Edurne Elizondo
Bardoen urtea da aurtengoa Nafarroan: Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak izenburuko taldekako txapelketa antolatu du, hirugarrenez. Gaur hasiko dira saioak, eta martxoaren 19an eginen dute finala. Denera, 16 taldetan banatutako 121 pertsona ariko dira, haietako 71 kantuan. Agertokira abestera igoko diren horietatik hogei, gainera, lehenengo aldiz ariko dira jendaurrean.
Datu horiekin hagitz kontent agertu da Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkari Lorea Arburua. Erakusten dutelako, haren ustez, txapelketa ari dela bere helburua betetzen: “Jendea bertsotan aritzera animatu nahi dugu”.
Txapelketako lehen fasea gaur bertan hasiko da, eta, otsailaren 7ra arte, hamasei saio hartuko ditu. Gaur, Lizarran, Donamarian, Barañainen eta Beran ariko dira lehendabiziko taldeak kantuan.
Duela bi urte, 60 bertsolari aritu ziren txapelketan. Gora egin du kopuruak aurten, bertzeak bertze, bertso eskoletan egiten ari diren lanari esker. Helduentzako bertso eskolekin harreman estua du Bardoak egitasmoak, hain zuzen ere; eskola horien eta Nafarroako txapelketa nagusiaren arteko zubi lana egin nahi du: bertsolari berri eta gazteentzat esperientzia hartzeko tresna izan nahi du, txapelketa nagusira begira, trebatu ahal izateko.
Banakako txapelketak izan dezakeen kutsu ofizial edo zurrunagotik urrundu nahi du Bardoak egitasmoak, eta, gainera lagun arteko saioak egiteko aukera eskaini, bertsolaritzaren alderdi guztiak ezagutzeko. Izan ere, parte hartzen duten taldeetako kideak izaten dira bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile. “Elkarteak egiten du koordinazio lana, baina askatasuna dute taldeek; bakoitzak bere saioa bere erara antolatu ahal izaten du”.
Lehendabiziko aldia 2012. urtean egin zuten. Urte hartan, bai eta 2014. urtekoan ere, umorea bilakatu zen saio gehienetako protagonista. Aurten ere hala izanen dela uste du Arburuak. Ohiko agertoki handietatik urrun, euskarri txikiko saioak izaten ohi dira Bardoak egitasmoak eskaintzen dituenak, eta horrek aukera ematen die antolatzaileei eta parte hartzaileei askatasun handiagoz jokatzeko. “Bertsolaritza antzerkiarekin nahasi izan da orain arte egindako hainbat saiotan”, azaldu du, horren adibide, Arburuak.
Txapelketari arnasa
Urtero egiten zuten Nafarroako banakako txapelketa, 2012. urtera arte. Urte batzuk lehenago hasi zen bertsolarien eta bertsozaleen artean horri buruzko gogoeta, konturatu zirelako lehiaketa urtero antolatzea eta egitea lan handia zela, batetik, eta txapelketa eredu hori ez zela egokiena bertsotan hasi berri zirenentzat, bertzetik.
Gogoeta horren emaitza izan zen Bardoak izeneko egitasmoaren sorrera. “Arnasa eman nahi izan genion txapelketari, nolabait erranda”, gogoratu du Arburuak.
Aldi berean, taldekako egitasmo horrek bertsozaletasuna zabaltzeko aukera ematen zuela ohartu ziren elkarteko kideak, hasieratik. Hamaika herri txikitara eramanen du aurtengo taldekako txapelketak bertsolaritza, adibidez; ohiko zirkuituetatik kanpo dauden plazetara, hain zuzen ere. Herri horietan bertsolaritzaren inguruan sor daitezkeen dinamikak hagitz interesgarriak izan daitezkeela uste dute elkarteko arduradunek.
Bardoak egitasmoak duen eragina harago doa, hala ere. Horixe nabarmendu du Lorea Arburuak, eta iazko banakako txapelketako datuak jarri ditu mahai gainean, eragin horren adierazgarri: “33 bertsolarik parte hartu zuten 2015eko txapelketan; inoizko parte hartzerik handiena izan zen iazkoa”. Bertso eskolatik txapelketarako jauzia handiegia zen anitzentzat; Bardoak egitasmoak lagungarri zaien eskailera maila jarri die bertsolari horiei bidean, giro batetik bertzerako aldaketa hain gogorra izan ez dadin.
Taldekako txapelketak, gainera, balio du bertsolarien, antolatzaileen, gai-jartzaileen, epaileen eta ikus-entzuleen arteko harremana estutzeko, eta bertsolaritzari lotutako giro hori berotzeko. Saioen moldeak ematen dio horretarako aukera. “Elkarte girokoak dira: hurbilak, gozoak eta berritzaileak”, erran du Arburuak.
Besta giroko saioak dira Bardoak egitasmokoak, baina bertsolarien arteko lehia bazter utzi gabe. Ez dago epaimahai finkorik banakako txapelketan bezala, baina, saioz saio, bertsolarien lana epaituko dute osatutako taldeetako kideek eta entzuleek. Saio bakoitzean, beraz, talde ezberdin bat ariko da epaile lanetan. Hiru puntu izanen dituzte banatzeko.
Bardoek Etxarri Aranatzen izanen dute helmuga aurten. Han eginen dute finala, datorren martxoaren 19an. Bigarren fasetik sailkatutako hiru taldeak ariko dira kantuan; guztira, bederatzi bertsolari.
“Taldeen arteko lehiaz harago, Etxarri Aranazko finala bertsolaritzaren besta handi bilakatzea nahi dugu, ohi bezala”, nabarmendu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkari Lorea Arburuak. Antolatzaileak prest dira, eta bardoak ere bai. Saioak besta bihurtuko dituzten ikus-entzuleen zain baino ez dira. Gaur hasi, eta martxoaren 19ra arte. Giroa berotzen hasi nahi dute, datorren urtean eginen duten banakako txapelketarako ahotsak tonuan jartzeko.