span>jazarpena

“Erreminta baliotsua da umorea jendearen arreta erakartzeko”

“Erreminta baliotsua da umorea jendearen arreta erakartzeko”

Egileek ez zuten espero, baina oihartzun handia izan du Ahotsa.info agerkari digitalak En tierra hostil saioan oinarrituta (Antena3) egindako parodiak. Majaris de la Sorna fikziozko pertsonaiak, kamera eskuan, Iruñean gertatzen diren eskubide urraketak jaso eta zabaldu ditu. Harekin batera, Sergio Labaien Ahotsa-ko kidearekin ere (Iruñea, 1975) batu da Nafarroako Hitza, sare sozialetan bolo-bolo ibili den fenomenoaz solastatzeko.

Majaris, hona etorri aurretik, ba al zenuen Euskal Herriko egoeraren berri?

MAJARIS DE LA SORNA: Euskaldun asko dago Venezuelan, baina EAJkoak dira gehienak, eskuinekoak. Beraz, ez nuen Euskal Herriko egoeraren berri zehatzik. Hona etortzean konturatu naiz.

Zein da ezagutu duzun egoera?

M.S.: Tamalgarria da. Larria da Euskal Herrian gertatzen den giza eskubideen urraketa. Espainiako Gobernuko malandroek [gaiztaginek] asko hitz egiten dute Venezuelaz, baina ez dute hemengoaz ezer esaten, ezta Saudi Arabiaz edo Israelez ere.

Ahotsa.info-ren proiektua da hau. Nola sortu zen halako zerbait egiteko ideia?

SERGIO LABAIEN: Amorrua sentitu genuen En tierra hostil programa ikustean. Hipokrita iruditu zitzaigun: nor eta espainiarrak munduan zehar, giza eskubideez hitz egiten... Munduaren historian Espainia izan da-eta giza eskubideak gehien urratu dituen herrialdeetako bat! Ez dago 500 urte atzera egin beharrik, gaur egun ere ikusten dugu hori, besteak beste, Euskal Herriari eta Kataluniari erabakitzen uzten ez zaienean. Beraz, hipokrisia hori agerian uztea zen helburuetako bat. Bestetik, Euskal Herrian gertatzen dena mundu osora zabaltzeko beharra ere bagenuen. Bi beharrek bat egin zuten proiektu honetan. Hasieran ez genuen asmo handirik ere. Grazia egiten zigun kontuak, baina ez genuen uste halako dimentsioa hartuko zuenik.

Nola daramazu arrakasta, Majaris?

M.S.: Ongi dago, batez ere jendeak tragoak ateratzen dizkidalako kalean. Kontua da orain ez zaidala erraza izango modu isilean lan egitea. Aberri Egunean nabarmena izan zen hori: jendea niri begira geratzen zen.

Uniformea aldatu beharko duzu agian.

M.S.: Bai, egia esan, Venezuelako kamisetak eta kaskoak ez dute asko laguntzen oharkabean pasatzen. Kamuflajezko prakek ere ez, baina horiek nire berezko jantziak dira.

Erreportajea argitaratu eta berehala hasi dira eskuineko hainbat hedabide Ahotsa.info-ren aurka egiten.

S.L.: Gidoiarekin bat zetorren kriminalizazioa. Argi genuen erreportaje horrek oihartzuna bazuen Espainiako prentsa ere tartean agertuko zela. Bilatu ere bilatu genuen. Gure asmoa zen bideoa atera, Venezuelak jaso zezala, eta gero, guk abisua pasatzea Espainiako komunikabideei. Eta horretarako troll bat ere bagenuen Twitterren, albistea Espainiako hedabideetan zabaltzeko. Azkenean ez genuen horren beharrik izan, benetako trollak agertu zirelako, Espainiako hedabide eskuindarrak, alegia. Egia da badugula bertigo pixka bat, aurrekariengatik batez ere. Badakigu zer diren eskuineko hedabideak, eta zer arrisku daukagun. Baina momentu erabakigarria dugu Nafarroan, eta dena eman behar dugu. Ahotsa.info-ren borondatea hori da, esprint komunikatibo bat egitea erregimena botatzeko. Alde horretatik, gure ekarpena egiten jarraituko dugu, mehatxu eta presioen gainetik.

Zuek egindakoa beste toki askotan agertzea lorpena izan da?

S.L.: Bai, akaso Latinoamerikan izandako oihartzuna da interesgarriena. Nahiz eta parodia bat izan, jende asko hasi da Euskal Herriaren ideia gatazkarekin eta eskubideen urraketarekin lotzen. Satira bat dago oinarrian, baina horri esker jende askok jakin du Iruñea izeneko hiri bat dagoela, Euskal Herrian dagoela eta bertan errepresioa eta eskubideen urraketa dagoela. Iruñea zezenengatik soilik ezagutzen zuenak orain badaki hemen herri bat dela, eta herri horri ez zaiola bere etorkizuna erabakitzen uzten.

UPNk eta PPk ere egin dute zuen erreportajearen aurka.

S.L.: Surrealista izan zen hori. UPN agertu zen, errealitatea eta fikzioa nahasten. Bila dezagun kontrako egoera: irudika ezina da Sortu edo Bilduko norbait agertzea 8 apellidos vascos pelikula debekatzeko eskatzen. Alderdi politiko bat satira politiko bati erantzuten hasten zaionean, galdu du partida. Suposatzen baita alderdi politikoek errealitatearen mailan jarduten dutela. Beraz, alderdi batek Majaris de la Sorna bezalako pertsonaia bati erantzuteak ongi erakusten du zein den Nafarroan dugun klase politikoa.

Beldur zara, Majaris?

M.S.: Ez. Kontrakoa, jendeak elkartasun mezuak helarazten dizkit, eta zoriontzen nau. Egia da hurbileko tokietan soilik ibiltzen naizela. Agian, larunbat batean Gazteluko plazara pote bat hartzera joaten banaiz, norbaitek zerbait esango dit.

Zer dio zure familiak?

M.S.: Beti izan naiz familiako ardi beltza; beraz, jada ez daude nirekin harrituta. Euskal Herriko egoerarekin bai, ordea. Harrigarriak zaizkie hainbat gai; besteak beste, presoena, etxe kaleratzeena, Europaren eta Afrikaren arteko mugetan gertatzen diren erasoak...

Hara zoazenean, izango duzu gauza onik kontatzeko.

M.S.: Batez ere hemengo jendearen elkartasuna nabarmenduko nuke. Latinoamerikan uste izan dugu Europan ez dagoela elkartasunik. Eta, beraz, harrigarria egin zait ikustea jendeak elkartasunez erantzuten duela arazoen aurrean, besteak beste, herri harresietan. Horretaz gain, janaria eta patxarana ere asko gustatu zait.

Azkenaldian, formatu berriak ari zarete lantzen Ahotsa.info-n.

S.L.: Gai eta pertsonengana modu garratzago batean hurbiltzen hasi gara. Euskal politikaren geldialdia gainditu nahi genuen: badirudi prentsaurrekoak baino ezin direla egin, euskal politikariak nahiz herri mugimenduetako kideak paper baten aurrean bakarrik sentitzen direla eroso. Guk kaleko kazetaritza egin nahi genuen, kalera atera.

Ez da erraza gai serioez barre egitea...

S.L.: Umorea erreminta baliotsua da jendearen arreta erakartzeko. Politikari buruzko ohiko bideo batek, agian, ez du 150 bisita baino gehiago izanen. Irudimentsua eta umoretsua den bideo batek, ordea, arreta erakar dezake. Komunikazioaren helburua, azken finean, mezu bat helaraztea da. Guk lortu dugu hori.

Noiz arte izango da Majaris gure artean?

S.L.: Berez, Euskal Herrian hiru erreportaje grabatzeko kontratua du Venezuelako telebistarekin. Negoziazioetan ari gara hori luzatzeko, baina irizpide zorrotzak ditu telebistak, eta, beraz, baliteke Majarisek alde egin behar izatea. Hala balitz, eta Iruñean pertsona maitatua dela jakinda, deialdia egingo genuke, jendea autobus geltokira joan dadin, agurtzeko.