Ez Dok Amairuren emanaldietan, mutil dantzak

Besteak beste, euskal kantagintza berria sustatzeko xedez eratu zen Ez Dok Amairu talde mitikoak Baga, biga, higa ikuskizuna dantzan hasten zuen duela 40 urte baino gehiago. Hainbat dantzaren artean, Baztango mutil dantzak dantzatzen zituzten. Sarrita...

Solaskide programa bertan behera utzi dute diru faltagatik

Aurten ez da egonen Solaskide programa, Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik gabe utzi duelako. Hori salatu dute IKAk, AEK-k, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta NIZE Nafarroako Ikastetxeen Zuzendarien Elkargoak. Orain dela urte batzuk, Nafarroako Gobernuak abian jarri zuen Solaskide programa, eta Nafarroako ikastetxeetako gazteen ahozkotasuna bultzatzea zuen helburu. Aurten, diru falta dela eta, ez da izanen programa.

Solaskide programaren inguruan aritu diren lau erakundeek, IKA, AEK, NIE eta NIZEk, Nafarroako Gobernuaren "utzikeria" salatu dute: "Euskararen erabilera, motibazioa eta irakaskuntza indartzeko egitasmoetan gobernuak ez du ahaleginik egin, alderantziz, kentzen eta murrizten saiatu da". Adierazi dutenez, azkeneko urteetan Solaskide programaren aurrekontua murriztu den arren, proiektuari eustea lortu dute. Aurten, berriz, ezinezkoa egin zaie. Beraz, euskararen proiektuen inguruan gobernuaren interesik eza agerian gelditu dela uste dute.

Izan ere, Solaskide eta gisako programak "beharrezkotzat" jo dituzte IKAk, AEK-k, NIEk eta NIZEk, gazteen euskararen erabilera indartzen baitute. Urte hauetan guztietan, Nafarroako ikastetxeetan —A zein D ereduetan— IKA eta AEK-ko irakasleek astean ordubeteko saioak egin dituzte, gaztetxoen ahozko gaitasuna hobetzen laguntzeko. Denera, ehun bat ikastetxetan aritu dira, eta saio bakoitzean bi irakaslek parte hartu dute. Ikasleek eskolan euskaraz hitz egiteko eta mintzamena lantzeko balio izan du programak; izan ere, aukera gehiago izan dituzte praktikatzeko.

Gainera, Solaskide programaren ikasturtea antolatzeko hainbat bilera eginak zituzten. Baina berriki Nafarroako Hezkuntza Departamentuak mezu elektroniko baten bitartez jakinarazi zien Solaskide programa ez dela egonen. "Nafarroako Gobernuaren ageriko gaitasunik ezak eta euskararen kontrako jardun iraunkorrak horixe eragiten dute: euskararen aldeko proiektuak bertan behera geratzea", salatu dute.

Urteotan IKAk eta AEK-k Solaskide programaren diru laguntza jaso dute, eta NIE eta NIZEko ikasleek jaso dituzte lan saioak. "Ez dira gai izan proiektu xume honi eusteko; aurrekontuetan aurreikusita zegoen Solaskide programa baztertuko zuela Nafarroako Gobernuak. Jarrera ezin adierazgarriagoa izan dute", adierazi dute prentsa ohar baten bidez.

“Naturaren kontzertuak dira hegaztien kantuak, eta haiek aditzen ikasi behar dugu”

Mendira joatea eta naturaren soinuak entzutea plazera da Eloisa Matheurentzat (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1956). Biologoa da, eta urteak daramatza animalien soinuak grabatzen eta gizarteari erakusten. Asteburu honetan, Zilbetiko pagadian izanen da, eta hegaztien kantuei buruzko ikastaro bat emanen du.

Zer ikasiko dute parte hartzaileek?

Hegaztien kantuak ezagutzeko ikastaro praktiko bat izanen da. Mendira joanen gara, eta, bertan, hegaztiak entzunen ditugu. Lehenengo, entzuten ariko gara, eta, gero, aditzen ikasiko dugu. Oso ohikoa da hegazti baten kantua ahaztea, eta, hori ez gertatzeko, garrantzitsua da ongi erreparatzea kantu bakoitzari, memorian gordetzeko eta ondoren gogoratzeko. Hegaztiak aditu ondoren, ikasgelan, grabazioak adituko ditugu. Mendian zer aditu dugun ulertuko dugu horrela.

Zein hegazti motaren kantuak entzuten dira Zilbetin?

Zilbetiko pagadian, basoko hegaztiak daude, gehienbat. Okil gibelnabarra dago, eta oso espezie interesgarria da, bakarrik inguru jakin batzuetan bizi delako. Horretaz gain, gerri txoriak, lepitzuliak, buztanluzeak eta kaskabeltzak adituko ditugu. Dena den, eguna iritsi arte, ez dakigu zer aurkituko dugun pagadian.

Eguneko zein momentu da onena kantuak aditzeko?

Dudarik gabe, egunsentia eta hurrengo bi edo hiru orduak dira egokienak, momentu horretan abesten dutelako gehien. Baita iluntzean ere, nahiz eta hainbeste ez kantatu. Gainera, udaberria da sasoirik onena, orduan ugaltzen direlako. Neguan mututu egiten dira hegazti gehienak.

Zergatik kantatzen dute?

Haien komunikatzeko era da. Arrek, adibidez, beren lurraldea babesteko eta emeak erakartzeko kantatzen dute. Kantuen bitartez, informazioa ematen diete emeei; haien adina, esperientzia eta desioa, besteak beste. Ikerketetan ateratako ondorioak dira. Gainera, orain arte gutxi aztertu da, baliabiderik ez zegoelako. Beraz, oraindik txorien kantuen inguruan ez dugu dena ezagutzen. Orain izaten ari da goraldia. Nik animalien soinuak grabatzen ditut, eta ondare gisa gordetzen ditut, gerora gizartean hedatzeko.

Zein da teknikarik egokiena hegaztia haren kantarekin erlazionatzeko?

Aditzea eta kantu bakoitzaren parametroetan —tonua, intentsitatea eta erritmoa, adibidez— erreparatzea. Zerbaitek atentzioa eman badizu, horrekin gelditzea eta memorizatzen saiatzea. Izan daiteke kanta motela izateagatik edo oso zorrotza izateagatik. Mendian kantuak aditzen ditugu, baina hor ez da gure lana bukatzen: aditutakoaren gainean lan egiten dugu. Gainera, hegazti batzuen kantuek lan gehiago eskatzen dute, zailagoak direlako. Aldi baterako, ikusmenaz ahaztu, eta gure entzumenean arreta jarri behar dugu. Azken finean, hegaztien kantuak naturaren kontzertuak dira, eta haiek aditzen ikasi behar dugu.

Zer behar du paisaia batek aditzeko egokia izan dadin?

Elementu guztiak eraldatu gabe eta harmonian egotea. Hau da, ez egotea ezer soberan, ezta ezer faltan ere. Kutsadura izan daiteke elementu kaltegarri bat, eta baita bertakoak ez diren espezieak ere. Baina mendian hegaztiak entzutea gozamena da; jarduera erabat baikorra eta aberatsa da. Egun, ez digute soinuak aditzen irakasten, baina ahalegin hori egin behar dugu. Mundu erabat bisualean bizi gara, eta natura sumatzeko modu ona da kantuak aditzea.

Harrobia egin nahi dute Zilbetin, eta horrek arriskuan jarriko ditu pagadian bizi diren espezie guztiak.

Bai, horrela da. Ikastaro hau antolatzeko arrazoietako bat hori izan da. Zilbetiko egoera aditzera ematea eta, era berean, tokia ezagutzea. Interes handiko lekua da Zilbetiko pagadia, eta harrobiak kalte eginen dio zentzu guztietan. Dagoen lasaitasuna eta bakea hautsiko du, eta erabat aldatuko du bizitza.

@sarean

Mutil dantzen inguruko webgune dezente dago.

www.http://www.euskomedia.org/aunamendi/83500. Auñamendi Euskal Entziklopediak zabal lantzen du gaia.

www.dantzan.com. Dantzaren jatorriaz eta eboluzioaz hainbat argibide ematen dira.

Tradizio izan denaren tranpa

Asteazkenean hasi ziren Salbatore bestak Iruritan. Baztango herrietako jaietan lehenengoak izaten dira Iruritakoak. Aurten ere, iaz bezala, ez da mutil dantzarik izango. Azken urteetan, neskak dantzan hasi direla eta, hainbat hika-mika eta eztabaida izan dira. Aurrez aurre daude Baztanen horren errotua dagoen dantza ulertzeko bi ikuspuntu: mutil dantzetan gizonezkoek soilik dantzatu behar dutela uste dutenak eta emakumezkoek ere dantzatzeko eskubide osoa dutela azpimarratzen dutenak. Beraz, mutil dantzen pauso arin eta sotilak ikusteko aukerarik ez da izango aurten Iruritan.

Tradizioari modu hertsian eutsi edo aldatu, hor dago koxka eta eztabaida. Denera, hemeretzi dantzak osatzen dituzte mutil dantzak. Antzinako belaunaldiak aurreko mendeetan dantzatzen ziren bezala dantzatzea defendatzen du, esaterako, Baztango Mutildantzari Talde sortu berriak. Denera, 80 lagun inguruk osatzen dute. Taldeko kide batek —ez du izenik jakinarazi nahi izan— euren nahia Baztango hamabost herrietako jaietan mutil dantzak dantzatzea dela argitu du. Baina ez dute mutil dantzetan emakumerik nahi, ez dantzatzen behintzat. Presidenteak berak azaldu duenez, eskualdeko herri guztietara eskutitzak igorri dituzte, mutil dantzak antolatu eta dantzatzeko prest daudela jakinaraziz. Hala ere, azaldu du oraindik ez dutela erantzunik jaso. Argi utzi du uztailean Elizondoko Santiago jaietan mutil dantza modu tradizionalean egingo dutela, iaz bezala, herriko ikastolako plazatxoan.

Lasaitasuna desio

Iruritako jaietan mutil dantzarik ez izatea "tristea" dela onartu du herriko zinpeko alkate Peio Obregozok. "Egoera nahiko bero dago, eta afera lasaitzea da gure asmoa". Bigarren urtez, ez da izango mutil dantzarik Iruritan, jaiak antolatzeko egindako bilera batean hala erabakita. Zinpeko alkatearen arabera, Irurita oso herri dantzazalea da, eta jende andana ari zen mutil dantzak prestatzen. Azken finean, liskarrik ez dute nahi izan jaietako antolatzaileek, eta bozketa bidez erabaki zuten dantzarik ez programatzea. Heldu den urtean ere bozketa egingo dutela jakinarazi du Obregozok.

Plazara Dantzara herri ekinaldiko kide Elurre Iriartek Iruritan hartutako erabakia kritikatu du, "ostrukarena" egin dutela salatuz. Baztango Mutildantzari Taldea sortu zela jakitean eratu zuten herri ekinaldi hori. Mutil dantzetan emakumeek parte hartzea defendatzen dute, "nahi duen orok dantzatu dezan". Hala ere, Baztango herri bakoitzaren errealitatea ezberdina dela ohartarazi du Iriartek: "Herri batzuetan, emakumeak dantzan hasi direnean txistulariak isildu egin izan dira, eta, beste batzuetan, normal-normal hartu da".

Historikoki leku publiko zein festa guneak gizonenak izan dira, eta halako batean emakume batek gune horietako kide izan nahi duenean azaleratu dira halako gatazkak. "Ohitura batzuk aldatu dira, eta beste batzuk ez. Onartu da, esaterako, mutil dantzak zaharrek, haurrek, kanpotarrek dantzatzea, lekua aldatzea... Baina onartu ez den gauza bakarra, eta ez da kasualitatea, genero aldaketa da".

Gatazkari konponbidea nola aurkitu, hor dago gakoa. Plazara Dantzara herri ekinaldiak argi du Iruritako erabakia ez dela irtenbidea. "Nire ustez, herritarren artean konpondu beharreko gauza da, baina administrazioak ere badu bere zeregina, herritarrena den momentuan", adierazi du Iriartek.

Oraingoz, herri bakoitzak bere ebazpena egin du. Tradizioaren pisua eta tradizio hori aldatzeko beharra daude ezbaian. Ikusi egin behar ondorengo urteetan zer gertatzen den.

“HASIERA-HASIERATIK, GIZAKIA”

Espainiako Gobernua haurdunaldia eteteko legedia aldatzekotan dela eta, Espainiako Apezpikuen Batzarrak abortuaren aurkako beste kanpaina bat jarri du abian. Hala, besteak beste, Iruñean —irudikoa Sanduzelaiko sarreran paratuta dagoen kartela da— umeki baten erradiografia eta haur baten irudiak ageri dira kartelean. Gaztelaniaz dago, eta "Ni naiz, gizakia hasieratik" leloa irakur daiteke; abortua haur baten erailketarekin lotzen dute batzarreko kideek.