Ehun urte bete zituen iragan ostiralean Berako Modesta Huartek. Agerra auzoan sortu zen, 1913ko maiatzaren 17an. Elkarrizketa polita izan zuen Isidora Agirre Berako udaleko zinegotziarekin eta Marisol Taberna alkatearekin. 25 urte zituela, Patricio Iriarterekin ezkondu zen. Seme bakarra izan zuten —argazkian ageri da harekin—, Pakito Iriarte. Huartek berak onartu duenez, beti hobeto bizitzeko desioa izan du, eta, horregatik, taberna bat hartu zuen senarrarekin batera. Horrez gain, fabrika bateko langileei ardoa ere saltzen zien. Aitortu duenez, gaztaroan lanerako bizi izan zen; egun lana bizitzeko egiten dela esan du, umoretsu.
Ansoleaga arkitektoaren izena jaso zuen kaleak 1917an
1917. urtera arte Tecenderias izena zuen gaur egun Ansoleaga den kaleak. Izan ere, urte horretan Iruñeko Udalak karrikari Florencio Ansoleagaren izena jartzea erabaki zuen haren omenez, aurreko urtean hil baitzen. Iruñeko arkitektoak bizitoki izan zuen Alde Zaharreko kalea, eta Nafarroako ondasun historiko eta artistikoaren aldeko lanean nabarmendu zen. Kulturaz jantzitako gizona izan zen Ansoleaga. Izen zaharra, Tecenderias, ehuleek jarri zioten. Izan ere, 1100. urte inguruan jantzi fineko ehuleek Iruñeko San Zerningo elizaren inguruko lursailak aukeratu zituzten bizitzeko. Zabala zen Tecenderias auzoa bere garaian, baina txiroa, hainbat historiagilek azpimarratzen dutenez.
“Nahiz eta antzezlana ero xamarra izan, ikusten da gogoetarako haria dagoela”
BERRIAren hamargarren urteurrenaren harira, Zertarako hegoak antzezlana prestatu du Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Oier Guillan (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) arduratu da testuaz. Orain arte, antzezlanak harrera ona izan duela adierazi du Guillanek....
AZALPEN ESKE, KANPOAN ETA BARRUAN
CAN Nafarroako Kutxaren fundazioaren estatutu berriak aurkeztu zituen ostiralean Yolanda Barcina presidenteak Nafarroako Parlamentuan. Besteak beste, parlamentuak CANen fundazioaren gainean kontrol handiago izango duela jakinarazi zuen. Oposizioak ez ...
Iruñeko lekurik garaiena, Ansoleaga karrikan
Ansoleaga eta Campana kaleek bat egiten duten tokia Iruñeko lekurik garaiena da. Xafla biribil bat jarrita dago bertan, bitxikeria ezagutzera emateko. Horrez gain, Kontuen Ganberaren parean dagoen plaza Iruñeko plazarik txikiena da. 1965. urtean sortu zen, lekuan zeuden etxe batzuk eraistean.
Eguraldiaz mintzo
Denak eguraldiaz ari dira, gu ez", zioen hasieran ferrokarril-kanpaina batek, gero ezkerreko ikasleen sindikatu batek, azkenik Hedoi Etxartek. Eguraldiaz mintzatzearen kontrako jarrera lehenagotik dator, dena den. Oscar Wildek Fidel izan beharraz antzezlanean Gwendolen pertsonaia azkar, distirant eta eskarmentudunari atera eta lehen esaldian zera esanarazten dio: "Otoi, ez niri eguraldiaz hitz egin, Mr. Worthing. Jendeak eguraldiaz hitz egiten didan bakoitzean beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait. Eta horrek oso urduri jartzen nau".
Niri gero eta gehiago gustatzen zait eguraldiaz hitz egitea, zahartzearen albo-ondorioetako bat izango dela susmatzen dut. Auzokideekin atarian edo igogailuan elkartzeari gehienetan ihes egiten diedan arren —oraindik ez naiz hainbeste ere zahartu—, haiekin edo ezezagunekin suertatzen naizenetan, jada ez naiz —hain— deseroso egoten eta lotsagabe ekiten diot atmosferako gertakariei, lehen, orain edota gerokoei, errepasatzeari. Hizkuntzaren funtzio fatikoa delakoaren garrantziaz jabetzea izan daiteke adinak ematen duen irakaspenetarik bakarra. Nik batzuetan esperimentuak egiten ditut hitz aspertu hauen mugekin. Luzera neurtuz, esaterako, halako solasa bat luzatu eta luzatuz bestea deseroso sentiarazi arte. Edo edukiak aztertuz. Esaterako, norbaitek "ba, ematen du freskatzen hasi dela" bota, eta nik baieztatzeko tonuarekin justu kontrakoa esan sistematikoki: "Bai, orain beroago dago", edo ustez zerbait desegokiaz erantzun: "Bai, eta badirudi Palestinari berriz eraso diola Israelek", edo bestearen esaldiarekin errimatzen duena zerbait bota nik "bai, ezin egokiagoa orain franela". Egiaztatu dut ia berdin duela zer diozun.
Agian gurekin ere holako esperimentu bat egiten ari dira komunikabideetako arduradunak. Eguraldiaren espazioa handituz doa, denbora batetik hona. Eguraldia teleberrietatik independizatu zuten —antza, iragarkiak tartean sartu ahal izateko—, baina ezkutuan informatiboetara itzuli da. Diskrezioz hasieran, lotsagabe azkenaldian. Bero sapak ireki dezake informatibo bat, elurte bat iritsi daiteke egunkariko portadara —argazkiak batzuetan zinez dira ederrak—, eskuineko orrialdetako notizia zabal bat eguraldiaren iragarpena izan daiteke "hurrengo asteartetik aurrera 24 gradura jaitsiko da tenperatura".
Lagunartean ere udaberria iristen ez delako kexua maiz erabiltzen dute. Whatssapera maiz bidaltzen dituzte, oraingoz bromazko tonuan, Iruñea eta Mordor lotzen dituzten irudi manipulatuak. "Euskal uda" instalatzen ezin den ordenagailuko programa dela iradokitzen duen txiste irudizkoa zehazki zazpi aldiz bidali didate, baita beren burua euskalduntzat ez daukaten lagun nafarrek ere. Kezkatzen hasita nago.
Zaharren txirotzeaz ohartarazi du CCOOk
Krisi ekonomikoaren eraginez, gero eta zailagoa da familien iraupena. Hala, Nafarroan gero eta etxe gehiagotan erretiratutako pertsona baten erretiro soldata da diru iturri bakarra. Denera, CCOO sindikatuak egindako ikerketa baten arabera, 3.596 famil...
Udal mapen aldaketaren aurka agertu dira 124 udalerri eta kontzeju
Une honetan udal mapa aldatzeko bi proiektu daude martxan, bata Nafarroako Gobernuak abian jarritakoa —atzo hasi ziren eztabaidatzen parlamentuan— eta bestea Espainiako Gobernuak abian jarri nahi duena. Bi proiektuen aurka agertu dira Nafarroako 63 udal eta 61 kontzeju, eta ezohiko bilera bat egiteko eskatu dute Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioan. Gainera, salatu dute orain arte ez dela izan bi proiektuetan parte hartzeko aukerarik.
Joan den urrian aurkeztu zuen gobernuak Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legea. Denbora batez proiektua aurkeztu ostean, atzo hasi ziren eztabaidatzen Nafarroako Parlamentuan.
Pedro Gastearena Atarrabiako alkatearen hitzetan, "Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko zuzendaritzak udalerri guztien izenean onartu zuen udal mapa aldatzea, baina guk ez dugu ez eztabaidatu ezta onartu ere". Arrazoi horregatik, eztabaida abiatzeko, federazioaren ezohiko bilera egiteko eskatu dute. Gainera, 124 udalerri eta kontzejuetako ordezkariak ziur agertu dira bi proposamen berriek ez dutela herritarren errealitatea hobetuko.