Sei ergelkeria

Barraskiloa menuan. Aurrekoan, bertze espediente bat ireki zioten Mediterranea de Catering enpresari, Nafarroako Ospitale Gunean gaixo bati zerbitzaturiko zerba plater batean barraskilo bat agertu zelako. Zalaparta sortu zen, noski, barraskiloa menuaren parte ez omen zelako. Nolanahi ere, kasu honetan asaldura bidegabea dela uste dut, jaki ekologikoak jaten ditugunok aski ongi baitakigu gure janarian barraskiloak edo zomorroak agertzea seinale ona dela.

Iruñea ez da Mordor. Neuk ere egin izan dut barre —gogotik egin ere— Iruñea Mordor paraje fantastikoarekin erkatzen duten txisteen kontura. Baina, bat: nahikoa da, ez? Eta, bi: antzekotasunak nahiko zalantzazkoak dira; Mordor beti lainoturik dago, bai, baina ez du euririk egiten, idor-idorra da eta bero handia egiten du. Asmatu bertze zer edo zer, faborez.

Puñalek txupinazoa. Osasuna zalea nauzue; ez amorratua, baina bai zalea. Eta Patxi Puñal Uharteko ganibetaren gola gozatu nuen, gozatu nuenez; Euskalerria Irratiaren kontakizuna entzun zenutenok adituko zenituzten gure oihuak. Bai. Baina horraino. Osasunak ez gaitu krisitik atera. Osasunak ez ditu lanpostu gehiago sortu. Osasunak 30 milioi euro zor dizkigu oraindik. Osasunak ez du txupinazoa botatzea merezi.

Miseria banatzen. Gogoratuko duzue nola Txema Berro Osasunbideko langileari espedientea ireki zion Nafarroako Gobernuak hark ez zuelako onartu bere lanorduak emendatzea. Berro —eta ni— lana banatzearen aldekoa da, eta pentsatzen du —neuk ere bai— langileei lanordu gehiago jartzea bide horren kontrakoa dela. Orain, ematen du Barcina Deshazkundearen aldeko mugimendukoa egin zaigula, baina ez despistatu: haien artean sosak banatu eta gero, orain miseria gure artean banatu nahi dute.

Kaskorik gabeko kaskoak. Askok jakinen duzuenez, Espainiako Gobernua zirkulazio araudi berria prestatzen ari da. Bertako arau asko hagitz polemikoak izaten ahal ziren, baina ika-mika kuota handiena erdietsi duena ziklisten kaskoarena da. Badakizue, Gobernuak nahi du ziklistek hiri barnean kaskoa kaskoan jantzita ibiltzea, horrek ziklisten heriotzak gutxituko dituelakoan. Harrigarriki, bizikletaren aldeko elkarte guzti-guztiak arau horren kontra azaldu dira. Eta, harrigarriki, bizikleta hiriko ibilgailu bezala erabiltzen ez dutenek bizikletazaleak tontoak garela pentsatu dute.

Herriak du pizza. Niri ez zidaten papererako edukiontziaz galdetu, ezta beirarako edukiontziaz, ezta plastiko eta metalerako edukiontziaz, ezta organiko eta gainerakorako edukiontziaz ere. Eta ez didate borzgarren edukiontziaz galdetuko. Ezta Iruñeko entzierroez ere. Egiaren errateko, niri ez didate sekula galdetu gure eguneroko bizimoduaren hobekuntzarako ezein gai zehatzez. Egin beharko luketela uste dut. Hala ere, aizue, zein zaila jartzen diguten herri kontsulten aldekoei zenbait herri kontsultaren emaitzek, dedio!

@sarean

Donejakue bideari buruzko zenbait webgune.

www.caminodesantiagoennavarra.es Informazio asko aurki daiteke bideak Nafarroan dituen berezitasunen inguruan.

www.caminosantiago.com. Donejakue bidea egiteko behar den informazio osatua dago.

21,8

Nafarroako erretzaileen ehunekoa. Ikerketa baten arabera, Nafarroako biztanleen %21,8k erretzen dute, eta, batez beste, erretzaile bakoitzak 11,9 zigarro erretzen ditu egunean. 2012ko datuen aldean, erretzaile gutxiago dago.

BABESA MIROTZ KUMEENTZAT

Apirilean eta maiatzean mirotzek labore soroetan egiten dituzte habiak, lurrean. Han babesten dira harrapakarietatik, baina ez uzta makinetatik. Izan ere, uzta sasoiarekin bat egiten du mirotzen umatze garaiak, eta uzta makinen hortz artean bukatzen d...

1.600

Nafarroako Bilketan parte hartu duten boluntarioak. Joan den asteburuan 1.600 boluntariok parte hartu zuten Nafarroako II. Bilketa Nagusian. Ekinaldi honen xedea baliabiderik ez duten pertsonentzat ahalik eta jaki gehien biltzea da.

Sinpletasunaren bila, bidean

Bidearen bakardadea, adiskidetasuna, elkartasuna... Sentipen horiek izan ditu Villar Lopez argazkilari profesionalak. Nafarroako Gobernuak egindako enkargu baten harira hasi zen Donejakue bidea egiten. Hiru urtean, lau aldiz egin du Donejakue bidea: iparraldetik, kostatik, Pirinioetatik eta Oviedotik. Sakelako telefonoen garapenari esker, bideko argazkiak iPhone batekin hasi zen egiten. Orain, argazki horiek I Way (Nire bidea) liburuan bildu ditu. Heldu den ekainaren 23ra arte, liburuan jasotako argazkiak ikusteko aukera izango da Iruñeko Konestable jauregian, erakusketa batean.

Berriozarkoa da sortzez Lopez. Iruñean ematen du ia egun guztia, Efe berri agentziako argazkilaria baita. Donejakue bideak iparraldetik, erdialdetik zein hegoaldetik zeharkatzen du Nafarroa. "Beti ikusten nituen erromesak Iruñeko Alde Zaharrean, eta erakarri egiten ninduen", dio. Gainera, bere familiak Galizia eta Santiagorekin oso harreman estua duela aitortu du.

Kazetaritzan lan egiten duten argazkilariek lana azkar egiteko duten beharretik urrundu nahi izan du Lopezek. Horregatik, liburuaren eta hein berean erakusketaren bidez, ikusleari pentsarazi egin nahi izan dio: "Argazkietan sartzea nahi dut, barruak mugiaraztea; erlojurik gabe bidaiatzea bezala da".

Denera, 5.000 argazki baino gehiago atera ditu iPhone markako sakelako batekin. Hala ere, ez du Lopezek bere burua argazkiak egitera behartu. "Baziren egunak argazki bat ere egin gabekoak; alde horretatik oso aske sentitu naiz", dio. Lan honetan argazkilaritzaren hastapenetara jo nahi izan duela aitortu du Lopezek. Horregatik, liburuan publikatu dituen 47 argazkietatik 42 zuri-beltzean dira. "Argazkilaritzarekin oso erromantikoa naiz, eta sakelakoak duen aplikazio batek aukera eman dit argazkilaritzaren hastapenetara atzera egiteko".

Askotan, argazkiek margo izaera ere hartzen dute. "Argazkilaritza ez dago margoetatik horren urrun", dio. Hala ere, kezkatuta agertu da azkenaldian argazkilaritzak izan duen garapenarekin. "Egun, edozeinek atera dezake argazki bat sakelakoarekin edo kamerarekin. Nik uste profesionalok beste puntu bat eman behar diogula, eta horretan saiatu naiz lan honetan".

Pozik dago Lopez emaitzarekin. Jakinarazi duenez, zailtasun handiena sentimenduak modu sinple baina eraginkorrean adieraztea izan da. Aurrerantzean ere, horretan jarraitu nahi du. Donejakue bidea egiten jarraitu nahi du aurrerantzean.

HAMARKADA OSPATZEKO KONTZERTUA

2003ko ekainaren 21ean argitaratu zen BERRIA egunkariko lehen zenbakia. Urteurrenaren harira, proiektuaren atzean dagoen komunitatearekin egon eta eskerrak emateko xedez hainbat ekitaldi egin dira, tartean Altsasukoa. Bertako udalaren, Sakanako Mankom...

Gazteen lokalek ordutegi mugatuak izanen dituzte

Hemendik aurrera, Iruñeko gazteen lokalek ordutegi mugatua izanen dute, baita edukiera mugatua ere —tamainaren arabera—. Tokiko Gobernuaren Batzarrak aurkeztu du ordenantza berria, eta, testuan jasotzen duenez, hiriko lokalak 02:00ak arte egon daitezke irekita jaiegunetan, eta astegunetan, berriz, gauerdian itxi egin beharko dira.

Iruñeko Udalak badu hiriko lokalen errolda, eta, denera, 251 daude. Bizilagunen kexa ugari jasotzen dituzte lokalek, eta horregatik prestatu du udalak ordenantza berria. Hain zuzen ere, Arartekoak iradoki zion udalari gazteen lokalak arautzea. Juan Jose Etxeberria Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotziak gazteen lokalen "oinarrizko" ordenantza dela jakinarazi du. "Erabilera pribatua arautzea ez da batere erraza, batzuen eta besteen eskubideak errespetatu behar ditugulako", gaineratu du.

Prozedura parte hartzailea izan dela azpimarratu du Etxebarriak. Iruñeko Gazteriaren Etxeak parte hartu du, eta udaleko webgunean edonork iruzkinak egiteko aukera izan du.

Hainbat debeku eta betebehar jasotzen ditu ordenantza berriak. Besteak beste, lokalek izan behar dute ur hornidura, konketa, komuna eta aireztapena. Horretaz gain, ordenantzak debekatzen ditu sukaldeak eta janaria prestatzeko edozein objektu. Jolas makinak baldin badaude, doakoak izan behar dute.

Esan bezala, ordutegi arau berria izanen dute lokalek, baina salbuespenak izanen dira San Fermin jaietan eta Eguberri egunean. Bi ospakizun horietan ez da egonen ordutegi mugarik. Gainerako egun guztietan, gazteen lokalak "itxita, erabili gabe eta hutsik" egon behar dute 00:00etatik 09:00etara —jaiegunetan 02:00etatik 09:00etara—. Lokalek edukiera maximoa ere izanen dute, eta tamainaren arabera arautuko dute.

251 lokal

Iaz zenbatu zituen Iruñeko Udalak lizentzia duten hiriko lokalak, eta, denera, 251 gazte lokal daude. Arrosadian dago lokal gehien, 86. Arrotxapean, 26; Txantrean, 26; Donibanen, 25; Sanduzelain, 19; Iturraman, 18; Azpilagainan, 18; Etxabakoitzen, 8; Mendillorrin, 7; Ermitagañan, 5; Alde Zaharrean, 5; Zabalgunean, 5.

Iruñeko Udalak, 2002 eta 2010 artean, 338 administrazio txosten ireki zituen; txosten horietatik 120 artxibatu egin ziren, gazteei baimenak emanez; beste 180 kasutan, gazteek lokalak utzi dituzte, edo udalak ixteko agindu du. Lizentziarik ez duten lokalak ere badira, eta horiek dira bizilagunen artean kexa gehien sortzen dituztenak. 2010ean 31 zigor txosten ireki zituen udalak; horietatik hemezortzi zigorrik gabe itxi ziren, eta hamahiruk 360 eta 1.000 euro arteko isunak jaso zituzten.

2011tik bikoiztu egin dira AEB eta Koreako erromesak

Nafarroako Gobernuak jakinarazi dituen datuen arabera, azken urteetan bikoiztu egin dira Ipar Ameriketako eta Hego Koreako erromesak Nafarroatik igarotzen den Donejakue bidean. Antza, AEBetako The Way (Bidea) filmak eta Hego Koreako idazle Kim Hyo Sumen nobelek zerikusi zuzena dute erromesen igoeran. Esaterako, 2004an, Hego Koreako hemezortzi erromes erregistratu ziren; 2012an, berriz, 2.500. Bestalde, Ipar Ameriketako herritarren kasuan —AEB eta Kanadakoak—, 2012an 3.046 erregistratu ziren Orreagako aterpean, duela bi urte baino bi aldiz gehiago. Orduan, 1.462 erregistratu ziren. Azken datuen arabera, 57.593 lagun igaro ziren iaz Orreagatik.