaparta handirik gabe. Zalaparta mediatiko handirik gabe, bederen, Sakanako hainbat herritan atez ateko sistema abiatuko dute astelehenean. Tira, gauzak zehaztearren, herri bakoitzari egokituriko zabor bilketa eginen dute; baina betiere atez ateko sistemaren inguruan egituratuak denak eta Nafarroako gainerako tokietan ezagutzen dugun edukiontzien eredutik aldentzen direnak. Erran dugu Nafarroan zalaparta mediatiko handirik ez duela izan; xelebrekeriarik ez zaio falta izan, ordea.

Iraultza instituzionala. Betidanik irria marraztu egin zait aurpegian Mexikoko PRI alderdiaren izen osoa entzun izan dudalarik: Alderdi Iraultzaile Instituzionala. Oximoron polita, Roberto Jimenez eta pisuzko arrazoiak elkartzea bezalaxe. Hala, garai batean antisistematzat jotzen zuten ezker abertzalea —bertze batzuekin batera elkartuta— erakundeetatik ari da benetako iraultza bulkatzen, herritar guztien eguneroko ohitura bat hankaz gora jarri nahi duena.

Alde, eta ez kontra. Erakundeetatik etortzen diren proiektuen aurka borrokatzen ohitura dugunok arraro samar sentitzen gara oraingoan. Jokoz kanpo. Orain, diputazio batetik, hainbat mankomunitatetik, zenbait udaletatik "inposatzen" ari direnaren alde egin behar dugu sutsuki. Beti "ez", "ez" eta "ez" oihukatzen, eta orain "bai", "bai" eta "bai"? Gauza arraroagorik!

Herri kontsultak. Aurreko batean aipatu genuen zenbait herri galdeketaren emaitzek toki zailean uzten gaituztela herri galdeketen aldeko garenok. Zorionez, baina, atez ateko sistemaren kontra egiten ari diren galdeketa gehienak hain dira zabarrak, hain ilunak, hain itsusiak, hain antidemokratikoak… ezen horietaz paso egiteko aukera ederra ematen baitigute, horretarako batere alhadurarik izan gabe. Orain ulertzen dut zer sentitzen duten UPNkoek "betiko" herri mugimenduek antolaturiko herri galdeketak aintzat hartzen ez dituztelarik: deus ere ez.

NAN. Bideoa ikusiko zenuten: Villabonan (Gipuzkoa) atez atekoaren kontrako herri galdeketa; ezker abertzaleko kide batzuek bozkalekura sartu nahi dute, behatzaile lanak egiteko; lotsagarriki, ez diete sartzen uzten; eta ezker abertzaleko kideek beren arrazoiak erakusten dituzte, baita beren Espainiako nortasun agiriak ere.

Kontrainformazioa. Atez atekoa ezartzen ari direnek, informazioa (hedabide instituzionalak erabilita). Haren aurkakoek, kontrainformazioa (eskela gehien saltzen dituzten egunkariek eta alderdi politiko handiek lagunduta). Eta aspalditik zaborrak hobeki kudeatzearen alde daudenenek, kontra-kontrainformazioa (hedabide txiki alternatiboak baliatuta).

Aurkakorik? Sakanako Mankomunitatekoak atez atekoa azaltzen hasi zirelarik, PPko zinegotziek flipatu zuten jakin zutelarik beren alderdiak gauza bera babesten duela Katalunian. Geroago, ekainaren hasieran, UPNk atez atekoa debekatzea proposatu zuen Nafarroako parlamentuan. Baina hilaren bukaeran Sakanara eginiko bisitan, UPNko ordezkari Begoña Sanzberrok erran zuen ez zeudela "ez alde eta ez kontra". Bisita berean, Carmen Otxoa parlamentari sozialistak adierazi zuen atez atekoa "etorkizuna" dela. Ez ote dute oposizio garbiagorik eginen?

13.510

2012an Gurutze Gorriak artatutako pertsona kopurua. Joan den urtean, Nafarroako Gurutze Gorriak bere gizarteratze planean 13.510 pertsona artatu zituen, 2011n baino %41,2 gehiago. Plan horrek, besteak beste, etorkinak, edadetuak eta elbarriak babesteko xedea du.

Santamariak 6.500 euro gastatu ditu eguzkitako betaurrekoetan

Espainiako Udaltzainen Sindikatuaren Nafarroako ordezkaritzak Iruñeko udaltzainentzat erositako eguzkitako betaurrekoetan eginiko gehiegizko gastua salatu du. Izan ere, Simon Santamaria Iruñeko udaltzainen nagusiak 6.500 euro gastatu ditu "beharrezkoa ez zen" gastu batean.

Iazko sanferminetan udaltzainak eguzkitako betaurreko zuriak erabiltzen hasi ziren, Udaltzaingoko buruzagitza politikaren aurkako protesta gisa. Hori zela eta, Santamariak idatzizko agindu batean debekatu egin zuen betaurreko horiek erabiltzea. Beltzak jaztera behartzeko, 6.500 euro gastatu ditu betaurrekoetan.Gainera haren aburuz, "erloju, betaurreko, eskumuturreko, belarritako eta abarrek Iruñeko udaltzainen irudia desitxuratzen dute".

Debeku horren aurka, bost udaltzainek jaramonik ez egitea erabaki zuten, eta Santamariak espedientea ireki zien. Hala ere, auzitegiek bertan behera utzi zituzten espedienteak, aurkeztutako arrazoiek pisu ez zutelako.

Udaltzainen sindikatuaren iritziz, Santamariari ez zaio gustatzen poliziek desadostasuna jendaurrean erakustea. Baina are larriagotzat jo dute 6.500 euro betaurreko ilunetan gastatzea.

Polizia agenteek, Udaltzaingoaren kudeaketa eskasa salatzeko, aurtengo sanferminetan erloju zuriak erabiliko dituzte.

Egun-pasa egiteko txokoak

Aniztuna da Nafarroa. Hegoaldean, lehorra, eta iparraldean, hezea. Ekialdean, mendiak. Erdialdean, lautada. Aniztasun hori profitatu du Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak paisaiagatik edota kultura balioagatik bisitatu beharreko 35 gune zerrendatzerakoan. Arbaiungo arroila, Xorroxingo ur-jauzia eta Iruñeko Zaldi Zuriko begiralekua daude, besteak beste, zerrenda horren barruan.

Nafarroako paisaietan ibilbidea. Hala izena du gobernuak egindako proposamenak. Denera, hogei begiraleku eta hamabost ibilbide zerrendatu dituzte. Atzerritik zein inguruko herrialdeetatik Nafarroara etortzen direnentzat daude pentsatuta proposamenak. Era berean, Turismo Departamentuak jakinarazi duenez, bertakoek ere lurraldea hobeto ezagutzeko parada izatea nahi dute.

35 ibilbideak lau eremutan daude banatuta: iparraldekoa, Iruñerrikoa, erdigunekoa eta Erriberakoa. Guztietan, eremu bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu dira. Aukera handia dago. Izan ere, Nafarroan barrena ibilbideak antolatu eta hiru bat eguneko txangoak egin daitezke, baita egun bakarrekoak ere.

Iparraldeko eremuan dago Xorroxingo ur-jauzia, Baztan ibarreko Erratzu herrian. Aparkalekuan autoa utzi eta oinez hiru kilometroko ibilbidea egin ostean iristen da ur-jauzira. Txoko berezi bezain polita da. Naturak sotilki eraldatutako gunea da Xorroxin.

Irunberriko arroila ere eremu horretan bertan dago, iparraldean alegia. Ibaiaren alde batean, pasealekua dago. Ingurunean bizi diren hegaztiak ikus daitezke, tartean saiak eta arranoak. Haizeak, urak eta halako elementuek erliebea eraldatzeko duten gaitasunaz jabetu daiteke bisitaria.

Bestalde, Iruñerrian ere bada zer bisitatu. Ziurrenik, Nafarroan biztanle gehien duen eremua da. Azken urteetan, urbe handi bilakatu da eskualdea, batez ere eraiki diren auzo berriak direla eta. Hain justu, Erreniega mendia da Iruñerriko mendirik ezagunenetakoa. Bertan, begiraleku naturala dago Donejakue bideko erromesen omenez egindako eskulturaren alboan. Bista panoramikoa du. Horri esker, Pirinioetako mendiak ikus daitezke, eta hegoaldean urtaroaren arabera kolorez aldatzen diren soroak. Uda garaian, horiak izaten dira soro horiek, landatutako gariaren eraginez, batez ere. Hirigunea eta natura uztartzen dira hortaz.

Turismo Departamentuak erdigunean zortzi proposamen egin ditu. Aukera horien artean, ezagunena ziurrenik Urederrako iturburua izango da. Sakana eta Lizarra artean dago, Urbasa eta Andiako Natur Parkean. 5,3 kilometroko ibilbidearen ostean iristen da iturburura. Toki fresko zein berezia da. Batez ere, Urederrako urak duen koloreagatik. Natur parke berean dago Ubabako begiralekua. Ziurrenik, ezagunagoa da Pilatosen begiralekua izenarekin. 900 metroko amildegia du azpian, eta Ameskoa ibarra ikus daiteke, baita Urederrako ur-jauzia ere.

Erriberan ere bada zer bisitatu. Nafarroa hegoaldeko paisaia ikusgarria Santa Barbarako gainean ikus daiteke ondoen. Tutera ondoan dago gain hori. Bista panoramikoa dago bertan. Bardea, Ebro ibaia, Monkaio eta Cierzo mendiak ikusi daitezke, besteak beste.

Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Turismo kontseilariak azaldu duenez, egun turistak erakartzeko modurik eraginkorrena proposamenak egitea da. Hala ere, argi utzi du proposamen horiek ez direla kanpotarrentzat bakarrik pentsatutakoak, baita bertakoentzat ere: "Sarritan etxean duguna ez delako ezagutzen".