Pio Caro Baroja: “Mexiko mugarri izan zen niretzat”

Pio Caro Baroja: “Mexiko mugarri izan zen niretzat”

Berria-ko Igandea gehigarrian 2010eko irailaren 5ean argitaratutako elkarrizketa da ondokoa.

 

Edurne Elizondo

Barojatarren ondarea hartzen dute Berako Itzea etxeko paretek; 1912an erosi zuen Pio Barojak, eta, orain, haren iloba Pio Caro Barojaren aterpe da urtean hainbat hilabetez (Madril, 1928). Etxe horretan bertan, bere familiaz, bere haurtzaroko Beraz eta bere lanaz mintzatu da. Egongelan, tximiniari so hitz egin du. Bere unibertsitatetzat jotzen duen txokoari so. Han osabei, amari eta anaiari entzundakoek lagundu baitute Caro Barojaren izaera garatzen. Halaxe onartu du. 82 urte ditu, baina erretiroa zer den ez daki. «Heriotza bertzerik ez da existitzen». Pentsatzen jarraitzen duen bitartean lanean jarraituko duela dio.

Erdi beratarra zara jada?

Erdia ez, osorik. Jaio berritan ekarri ninduten lehen aldiz, eta 82 urte ditut jada. Hemen pasatu nituen gerrako urteak eta haurtzaroko udak. Berako istorioak entzunez hazi nintzen. Ongi oroitzen naiz auzoaz, nolakoa zen heldu nintzenean, nolakoak ziren baserriak, jendea.

Anitz aldatu da herria?

Bai, anitz. Bera lehen nekazari herria zen. Lantegi bat bazen, galdategia, eta hainbat behargin aritzen ziren han, baina gainontzekoak nekazariak ziren, baserritarrak. Gerra garaian eskolapioen eskolan aritu nintzen. Euskaraz nahiko ikasi nuen orduan. Soldaduska, berriz, Igantzin egin nuen. Ongi ezagutzen dut ingurua.

Orduko herria nahiago duzu?

Bai, dendek eta tabernek xarma berezia bazuten, eta jendearen arteko harremana bertzelakoa zen. Igandean jendea meza entzutera etortzen zen herrira, musean aritzera. Berako familia nagusiak desagertu dira jada. Ni naiz antzinako Bera horretatik bizirik iraun duen pertsona bakarra.

Etxea 1912. urtetik da zuen familiarena, ezta?

Bai. Osaba Piok erosi zuen. Laster ehun urte beteko dira etxe hau gurea dela. Zerbait egin beharko dugu hori ospatzeko. Berako hilerrian daude Serafin eta Carmen aitona-amonak, baita Ricardo osaba eta Julio nire anaia ere.

Nola sortu zen zuen harremana herriarekin?

Aitona meatze ingeniaria zen, eta Bera eta inguruko hainbat meatzetan aritu zen lanean, hark diseinatu zituen. Etxea, dena den, Piok aurkitu zuen. Miarritzera joan zen ezkontza batera, eta, bueltan, Beratik pasatu zen, eta etxea ikusi zuen. Ikusi, eta gero erosi.

Barojatarren ondarearen gordeleku da orain?

Bai, hemen dago barojatarren guztia, eskuizkribuak, margolanak, amaren gauzak, Julioren obra, Ricardoren lanak. Guztia gordetzeko ahalegina egin du familiak, eta erosi ditugu, halaber, bertze batzuen esku ziren zenbait gauza.

Anitz markatzen al du barojatarren familiako kide izateak?

Ez du markatzen, erabat itxuratzen du zure izaera. Nik tximinia ondoko txoko horri unibertsitatea deitzen diot. Hor eserita, amari, aitari, osaba Piori, osaba Ricardori, amonari eta gero Julio anaiari so, haiek erraten zutena entzunez, edozein eskolatan edo unibertsitatetan ikas nezakeena baino anitzez gehiago ikasi dut. Halako sendi batean jaiotzeak bizitzari buruzko ikuspegi zehatz bat ematen dizu. Geneak hor daude, eta, horrekin batera, ikasbidea, entzun eta ikusi egin duzuna. Horrek zure nortasuna osatzen du.

Noiz konturatu zinen zu barojatarren lanak zuen garrantziaz eta oihartzunaz?

Hasieran lan horri ez diozu garrantzirik ematen, naturaltzat jotzen duzu. Baina lan hori pilatuz doala ikusten duzu, poliki-poliki. Ricardok, adibidez, milatik gora koadro egin zituen, 200 grabatu, 20 eleberri; Piok, berriz, 80 idatzi zituen. Lan hori hor dago, eta hor dago ere nire amak edo Julio anaiak egin zutena. Gero gertatzen da kanpotik bi motatako jarrera dagoela lan horrekiko eta barojatarrekiko; hurbiltasuna bilatzen duen jarrera dago, batetik, nahitasunezkoa; bertzetik, inbidiak eragiten duena, gorrotozkoa.

Ez dago erdibiderik, maitasuna edo gorrotoa da aukera?

Bai, dikotomia hori elementu konstantea izan da barojatarren artean.

Zergatik?

Hurbilekoa miresten dugulako, eta komeni ez zaigunari, berriz, gorroto diogulako beti.

Pio Barojak zer-nolako rola bete zuen zure bizitzan?

Aita baten gisakoa izan zen, nire aita nik 13 urte nituenean hil baitzen. Osabak Madrilen eman zuen gerra garaia, sosik gabe. Gu 1940an itzuli ginen Beratik Madrilera. Ricardo Beran gelditu zen, ez baitzen Madrilera itzultzera ausartu. 1936an amarekin etorri ginen Berara hilabete pasatzera, baina gerra hasi, eta lau urte gelditu ginen. Hilabete baterako genuen diruarekin lau urte egon ginen. Lurra lantzen genuen, zerriak ere bagenituen. 1940an, ama, Julio eta ni osaba Piorengana joan ginen Madrilera. Ricardo nahiko egoera kaskarrean gelditu zen Beran. 700 pezetaren truke saltzen zituen bere koadroak.

Nolakoa izan zen itzulera Madrilera?

Ikaragarria. Gerra amaituta, bonbardaketek kolpatutako gure etxean bizi ginen. Han eman nuen nerabezaroa, batxilergoaren garaia, eta unibertsitateko ikasketena.

Ama ondoan zenuen. Bere garaian emakume aurreratua izan zen.

Amak eta bere hainbat lagunek Lyceum Club sortu zuten. Han ziren garaiko intelektualak. Piorekin eta Ricardorekin izan zuen harremanak eragin zion. Ricardok, adibidez, grabatzen irakatsi zion. Etxean nire aitonarekin aritzen zen idazten, halaber. Fantasia anitzeko gizona zen aitona.

Idazle izan zen zure ama ere.

Bai, poesia idatzi zuen, baita haurrentzako ipuinak ere.

Zer oroitzapen duzu amari buruz?

Emakume zoragarria zen. Bakarra, zentzurik zabalenean. Orain arte zahartzarokoak eta heriotzaren unekoak ziren amari buruz nituen oroitzapen nagusiak, baina denboran atzera egiten ari naiz, eta ama neure buruan bere heldutasunean irudikatzen hasi naiz. Jada ez dut ama gaixo edo hilik ikusten; ikusten dut ama bere sormen garairik beteenean.

Madrilen egin zenituen unibertsitateko ikasketak. Zergatik zuzenbidea?

Ez nekien zer egin. Medikuntza edo antzekorik ez nuen nahi, eta filosofiak ere ez ninduen erakartzen. Azkenean zuzenbidea hautatu nuen. Oposizioak egiteko aukera aztertu nuen, baina garai hartan, jada, bertzelakoak nituen buruan.

Nolakoak?

Poesia, eta kantak. Kanten hitzak idatzi nahi nituen. Eta egin nituen batzuk. Abesti anitz badakit, halaber.

Zuzenbidea amaituta, zer egin zenuen?

Soldaduskara joan nintzen, eta, gero, Mexikora. 1952an.

Nolatan Mexikora?

Venezuelara joan nahi nuen hasieran, Piok hango presidentea ezagutzen baitzuen. Idazlea zen hura ere, Romulo Gallegos. Joateko erran zidan, baina estatu kolpea izan zen, eta kargutik kendu zuten. Berdin gertatu zitzaidan Txilen, eta, azkenean, Mexikora joan nintzen.

Hainbat urte eman zenuen han. Zer moduz?

Erbesteratutako espainiarrekin egon nintzen han, eta hasi nintzen zinemari buruz idazten, kritikak egiten. Idazten hasi, eta gero dokumentalak eta filmak egin nituen.

Han sortu zitzaizun zinemarako zaletasuna?

Lehendik ere banuen. Madrilen Italiako zinemari buruzko aste batean parte hartu nuen, eta, kasualitatez, ziklo bera bota zuten Mexikon. Horrela hasi nintzen kritikak egiten. Italiako zinemari buruzko liburu bat idatzi nuen, eta horrek aukera eman zidan gero Erroman lanean aritzeko hango hainbat zinemagilerekin.

Mexikok, beraz, hainbat aukera eman zizun.

Bai, Mexiko mugarri izan zen niretzat. Han aurkitu nuen nire bidea.

Baina itzuli zinen.

Osaba gaixo zen, eta itzuli nintzen. Baina anaiak Mexikora lasai joateko erran zidan, behar izanez gero deituko ninduela. Udan izan zen hori. Eta abenduan telegrama bat jaso nuen Mexikon. «Gaur hil da», idatzi zidan anaiak, euskaraz. Julio bakarrik zegoen Madrilen, eta itzuli egin nintzen.

Nolako harremana zenuten?

Julio ere aita baten modukoa izan zen niretzat, ni baino hamalau urte zaharragoa baitzen. Itzuli nintzenean, berak bere bidea egina zuen jada. Ni laguntzen saiatu zen beti, eta elkarrekin lanean hasi ginen, dokumentalak egiten. Ekoizpen etxe txiki bat sortu genuen, eta Nodo-rekin lanean hasi ginen, eta, gero, Espainiako Telebistarekin.

Nolakoa izan zen etapa hori?

Lan handikoa. Nafarroan lan anitz egin genuen. Nafarroako etxeen inguruko serie bat egin genuen, adibidez, eta bertze bat etnografiari buruzkoa. Vianako Printzea erakundearekin lan handia egin genuen, harreman estua izan genuen nafarrekin.

Kultura, etnografia. Zuk gustuko zenituen gai horiek ere, edo anaiaren eraginez landu zenituen?

Julioren eraginez landu nituen. Nekazari munduaren eta industrializazioaren arteko trantsizioaren garaia zen, eta nekazari munduarekin harremana zuten bestei eutsi nahi izan genien gure dokumentalen bidez, ez galtzeko. Lanzko inauteriei buruzko film bat egin genuen, bertzeak bertze. Juliok Nodo-ko zuzendaria ezagutu, eta harekin lanean hasi ginen.

Espainiako Telebistarekin ere aritu zineten lanean, ezta?

Bai, bestei, kondairei, herriei buruzko dokumentalak egin genituen. Futbolaren historiari buruzko serie bat ere prestatu nuen. Pilar Miro ailegatu zen arte. Ordura arte, guk lan egiten genuen, eta, azpitik, alderdiak zeuden. Garai hartan alderdi komunistako kide nintzen ni. Juan Antonio Bardem eta bertze hainbat egilerekin ekoizpen etxe bat nuen. Azpiko mundu horretan sozialistak zeuden. Hor zegoen Miro. Eta trabak jartzen hasi ziren. Azpiko mundua agertzen hasi zen. Eta trabak sozialistek jarri zizkidaten. Egoera horretan, lan hori uztea erabaki nuen.

Eta idazten hasi zinen.

Bai. Zaletasuna beti izan nuen. 1952an Mexikora joan nintzenean osaba Piori buruzko lan bat eraman nuen, nik idatzia, La soledad de Pio Baroja. Mexikon nire lehen asmoa izan zen argitaletxe bat martxan jartzea. Osabak diru pixka bat eman zidan, eta eman zidan, halaber, bere obrak Amerikan argitaratzeko kontratua. Baina han konturatu nintzen halakorik ezin nuela egin, diru anitz behar zela.

Baina baduzu argitaletxea.

Bai, aitarena zena, Caro Raggio argitaletxea. Gerra garaian suntsitu zuten. Nik berriz jarri nuen martxan 1972an. Argitaletxeen mundua anitz aldatzen ari da orain, liburu elektronikoarekin eta gisakoekin. Guk egiten duguna da, batez ere, bertze hainbat argitaletxerekin osaba Pioren obra plazaratzeko kontratuak bultzatu. Gauza berri gutxi ateratzen dugu, batez ere familiari buruzko lanak. Aitonari buruzko liburua idatzi dut nik orain, adibidez, Un abuelo fantastico. Vida y obra de Serafin Baroja. El origen de una estirpe.

Lanean jarraitzen duzu, beraz.

Erretiroa ez da existitzen, bakarrik heriotza existitzen da. Nik pentsatzen jarraitzen dut. Orain osabari buruzko gidoi bat prestatzen ari naiz. Badakit ez dudala inoiz proiektu hori gauzatuko, baina osabaren kontuak anitz maite ditut, eta jarraitzen dut.

Baroja abizena zer izan da zuretzat, pizgarria edo zama?

Nortasuna eman dit. Bide bat. Eta erantzun behar izan diet, halaber, abizenak pizten dituen aldeko eta kontrako iritziei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.