Ezkabako ihesaldiaren inguruko webgune anitz daude. Hona, adibide gisa, hiru helbide:
• http://eu.wikipedia.org/wiki/San_Kristobal_gotorlekua
• www.losfugadosdeezkaba 1938.com
• fuertesancristobal.blogspot.com
Ezkabako ihesaldiaren inguruko webgune anitz daude. Hona, adibide gisa, hiru helbide:
• http://eu.wikipedia.org/wiki/San_Kristobal_gotorlekua
• www.losfugadosdeezkaba 1938.com
• fuertesancristobal.blogspot.com
Etxarri Aranatzen, aurrera eginen du autodeterminazio eskubidearen inguruko herri galdeketak. Joan den ostiralean, udalak osoko bilkura egin zuen galdeketarekin jarraitu edo ez erabakitzeko, eta galdeketaren alde egitea erabaki zuten. PPko zinegotzi bakarrak bozkatu zuen aurka, eta Bilduko sei zinegotzik eta NaBaiko hiruk egin zuten herri galdeketaren alde.
Kontsultan, galdera hau egingo diete herritarrei: "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako Estatu independente berri baten parte izatearekin?". Otsailaren 2an abiatu zuen Etxarri 2012+1 egitasmoak galdeketa prozesua, eta udalari "erabakitzeko eskubidea bermatzeko eskaera" egin zion. 27/2007 Foru Legearen arabera, erroldakoen %10en babesa behar dute herri galdeketa egiteko, eta Etxarri 2012+1 egitasmoak 360 sinadura ditu. "Errolda kontuan hartuta, berrehun sinadura behar genituen", adierazi du Mikel Mundiñano egitasmoko kideak. Hortaz, udal batzarrean onartu zuten testuak dio "benetako demokraziaren balioetan" sakondu nahi dutela, "hala nola herritarren elkarbizitzan, parte hartzean eta herritarren iritzia aintzat hartzean".
S ei hilabete igaroko ditu Danimarkan. Dagoeneko lau egin ditu, eta bi baino ez zaizkio gelditzen iparraldeko herrialdean. Uztailean itzuliko da Nafarroara Garazi Itoiz (Rocaforte, 1990), boluntariotza proiektu batean aritu ondoren.
Europako Boluntariotza Zerbitzuaren bidez lortu du hara joatea, eta ingurumen proiektu batean aritzen da, Kopenhagen. 5 eta 10 urte bitarteko umeekin lan egiten du, eta haurrei balio ekologikoak ezagutarazten eta garatzen laguntzen die. Boluntariotza zerbitzuak Europan hamaika proiektutan parte hartzeko aukera ematen du: "Nik gaia —ingurumena— argi nuen, eta proiektua horren harira aukeratu nuen, ez herrialdeagatik", adierazi du Itoizek. Hala ere, gustura dago herrialdean, eta Danimarkaz gozatzen ari da.
Kopenhagetik 45 kilometrora dagoen komunitate ekologiko txiki batean bizi da, Munksogarden. Ehun etxe inguru ditu, eta herritarrak taldeetan bizi dira. "Komunitate osoa ingurumena ahalik eta gehien zaintzeko ezaugarriekin diseinatuta dago, eta han bizi direnek herriko lan eta jardueretan parte hartu behar dute". Adibidez, talde bakoitzak elkarrekin afaldu behar du astean hiru aldiz.
Gizarte eta ingurumen politiketan Danimarka munduko herrialderik aurrerakoienetako bat dela esaten da. Ingurumen Zientziak ikasi ditu Itoizek, eta horrela dela uste du, batez ere gizarte politiketan. "Gizarte ordenatua eta ekonomikoki egonkorra egituratu da herrialdean, gizarte politika aurrerakoi eta zabalei esker". Ingurumenari dagokionez, berriz, alde eta kontrako jarduerak ikusi ditu Itoizek. Alde batetik, garraio publikoa asko erabiltzen da, eta bizikletaren erabilera oso hedatuta dago. "Bidegorriei jarraituta toki askotara iristeko aukera dago, eta herritarrek gehienetan bizikleta erabiltzen dute edozein zeregin egiteko; Kopenhagen, adibidez, %40k erabiltzen dute bizikleta egunero", azaldu du.
Baina kontrako jardueren artean, hondakinen arazoa aipatu du Itoizek: "Zaborraren bilketa masiboa egiten dute, eta gehiena errausten dute; soilik latak eta beira bereizten dituzte". Hala ere, zenbait auzo eta herritan birziklatze sistema "eraginkorra" dutela dio Itoizek.
Daniar guztiek dute hezkuntza eta osasunerako zaintza osoa doan izateko eskubidea, eta horren truke zerga handiak ordaintzen dituzte herritarrek. Batez beste diru sarreren %55 ordaintzen diote estatuari: "Daniarrei ez zaie inporta zerga handiak ordaintzea, horren truke jasotzen dituzten zerbitzuak onak, kalitatezkoak eta doakoak badira; sistemak ongi funtzionatzen du". Gainera, daniar gazteen independentzia bermatzeko, 18 urte betetzen dituztenean gobernuak diru laguntzak ematen dizkie gurasoen etxea uzteko eta bere kabuz bizitzeko. "Norberak bere bizimodua eraikitzeko pizgarriak dira", dio Itoizek.
Hala ere, Euskal Herrian laguntza horiek sortzeko, gizartean ikuspuntu aldaketa bat beharrezkoa dela uste du Itoizek: "Pentsaezina iruditzen bazaigu, ez dugu inoiz aukera hori izanen, eta aberasgarria izanen litzateke denontzat". Ohikoa izaten da, gainera, gazteek eskola amaitu ondoren urte batzuk hartzea beste gauza batzuk egin eta etorkizuna nola bideratu ongi erabakitzeko. Horrela, batez beste, 23 urterekin hasten dute unibertsitatea. "Hemengo lagunak harritu dira 22 urterekin karrera amaitua dudalako; nire adina dutenak unibertsitateko lehenengo mailan daude".
Ongi moldatu da Itoiz daniarrekin, eta komunitatean bizi diren lagunekin familia handia osatu du. Hotzak diren ospea dute daniarrek, baina ez dago baieztapen horrekin guztiz ados: "Hasiera batean gu baino zertxobait itxiagoak dira, baina haiekin hitz egiten hastean, oso jatorrak eta atseginak dira". Euskal Herriko begiekin ikusita, indibidualistak dirudite, eta Itoizek hezkuntzarengatik dela azaldu du. "Eskoletan hezkuntza oso pertsonalizatuta dago, eta haur bakoitzak bere erritmoa du. Hezkuntza hori edukitzeak bizitzako beste arlo batzuetan du islada, baina ez dut uste txarra denik".
Danieraz ikasten dute eskoletan, baina ingelesa da herrialdeko bigarren hizkuntza nagusia, eta guztiek dakite. "Oso zaila da daniera. Atzerritarrok hiru urteko ikastaroa dugu dohainik, hiru urte behar direlako danieraz ongi egiteko; hala ere, ikastaroa egin duten atzerritarrak ezagutu ditut, eta oraindik lan handia egin behar dute danieraz aise moldatzeko".
Groenlandiera eta faroera ere hitz egiten da Groenlandian eta Faroe uharteetan. Danimarkaren zati dira, baina lurralde autonomo gisa funtzionatzen dute. Berezko hezkuntza eta osasun sistema dute, baina, hala ere, bi herrialdeek Danimarkarekin duten menpekotasuna "berebizikoa" da. "Adibidez, unibertsitate ikasketak egiteko ia ezinbestekoa da Danimarkara joatea". Unibertsitate bakarra dago Groenlandian, Nuuken, eta 150 ikasle inguru aritzen dira han.
AEK-k kanpaina bat jarri du martxan, jende gehiagori euskara ikasteko aukera emateko eta euskara ikasteak doakoa izan beharko lukeela aldarrikatzeko. Hala, doako euskarazko eskolak ematen ari zaizkio nahi duen orori. Uda bitarte egonen dira Nafarroako hainbat herritan, eta azaldu dute egitasmoak "sekulako interesa" piztu duela. Bihar, Iruñeko Sanduzelai auzoan eta Tafallan egonen dira ordubeteko eskolak ematen, eta, datorren astean, deialdi berezi bat eginen dute.
Maiatzaren 23an, Iruñeko Gaztelu plaza "euskaltegi" bihurtuko dute AEK-ko kideek. "AEK-ko euskaltegietan aritzen diren ikasle guztiak egonen dira, eta, gainera, ordubeteko euskara eskola emango diogu prest dagoen herritar orori", azaldu du Helios Del Santo AEK-ko kideak.
Dagoeneko, hamar bat saio eskaini dituzte Garesen, Agoitzen, Otsagabian eta Villatuertan, besteak beste. Euskaltegietan, gau eskoletan, kalean eta ikasleak hartzeko prest dauden elkarteen egoitzetan emanen dituzte.
Bi eskola mota eskaintzen dituzte: batetik, euskara ez dakitenentzako eskolak, eta, bestetik, dagoeneko ikasten ari direnentzako eskolak. Lehenengoetan, komunikatzeko oinarrizko gauzak irakatsiko dituzte. Ikasleek rol aktiboa izatea sustatu nahi du AEK-k. Klaseen "balizko faktura" Nafarroako Gobernuari helaraziko diote.
Ia bi hilabete falta dira Iruñeko sanferminetarako, baina dagoeneko hasi da festa sumatzen hirian. Duela gutxi aukeratu zuten iruindarrek urte honetarako kartela —zezenaren itxura duen mapa—, eta egunotan, Sarasate pasealekuan Caritas elkarteak urtero jartzen duen tonbola muntatzeko lanak hasi dituzte. Uztail amaiera arte egonen da tonbola, eta aurki hasiko dira txartelak saltzen. Izan ere, gero eta gertuago daude Iruñeko San Fermin jaiak.
Ezkaba espetxe izan zeneko erregistroaren arabera, presondegia irekita egon zen urteetan 4.940 preso egon ziren; horietatik 625 ihesaldian, fusilatuta edota gaixotasunen batek jota hil ziren.
Iruñeko musika-eskola batean irakasleak hasiera emango dio hirugarren ebaluazioko saio bati.
—Arratsalde on, guztioi. Gaur 5/8 konpasa hasiko gara lantzen. 5/8 konpas hau amalgama-konpasa da iraupen desberdineko hiru zati dituelako: lehenengo zatia kortxeari dagokio eta gainontzeko biak beltzei. Ulertu duzue?
—…
—Ederki, segi dezagun. 5/8 amalgama-konpas honi zortziko deritzo.
—Barkatu, irakaslea, nola esan duzu duela izena konpasak?
—Zortziko.
—Aldatzen ahal diozu izena?
—Izena aldatzeko diozu?
—Bai, itzuli, gaztelaniaz esan.
—Ez, ez, hori du izena. Nola duzu zuk abizena, Vincent?
—Jauregui.
—Bada, zure abizena Jauregi den bezala eta ez Palacio, ezin diogu Zortzikoari izena aldatu. Segi dezagun: Euskal Herriko erritmoa da zortzikoa.
—Banengoen ba, ni! Euskal Herrikoa, baina ez Nafarroakoa!
—Tomas Garbizu musikagileak behin esan zuen berak zortziko flamenkoa konposa zezakeela; konpasa ez zela nahikoa, mamiak behar zuela izan euskalduna. Jarrai dezagun: Zortzikoa jotzeko ohiko musika-tresna txistua da, danbolina lagun duela.
—Irakasle, txistua ez da musika-tresna benetakoa.
—Sarasate handiaren Caprice Basque obraren zortzikoetan biolinek, armonikoen bitartez, txistuaren soinua imitatzen zuten. Gure eskolan ez al da txistua irakasten saxofoia edo pianoa bezalaxe? Baina, Vincent, ez al dituzu inoiz txistulariak ikusi edo txistua entzun sanferminetan?
—Ez, horrelakoetan gure aitak esaten du: tira, goazemak, heldu dituk betikoak-eta!
Duela 25 urte inguru hasi zen Koldo Pla (Piedramillera, 1950) memoria historikoa berreskuratzeko lanean, beste hainbat lagunekin batera. 1988an, Antsoaingo eskolako maisu bat hasi zen Ezkabako ihesaldia lantzen, eta hala sortu zitzaien preso batzuk biltzeko ideia. Urte hartan omendu zituzten lehenengoz. 1936ko gerraren ondorioz gertatutakoa berreskuratzeko asmoz, Txinparta elkartea sortu zuten 2000. urtean, beste hainbat lagunekin batera.
1988an egin zenuten Ezkabako presondegikoen aldeko lehen omenaldia. Nola hartu zenuten erabakia?
Oso gauza gutxi zegoen gaiari buruz argitaratuta, eta horren ondorioz hasi ginen gaia aztertzen. Hala, 1988ko maiatzean omenaldi bat egin genuen, lehenengoz, horretarako propio egindako monolitoan. Handik aurrera, urtero-urtero hasi ginen omenaldiak egiten. Zeregin horretan, 25 urte daramagu.
Denbora horretan nola aldatu dira omenaldiak?
Hasieran ihesaren historia gogoratzen genuen, eta errepidean bertan dantzariek aurreskua dantzatzen zuten. Gero, 2000. urtetik aurrera, Iñaki Alforjak egindako dokumentalaren harira jasotako datuak ere bagenituen, eta horrek bultzada handia eman zion.
Txinpartak ere lan handia egin du informazioa biltzen.
Hala da. Roldan Jimenok zerrenda bat eman zigun, bere aita zenak, Jimeno Juriok, Ezkabako hilerrian lurperatuta zeuden lagunen izenez osatutakoa. Horrela, 2010. urtean, Aranzadi zientzia elkarteko kideekin batera abiatu genuen indusketa. Hilotz bakoitzak botila bat zuen ondoan. Barruan, hildakoaren datuak jasotzen zituen papera izaten zuten. Hala ere, asko suntsituta zeuden, eta paperik ez genuen aurkitu.
Igandean, berriz ere gogora ekarriko duzue Ezkaba izan zena?
Bai, aurten ere izango da omenaldia. Berez, Ezkabako gotorlekua Defentsa Ministerioarena da, eta baimena eskatu genuen omenaldia barruan egin ahal izateko, baina baimena ukatu digute. Ondorioz, omenaldia, espetxeko atarian eginen dugu. Lucia Soca abeslariak abestuko du. Memoria historiakoarekin lotura handia du, eta emanaldi polita izanen da. Horrez gain, lehen aldiz, atera nahi genuen argazkia eginen dugu. Izan ere, ihes egitea, ihesaldian muga gainditzea lortu zuten hiru lagunen senitartekoak gurekin izanen dira. Ziur naiz oso une polita izanen dela.
2010. urtean hasi ziren Ezkabako Botilen hilerria industen Txinparta elkarteko kideak, Aranzadi zientzia elkarteko langileekin batera. 1940tik 1945era, Ezkabako presondegian hildako lagunak lurperatu zituzten han. Hilotz bakoitzari barnean paper bat z...