Urrundik ekarritako ura

Urpean urte luzez gordeta egondako altxor baten gisara ireki zuten Kontratazio Mahaiko kideek, iragan astean, Nafarroako ubidearen inguruko erabakia jasotzen zuen kutxa. Izan ere, bertan zegoen jasoa zein enpresa arduratuko den lehenengo fasea hedatzeko lanak egiteaz. Eraikuntza sektorearen krisia dela eta, enpresa askorentzat hil edo bizikoa zen lan horiek egiteko ardura eskuratzea; hala ere, OHL eta Agbar enpresek erdietsi dute lehen postua lehiaketan —Agbarren akzioen %25 Caixabankenak dira—. Proiektuak helburu du, besteak beste, Artaxoa eta Lerin arteko 21,3 kilometroko ubidearen adarra eraikitzea da. Orotara, Itoitzen bildutako urak ia 120 kilometro egingo ditu 2018. urtetik aurrera, behin ubidearen lehen fasearen hedapena amaituta.

Aurreikusitakoa betez gero, azaroan hasiko dira Itoizko urtegiko ura Lerineraino eramango duen ubidea eraikitzeko lanak. Oraingoz, 98 kilometro daude eraikita. Itoizko urtegia eta Pitillas lotzen dituena, alegia. Ubidearen lehenengo fasea deituriko horren bidez, ureztatze eremuan dauden 22.363 hektarea soro eta baratzetara iristen da Pirinioetako ura. Hedapena egiten denean, ubidearen bigarren fasea soilik egongo da egiteke, Pitillas Ablitasekin lotzen duena, hain justu.

Lehenengo fasearen hedapena azken urteetan Nafarroan egin den azpiegiturarik garrantzitsuena izango da. Ubidearen hedapena eraikitzeko proiektuaren aurrekontua 147,5 milioi eurokoa da, baina egiazko kostua nabarmen handiagoa izango da, 30 urteko epean finantzatuko delako. Izan ere, azpiegitura berez itzalpeko bidesari sistemaren bidez finantzatuko da. Horrek esan nahi du ubidea hedatzeko lanak egiteko dirua aurreratuko diotela enpresek Nafarroako Gobernuari. Baina, ondoren, eraikuntzagatik zein ustiapenagatik kanon bat ordaindu beharko dio administrazioak urtero enpresari.

Lehiaketa ebatzi aurretik, Nafarroako Gobernuak kalkulatu zuen 592 milioi eurokoa izango zela azpiegituraren 30 urterako finantzaketa kostu osoa. Dena den, lehiaketa irabazi duten enpresek, OHL eta Agbarrek, eskaintza hobea egin dute, eta euren eskaintzan %33 jaitsi dute kanonaren prezioa. Horregatik murriztu dira finantzaketa gastuak 592 milioi eurotik 394 milioira. Etorkizunean ikusi beharko da aurreikuspen hori betetzen den edo faktura hori handiagoa den.

Izan ere, ubidearen lehen fasean eraikitzeko lanen faktura espero baino handiagoa izan zen. 2011ko martxoan amaitu ziren, eta 467 milioi euroko kostua izan zuten —aurreikusitakoa baino 21,5 milioi euro gehiago—. Horri hurrengo 30 urteetako ustiapen kostuak eta interesak erantsita, 600 milioi eurotik gorako kostua da.

Dena den, administrazioak argi utzi duenez, finantzaketa modu hori da ubidearen lehenengo fasearen hedapena eraikitzeko modu bakarra. Izan ere, itzalpeko bidesariari esker, lanen kostua ez da zenbatzen Nafarroako Gobernuaren defizit eta zor publiko gisa. Modu horretan egin ezean, ezinezkoa litzateke hedapena eraikitzea, Nafarroak Egonkortasunaren eta Hazkundearen Europako Hitzarmena urratuko lukeelako.

Duela bi urte, Charo Brinquis Uraren Kultura Berria plataformako kideak Itoizko urtegiaren eta Nafarroako ubidearen eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa egin zuten. Azaldu duenez, proiektuaren kostu osoaren %27 soilik berreskuratuko da azpiegiturak eragindako irabazien bidez. Beraz, datu hori aintzat hartuta, argi du proiektua ez dela inola ere “errentagarria”. Zergatia galdetuta, nekazariek ubideko ura erabiltzeko dituzten zalantzak eta arazo ekonomikoak aipatu ditu Brinquisek, hainbat zioren artean. “Ubidearekin lotutako ekonomia jarduera nagusia lurren ureztatzea da. Lehen fasea amaituta dagoen arren, nekazarien hamarretik hiruk bakarrik erabiltzen dute ubideko ura”.

Tradizioaren defentsa

Nekazariek ubideko ura euren lurretara eraman ahal izateko egin behar duten ahalegin ekonomiko handiaz ohartarazi du Consuelo Otxoa Ureztatze Tradizionalaren Aldeko Plataformako kideak. Ubidearen lehenengo fasearen hedapena amaitutakoan, Itoizko ura Lerineraino iritsiko da. Bertakoa da Otxoa. “Ubidearen proiektua inposatu nahi digute, eta nekazaritzaren errentagarritasuna ez du urak ematen, hori argi dago”, salatu du.

Herriko nekazariek lurrak ureztatzeko sistema propioa dute. Dena den, urteak pasatu ahala sistema hori matxuratzen joan da. Jakinarazi duenez, administrazioak ez du ureztatze tradizionala konpontzeko diru laguntzarik eman, eta horregatik dago sistema horren egoera “txarrean”. Gainera, ubideak lursailen antolamendua eraldaraziko duela irizten dio Otxoak: “Inguruko lurrak minifundioak dira, eta ez dugu latifundiorik nahi, nekazari gehienek ekoizpen txikia dutelako”.

Antzinakoa da Miranda Argako ureztatze sistema ere. Lehen erreferentzia 1300. urtekoa da. Ordutik apenas aldatu den Arga ibaiaren ibarretan dauden soro eta baratzeak ureztatzeko modua. Azucena Garmendia Miranda Argako nekazaria da. Arga ibaiaren ertzean 1.5 hektarea inguruko lursaila dauka. Baratze txiki bat eta ehun fruta arbola inguru ditu. “Hamabost urte dira hona iritsi ginela, eta argi dut ureztatze sistema berriak nekazari txikiei kalte egingo diela”. Gainera, aitortu du ubidea egiteko proiektuari ez diola zentzurik topatzen.

Horrez gain, Itoizko ura garestia izango dela uste du. Gaur egun, Miranda Argako nekazari bakoitzak hamabi euro ordaintzen ditu lurrak Argako urarekin ureztatzeagatik. Itoizko ura askoz ere garestiagoa izango dela salatu du Garmendiak. Izan ere, ubideko ura jasotzeko eskubidea erdiesteko, 954,53 euro ordaindu beharko ditu nekazari bakoitzak hektareako. Horrez gain, beste 4.356 euro ordaindu beharko dute hektarea bakoitzeko, lursailean ureztatzeko sistema jartzeagatik. Ondorioz, kontuan hartuta ureztatzeko lursailek gutxienez bost hektarea izan behar dituztela, nekazariek egin beharreko gutxieneko inbertsioa 26.500 eurokoa izango da.

Hain justu, joan den irailean proiektuaren aurka aurkeztutako helegiteetako batean baratze txikiak desagertzeko arriskuaz ohartarazi zuen herritar batek. Hala ere, Nafarroako Gobernuak errealitate hori ukatu egin du, “lurrak era egokienean batuko direlako”. Dena den, ubidearen aurka daudenek tesi hori gezurtatu egin dute, eta datozen asteetan azpiegituraren aurkako bilera, elkarretaratze eta manifestazioak egiteko asmoa azaldu dute.